Eredu olinpiko ezagun baten sintomak

  • Hiri bat Olinpiar Jokoen antolatzaile izendatzen dutenean, biztanleen artean  ilusioa sortzea da helburuetako bat. Asko dira hartu beharreko erabaki polemikoak, eta herritarren babesa izateak lana errazten du. Hala ere, 2017an Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) Paris aukeratu zuenean 2024ko Joko Olinpiar eta Paralinpikoen antolatzaile, berriak ez zuen Frantziako hiriburuko biztanleen artean interes handirik piztu. Agintariek hiria berritzeko aukera bikaina dela eta herritarrentzat ondare oso positiboa utziko duela errepikatu dute behin eta berriz; baina, dirudienez, munduko kirol ekitaldirik handienak ez dauka garai bateko dirdira.

Lanpostu berrien sorrera, auzoen biziberritzea eta aurrekontu txikia dira promesetako batzuk; baina, azkeneko edizioei begiratzen badiegu, zor publikoaren igoera, biztanleen desplazamendua, greenwashinga edota gune publikoen militarizazioa izan dira Olinpiar Jokoen ondorioetako batzuk. Azken hamarkadetan, lekuko elite batzuen negozio gisa finkatu dira; nekez pentsa dezakete Pariseko banlieue edo aldirietako biztanleek Jokoek hobekuntzarik ekarriko dituztenik beraien eguneroko bizitzetan.

9-3 barrutia
Seine-Saint-Denis –le Quatre-Vingt Treize edo Neuf trois– barrutiak hartuko du olinpiar hiria. Tradizio industrial luzeko eremua, Europako bigarren industria-eremurik handiena zen XX. mendearen erdialdean, harik eta, 1970eko hamarkadan hasitako desindustrializazio prozesuan, biztanleen zati handi bati lana ematen zioten kotxe eta altzairu fabrikak ixten hasi ziren arte. Horrez geroztik, porrot egin dute gobernuaren erreskate plan guztiek, eta pobrezia eta langabeziaren ehunekoak Frantziako batez bestekoa baino bi aldiz handiagoak dira bertan. 1998an Munduko Futbol Kopa Frantzian ospatu zen, eta estadio eder berria eraiki zuten Saint-Denisen; baina ez zen ezer ere aldatu. Zazpi urte geroago, langabeziaz eta Poliziaren basakeriaz nazkaturik, istilu bortitzak piztu ziren han.

Estadio hura izango da Jokoen erdigunea, eta antolatzaileek barrutiaren biziberritzeaz promesak haizatu dituzte: enpresa askoren etorrera, negozio berrien sorrera edota ibaiaren berreskuratzea, adibidez. Momentuz, Frantziako departamendurik pobreenean amaitzen ari dira 15.000 kirolari inguru hartuko dituen olinpiar hiriaren lanak. Kirolariak etxera bueltatzean, eraikitako etxebizitzen laurdena publiko bihurtzea espero da; eta herena inguru, diru-sarrera apalak dauzkaten langile eta ikasleei alokatzea gobernuari lotutako agentzien bidez. Gainerakoak merkatu librean salduko dira, bertakoak kanpo utziko dituen prezioan eta Saint Denis-en gentrifikazioren mamua elikatuta.

“Ziurtatu nahi genuen Olinpiar Jokoen ondareak zentzua izango zuela hemen biziko diren hurrengo belaunaldientzat”, adierazi du olinpiar hiriaren zuzendari Henri Specht-ek. Ikusteko dago hurrengo belaunaldi hori zeintzuk osatuko duten, baina azkeneko aurrekariei erreparatzen badiegu, zail da baikorra izatea. Londresko 2012. urteko Jokoetarako, olinpiar hiriaren zati handi bat etxebizitza sozial bihurtzeko promesa egin zuten antolatzaileek, baina Jokoak bukatu eta gero ez zen horrelakorik gertatu. 2016. urtean, Rio de Janeiroko Barra da Tijuca favela luxuzko auzo bihurtu zuten, eta bertako biztanleak etxebizitza berriak bilatzera bultzatu zituzten.

Eredua gehiegitan errepikatu da. Olinpiar Jokoak auzo baztertu bat berritzeko aitzakitzat hartzen dira, baina higiezinen negozio bilakatuta, bertako biztanle asko kanporatu egiten dituzte. Saint-Deniseko etxebizitzen prezioa herena igo da azken urtean, eta Le Revers de la médaille kolektiboaren arabera, etxerik ez duten 3.000 lagun kanporatu dituzte hiritik.

Sena berreskuratzea
Saint-Denisetik hamar kilometrotara izango da inaugurazio ekitaldia, Sena ibaia ardatz hartuta. Parisen erakusgarri ezinhobea, Eiffel dorrearekin edo Notre-Dame katedralarekin batera. Gainera, ibaiaren berreskuratzea da Joko “berdeen” ikur nagusietakoa.

1900. urtean Parisen egindako Olinpiar Jokoetan, Senan egin ziren igeriketa probak. Garai hartan ohikoa zen herritarrak bertan bainatzea, baina 1923az geroztik debekaturik dago, uraren kutsadura-mailagatik. Jokoak direla-eta Frantziako Gobernuak gastu handia egin du ibaia berreskuratzeko. 1.400 milioi euro inbertitu dira Senako araztegietan bi desinfekzio-unitate eta euri-ura bilduko duen biltegi bat martxan jartzeko. Distantzia luzeko eta triatloiko igeriketa probak egin nahi dituzte bertan. Dena den, azken neurketetan uraren kalitate-mailak espero baino emaitza txarragoak eman ditu, eta horrek eragin duen zalantzaren aurrean, Parisko alkate Anne Hidalgok Jokoen aurretik “bainu kolektiboa” egitea proposatu du, urak garbi daudela erakusteko. Emmanuel Macron presidenteak berak ere esan du bainatuko dela.

Inaugurazio zeremonia 500.000 ikuslerentzat zegoen aurreikusita, baina 300.000ra jaitsi da, segurtasun arrazoiak direla medio. Propaganda kanpaina erraldoi horretan hiriaren eta Estatuaren ospea jokoan daude, eta antolatzaileek ez dute inolako arriskurik hartu nahi. Hori da, hain justu, aurrekontua puzteko edizio guztietan baliatzen den arrazoia, baita segurtasun arloko teknologia berrien proba-banku gisa erabiltzeko jartzen den aitzakia ere. Paris ez da salbuespena, segurtasunaren izenean adimen artifizialaren bidez kontrolatutako sistema probatuko dute, nahiz eta, eragin duen polemikaren ondoren, Frantziako Gobernuak ziurtatu duen ez duela aurpegia ezagutzeko teknologiarik erabiliko.

Errepikatzen den eredua
Nazioarteko Olinpiar Batzordeak adierazi du Paris 2024k aro berria irekiko duela Jokoen historian, ez direla aurrekoak bezain garestiak izango eta ingurumena ez dutela kaltetuko. Tamalez, badira bestela pentsatzeko arrazoiak. Hasierako aurrekontuak nabarmen egin du gora, eta ustelkeria susmoak daude antolaketa-batzordearen inguruan; joan den urrian, adibidez, Frantziako Poliziak Jokoen egoitza miatu zuen, hogei bat azpiegitura-lanen esleipenei buruzko informazioa bilatzeko. Halaber, garraio publikoa ez da doakoa izango Jokoek irauten duten bitartean: alderantziz, txartelen prezioa bikoiztu egingo dela iragarri dute. Sarreren prezio altuagatik ere kexu dira herritarrak. Kirolari ospetsuenak haien hirian lehiatuko dira, baina jende askok ez du izango zuzenean ikusteko aukerarik.

Hori horrela, aurreikusi daiteke Pariseko Jokoak ez direla iragarritako jaia izango langile, txiro edo etxerik gabekoentzako. Jai itzela izango dira, bai, baina batez ere udal politikari eta eraikuntza enpresentzat. Edozein modutan, faktura olinpikoa paristarren hurrengo belaunaldiak ordainduko du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Olinpiar Jokoak
2022-12-29 | Jon Torner Zabala
Gizonezkoek ere lehiatu ahal izango dute igeriketa artistikoan 2024ko Joko Olinpikoetan

Nazioarteko Olinpiar Batzordeak onartu du gizonezkoek ere lehiatu ahal izango dutela taldekako igeriketa artistikoan, 2024an Parisen egingo diren Joko Olinpikoetan.


2022-12-21 | Jon Torner Zabala
Elurraren turismoari lotutako espekulazioa salatu du Kataluniako Stop Jocs Olímpics plataformak

Baqueira Beret-eko eski estazioan eman du prentsaurrekoa 2030eko Neguko Joko Olinpikoak antolatzeko 'Bartzelona-Pirinioak' hautagaitzaren kontrako Stop JJOO plataformak, luxuzko 38 etxebizitza eraikitzen ari diren lekuan bertan.


2022-11-02 | Jon Torner Zabala
2024ko Joko Olinpikoak: Baionako festak, kolokan?

Litekeena da 2024an Baionako festak beste data batean egin behar izatea, eta bertan behera geratzeko arriskua ere badago, bertan egon beharko luketen polizia gehienak Pariseko Joko Olinpikoetan izango direlako.


Iñigo Llopis, igerilaria
“Ilusio handiena Parisera joatea da”

Iñigo Llopis igerilari donostiarrak hiru domina irabazi ditu Munduko Txapelketan eta 2021eko Tokio Paralinpiar Jokoetatik zilarra ekarri zuen etxera. Konporta Kirol Elkartean aritu ondoren, Basque Team klubean dabil gaur egun, “Gipuzkoan maila handia dago”... [+]


2022-05-16 | Jon Torner Zabala
Neguko Joko Olinpikoen kontrako plataformak milaka lagun bildu du Kataluniako Pirinioetan

2030eko Joko Olinpikoen hautagaitzaren inguruan uztailaren 24an egingo den galdeketari begira dago Stop JJOO plataforma. Puigcerdá herrian deitutako manifestazioa, datozen asteetan egingo dituzten ekintzen abiapuntua izan da.


Eguneraketa berriak daude