Kongo askatu!

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Fermin Muguruza jarraitzen duzu sareetan. Madrilgo kontzertuko bideo bat ikusi duzu bere kontuan: dantzari batek “Kongo askatu!” oihukatu du, bandera esku artean. Haren profila bilatu duzu: @c.kumaaa. Bilboko manifestazioaren deialdia zabaldu du. Ez zara joango, laneko afari bat daukazulako (hala ez balitz, lehenetsiko zenuke?). Irudiak ikusi dituzu biharamunean. Jende oso gutxi joan da, gehienak beltzak. Hurrengora joatea agindu diozu zeure buruari.

Neska beltz batek hartu du megafonoa Plaza Biribilean. Quinndy dela esango zenuke, Muguruzaren birako beste dantzari afroeuskalduna, nigeriar jatorriko ekintzaile antiarrazista. “Ukraina edo Palestinagatik duzuen enpatia ez da Kongogatik duzuen berbera. Urtero erosten duzue telefono bat; aldiz, Kongon milaka pertsona hiltzen dituzte urtero. Hamarkadak daramatzagu sufritzen, eta Europak ez du ezer egiten, isilik dago, nahiz eta Europak dituen gauza mordoa Afrikari zor dizkion. Afrika barik, Europa ez da deus”. Txaloak. Story-a partekatu duzu.

Erabaki duzu Kongori eskainiko diozula ARGIAko zutabea, nahiz eta informazio gutxi gorde duzun “Munduko gatazka kronifikatuak” zure memoriako karpetan. Nor da Kongoko presidentea? Eta Ruandakoa?

ARGIAko hemerotekako azken artikuluak bilatu dituzu: “Ehunka emakume hil eta bortxatu dituzte Kongoko Errepublika Demokratikoko espetxe batean”. "Mendebaldeak Kongon dituen hainbat enbaxada jo-mugan hartu dituzte M23ren kontrako protestetan”. “Kongo eta kobaltoa. Zertarako gaude prest konektatuta jarraitzeko?”.

Hamarkadak sufritzen. “Mendebaldeak normaltzat jotzen du gure sufrimendua”. Nicole Ndongala errefuxiatu eta ekintzailearen hitzak dira, Pikara Magazinen. Ezin duzu ukatu hori dela Afrika gure (zure) iruditerian: gosea, biolentzia, pandemia, emigrazioa.

Errealitate bidegabe batekiko nahikoa enpatia garatzeko baldintzak gertutasuna eta identifikazioa dira (zerorrek asmatutako teoriaren arabera). Nikaraguak min egiten dizu, urteko egonaldia egin zenuelako han eta zure lagunak erbesteratu direlako. Baita Palestina ere, noski, euskaldun ezkertiarra zaren aldetik.

Aitzakia pobrea da esatea ez duzula halako gertutasun edota identifikazio biderik Kongorekiko. Urteak daramatzazu irakurtzen erantzuleak oso hurbil dituzula, are gehiago odolez blaitutako harrapakina.

MacBook zaharra laztandu duzu. Egingo al diozu Apple-ri boikota, HPri nola? 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude