Bizikletan Adinik Ez egitasmoa munduan zabalduta dago, eta helburua da triziklo baten bidez mugikortasun zailtasunak dituzten pertsonekin paseoak egitea. Iruñean, 2023tik dago martxan proiektua, eta iaz Bizikletan Adinik Ez Iruña elkartea sortu zuten. Garai jakinetan baino ez dituzte paseoak egiten, ez dutelako triziklo propiorik. Kanpaina bat abiatu dute dirua biltzeko.
Goizeko hamarrak inguru dira, eguna eguzkitsu dago eta haizea fresko. DomusVi zahar-etxeko atarian Alejo Martinez de Lizarrondo eta Itziar Espinal daude. Txaleko islatzailea daramate soinean eta bizikleta eta trizikloa esku artean. Bizikletan Adinik Ez Iruña elkarteko boluntarioak dira eta 2023tik aurrean eserleku bat duen triziklo baten bidez paseoak egiten dituzte Iruñean. Esperoan gauden bitartean, elkarteaz mintzatu da Espinal. Duela urtebete sortu zuten, baina Bizikletan Adinik Ez egitasmoa nazioartean zabalduta dago. Ole Kassowe-k 2012an Kopenhagen sortutako ekimena da, Cycling Without Age izenez ezaguna. Gaur egun, berrogeita hamar herrialdetan baino gehiagotan dago. Hiru printzipio nagusi ditu: eskuzabaltasuna, istorioak partekatzea eta harreman berriak eraikitzea. “Oso esperientzia polita da, jendea ezagutzen dugu eta istorio pila bat partekatzen ditugu. Aurrekoan batek esan zidan Zitadelan dagoen izar bat bere anaiak egin zuela”, kontatu du Espinalek.
Hunkigarriak izaten dira maiz paseoak, eta jende askorentzat ia kalera ateratzeko aukera bakarra: “Batzuetan lehen bizi ziren kaleetara joaten gara, edo aspaldi ikusi ez duten leku batera. Aurrekoan batek esan zuen zahar-etxean dagoenetik ez duela berriz Takonera ikusi”. Halere, nahi baino ibilaldi gutxiago egin ditzakete, ez dutelako triziklo propiorik. Tarteka Corellako (Nafarroa) taldeak uzten die trizikloa, eta horri esker, urrian paseoak egiteko aukera izan dute.
Aurten triziklo bat erostea erabaki dute. Trizikloak 7.600 euro balio ditu eta segurua eta mantentze lanetarako gastuak ere ordaindu behar dituzte. Mi grano de Arena plataformaren bidez dirua biltzen ari dira. Horrekin batera, proiektua ikusarazteko asmoz, Bizikletan Adinik Ez Iruña eta Bizikume elkarteetako kide den Matilde Fernandez Zurbanok, urriaren 27an, hirurogei kilometro egin zituen Irurtzunetik Aralarko Done Mikelera eta buelta.
Ongizaterako tresna
Trizikloak bi gurpil ditu aurrean, eta atzealdean eskulekua, zela eta gurpil bat. Kapota gorri bat daukate eguzkitik gordetzeko eta burusi moduko bat hankak hotzetik babesteko. Batzuetan bi pertsona doaz eserita eta beste batzuetan bakarra. Martinez de Lizarrondo eta Espinal ibilaldia egiteko azken gauzak prestatzen ari dira Ana Mari San Nicolasen eta Marina Venturaren zain dauden bitartean. DomusVi zahar-etxeko egoiliarrak dira biak. Aurora Gutierrezekin batera atera dira.
Besteen laguntzaz taka-taka albo batean utzi, eta trizikloan eseri dira. Elkar aurkeztu, eta poliki-poliki pedalak astindu dituzte. “Goazen! Alejok zaintzen gaitu!”
Gutierrez zahar-etxeko animatzailea eta elkarteko kidea da. Kontatu du mugikortasun zailtasunak dituzten pertsonen ongizatean eragin handia duela: “Batzuek ez dute kalera ateratzeko beste aukerarik; mundu bat zabaltzen zaie”. Beste batzuk maizago ateratzen diren arren, ibilaldiak oroitzapenak freskatzen laguntzen die: “Aurpegia aldatzen zaie, irribarretsu itzultzen dira. Ez dakit nola azaldu, baina pentsakor geratzen dira”. Gaineratu du “oso pozik” bueltatzen direla eta zer ikusi eta egin duten behin eta berriz kontatzen aritzen direla.
Espinal trizikloaren atzealdean jarri da kontrapisua egiteko. Egoiliarrek ez dute oso argi zer eginen duten eta harridura aurpegia daukate. Besteen laguntzaz taka-taka albo batean utzi, eta trizikloan eseri dira. “Manta jarriko dugu? Haizea fresko dago. Kapota ere jarriko dugu? Eguzkiak asko jotzen du”, galdetu die Espinalek.
Beste bizikleta bat hartu, eta aurrealdean jarri da Martinez de Lizarrondo, trizikloan doazen pertsonen segurtasuna zaintzeko beti pertsona batek joan behar baitu aitzinean. Modu horretan, bidegurutzeetan, zebra-bideetan eta horrelako gune arriskutsuagoetan autoen aurrean gelditu, eta trizikloari pasatzen uzten dio. Elkar aurkeztu, eta poliki-poliki eta mimo handiz pedalak astindu dituzte. “Goazen! Alejok zaintzen gaitu!”, esan du Espinalek.
Trizikloan eserita zein gibelean doazenak solasean joan ohi dira. Espinal galdezka hasi da, eta besteak beste, zer moduz dauden, zahar-etxean zenbat denbora daramaten eta zer ikusi nahiko luketen galdetu die. Zahar-etxean hasi, Zitadelatik pasa eta Gaztelu enparantzaraino joateko asmoa dute. Irribarretsu eta jendea agurtzen doa Espinal. “Egun on! Eskuak gora!”, dio behin eta berriz. Jendeak orokorrean irribarre edo txalo egiten du trizikloa pasatzen denean. Beste batzuk harrituta edo begira geratzen dira, eta badira galdetzera hurbiltzen direnak ere.
Itzulia amaitutakoan, poz-pozik jaitsi dira San Nicolas eta Ventura. Trizikloan ibiltzen den bigarren aldia da Venturarentzat. Lehenengo aldian, Takoneratik pasa ziren: “Ederra zegoen. Nire etxea oso gertu dago Takoneratik, baina urteak dira ez nintzela horra joaten. Asko hunkitu nintzen”. San Nicolasentzat aldiz, lehenengoa aldia izan da. Biak “oso kontent” daude horrelako jarduerak egiteko aukera dutelako. “Ez gara inoiz bizikletan ibili, norbaitek eramatea oso ongi dago”, esan du San Nicolasek barre artean.
Taka-taka erabiltzen dute biek, eta San Nicolasek azaldu du horrek zaildu egiten duela kaletik ibiltzea: “Senideak joan-etorrian ibiltzen dira, eta nahi beste atera gaitezke laguntzeko pertsona bat badugu. Taka-takarekin aldiz, ezin gara asko atera, berehala maldak daudelako”. Horregatik, gustatuko litzaieke trizikloan paseatzeko aukera gehiago izatea. Hurrengo txanda iristear da, baina Ventura berriz igotzeko irrikaz dago: “Beste paseo bat egin dezakegu?”.
Sorpresaz beteriko bidea
Zahar-etxera sartu, eta lekukoa hartu dute Maria Angeles Elizaldek eta Angel Azcaratek. Elizalde irribarretsu eta berriketan igo da triziklora. Azcarate berriz, serioago. “Zer moduz zaudete? Angel, gaur oso egun polita izango da, ikusiko duzu”, esan dio dinamizatzaileak. Pedalak astindu, eta bideari ekin diote. “Goazen! Alejok zaintzen gaitu!”, esan du Espinalek. Zahar-etxetik abiatu, Zitadelatik pasatu eta Sarasateko pasalekura iristear daudelarik, Azcarateren familia agertu da ezusteko bat emateko. Alabek eta emazteak laztan eta hitz politen artean agurtu dute Azcarate. Ostean, San Nikolas elizarantz joan dira zahar-etxera sartu baino lehen bizi zen etxea ikustera. Poliki-poliki aurpegia aldatu, eta alaituz joan da.
Familia agurtu, eta kontu handiz alde zaharreko kaleetatik pasa dira. Aurreko bizikleta eta trizikloa gertu doaz, elkar zaindu eta trizikloan daudenak babesteko. Maria Angeles Elizalde Mañuetan bizi zen lehen, baina garuneko infartua izan zuenetik zahar-etxean bizi da. Ordutik, norbaiten laguntzaz atera behar da kalera. Bi egunetik behin ahizpa joaten da bisitan: “Garuneko infartua izan nuenean tente geratu nintzen, ezin nintzen mugitu. Berriz hitz egiten irakatsi behar izan zidaten”.
Ez du argi zenbat daraman zahar-etxean, baina urtebete inguru pasa dela uste du. Leku asko ezagunak egin zaizkio, baina lehen autobus geltoki zaharra zena eta gaur egun Geltoki dena ez: “Dena oso aldatuta dago, baina denda asko ezagutzen ditut oraindik”. Bidean zehar saltokiak komentatzen ibili da. Oso pozik jaitsi dira triziklotik, eta Elizaldek azpimarratu du trizikloan gehiagotan joan ahal izatea gustatuko litzaiokeela. Irribarretsu taka-taka hartu eta zahar-etxera sartu dira.