Urtebeteko eta bi urteko espetxe zigorrak eskatu ditu prokuradoreak Molle eta Etcheverry bakegileentzat

  • Espetxe zigor arinak eskatu ditu Frantziako fiskaltzak Parisen epaitzen ari diren Jean Noel Txetx Etcheverry eta Beatrice Mollerentzat, ETAren helburuen arabera jardutea egotzita. Hala, zigor horiekin bakegileek ez lukete espetxera joan beharko. Maiatzaren 16an emango dute epaia. Bake Bideak salatu du fiskaltzak "ikuspegi errepresibo hutsean gakotua" segitzen duela.

Auzipetu, abokatu eta lagunak Parisko Zigor Auzitegian egindako bigarren saiora sartzeko unean. Argazkia: Ihintza Arrieta / Euskal Irratiak

2024ko apirilaren 04an - 09:43
Azken eguneraketa: 11:42

Luhusoko operazioan eta ETAren armagabetzean parte hartu zuten Beatrice Molle eta Jean Noel Txetx Etcheverryren aurkako epaiketan, Terrorismoaren Aurkako Frantziako fiskaltzak zigor eskariak egin ditu, Parisen burutu den bigarren eta azken saioan: urtebeteko kartzela zigorra eskatu du Mollerentzat eta bi urtekoa Etcheverryrentzat.

Hala, zigor arinak proposatu ditu prokuradoreak, bere hitzetan "zigor errukiorrak" liratekeenak. Gainera, ez haien izenak, ezta zendu diren beste bakegileenak ere –Mixel Berhokoirigoin, Mixel Bergouinan eta Michel Tubiana– ez lirateke terrorismoaren kontrako artxiboan agertuko, prokuradoreak ez duelako halakorik eskatu.

Nolanahi ere, Frantziako Estatuaren ordezkariak diskurtso gogorra egin du akusatuen kontra eta "ETAren helburuen arabera jardutea" egotzi die: "ETAren borondatea zen Frantziako eta Espainiako Estatuei izkin egitea".

"Gerra ez, ekintza terroristak"

Azaldu du ez dagokiola epaimahaiari ETAren amaieraren inguruko "kontakizun bat adostea". Baina segidan bere kontakizuna egin du. Zalantzan jarri du 2011n ETAk armak uzteko harturiko erabakia, 2006ko su-etenaren ostean jardun armatuarekin jarraitu zuelako: "Euskal Herrian ez da gerlarik egon, ekintza terroristak baizik", esan du prokuradoreak, Ekhi Erremundegik Berria-ko kronikan azaldu duenez.

Gainera, bakegileek esku artean izandako armategiaren izaera arriskutsua azpimarratu du eta armak identifikatzea eragotzi eta frogak ezabatu nahi izatea ere leporatu die. Bere esanetan, Luhusoko 2016ko operazioak "ez du inolako zerikusirik 2017ko armagabetzearekin", jaso du Maite Ubiriak Naiz.eus-en.

Fiskaltzaren ikuspegia, "duela hogei urtekoa"

Xatiana Cachenaut defentsako abokatuak gogor kritikatu du terrorismoaren kontrako fiskaltzaren ikuspegi hori: "Duela hogei urtekoa da" esan du, "nahiz eta Euskal Herrian egoera asko aldatu den". Bake Bideak elkarteak ere salatu du fiskaltzak "ikuspegi errepresibo hutsean gakotua" segitzen duela.

Defentsa lanetan ibili den abokatu Jean François Blancoren ustez,  2017ko apirilaren 8ko armagabetzea ez litzateke posible izango Luhusokoa gabe: "Epaitu beharrean, bakegileek gure aitortza merezi dute"

Defentsa lanetan ibili den beste abokatu Jean François Blancoren –eta lekuko guztien– ustez, 2017ko apirilaren 8ko armagabetzea ez litzateke posible izango Luhusokoa gabe: "Epaitu beharrean, bakegileek gure aitortza merezi dute". Hala, defentsako lau abokatuek auzipetuen absoluzio "garbi eta sinplea" eskatu dute.

Maiatzaren 16an emango du epaia Parisko Zigor Auzitegiak.

Bakegileen memoria

Etcheverryk epaiketaren amaieran salatu du bi auzipetuen kontrako zigor batek, jadanik hilda dauden bakegileen memoria zikintzea ekarriko lukeela: "Bakearen eta justiziaren aldeko pertsonak ziren", gogorarazi du.

Ildo beretik hitz egin du Bake Bideak: "Uste dugu hobengabetze batek bakarrik emango liokeela benetako zentzua Luhusoko ekintza historikoari", azaldu du ohar bidez.

Elkarretaratzeak

Asteazkenean elkarretaratzeak egin dira Euskal Herriko zazpi hiriburuetan, bakegileen errugabetzea eskatu eta elkartasuna adierazteko. Sindikatu eta eragile ugarik deituta, dozenaka lagun bildu dira Bilbon, Gasteizen, Donostian, Maulen, Donibane Garazin, Baionan eta Iruñean Errugabetzea, Euskal Herrian aro berri bat behin betiko irekitzeko lelopean.

Bilboko elkarretaratzea bakegileen errugabetzearen alde. Argazkia: Bakearen Artisauak

Era berean, bake prozesua aurreratzeko lanean jarraitu beharra azpimarratu dute elkarretaratze horietan, besteak beste, salbuespenezko espetxe politikak bertan behera geratu daitezen.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#2
Nagore Iturrioz Lopez  |  Yolanda Porres García  |  Steilas sindikatua
#4
Zigor Olabarria Oleaga
#5
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: ETAren desarmatzea
Epaiketa
Parisek armagabetze prozesuan "kooperatu" zuela argitu du Fekl Barne ministro ohiak

ETAren armagabetzea bideratzeko, bakegileekin lankidetzan aritu ziren Frantziako autoritateak. Hala adierazi du Matthias Fekl Barne ministro ohiak asteartean, Parisko Zigor Auzitegiko 16. ganberan, Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Txetx Etcheverry-ren aurka egiten ari... [+]


2024-04-02 | Leire Artola Arin
Molle eta Etcheverry bakegileek Parisko Auzitegian defendatu dute ETAren armagabetzea zutela helburu

ETAren armak eta lehergaiak garraiatzea leporatzen diete Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Etcheverry 'Txetx’ bakegileei, 2016ko Luhusoko operazioaren harira. ETAren armagabetzea gauzatzen ari ziren. Egindakoaz harro dagoela eta berriz ere egingo lukeela adierazi... [+]


'Bakegileak' errugabetzeko eskatu dute hainbat eragile eta sindikatuk

Txetx Etxeberrik eta Beatrice Mollek ETAren armagabetzearen auzian egindako lana epaituko dute Parisen, apirilaren 2an eta 3an. Mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko zapi hiriburuetan apirilaren 3rako.


Luhusoko auziperatuen errugabetzea eskatzeko kanpaina aurkeztu dute

Apirilaren 2an eta 3an iraganen da Beatrice Molle-Haran eta Txetx Jean-Noël Etcheverryren aurkako auzia Parisen, 2016ko abenduaren 16an Luhuson buruturiko ETAren armagabetze zibilaren harira. Errugabetzea eskatzeko kanpainaren baitan izenpedura bilketa abiatu dute. Lehen... [+]


2021-01-07 | ARGIA
Mikel Barriosen aurkako 5 urteko kartzela zigorra berretsi du Parisek

Dei Auzitegiak bat egin du ekainean Parisko Zigor auzitegiak hartutako erabakiarekin eta kartzelara itzuli beharko du iruindarrak, baina oraingoz prokuradoreak ez du data jakin bat finkatu.


Eguneraketa berriak daude