Neguko Joko Olinpikoen kontrako plataformak milaka lagun bildu du Kataluniako Pirinioetan

  • 2030eko Joko Olinpikoen hautagaitzaren inguruan uztailaren 24an egingo den galdeketari begira dago Stop JJOO plataforma. Puigcerdá herrian deitutako manifestazioa, datozen asteetan egingo dituzten ekintzen abiapuntua izan da.

'Pirinio bizi batzuengatik' lelopean egin dute manifestazioa Puigcerdán / Argazkia: ANC

2022ko maiatzaren 16an - 09:14

Milaka lagun bildu du igandeko manifestazoak –5.000 inguru antolatzaileen arabera, eta 1.500 udaltzainen arabera–, Pirinioetan egin asmo dituzten Joko Olinpikoen hautagaitzari ezezkoa adierazteko. 30 jai egun, 30 miseria egun, Kapitalaren aurka landa-borroka eta Lurrak ez du preziorik moduko leloak haizatu dituzte manifestariek, Carme Rocamora kazetariak jaso duenez El Nacional agerkariko kronikan.

ANC Kataluniako Asanblea Nazionalak antolatutako autobusetan joan da jende asko Puigcerdára. Manifestarien artean proiektuaren aurka zaldu diren CUP eta Comuns alderdietako kideak egon dira, baita ERCko ordezkari Rubén Wagensberg eta Jenn Díaz ere, nahiz eta ERCk bestelako ikuspegia duen Neguko Jokoen hautagaitzaz.

Manifestazioa amaituta, Stop JJOO plataformako kideek hartu dute hitza. Helena Guillének adierazi du eredu jasangarriago baten alde egin behar dela Pirinioetan, eta garrantzia handiagoa duela herritarren bizi-baldintzak hobetu eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeak.

Bernat Lavaquiolek, bestalde, salatu du Neguko Joko Olinpikoak ez daudela pentsatuak bertan bizi direnentzako, baizik eta "betiko kazikeak aberasteko". Gaineratu du kalitatezko lanpostuak nahi dituztela, Pirinioak ez daitezen izan soilik metropolietako herritarren aisialdi-gunea. Haien hitzak bat datoz Stop JJOO plataformako kide Pau Lozanok pasa den hilean ARGIAko Lukas Barandiaranek egindako elkarrizketan esandakoekin.

COEren epe-muga eta galdeketa

Ostegunean, hilak 20, amaituko da COE Espainiako Batzorde Olinpikoak jarritako epe-muga, Kataluniako Generalitatea eta Aragoiko Gobernua akordio batera hel daitezen, 2030eko Jokoen hautagaitzari begira.

Bestetik, Kataluniako Gobernuak bi galdeketa egingo ditu uztailaren 24an Pirinioetako herrietan, 2030eko Neguko Olinpiar Jokoen hautagaitzak daukan babesa neurtzeko. Kirol probak egingo diren herrietan galdera izango da: "Kataluniako Gobernuak aurkeztu beharko luke hautagai zerrenda, Joko Olinpiko eta Paralinpikoetarako?".

Aldiz, Jokoen eragina zeharka nabarituko duten beste herri batzuetan, honakoa izango da: "Eskualdeak hartu behar al du parte Joko Olinpiko eta Paralinpikoen proiektuan?".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Olinpiar Jokoak
2022-12-29 | Jon Torner Zabala
Gizonezkoek ere lehiatu ahal izango dute igeriketa artistikoan 2024ko Joko Olinpikoetan

Nazioarteko Olinpiar Batzordeak onartu du gizonezkoek ere lehiatu ahal izango dutela taldekako igeriketa artistikoan, 2024an Parisen egingo diren Joko Olinpikoetan.


2022-12-21 | Jon Torner Zabala
Elurraren turismoari lotutako espekulazioa salatu du Kataluniako Stop Jocs Olímpics plataformak

Baqueira Beret-eko eski estazioan eman du prentsaurrekoa 2030eko Neguko Joko Olinpikoak antolatzeko 'Bartzelona-Pirinioak' hautagaitzaren kontrako Stop JJOO plataformak, luxuzko 38 etxebizitza eraikitzen ari diren lekuan bertan.


2022-11-02 | Jon Torner Zabala
2024ko Joko Olinpikoak: Baionako festak, kolokan?

Litekeena da 2024an Baionako festak beste data batean egin behar izatea, eta bertan behera geratzeko arriskua ere badago, bertan egon beharko luketen polizia gehienak Pariseko Joko Olinpikoetan izango direlako.


Iñigo Llopis, igerilaria
“Ilusio handiena Parisera joatea da”

Iñigo Llopis igerilari donostiarrak hiru domina irabazi ditu Munduko Txapelketan eta 2021eko Tokio Paralinpiar Jokoetatik zilarra ekarri zuen etxera. Konporta Kirol Elkartean aritu ondoren, Basque Team klubean dabil gaur egun, “Gipuzkoan maila handia dago”... [+]


Pau Lozano, "Stop Jocs Olímpics" plataformako kidea
"Pirinioek etorkizun hobea merezi dute, Bartzelonaren jolas-parkea izatea baino"

Txinan, Neguko Joko Olinpikoak egin diren zonaldean, elurrik egin ez eta artifizialki sortutakoa baliatu dute. Kataluniako Pirinioetan ere elur gutxi egin du, eta eski estazio askok ezin izan dute normaltasunez funtzionatu. Halere, 2030eko Neguko Jokoak begi-puntuan,... [+]


Eguneraketa berriak daude