Lehen aldiz, animalien erabilerarik gabe ospatu dute Antzar Eguna Lekeition

  • Iaz erabaki zuen Lekeitioko Udalak Antzar Egunean antzara bizidunik ez erabiltzea, eta 300 urte baino gehiagoko ibilbidean lehen aldiz, irailaren 5 honetan erabilitako antzara guztiak plastikozkoak izan dira.

2017ko Antzar Eguna (Argazkia: Bizkaiko Gurutze Gorria)

2022ko irailaren 07an - 12:20

Gutxika-gutxika, jaien aitzakian animaliak erabili eta txarto tratatzeko tradizioa indarra galtzen ari da. Lekeitio horren adibidez: pandemiagatik bi urtez herriko jaiak bertan behera utzi ostean, aurten ezberdintasun nabarmenarekin ospatu dute herritarrek Antzar Eguna irailaren 5ean, 300 urtetik gorako historian lehen aldiz, erabilitako antzara guztiak izan baitira plastikozkoak.

Graduala izan da bidea. Iraganean, bizirik zeuden antzarak zintzilikatzen ziren sokan, baina duela hamarkada batzuetatik sakrifikatu egiten zituzten zintzilikatu aurretik. 2014an, aldiz, antzara bizidunak plastikozkoengatik ordezkatzeko aukerari atea ireki zitzaion, eta parte-hartzen zuten kuadrillek erabaki zezaketen zein antzara erabili, egiazkoa ala plastikozkoa. ElDiario.es-ek jaso duenez, 2015ean parte hartu zuten 85 kuadrillen artetik soilik hemeretzik hautatu zuten plastikozko antzara, baina urteen poderioz alderantzizkotuz joan dira zifrak: 2019an parte-hartzaileen %65ak erabaki zuen antzararik ez sakrifikatzea eta plastikozko antzara erabiltzearen alde egitea.

Ordutik, aurtengoa izan da ospatutako lehen Antzar Eguna, eta aurreko urteetan ez bezala, ez da egon aukeraketarako aukerarik. Iazko abuztuan Lekeitioko Udalean aho batez erabaki zen Antzar Egunean soilik plastikozko antzarak erabiltzea. "Beti dago eztabaida, baina oro har, esango nuke gizarteak onartu duen neurria dela. Eman beharreko urratsa zen, eta heldu da urrats hori emateko momentua. Uste dut herritarren %99 ados dagoela", adierazi du Koldo Goitia herriko alkateak Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Animalien eskubideak
Animalien askapena EHUn ikergai

Antiespezismoa akademiara hurbiltzeko asmoz zenbait ikertzaile eta ikasleren artean ‘Animalia ikasketa kritikoen EHU/UPVko I. kongresua’ antolatu dute martxoaren 20tik 22ra Leioan. 


2023-09-06 | ARGIA
1.761 ekitalditan zezenak erabili dituzte Hego Euskal Herriko festetan

Herriko festetan, zezenak erabiltzen dituzten ekitaldietan udalek zenbat diru gastatzen duten ikertu dute AnimaNaturalis eta CAS International elkarteek. Hego Euskal Herriko datuei erreparatuz gero, Azkoien eta Azpeitia nabarmendu dituzte.


Eguneraketa berriak daude