“Gu beti irabaztera ateratzen gara, emakumeen nahiz gizonen aurka jokatu”

  • Irungo Landetxa auzoko pala txapelketa mistoan, hogei bikotetik bakarra da emakumeek osatua, 40 lagunetik bi baino ez dira emakumeak: Idoia Karrera eta Loiola Zuazu. Lehiaz, txapelketa misto eta ez mistoen arteko aldeez eta joko-mailaz mintzatu gara haiekin. "Emakumeok behar ditugu gure artean kirolean eroso aritzeko guneak. Nola babestu gune horiek eta aldi berean uztartu hori kirol mistoarekin?".

Idoia Karrera (ezkerrean) eta Loiola Zuazu. Argazkilaria: Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

40 parte-hartzailetik bi emakume baino ez, eta gainera bikote berean. Gizonen munduan sartu zarete?

Idoia Karrera: Ohituta gaude gizonen artean aritzera, baina txapelketa mistoan bikotekide emakumezkoarekin parte hartzen dudan lehen edo bigarren aldia izango da, normalean gizona izaten da nire palako bikotekidea.

Loiola Zuazu: Oso emakume gutxi ikusi ohi da txapelketa mistoetan, eta horregatik, nahiz eta mistoa izan, izena ematen duzularik badakizu edo aurreikusten duzu ziurrenik gizonen aurka arituko zarela gehienbat.

Horrek parte hartzeko gogoa kendu diezazueke?

Karrera: Kontua da txapelketetatik kanpo ere, entrenamenduetan, asko ibiltzen garela gizonekin, eta beraz, horrek ez gaitu kikiltzen, ez gaitu inpresionatzen. Ni behintzat ez nau baldintzatzen, eta gainera giro ona egon ohi da, ez naiz sentitu baztertua edo gutxietsia emakume izateagatik. Maila ematen dugu, horrek ere zerikusia izango du agian.

Zuazu: Oso gustura aritzen gara, bai, baina Idoiak dioen moduan, zerikusia du aisialdian, txapelketetatik kanpo, gizonekin aritu ohi garela.

I. Karrera: "Udako pala txapelketan hiru maila jarri zituzten, hirurak mistoak, eta sekulako arrakasta izan zuen, bakoitzak bere burua kokatu zuen egokien ikusten zuen mailan"

Gustura heltzen diozue orduan txapelketari, baina ulertu dezakezue apenas emakumerik duen txapelketan parte hartzeko gogo gutxi izatea emakume batzuek?

Karrera: Zalantzarik gabe. Gainera, emakumeok askotan joera dugu gure burua gutxiesteko, eta emakumeekin entrenatzen duten emakumeek halako txapelketetara saltoa ematea beti ez da erraza. Ahalduntze kontua ere bada, halakoetan emakumeak gehiago kikiltzen garelako, txikiagoak egiten gara.

Zuazu: Beharbada beste modu batera ikusi beharko genuke txapelketa: ongi pasatzera goaz eta ea zer moduz doan.

Karrera: Hori da, txapelketa irabazi ez duzulako irabaziko, baina helburua izan daiteke ongi pasatzea, palan aritzen den jende gehiago ezagutzea, sarea handitzen joatea… Aldi berean, dena den, halako txapelketa herrikoietan oso maila ezberdinak egoten dira: bikote potenteak eta maila eskasagoa duten bikoteak, mutilez osatuak; mutil horiek, nahiz eta maila baxuagoa izan, txapelketara datoz ongi pasatzera eta kito, eta emakumeei agian gehiago kostatu dakiguke, iruditzen zaigulako gizonen aurka jokatzea gehitxo izan daitekeela, edo dugun autoexijentzia mailagatik, izan ditzakegun konplexuengatik…

Nire kasuan, kuadrillako mutil batekin hasi nintzen txapelketetan parte hartzen, berak animatu ninduelako; nigan gaitasunak ikusten zituen eta esaten zidan, "benga, biok elkarrekin kristorena egin dezakegu". Horrek indar handia eman zidan, nire buruarengan sinesten lagundu zidan.

Zuazu: Inportantea da kantxan eroso sentitzea, bikotekidearekin, zure jokoarekin, partiduarekin… eta ez baduzu zure buruarengan konfiantza hori, normala da txapelketa batean zure burua nabarmendu nahi ez izatea.

Karrera: Txapelketa ez baita soilik beste bikote baten aurka aritzea, jendea dator ikustera, eta txiki ikusten baduzu zure burua…

Zuazu: Batzuetan, txapelketan jokatzea bera da, hain justu, autokontzeptu hori gainetik kentzeko modua.

Karrera: Palan elkarrekin entrenatzen duten emakume taldeak ere bultzada handia dira, txapelketara jauzi egiteko. Batetik, trebatzen eta segurtasuna berenganatzen doazelako, eta bestetik, horietakoren batek txapelketa batean parte hartzen badu, bidea irekitzen dielako besteei. “Hara, horrek parte hartu badu eta ni haren aurka jokatzen aritzen banaiz, nik ere har dezaket parte txapelketan, zergatik ez?”.

Ohituta zaudete aisialdian gizonekin batera aritzen eta horrek laguntzen du txapelketa mistoetan parte hartzeko garaian. Baina ez da ohikoena: adin batetik aurrera, mutilek eta neskek bereizita praktikatu ohi dute kirola.

Karrera: Hori da, gizonak gizonekin eta emakumeak emakumeekin kirola egitera bideratuta dago egitura. Guk geuk ere, Atxiki pilota elkartean [Irungo Atxiki pilota elkarteko entrenatzailea da Idoia Karrera], emakume taldea dugu, eta emakumeak emakumeekin aritzen dira entrenatzen. Azken finean, emakumeok behar ditugu eroso sentituko garen guneak kirola egiteko, eta funtsezko guneak dira gainera, bestela emakume asko zuzenean ez liratekeelako palan arituko. Kontua da, nola babestu gune horiek eta aldi berean uztartu hori kirol mistoarekin? Konplexua da, bereizteak ekar baitezake kirol mistora salto egitea zailagoa izatea batzuentzat, batez ere emakumeei iruditzen zaigulako gizonek maila hobea izan dezaketela. Nire ustez hori da traba nagusietakoa, eta aurreiritziak dira, maila antzekoa izan dezakegulako.

Maila (eman ez eman) da orduan oztopo handienetakoa?

Karrera: Pasa den udan, lehenengo aldiz, Irungo Moskuko jaietako pala txapelketan hiru maila jarri zituzten, hirurak mistoak, eta sekulako arrakasta izan zuen, inoiz baino bikote gehiagok eman zuen izena txapelketan, hain justu aukera zabal horregatik: bakoitzak bere burua kokatu zuen egokien ikusten zuen mailan eta erosoen jokatuko zuen mailan. Partiduak oso orekatuak izan ziren, eta pentsa, finalik politena hirugarren mailakoena izan zen. Lehenengo mailan gizon askoz gehiago zegoen, bigarrenean orekatuagoa zen eta hirugarrenean emakume gehiago zegoen, baina formula oso arrakastatsua izan da, parte-hartzeari begira.

L. Zuazu: "Mistoaren afera ez da denak zaku berean sartuko ditugun ala ez soilik, baizik eta kirolaren xarmaz bai mutilek bai neskek gozatzea"

Emakumeen pala txapelketetan eta txapelketa mistoetan hartzen duzue parte, ezberdintasunik nabaritzen al duzue?

Karrera: Nik ez dut ezberdintasun handirik nabaritu…

Zuazu: Nik ere ez. Noizbait bai egokitu zait bi gizonezko aurkariek gu ikusi eta adieraztea “tira, bi emakumeren kontra denez, lasaiago jokatu dezakegu, peloteoan ere aritu gaitezke”. Halakoetan amorrua sentitu dut, “a bai? Ikusiko duzu ba!”. Horiek berak dira, gainera, emakumeen aurka galduz gero haserretzen direnak.

Karrera: Klasiko bat: “Emakume izateko ongi jokatzen duzu”; zorionez, aspaldi ez dut halakorik entzun. Eta txapelketei lotuta ez, baina garai batean, aisialdian palan aritzen ginelarik, konturatu nintzen palan aritzeko geratzeko ni ez nindutela inoiz deitzen (nire kuadrillatik kanpoko gizonen artean), baina nire kuadrillako gizonak bai deitzen zituzten. Frustratu egiten ninduen, eta badakit ez zela maila kontua, emakumea naizelako zela.

Txapelketa mistoa izan edo emakumeen txapelketa izan, berdin zoazte partiduetara?

Zuazu: Inoiz ez dakizu zer gertatuko den, egunaren eta faktore pila baten arabera partidua modu batera edo bestera joan daitekeelako. Gu beti irabaztera ateratzen gara, emakumeen nahiz gizonen aurka jokatu, berdin, eta partidu batzuk asko aldatzen dira, bat-batean asmatzen hasten garelako, edo huts asko egiten… Partidua sortzen goaz.

Karrera: Beti goaz jokatzera, ondo pasatzera eta bide batez irabaztera. Bikotea ahulagoa dela? Ba apur bat suabexeago ariko gara agian, helburua delako denok aritzea eta disfrutatzea. Aurkariak oso onak direla? Ba helburuak jaisten joango gara agian, “benga, 15 tanto egitera iritsi behar dugu”; erronkak egokitzen goaz.

Zuazu: Baina ez dugu amore ematen.

Karrera: "Elkarrekin aritzea naturaltasunez bizi behar dute neska-mutilek, hori lantzea da erronka"

Lehiakorrak zarete, beraz. Estereotipoak dio lehia batez ere gizonon kontua dela eta emakumeek parte hartzea eta ongi pasatzea bilatzen dutela.

Zuazu: Emakumeen txapelketetan ere kristoren lehia ikusten da.

Karrera: Lehiakortasuna osasuntsua izan daiteke, gehiago ematera bultzatzen zaituen zerbait delako.

Zuazu: Kokatzen zaitu erronka batzuen aurrean, eta erronka horrek ez du zertan izan irabaztea, baizik pilotari ongi ematea, pilotetara iristea, bikotekidearekin ongi komunikatzea…

Karrera: Hain justu, batzuetan partidua galduta ere, sentsazio oso onarekin bukatzen duzu, partidu oso ona egin izanarena, gustura aritu izanarena. Baina lehiakortasun ezberdinak daude; oraindik ere bikoteak ikusten dituzu haien artean haserretzen direnak, irabazten ez badute edota kideak huts egin badu.

Zuazu: Bikotekideen arteko giro txar horiek gehiago ikusi ditut gizonen artean, lotuta dago hein batean frustrazioa kudeatzen jakitearekin. Kirolarekiko harreman osasuntsua garatu beharko genuke. Galduz gero edo gaizki jokatuz gero, ez diot nire buruari ezer leporatu behar, ahalegintzen eta erronka berriak jartzen segitzeko motibazioa izan behar du kirolak, hobetzen segitzekoa.

Haurtzaro-gaztaroan, eztabaida izaten da ea zer komeni den, kirol mistoa ala neskak eta mutilak bananduta aritzea.

Karrera: Kirol mistoan nahi izateko, elkarrekin aritzea naturaltasunez bizi behar dute neska-mutilek, hori lantzea da erronka. Eta bitxia da, eskolan eta beste esparru batzuetan elkarrekin daudelako, natural.

Zuazu: Gero eta txikiago, orduan eta naturalagoak dira harremanak, eta pixkanaka hazten goazela, banandu egiten gara. Hori galtzen joaten da, nahiz eta elkarrekin hezi diren neska-mutilak.

Karrera: Hemen, gure hirian, eskola kirolean neska gutxiago aritzen direla-eta hainbat azterketa abiatu zituzten duela hiru urte, eta ikusi zuten talde batean aritzeko sentitu behar duzula taldea zure, eta bide horretan talde ez mistoak egitea erabaki zuten, neskak erakartzeko. Ez-mistoa zen neskak kirolera animatzeko amua, eta helburua zen gero talde mistoetara igarotzea. Lanketa handiaren ondorioz, lortu zuten neska gehiagok izena ematea, baina lanketa hori pixka bat jaitsi denean, joera berriro izan da nesken parte-hartzea gutxitzea.

Zuazu: "Batzuetan, txapelketan jokatzea bera da, hain justu, autokontzeptu hori [zure burua txiki ikustea] gainetik kentzeko modua"

Zuazu: Pausoz pauso egiten da bidea eta lehenengo neskak animatu egin behar dira zenbait kiroletan, gozatu egin behar dute, eta gero erabaki ea neskekin, mutilekin ala nola nahi duten aritu. Emakumeen pilotak, adibidez, oso ikusgarritasun gutxi du, eta ez bada ikusten, eragitea eta erreferenteak sortzea zaila da. Erreferenteak sortu ahala, animatzen dira probatzen. Azken finean, mistoaren afera ez da denak zaku berean sartuko ditugun ala ez soilik, baizik eta kirolaren xarmaz bai mutilek bai neskek gozatzea. Adibidez, haurra nintzelarik oso inportantea izan zen pilota gustuko zuen beste neska bat lagun izatea, biok batera egin genuelako bidea lehenengo pilota elkartera, gero txapelketetara… Babes hori izan ez banu, bakarrik egon banintz, agian ez nukeen hainbesteko motibazioa izango. Atxiki pilota elkarteak lan polita egin du emakumeen artean laguntasun eta babes hori sortzen, babes hori sentitzen baduzu pixkanaka joan zaitezkeelako erronka berriei heltzen. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kirola
Iñaki Mujika ('Handbike' txirrindularia)
“Uste dena baino askoz hobe bizi zaitezke gurpildun aulkian”

Motorrez gainezka dago Iñaki Mujikak Altsasun duen tailerra. Ilaran daude denak, baina bada barreneko gelaxka batean aparte gordetako bat. Mujikak beretzat egokitu nahi duen motorra da. 2021ean igo zen azkenekoz motor gainera; istripu larria izan zuen moto-kros zirkuitu... [+]


Espektakuluen tranpa

Semea futbol talde batean jolasten da eta, kurtso amaieran jokatutako hamaika torneoren artean, Athletic Cup-era gonbidatu dute bere ekipoa aurten. Txapelketak laurehun talde eta 5.000 futbolari inguru batu ditu; haur eta nerabe, senideak eta lagunak kontatu gabe. Itzelezko... [+]


Guraso batek 11.000 euroko isuna jaso dezake adin txikikoen futbol partida batean izandako irain eta erasoengatik

Gasteizko eskolako futbol partida batean guraso batek irainak bota, mehatxatu eta pertsona bati eraso egiten saiatu zen adin txikikoen aurrean. Arabako Foru Aldundiak kudeatzen duen mota horretako bigarren salaketa da. 


2025-07-09 | June Fernández
Meloi saltzailea
Jimenez Escudero

1925. urtea izango balitz, akaso emakume erraketistak izango lirateke Zeruko Argiako aktualitate orrialdeetako protagonistak. Agian haien kirolari merituak goraipatzeko, agian feminitate arauak desobeditzeagatik seinalatzeko. Nire buruari agindu diot haien izenak memorizatzeko... [+]


2025-07-02 | Eli Pagola
Erraketistak
Joko ikusgarria, ibilbide sinesgaitza

1917tik 1980ra erraketalariak profesionalki aritu ziren munduko frontoi ezagunenetan. “Chiquita de Anoeta”, “Arane”, “Emili”, Albisu, “Amparito”, “Chiquita de Aizarna”, “Asteasu”... Hamaika pilotari... [+]


Gorputz hotsak
“Kirol minoritarioetan babesgabetasun ekonomiko handia dago”

Javier Escudero Pascual (Iruñea, 1979) “poz-pozik” dago erretiroa hartuta nahi beste gauza egiteko astia duelako. Nafarroako Aspace kirol klubeko motordun aulkiko futbol taldeko jokalaria da. Duela urtebete sortu zuten taldea, eta hirugarren geratu dira... [+]


Bertan behera utzi dute Donostiako surf txapelketa bat, israeldarren parte hartzea dela eta

Hamabost urte inguruko lau surflari israeldarren parte hartzea zela eta, hainbat eragilek protesta egin eta Groseko Surf Indarrak elkarteak lehiaketan ez parte hartzea erabaki du. Waxdayz jaialdiaren antolatzaileek ere surflari israeldarrak kaleratzea eskatu die WSL World Surf... [+]


2025-06-02 | Jon Torner Zabala
Euskal selekzioa Nazioen Ligan: gertaera “historikoa”, zazpi herrialdeetako pilotariak bildu zain

Abian da zesta-puntako Nazioen Liga. Ekainaren 6ra bitartean, hainbat selekzio arituko da lehian Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, euskal selekzioa tartean. “Historikoa” da hori, txapelketaren antolatzaileek adierazi duten moduan, euskal selekzioak aurrenekoz... [+]


2025-05-21 | Onintza Enbeita
Arlette Apraiz. Militante feminista
“Beste Gernika bat da hau, herriak hasieratik sinistu zion sexu abusuen biktimari”

2023ko abenduan notizietara salto egin zuen Gernika-Lumok: bertako saskibaloi entrenatzailearen kontrako salaketa bat zegoen sexu eraso jarraituak egitearren. Sare Feministaren izenean, zurrunbilo mediatikoan murgildu zen Apraiz.


2025-05-20 | Jon Torner Zabala
Futbola akuilu, sekula baino hegazkin pribatu gehiago Bilboko zeruan

Kirol ekitaldi handi xamarrak egiten diren bakoitzean, agintariek hauspotzen duten "inpaktu ekonomikoaz" edo "hiria mapan kokatzeaz" harago, ohikoa da ostatuen garestitze basatiaz, garraio publikoan daukaten eraginaz edota segurtasun kontuez hitz egitea. Ohikoa... [+]


2025-05-16 | Gedar
60.000 euroko isuna Indar Gorriri, sionismoaren aurkako mezu batengatik

"Weissman kanpora, sionismo-faxismoa suntsitu" idatzi zuen sarean, palestinarrak erailtzeko deia egin baitzuen Granadako jokalariak. "Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Legea" ezarrita, isun erraldoia jarri diote Indar Gorriko kide bati.


2025-05-14 | Estitxu Eizagirre
“Galdu eta irabazi” Iñaki Artolaren bertso jarriak, Altunarekin ARGIAn izandako solasalditik etorriak

Hamabi bertsoko sorta dotorea jarri du pilotariak, galtzeari eta irabazteari buruz. Inspirazioa 2024an Larrun aldizkarirako egindako mahai-inguruak piztu zion, Jokin Altunarekin gai horri buruz aritu baitzen gogoetan. Bertso sorta musikatuta entzun daiteke Bertso Ikasgela... [+]


Eguneraketa berriak daude