Junts eta Rosalia


2025eko azaroaren 11n - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Jainkosa baten moduan dabil Rosalia. Zoro ipini du jendea. Jainkosak behar baititu gizarteak, zerbaitetan sinesteko. Inork antza deus egiteko ez zeukan asteazken arratsalde batean, zuzeneko bideo-konexio bat zabaldu zuen sareetan, bera mojaz jantzita, atzerritik ekarritako auto bitxi bat gidatzen, zigarroa erretzen, Madrilen zehar. “Trafikoa gorabehera, ordu erdi barru Callaon [Madril erdi-erdian] egongo naiz eta disko berria iragarriko dizuet”. Ordu erdi. Nahikoa izan zen kolapsoa eragiteko eta komunikabide guztiak horretara jartzeko.

Diskoa handik bi asteetara argitaratu du. Filtrazioa gertatu da estreinaldia baino bi egun lehenago, baina horrek ez du ikusmina indartu besterik egin. Pentsa, komunikabideetako disko kritikariak ere aurreratu egin dira. Horrek ekarri duena da, Rosaliaren inguruko artikuluek pastela jan diotela aktualitatean egon nahi zuenari. Alegia, gaur egun EAJk ere aldamenean nahi ez duen Junts-i, Rosaliaren naziokideari.

Juntsek itxuraz “definitiboki” erabaki du Espainiako Gobernua parlamentuan blokatzea. Ez daude eroso, ez dira eroso egon legegintzaldi hasieratik, ez baitie batere onik egiten Espainiako Estatuan satorrarena egiten aritzeak, eta, aldi berean, Katalunian aginte esanguratsurik ez edukitzeak. Jokaleku zaila da: etxean irabazi nahi, baina kanpoan jokatu behar, beste aukerarik ez baitauka. Espazioa jaten ari zaio Aliança Catalana alderdi ustez independentista, xenofobo eta arrazista. Procèsaren atsekabetik sortu zen alderdi horrek Vox-en diskurtso berberak ditu migrazio gaietan. Junts eztabaida horietara ari da batzen, ari zaio eskuin muturrari diskurtsoa erosten, eta ari da, presio berberaren eraginez, Espainiako Gobernua atakan ipintzen. Baina atrebentzia falta zaio. Zentsura mozioa aurkezteko eskatzen dio eskuinak eta eskuin muturrak, baina egingo balu, hilotz bihurtuko luke bere burua. Erdibidean geratu da, koldar.

Zalaparta sortu eta protagonismoa irabazita irauli nahi du egoera Juntsek. Horretarako, estrategikoki planteatuta zeukan iragan astea; Espainiako gobernagarritasuna auzitan ipiniko zuen, eta komunikabide guzti-guztietan irtengo zen. Baina Rosaliak jan dio pastela, eta ez da bexamelik egon denentzat.

Ulergarriki, akuilaturik sentitu dira. Baina norbere egonezinak irensten eta kudeatzen jakin behar dela esango luke edonork. Ez da kasua izan. Ez dira isilik geratu Juntsekoak, eta Rosaliaren aurka hitz egin dute, galtzaile txarren tankeran. Disko berriko azken kantuan Montserrateko monasterioko [Bartzelonako probintzia] koruak kolaboratu du, gaztelaniaz abesten. Juntsi ez zaio detailea gustatu, eta hizkuntza zapaltzeko enegarren saiakera dela salatu du. Tira, izango da. Baina gainontzeko alderdi independentistak badaezpada isilik geratu dira. Hainbesteko fedea mugitzen duen jainkosa bati aurre egiteko bi aldiz zanpatu behar da lurra, irentsiko ez zaituela konprobatzeko. Iragan asteburuan, mundu mailan hirugarren artistarik entzunena izan omen da Rosalia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia
2024ko irailaren 11
Udako uzta

Eguneraketa berriak daude