Atzo jakin dut euskal prentsatik Jean Reno aktoreak lehen nobela idatzi duela. Berri hori euskaraz jasotzeak munduko hiritar edo paleto global bihurtzen ote nauen oso ongi jakin gabe, nobelak idazteko arteaz egin dut gogoeta.
Tokitan dago “nobelaren heriotza” aldarrikatzen zen garaia. “Nobela konbentzionala ireki, berritu eta beste errealitate batzuetara zabaldu” nahi omen zuten nobela abangoardisten denbora, Cortazarren Rayuelak sinbolizatzen ahal duena, beste hainbat idazle –Butor, Nathalie Sarraute eta Nouveau Romaneko guztiak, OULIPOkoak, Italo Calvino ere barne, Onetti hegoamerikarra…– ahaztu gabe. Jarraibide eskuliburuarekin irakurri beharreko nobelak. Utikan. Vazquez Montalbanek, “idazki subnormal” deitzen zien hainbat pieza abangoardistaren egileak, aspaldi gaztigatu zuen: “Nobelaren hilotzarekin borrokan ibili ginen hainbat urtez, hildako hark osasun ona zeukala ikasi genuen arte”.
Renok, aldiz, irakurri dudanaren arabera, Victor Hugok bezala edo are Cervantesek bezala idatzi nahi omen du. Asmo txalogarria, zinez, eta Les Visiteurs filma protagonizatu zuen aktorearen mailakoa, inondik ere, film hartan erdi aroko zaldun baten papera jokatzen zuenez.
Irakurle batzuek nobela klasikoari ohi dagokion ahalegin konposatzaile hori maite dugu, eta halakorik gabeko produkturik ez dugu nobelatzat hartzen
Nobela bat zer den inork ez daki. Bego Celaren definizioa behin betikotzat: “Nobela da liburuaren azalean nobela dela esaten duen edozer”. Abangoardiaren izenean bodrioak eta maisu-lanak egin izan diren bezala, nobela, esan dezagun, klasikoaren etiketapean kalitatearen aldetik denetariko produktuak pasarazi nahi izan dizkigute. Inon ez dago idatzita idazle batek nahitaez nobela bat idatzi behar duenik. Eta nobela bat idatzi duen idazleak, berak jakingo du zergatik idatzi duen; ez da izango, baina, inork behartu duelako. Zergatik hainbeste enpeinu, ordea, “hau nobela bat da” esateko?
Demagun nobela bat idaztea etxe bat eraikitzea bezalakoa dela. Zimendu sendoak beharko ditu, orientazio ona, zulorik gabeko teilatua eta, zorte pixka batekin, edergarriren bat ere bai. Baina horiek denak bezain garrantzizkoak –nahiz eta ez hain luzituak– ditu saneamenduak eta isolatzaileak. Finean, etxe bat eraikitzea konposizio orokor bat da. Nobela ere berdin. Konposizio bat da, zimendua eta orientazioa bezain garrantzizkoak isolatzailea eta saneamendua dituena. Are, batzuetan, etxegilearen –nobelagilearen– trebezia elementu horiek ibiltzeko maneran ikusten da (“artea” esan dugu, baina benetan “artisautza” behar luke). Ez dakit lortu dudan: esan nahi izan dut irakurle batzuek nobela klasikoari ohi dagokion ahalegin konposatzaile hori maite dugula, eta halakorik gabeko produkturik –oso onak izaten ahal badira ere– ez dugula nobelatzat hartzen, azalak dioena dioela.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.