Animalien askapena akademiatik aztertzen

  • Ertz askotatik landu dute antiespezismoa Animalia Ikasketa Kritikoen EHUko I. kongresuan; hala nola literatura, intersekzionalitatea, komunikabideak, zinema eta historia ikertu dituzte. Estibaliz Ania Valle Ruiz de Garibay eta Surama Lázaro Terol ikerlariek literaturari eta  intersekzionalitateari erreparatu diete, hurrenez hurren.

Kongresuan, literatura antiespezistaren inguruko tailer bat egin zuten. Argazkiak: Linas Korta

Animalien askapenaren inguruan ikertu, ikerlari antiespezisten artean saretu eta antiespezismoa akademiara hurbildu. Horiek dira kongresuaren helburuetako batzuk. EHUk eta UPF-Centre for Animal Ethics ikerketa zentroak antolatu dute kongresua eta ehun lagun inguru elkartu dira. “Antiespezismoari ikusgaitasuna eman, antiespezista potentzialei akademiaren munduan militatzeko aukera eskaini eta ikasleak motibatu nahi ditugu ikerketetan gaia aintzat hartzeko”, azaldu du Irene Barañanok, antolatzaileetako batek.

Estibaliz Ania Valle Ruiz EHUko ikerlariak, bere parte-hartzean, literaturaren bidez espezismoaren zenbait adibide eman eta gaur egungo testuinguruarekin zer-nolako harremana duten landu du. Horretarako, XVII. mendeko literatura aztertu du; zehazki, Cyran de Bergerac (1619-1655) idazle, dramaturgo eta pentsalari frantsesaren liburu baten pasartea: L'autre monde ou Les États et empires de la lune ou Les États et empires du soleil (Beste mundua edo Ilargiaren Estatuak eta inperioak edo Eguzkiaren Estatuak eta inperioak) liburukoa. Zientzia fikzioaren aitzindarietako bat izan zen Cyran de Bergerac: “Zientzia fikzioaren bidez garai horretako zenbait aspektu kritikatzen zituen; besteak beste, fede katolikoa, absolutismoa eta antropozentrismoa”.

Txoriek agintzen duten erreinu batera doan gizonaren istorioa kontatzen du pasarteak. Bertan, gizakiz besteko animalien kontra gizakiek egindako delituengatik epaituko dute gizona. Ikerlariak nabarmendu du garai horretarako “oso ausarta” dela. Testua irakurtzean kontuan hartu behar da idazleak gizona hitza erabiltzen duenean gizakiei erreferentzia egiten diela eta ez soilik gizonei. Izan ere, XVII. mendean, emakumeak eta beste identitate batzuk ez ziren subjektu politikotzat hartzen: “Emakumeak ere gizonen menpeko zeuden, animaliak bezala gizonen zerbitzura eta aginduetara”.

Genealogiaren garrantzia

Pasarteko protagonistak lapurtxori batekin egiten du topo epaiketan. Gizonak aurresuposatzen du arrano batek gobernatzen duela, eta hortaz, arranoak epaituko duela, baina lapurtxoriak esaten dio oker dagoela, eta gizakiek gobernuburua nor izanen den erabakitzeko erabiltzen dituzten irizpideak ez daudela ongi. Txoriaren arabera, gizakien “sinesmena” da pentsatzea soilik gobernatu dezaketela “indartsuenek”, “handienek” eta “krudelenek”. Horren ordez, lapurtxoriak subiranoa aukeratzeko erabiltzen dituzten irizpideak nabarmentzen ditu: “Gure politika oso bestelakoa da; ahulenak, gozoenak eta bakegileenak aukeratzen ditugu errege izateko. Horrez gain, sei hilabetetik behin beste ahul batzuengatik aldatzen ditugu, kontra eginez gero mendekua hartu ahal izateko. Gozoak aukeratzen ditugu inork ez gorrotatzeko. Eta bakegileak izatea nahi dugu gerrak saihesteko, gerrak injustizia guztien sorrera direlako”.

Espezismoaren zenbait adibide ematen ditu lapurtxoriak: “Nagusitasun irrigarri horren ondorioz, gizonak bere gain hartzen du bizitzeko eta hiltzeko gure eskubidea, eta esklabo bihurtu, gatibu egin, ito eta jaten gaitu eta nobletzat dituenei hiltzeko gaitasuna ematen die”.

Ikerlariaren arabera, testuak antropozentrismoa zalantzan jartzen du: “Autoreak erakusten digu bestelako ingurunean bizi gaitezkeela, eta armonian bizitzeko aukera dagoela. Baina horretako, gizakiok geure buruari esleitu diogun nagusitasunari uko egin behar diogu”. Horrekin batera, gizakiz besteko animaliak ere subjektu politikoak direla aldarrikatzen du idazleak.

Gaineratu du antiespezismoaren genealogiari erreparatzea mugimendua “indartzeko” baliagarria izan daitekeela: “Askotan herri mugimenduan ahaztu egiten zaigu genealogia. Garrantzitsua da horri erreparatzea eta adibideak bilatzea; adibiderik ez duzunean zaila da urratsak ematea. Mugimendu antiespezista egituratzen eta historia antiespezista garatzen laguntzen du”. XVII. mendea urrun dagoela iruditu arren, “lotura handia” du gaur egungo testuinguruarekin eta aldarriekin: “Genealogiak pentsamendu sozio-politikoaren oinarriak ezartzen lagundu dezake”.

Hazte selektiboaren ondorioak

Cyran de Bergeracen testua gizakien eta gizakiz besteko animalien arteko botere harremana islatzen duen pasarte bat da, baina ez bakarra. Horien adibide ugari daude fikzioan zein fikziotik kanpo. Surama Lázaro Terol UNEDeko antropologoak ez fikziora jauzi egin, eta arrazializazio mekanismoei eta desgaitasunari erreparatu die kongresuan. Broiler oiloak eta oilo erruleak, eta hazte selektiboak horiengan izan duen eragina aztertu ditu.

Sunaura Taylor akademikoaren eta aktibista desgaituaren lana ere aipatu du. Crip liburuaren idazlea da, eta bertan desgaitasunaz eta gizakiz besteko animalien zapalkuntzaz hausnartzen du. Taylorren arabera, kapitalismoak eta espezismoak “desgaitzen” eta “hipergaitzen” dituzte animaliak, sistemak geroz eta gehiago produzitzera behartzen dituelako eta ondorio larriak eragiten dizkietelako. Oiloen hazte selektiboa horren adibide bat da.

Vent sexting-a edo txiten sexu bereizketa 1920. urtean Japonian sortu zen, eta txitak sexuaren arabera bereizteko teknika da. Jaio eta berehala txiten sexua jakiteak arrautza eta haragi produkziora bideratuta dagoen hazte selektiboa “areagotu” duela nabarmendu du Lázarok: “Helburua da ahalik eta produktibitate handiena lortzea”. Ondorioz, broiler oiloak “azkarrago” hazten direla eta oiloek arrautza “gehiago” erruten dituztela salatu du.

1940ko hamarkadan, broiler oiloek 112 egun behar zituzten 2-25 kilo –merkaturatzeko pisua– lortzeko. 1990eko hamarkadan, pisu hori 37-43 egunetan lortzen zuten. Azken hamarkadetan, geroz eta lehenago lortzen dute merkaturatzeko pisua, eta egindako ikerketen arabera, 2034. urtean 29 egun beharko dituzte. Horrek guztiak “ondorio larriak” ditu oiloetan; eragiten ditu hala nola anormaltasun eskeletikoak, gaixotasun metabolikoak, bihotz-biriketako sistemaren arazoak, gantz gehiegi eta immunitate-sistema ahuldua.

Red Jungle Fowl oiloek –etxekotutako oiloen eta oilarren aurretiko oiloak– urtean 10-15 arrautza erruten zituzten. Hazte selektiboaren ondorioz, XX. mendean 140 arrautza errutera iritsi ziren. Aro modernoan, White Leghorn eta Rhode Island oiloak sortu zituzten, eta erruten zituzten arrautza kopurua bikoiztu zen. Gaur egun, haragi edo arrautza kontsumorako hautatuak izan badira, urtean ehun eta hirurehun arrautza artean erruten dituzte: “Arrautza gehiegi erruteak kalte ugari eragiten dizkie oiloei; esate baterako, arrautzak apurtzea eta trabatzea, prolapsoak, hezur ahultasuna eta peritonitisa”.

La vida color Frambuesa santutegia

Kasu praktiko baten bidez sakondu du gehiago Lázarok, eta Arabako La vida color Frambuesan oiloekin egiten duten lana azpimarratu du. Santutegia espezie ugariren etxea da eta helburua da animaliak erreskatatzea, zaintzea eta antiespezismoaren inguruko kontzientzia zabaltzea.

Maria, santutegietako sortzaileetako bat, santutegira iristen ziren oiloak behatzen hasi zen duela hamaika urte. Antzeman zuen, santutegian egon arren, oiloen egoera ez zela hobetzen eta goiz hiltzen zirela. Hortaz, hiltzen ziren oiloei nekropsiak egiten hasi zen, eta ikusi zuen erreprodukzio sisteman tumoreak, arrautza apurtuak, infekzioak eta beste zituztela.

Konponbide bat bilatu nahian, 2013. urtean kirurgikoki oiloen erreprodukzio sistema kentzea erabaki zuen, baina obarioa kentzean odol-galera handia izateko arriskua zegoen eta asko hiltzen ziren. Hortaz, obiduktua kentzea erabaki zuen, baina horrek ere ez zuen arazoa konpondu. Ostean, larruazalpeko inplante hormonalak jarri zizkien obulazioa geldiarazteko. Ordutik, sistema hori erabiltzen du.

Lázaroren arabera, santutegian egindako lanak urrats bat gehiago eman du gizakiz besteko animalien askatasunean: “Ulertu behar dugu saihestezina dela arrazializazio praktikengatik oiloak ez gaixotzea. Horregatik, ez da aski kaioletatik kanpo egotea. Ezinbestekoa da baliabideak aurkitzea antiespezistok zaintza egokia emateko eta kalteak gutxitzeko”. Oiloena adibide bat da, baina Lázaroren ustez, animalia guztiekin hartu beharreko neurriak dira.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antiespezismoa
Zein bizitza erdigunean?

Ekofeminismoak ekologismoa eta feminismoa artikulatzen dituen begirada eta borroka proposatzen ditu. Horrek irekiera interesgarria dakar, ekofeminismoaren garapenaren zati handi bat ardatz izan duena. Hala ere, irekitasun horrek erronkak eta konplexutasunak ere zabaltzen ditu,... [+]


Manifestazio antiespezista egin dute Donostian

Animalien ongizaterako lehen premisa “askatasuna” dela azpimarratu du Nor kolektibo antiespezistak.


2023-06-19 | Ilargi Manzanares
Zezenketen aurka manifestatu dira ehunka lagun Bilbon

Joan den larunbatean, ekainaren 17an, Bilbon, Animalistak kolektibo antiespezistak Azken erasoaldia lelopean antolatu zuen manifestazioa.


Beatriz González. Artibista.
“Margotzen dudanak animaliak jateko dugun pribilegioari egiten dio eraso”

Komunikatzeko eta abstraitzeko erabili ohi ditu akuarelak Beatriz González margolariak eta militante antiespezistak (Galdakao, 1996). Hasieran ez zekien ongi zer margotu nahi zuen, ikusten zuena kopiatzen zuelako, baina azken urteetan animalien kontrako zapalkuntza... [+]


“Gizakiz besteko animaliak borrokatzen duten subjektu politikoak dira”

Sistema binarista zalantzan jarri, eta feminismoaren eta animalien askapenaren aldeko mugimenduaren arteko zubiez mintzo da Laura Fernández antropologo soziala: “Feminismoen barruan ditugun joera batzuk aztertzeko aukera ematen digu antiespezismoak”.


Eguneraketa berriak daude