“Hizkuntza politikari bultzada berria emateko beharra ez da zalantzan jarria”

  • Irailaz geroztik Euskararen Erakunde Publikoko zuzendari berria da Ttitto Betbeder. Krisi potolo baten erdira egin du salto eta egoera desblokeatzea da bere lehen betebeharra. Gogotsu dago. Abenduaren 11 du epemugatzat berak ere, orduan bozkatuko dituztelako aurrekontua eta hitzarmen berria. Beste erronka batzuk ere badituela dio, tartean, euskalgintza eta EEPren arteko elkarlanaren berrabiaraztea. 

Ttitto Betbeder, EEPko zuzendaria.Guillaume Fauveau
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Krisi baten erdi-erdian hasten duzu zuzendari misioa. Nola doa?

Hogei urtez anitz aldatu bada ere, nahi dut zehaztu EEP tresna ezagutzen dudala. Lehen lantaldeko kide izan nintzen, hizkuntza kargudun gisa. Ondotik, beste asmo batzuk gogoan, Euskal Irratietan sartu nintzen, hau da, euskalgintzan, eta hortik, Frantziako Irrati Libreen sindikatura egin nuen salto. Orain berriz interesa piztu dit EEPk, hain justu, testuinguru orokorragatik. Kanpotik ikusita aski nahasia dirudi, erronka handiz beteta; baina nik aukerak ere ikusten dizkiot. Hizkuntza politikaren garapen handia egon da, EEPri baita euskalgintzari esker ere; baina azken urteetan aitzinamendu gutxiago ditugu. Inpresio gazi-gozoa dut, eta uste dut Euskal Herri osorako balio duela irakurketa horrek. Hizkuntza politikei bultzada berri bat emateko beharra badugu, eta aukerak ikusten ditut.

Euskal Irratien bidez Euskal Konfederazioko kide izandakoa zara. Euskalgintzan izandako esperientziak lagunduko zaituela uste duzu?

Argi da ez didala trabarik gehituko, alderantziz, ikuspegi bikoitza izate hori baikorki baloratzen dut. Gure hizkuntzaren errealitatea kontuan hartuta, beti sinetsi izan dut bi hankak ditugula beharrezkoak, euskalgintza soziala eta publikoa. Bakarrik instituzio publikoetatik ezingo genuke hizkuntza politika eraginkor bat ukan eta hizkuntza politika publikorik gabe euskalgintzak ezingo luke bataila hori eraman. Gure erronka zera da: nola lortu bien arteko eraginkortasuna? Hastapenetan bi aldeen arteko kontzertazio gune bat egon zen, baina ez zuen beti ongi funtzionatu eta 2016an Euskal Konfederazioa atera zen. Kontzertazio gune hori berriz eraiki beharko genuke, hori badut erronka pertsonalen artean. EEPko kideen artean aipatzen den gai bat da. Berez, elkarlana badugu sektoreka edota gaika; orain behar duguna da orokorki, hizkuntza politika eraginkor baten alde doana.

Egingarria ikusten duzu?

Badira oztopo batzuk. Batetik, konfiantzarena, berriz eraiki beharrekoa. Bestetik, aurrekontuen inguruko eztabaida hor dago eta gure hitzarmen sortzailea ez da arraberritua izan; eta horrek dakar hainbat hitzarmen ez direla berrituak izan –Hezkuntza Nazionalarekilakoa, Seaskak Hezkuntza Nazionalarekin duena...–. Oztopo horiek gainditzen ez dituguno, nekez eginen da elkarlana. Korapilo horiek askatzea edo behintzat, askatzen entseatzea da nire misioa. Lortuz gero, uste dut aukerak izanen direla; elkarrekin lan egin beharraren kontzientzia denek partekatzen dutelako.

Hitzarmena urte batez luzatua izan zen, adostasun batera heldu nahian. Urtea pasa dela, zertan da egoera?

Egoera biziki nahasia eta nahiko blokeatua izan da. Hala ere, irailaz geroz solasaldiak berriz abiatu ditugu, ikusteko intentzioei begira zertan garen. Galdera argia da: nahi da EEP tresnarekin segitu? Zein baldintzetan? Aterabide bat atzeman nahian gabiltza. Aitzinatzen gara eta epe muga abenduaren 11ko biltzar nagusia dugu. Aurrekontua eta hitzarmena bozkatuko ditugu.

Sukalde lanetan zabiltzate beraz.

Errealitatea ikusita, baikorki erran dezakegu behintzat sukalde lanak badirela. Biltzar nagusiko iragarpenak eta gero, erabat gelditu zitezkeen negoziaketak, baina ez da horrelakorik gertatu.

Ez bada adostasunik lortzen, EEP desagertzeko aukera hor dago?

Ez dakit zer erran. Baina, finean, erantzun horrekin erraten dizut ez dugula aukera hori landu. Zer gertatu daitekeen abenduaren 12an? Bakoitzak behar du ongi pisatu bere erabakiaren eragina. EEPren ekarpenak zein diren badakit, badakit ere zein dituen mugak eta zein liratekeen eman beharreko hobekuntzak. Tresna hori gabe zer genukeen? Momentukoz ezin dezakegu erantzun.

Baina, berez, gertatu daiteke.

Eginahal guziak bideratzen dira hizkuntza politika publiko azkar bat atxikitzearen alde. Ene erantzunarekin ulertuko duzu hori ez diodala baitezpada bakarrik EEPri lotzen. Ipar Euskal Herriarentzako hizkuntza politika azkar baten beharraz kontziente gara denak; hori ez da zalantzan jartzen eta hori biziki inportantea da. Hori bideratzeko EEPrekin segitzen dugu ala ez? Ez dut erantzun argirik, baina uste dut geroari begira, hor dugula benetako galdera. Hizkuntza politika azkar baten beharraz denak gara kontziente eta epe ertain eta luzera begira jarrita, horretara heltzeko bide egokiena hautatu beharko dugu.

Bi tempo ezberdin ditugu hor: gogoeta horrek denbora galdatzen du eta euskalgintzako egiturak presaka eta egoera prekarioan dabiltzala aitzina. 

Bai, hori da korapiloa.

Taburik gabe mintza gaitezen: tresna egokia izaten segitzen du EEPk? Poliki-poliki galdera horiek 
agertzen zaizkigu 
eta horiei begira jartzeko momentua etorri zaigu

Lau kidez osatua da EEP [Estatua, Eskualdea, Departamendua eta Euskal Hirigune Elkargoa]. Aurrekontuari dagokionez, ez dira asmo beretan. Kasu horretan nola egin daiteke aitzina?

Amankomunean dugun oinarri minimoa atzeman behar dugu. Printzipioz –ez edozein baldintzetan baina– denak ados dira errateko oraingoz EEP dela hizkuntza politika bideratzeko tresna egokiena. Ez naiz etorkizunaz mintzo. Baliabideei buruzko desadostasunak borondate eskasari lotuak direla baieztatzea neke zait. Estatuaren egoerak argiki afera zailtzen du; eta ez bakarrik aurrekontuari dagokionez. Denboran irauten duen ministeritza bat lortzea konplikatua da gaur egun, eta solaskide finkorik ez izate hori bera da arazo bat. Bestalde, dena ez da dirua. Hizkuntza politika bat aitzina eramateko beste osagai batzuk ere behar dira. Nahi izanez gero, dugun aurrekontuarekin aitzinamendu batzuk bideratu ditzakegu, dela irakaskuntza edota eguneroko bizi sozialean. Baina aurrekontuari dagokionez egoera nahasia denez, esparru horietan ere sendi da blokeoa. Horregatik dugu oinarri amankomun hori identifikatu behar, hortik berriz abiatu ahal izateko. Berriz diot hizkuntza politikari bultzada berria emateko beharra ez dela zalantzan jarria. 2050ari buruzko prospektibarekin kontzientzia hartze bat gertatu zen: denek dakite gaur egun bezala segitzeak zertara garamatzan eta denek dakite egoerak hobera egiteko zein den bidea.

Adostasuna lortzeko bidean, ez da baitezpada eraikigarria prefetak erran izana Elkargoa egon edo ez EEPk segituko lukeela...

Momentuz, lauen arteko kohesioa atxiki nahian gabiltza. Bakoitzak hartuko du bere erabakia eta ondotik galdera izanen da: nola egin hizkuntza politika eraginkor bat izateko. Duela hogei urte beste egoera batean ginen eta egia da ez zela Elkargorik. EEP orain sortu bagenu, horrelakoa izanen zen? Ez dakit. Begira diezaiogun EEPk hogei urtez egindako bideari. Hizkuntza politikaren emaitza onak ezin dira bazterrean utzi –irakaskuntza arlokoak, inkesta soziolinguistikoek erakusten digute euskal hiztunen galtzea gelditu dela...–. Baina momentu berean, taburik gabe mintza gaitezen: tresna egokia izaten segitzen du? Poliki-poliki galdera horiek agertzen zaizkigu eta horiei begira jartzeko momentua etorri da. Gainera, Euskal Herri osoan ditugu galdera berak, nahiz eta egoera ezberdina izan. 

Euskal Hirigune Elkargoak ere badu bere hizkuntza politika. Zer nolako harremana dago bi egituren artean? 

Duela zenbait urte eraman zen lan bat argitzeko nork zer egin behar zuen. Garatu ahala oraindik ere bada argitze behar hori. Ez gara zeingehiagokan, elkarlana hobeki antolatu nahian gara. 

2050erako euskal hiztunak %30 izatea helburutzat hartuz gero, zein lirateke hizkuntza politikaren ardatz nagusiak?

Euskara 2050eko epemugan txostena egiterakoan batez ere hiru faktore hartu ziren kontuan: irakaskuntzako datuak, jarraipen tasa –lehen mailatik bigarren mailara arteko saltoa– eta helduen euskalduntzea. Lehentasuntzat kokatu ziren, nahiz eta ez diren bakarrak, dakigulako euskaldunek ekosistema oso bat behar dutela, ondotik baliatu ahal izateko. Helduen euskalduntzerako argi da baliabideak behar direla, gau eskola gehiago, formatzaile gehiago... Haurren irakaskuntzarako ere, baina gurasoei interesa piztearen erronka hor da. Gure diskurtsoak landu behar ditugu eta bai, baliabideak behar ditugu baina uste dut dagoenarekin ere egin dezakegula zerbait. Egoera soziolinguistikoari dagokion diskurtsoa landu behar dugu, baita euskalgintzarekin ere. Ipar Euskal Herrian kanpotik etorritako 3.000 biztanle gehiago ditugu urtero. Erronka horri erantzutea izan behar litzateke hizkuntza politikaren lehentasunen artean.

Hizkuntzaren aitortzarik gabe zaila da. Ofizialtasuna bada EEPren baitan presente den gai bat?

Egunerokotasunean ez dugu aipatzen eta ez da gure misioetan. Gai politikoa da eta politikariei dagokie hori eramatea. Aldiz erran nezake zeharka, nahi edo ez, aipatzen dugula. Hau da, teknikoki elikatzen dugu; blokeoak direnean agerian gelditzen dira legearen mugak. Erran nezake gai horri begira aitzinamendu handiak izan direla hautetsien partetik eta kontsentsu handi bat dagoela orain Ipar Euskal Herrian. Azkenik, hizkuntza gutxituei buruzko txosten bat aurkeztu berri du Senatuan Max Brissonek.

Eztabaidak elikatzen ditu lege-babes eskasa agerian uzten duelako?

Bai. Blokeoek gaia mahai gainean jartzen dute eta hautetsiek hartzen dute beraien gain. Euskarazko murgiltze ereduaren esperimentazioari dagokionez, hori gertatu zen 2020an, Hiriburuko eskolatik eraman borrokarekin. EEPtik landu zen gaia, baina legeari segi blokeoak agertu ziren eta hautetsiek hartu zuten gaia; egoera desblokeatzea lortu zuten. Geroztik murgiltze sistema zabaltzen ari da, alta, duela bospasei urte hori ezinezkoa zitzaigun.

Hego Euskal Herriko instituzioekiko elkarlana nola doa?

Uste dut gehiago egin daitekeela; ez baitezpada orain artekoa gaizki egin delako, baina bai beharra hor dagoelako. Euskalgintza publikoa eta soziala biak beharrezkoak diren bezala, elkarlana behar da hegoaldearen eta iparraldearen artean. Konbentzitua naiz. Bagabiltza, baina elkarlan hori are gehiago sakondu behar dugu. Borondatea sendi da eta gainera, aukerak daude. Hala ere, Elkargoarekin dugun erronka bera ikusten dut: denbora behar da elkar ontsa ezagutzeko eta argitzeko bakoitzak ekarri dezakeena. Baina borondatea bada, beraz segi dezagun, euskara Ipar Euskal Herrian ez dugulako bakarrik Ipar Euskal Herritik arituz salbatuko. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.