‘Zer egin?’: galdera handiak eta ametsak

Literaturako klasikoei buruz pentsatzeak ezinbestean gaur egundik pentsatzea esan nahi du. Hain justu, klasiko izendapenak horixe du baldintza: gaurdaino iritsi diren obrak dira eta, beraz, haiei buruz pentsatzea obra horiek guganaino nola eta zergatik iritsi diren pentsatzea da, galdetzea obra horiek oraindik nola eta zertarako irakurri beharko genituzkeen. Alegia: haien baliozkotasuna gaur egundik epaitzea.

Hori, agian, gu bezalakoen kontua izango da: ez diegu liburuei testu geldi gisa begiratzen ohi, beren horretan ez zaizkigu hainbeste ere axola, ez daukagu denborarik horretarako, bai, hori da, hori izango da segur aski, hain denbora gutxi uzten digute lanaren asperrak eta bestelako egiteko inportanteek, non ez baitugu astirik filologia-lanetan galtzeko.

Iraultzari buruz pentsatzea –bai, ondo leitu duzu; hartu dut hitz maiztu hori ahotan–, halaber izan daiteke lan filologiko edo, are, arkeologikoa: garaiz kanpo gelditu den objektu zaharrari bezala begiratzen diote gehientsuenek, tristuraz batzuek, beren buruei galdetuz nola litekeen behinola ideia horrek balio izatea hainbeste jenderi. Iraultza egin nahi dugunontzat, ordea –segi, segi; ondo leitu duzu-eta–, iraultzaz pentsatzea beti da iraultzaren gaurkotasunaz pentsatzea.

Nikolai Txernyxevskik 1863an argitaratutako Zer egin? nobela, hain zuzen, aitzakia ezin hobea da literatur klasikoei eta iraultzari buruz pentsatzeari ekiteko. Txernyxevski errusiarra zen, ez ordea boltxebikea. 1889rako hila zen. Sozialismo utopikoari, nihilismoari eta Ludwig Feuerbachen materialismoari lotu zitzaien, Errusiako populismo iraultzailearen buruzagietakoa izan zen, estatu tsaristaren kontra eta nekazarien iraultza sozialistaren alde suharki jardun zuen. Garesti atera zitzaion jardun hori: kartzelan idatzi zuen Zer egin?, zentsurapean, eta periodiko batean argitaratu zioten atalka.

Txernyxevski ez zen boltxebikea izan, baina ezin neurtuzko eragina izan zuen ondorengo iraultzaileengan. Marxek "ekonomia burgesaren porrota maisuki nabarmen utzi" zuela dio. Plekhanovek honako beste hau: "Nork ez du nobela ezagun hau irakurri eta berrirakurri? Nor ez da hobea, ausartagoa, puruagoa bihurtu haren eragin onberaren pean? Guk guztiok indar morala atera dugu bertatik, eta etorkizun hobe baterako itxaropena". Lenini buruz ere esan ohi da, Siberian erbestean zegoela, Marx eta Engelsen argazki banaren ondoan zeukala Txernyxevskirena jarrita. Hor daukagu 1902an idatzitako panfleto ezaguna ere, hizpide dugun nobelaren omenez Zer egin? izenburua daramana.

Aurten dira ehun urte, justu, Lenin hil zela. Ehun urte ez dira ezer. Estatua eta iraultza liburuaren amaieran idatzi zuena datorkio bati burura, 1905eko iraultza saiakerak liburuaren idazketa etenda, dioenean "askoz probetxugarriagoa" dela "iraultzaren esperientzia bizitzea hari buruz idaztea baino". Galdera horri erantzuten laguntzen digu Zer egin? nobelak: nola izan dezake literaturak eragin praktikoa iraultzaren esperientzian?

"Nahikoa dugu", esango du, arrazoi osoz, irakurleren batek. "Literaturaz irakurtzeko ireki ditut orriok eta, iraultza aipatzea, bale, baina hau da matraka! Noiz kristo hasiko zara literaturaz hizketan?". Barkatuko dit irakurleak, horra nindoan-eta, hain justu: interesgarri zaidana da aztertzea testuak berak zein bide darabiltzan eduki zuen eragina ahalbidetzeko.

Literatura iraultzaileak ohi duen bezala, Zer egin? bere ideien aldarrikapena bezainbat da bere garaiko pentsamendu arruntari eta intelektualen literaturari egindako kritika. Horretarako, Txernyxevskik finezia handiz ateratzen du tarteka istoriotik bere ahotsa, eta hartatik kanpo dagoen pertsonaia bat darabil: irakurlea bera. Txernyxevskik irakurle pixkorra deitzen dio eta hari galdetzen dio zuzenean istorioan kontatutakoari buruz, hari aitortzen dizkio bere trikimailu literarioak, harixe zuzentzen dizkio bere kritikak eta irainak, eta pare bat alditan liburutik bota ere egiten du, harik eta irakurle pixkorra-k galdetzen duen arte: "Ze idazle klase da hau, niri hitz egiten didana eta hain lotsagabe, gainera?".

Guk irakurle pixkorra-ren egungo euskal aldaera ezagutu berri dugu, iritzi sendoak izan ohi ditu beti eta errieta egin berri digu literaturari buruz ari ez garela-eta. Irakurle intelektual arruntaren pertsonifikazioa da, Txernyxevskiren garaian eta gurean: ehun eta hirurogei urte ere, onar dezagun, ez dira ia ezer.

Pertsonaia hori kontakizunetik irten eta hari buruz gogoetatzeko darabil idazleak, baina kontakizuna bera aski sinplea da: maitasun istorio bat da, finean –hori ez zenuen espero eta sumatu zaitut berriz ere adi, irakurle pixkor hori–. Vera Pavlovna, Lopukhov eta Kirsanov gazteei jarraitzen die kontakizunak, eta haien maiteminak, bizimoduak eta ideiak erakusten ditu, XIX. mende amaierako errusiar gazteria arraro berriaren ezinegonen eta garapenen erakusle. Hori bai! Hara non datorren berriro. "Banekien liburuak ezin zuela panfleto hutsa izan. Bere garaiko jendeari buruzko galderak egiten ditu, baina, jakina, ez du erantzunik ematen, literatura onak behar duen bezala. Banekien Txernyxevskik talentudun gizona behar zuela".

Oker zaude, irakurle pixkor hori, azkarregi ateratzen dituzu ondorioak. Kritikak urtetan esan izan du Zer egin? kalitate literariorik gabeko lana dela, eta Txernyxevskik bere egiten ditu hitz horiek. "Ez daukat talentu literario apurrik ere", dio nobelan bertan, "nik ez baitut istorio hau kontatzen nire artista-sona handitzeko, kontatzen dut gertatu zen bezalaxe". Eta horrek ez du zalantzan jartzen Txernyxevskiren balio literarioa, ezta nobelaren edertasuna ere, ezpada kalitatea-ren ulerkera bera. Bete nahi duen helburuari ez beste ezeri ausart heltzen dion literaturak literaturaz saltzen diguten ideia jartzen du zalantzan.

Txernyxevskik bere mendearen umeak erakusten ditu, "belaunaldi berriko jende arrunt eta zintzoa, halako ehunka daude", eta kontatzen digu haien bizimoduarekiko galdera handietatik, liburuetatik eta ametsetatik, askatasuna eta berdintasuna eta iraultza beren ideietan eta bizimoduetan nola agertzen diren. Eta horrela bihurtu zen liburua indar moral, horrela konektatu zuen mendearen ume horiekin berekin, lana beste modu batera antolatzera abiatu zirenak, iraultza benetan egitera iritsi zirenak.

Entzun zaitut ahapeka, irakurle pixkorra; jada ez zaizu halako ziurtasunik sumatzen, baina badakit oraindik ere entzuten duzuna inuzentea eta erridikulua iruditzen zaizula. "Irakurle arruntak, ordea, bere kabuz ulertzen du", dio Txernyxevskik. Horra gaurkotasuna: itxaropena galduta uste genuenoi suspergarri zaigu Rakhmetov erraldoiaren diziplina eta Veraren ontasuna, bihotz-zabalgarri zaigu historiaren askatasuneranzko martxa, neska baten ametsean agertua, edo "zoriontsua izateak guztien zoriontasuna desiratzea esan nahi du" esaldia mutil arrunt baten ezpainetan. Ez baitira galdera handiak eta ametsak agortzen eta, aurretik beste hainbati bezala, gure mendearen umeoi ere ari da, zera dioenean: "Horrela errepikatuko da historia berbera bestelako itxuraz. Eta halaxe jarraituko du, harik eta jendeak esaten duen arte: orain ondo gaude". Ehun eta hirurogei urte ez dira alferrik pasatzen, baina, azken batean, ez dira ia ezer.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gerotik gerora
‘Gero’: iraganeko geroaldia

Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]


Eguneraketa berriak daude