"Gizakiz besteko animaliak borrokatzen duten subjektu politikoak dira"

  • Sistema binarista zalantzan jarri, eta feminismoaren eta animalien askapenaren aldeko mugimenduaren arteko zubiez mintzo da Laura Fernández antropologo soziala: “Feminismoen barruan ditugun joera batzuk aztertzeko aukera ematen digu antiespezismoak”.


2022ko abenduaren 16an - 04:00
Azken eguneraketa: 09:28

Espezismoa, matxismoa, heteroaraua, arrazakeria, kapazitismoa… Zapalkuntza horiek guztiak elkarri lotuta daudela, eta binarismoan oinarritzen direla salatzen du Fernándezek (1994, Madril). Feminismoen eta antiespezismoaren arteko harremanen inguruko eztabaida sustatu nahi du AIAk taldeak antolatutako Animaliak eta… hitzaldi zikloan, abenduaren 16an, 19:00etan, Oiartzunen: “Feminismoa eta antiespezismoa interkonektatuta daude eta elkarren laguntza behar dute”.

Zer eskaintzen diote elkarri feminismoek eta antiespezismoak?

Feminismoek zalantzan jartzen dute nola gauden munduan eta zer-nolako harremanak sortzen ditugun boterean eta dominazioan oinarritutako egituran. Horrez gain, generoari lotutakoa desikasteko tresnak ematen dizkigu. Hori bera praktikan jarri dezakegu beste espeziekin harremanak sortzen ditugunean. Gainera, feminismoen barruan ditugun joera batzuk aztertzeko aukera ematen digu antiespezismoak; hala nola, noraino mugatzen dugun gure borroka, eta zeintzuk sartzen diren subjektu politikoen artean.

Nolakoa da bien arteko harremana?

Emakume eta pertsona genero disidente asko egon dira ikuspegi feministatik antiespezismoa jorratu nahi izan dutenak, baina ikusezin bihurtu dituzte. Feminismoek intersekzionalitatea kontuan hartzen dutenez ondorioztatu dute ez dela soilik genero kontua, generoak beste gauza askorekin konektatzen duela. Espeziea albo batera geratu da. Kontuan hartu behar dugu gizakiz besteko animaliak borrokatzen ari diren subjektu politikoak direla, eta animaltasunak ere beste zapalkuntza batzuk hartzen dituela kontuan, hala nola arraza eta lodifobia.

Zerk lotzen ditu matxismoa eta espezismoa?

Genero binarismoan eta gizakia/animalia binarismoan oinarritzen direla. Ideia bat eraiki dute, eta ideia horren arabera soilik gizonak eta emakumeak daude; hortaz, beste genero batzuk eta munduan egoteko beste modu batzuk baztertzen dira. Gainera, animalia eta gizakia kategoriak asmatu ditugu, eta oinarrian animaliak izan arren, ideia horretatik urrundu gara. Horrek baimendu du zenbait gorputzen, generoen eta identitateen kontrako izugarrizko indarkeria eragitea.

Eraikuntza horretan zer-nolako ahotsei ematen zaie zilegitasuna?

Gizon zishetero zuri funtzionalei. Profil hegemoniko horrentzat eraikita dago mundua, eta gainerako ahotsek erresistentzia adierazi behar dugu. Gurea aldarrikatzeko eta balidatzeko esfortzu handiagoa egin behar dugunez zailagoa da zenbait ikuspegik nagusitasuna hartzea. Horregatik, paraleloan borrokatu behar dugu. Adibidez, lehen feminismoa emakume zuri burges gutxi batzuena zen, baina beste batzuek, hala nola lesbofeministek eta emakume arrazializatuek nabarmendu dute denak ez garela igualak, eta desberdintasun horiek aitortza merezi dutela.

Gizakiz besteko animaliek ere ahots propioa dute.

Garrantzitsua da jakitea gizakiz besteko animaliek zer eskatzen diguten zapalkuntzen kontra eta askapenaren alde borrokatzen ari direlako, eta horietako norbaiten izenean erabaki bat hartu beharko bagenu bere lehentasunak hobeto ezagutzeko.

Horretarako beste mundu bat irudikatzen duzu; nolakoa da?

Ez daukat oso argi, ezagutzen ez dugun guztia barnebiltzen duelako mundu horrek. Zaintzetan, kolektibismoan eta besteenganako aitortzan oinarritu beharko litzateke. Horrez gain, harreman guztiak kontuan hartu beharko lituzke, denontzat ez hain bortitza den eredua sortzeko.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antiespezismoa
Zein bizitza erdigunean?

Ekofeminismoak ekologismoa eta feminismoa artikulatzen dituen begirada eta borroka proposatzen ditu. Horrek irekiera interesgarria dakar, ekofeminismoaren garapenaren zati handi bat ardatz izan duena. Hala ere, irekitasun horrek erronkak eta konplexutasunak ere zabaltzen ditu,... [+]


Manifestazio antiespezista egin dute Donostian

Animalien ongizaterako lehen premisa “askatasuna” dela azpimarratu du Nor kolektibo antiespezistak.


2023-06-19 | Ilargi Manzanares
Zezenketen aurka manifestatu dira ehunka lagun Bilbon

Joan den larunbatean, ekainaren 17an, Bilbon, Animalistak kolektibo antiespezistak Azken erasoaldia lelopean antolatu zuen manifestazioa.


Beatriz González. Artibista.
“Margotzen dudanak animaliak jateko dugun pribilegioari egiten dio eraso”

Komunikatzeko eta abstraitzeko erabili ohi ditu akuarelak Beatriz González margolariak eta militante antiespezistak (Galdakao, 1996). Hasieran ez zekien ongi zer margotu nahi zuen, ikusten zuena kopiatzen zuelako, baina azken urteetan animalien kontrako zapalkuntza... [+]


2022-11-02 | Axier Lopez
"Euskal Herriko lekurik bisitatuenetakoa kaiola bat da"

Bost urtez jarraian azaroaren 1ean kalera irten da mugimendu antiespezista. Aurten Donostiako Aquariumaren parean elkartu dira, "kaiola bat delako Euskal Herriko lekurik bisitatuenetakoa".


Eguneraketa berriak daude