"Pirinioek etorkizun hobea merezi dute, Bartzelonaren jolas-parkea izatea baino"

  • Txinan, Neguko Joko Olinpikoak egin diren zonaldean, elurrik egin ez eta artifizialki sortutakoa baliatu dute. Kataluniako Pirinioetan ere elur gutxi egin du, eta eski estazio askok ezin izan dute normaltasunez funtzionatu. Halere, 2030eko Neguko Jokoak begi-puntuan, Bartzelona-Pirinioak hautagaitza ari da prestatzen Kataluniako Gobernua. Proiektuak kezka eragin du hainbat herritarren artean, eta plataforma bat ere sortu dute: "Stop Jocs Olímpics", bestelako eredu bat aldarrikatzen duena Pirinioentzat. Taldeko kide Pau Lozanorekin bildu gara La Seu d'Urgell-en, mendikatearen magalean.

ANNA SASTRE

“Stop JJOO” aldarri hartuta ari zarete lanean.

Proiektua gelditzeko unerik garrantzitsuena orain da, Kataluniako Gobernuak uztailaren 24rako iragarri duen galdeketaren testuinguruan. Jokoak egin ahal izateko Nazioarteko Olinpiar Batzordearekin kontratu bat sinatu behar da, eta hark botere handia du nahi duena egiteko, beraz gelditu nahi baditugu orain behar du. Gaur arte gure argumentuetan sakondu eta horiek azaltzen aritu gara, eta lurraldeka antolatzeko prozesua hasi dugu orain, Pirinioetako bailarez harago, indarrak metatu eta gainera datorkigun Jokoen aldeko kanpainari aurre egin ahal izateko.

Proiektuaren bultzatzaile batzuk galdeketa egitearen kontra agertu dira, hautagaitza oztopa dezakeelakoan. Zein da zuen postura?

Proiektua atzera bota behar dela. Dena den, egitekotan, haren inguruan bozkatu ahal izatea ezinbesteko baldintza da. Baita Pirinioetako bizilagunek proiektuari buruzko informazio guztia eskura izatea ere, aurrekontua zenbatekoa izango den adibidez, eta erabaki ahal izatea diru publikoa horretara ala beste zerbaitetara bideratzea nahiago duten.

Galdeketan baiezkoa nagusituko balitz, zein litzateke zuen jarrera?

Jokoak gelditzeko borrokan jarraitzea. Uste dugu Pirinioek etorkizun hobea merezi dutela, Bartzelonaren jolas-parkea izatea baino. Horren alde borrokatuko dugu, Jokoak egin ala ez. Guretzako momentu hau aukera bat da: historikoki oso bereizita egon diren Pirinioetako bailaretako bizilagunak eta borrokak elkartzea proiektu baten kontra, eta indar hori baliatzea gauzak aldatzeko.

“Jokoak hemen egiten ez badira, lurraldearen mesedetan baliatuko litzatekeen dirua ez da iritsiko”, diote aldekoek.

Jokoen aldeko argumentu gutxi entzun ditugu, baina oro har gehienek diote Pirinioentzat oinarrizkoak diren hainbat inbertsio behar direla, eta Jokoen aitzakiarekin gauzatu egingo dituztela. Gure ustez, Jokoak antolatu ala ez, oinarrizko azpiegiturak eraikitzea da gakoa. Xantaia bihurtzen da. Jokoekin tren zerbitzuak bikoiztuko direla diote, baina Jokorik gabe ez? Egun egiten ari diren azpiegiturak egitura erradiala dute [Bartzelona erdigunean kokatuta], baina hemen garrantzitsua ardatz pirenaikoa da: badira hamarkadak berritu ez dutela, eta Pirinioak puntaz punta zeharkatzeak ordu mordoa hartzen du. Ez dago pentsatua bailaraz bailara igarotzeko, baizik eta Bartzelonatik ahalik eta azkarren igotzeko. Errepidea duela 50 urteko berbera da. Azpiegiturak behar ditugu, baina batez ere Pirinio mailan lotuko gaituztenak.

“Matrize espainiarra duen goi burgesia ari da hautagaitza bultzatzen: Foment de treball, Círculo Ecuestre, turismo lobbyak...”

Jokoen alde erabilitako argumentuetako bat da inbertsioak dakartzatela.

Gure arazo nagusia da eredu aldaketa behar dugula. Arazoa ez da turistak falta zaizkigula, baizik eta ez daukagula garraio publikorik herrira joateko, herri askok ez daukatela ez eskolarik ez medikurik, espezialistak Lleidan edo Bartzelonan daudela, gazteek ikasteko kanpora joan behar dutela, abeltzaintza, historikoki basoen kudeaketan paper garrantzitsua izan duena, desagertzen ari dela, eta abar. Arazo horiek datoz azken hamarkadetan inbertsioak turismoa bultzatzera bideratu direlako. Ez dakit noiz, baina momenturen batean lurraldeak interes ekonomikoen arabera banatzen hasi ziren bertako errealitatea kontuan eduki gabe: lurralde batzuk onak izango dira laborantzarako, beste batzuk espekulatzeko, edo energiarentzat. Pirinioetan turismoa egokitu zaigu, eta jan ditu beste sektoreak, hemen bizi eta lan egiteko aukera ematen bazuten ere. Urtarokako fluxuekin udan eta neguan hau bete egiten da, baina ondoren hustu ere bai. Pirinioetako etxebizitzen %53 bigarren etxebizitzak dira.

Goi Pirinioetan turismoak ekonomian duen pisua Kataluniako batez bestekoa baino lau aldiz handiagoa da, baina aldi berean, per capita errenta ia erdia da. Jendeak dio Jokoek lana eta garapena ekarriko dituztela...

Pirinioek aberastasun handiak dituzte, naturala, hidraulikoa, energia, nekazaritza, industria dezente geneukan... Baina turismoaren mesedetan suntsitu egin da norbaitek erabaki zuelako hau jolas-parkea izango zela. Orain dauzkagun arazoak eredu horren ondorio dira. Denetatik entzun dugu, baita Jokoek ekonomia dibertsifikatzeko balioko dutela ere. Txistea dirudi, baina hori diote. Joko batzuen eragina, azpiegitura eta inbertsioen gainetik, lurralde baten promozioa da, eta beraz, sektore turistikoa errentagarriago egitea, lilura bat besterik ez bada ere. Lurraldean errotuago dauden zenbait turismo-zerbitzu ere Jokoen kontra daude; izan ere, hau bezalako ekitaldi batentzat hotel plazak areagotu behar dira, eta hori ez du bertako jendeak egingo, baizik eta inbertsio-funtsek edo enpresa turistiko handiek, ostean hemen geratuko direnak. Azpiegiturak eraikiko dituzte Jokoek eskaintzen duten malgutasunarekin, eta ondoren pastelaren zatia lortzeko lehian sartuko dira, turista kopurua ez denean handituko.

Zertara bideratu beharko lirateke inbertsioak?

Pirinioetan egindako inbertsioen herena eski estazioetara doa, galera handiak dituzte-eta, nahiz eta, ustez, lurraldean eragin positiboa daukaten. Prest al gaude edozein enpresa estrategikoren galerak gure gain hartzeko eskiaren sektorearekin egiten den antzera? Guk ez daukagu errezeta magikorik. Plataforma saiatzen ari da Pirinioetako biztanleen harrotasuna loratzen, aldarrikatu ahal izateko hemen bestelako bizimodu bat nahi dugula. Lehen eta bigarren sektoreak bultzatzea gakoa da kalitatezko lan egonkorra edukitzeko. Bestetik, zerbitzu publikoei dagokienez, despopulazioa egitate bat da, mendiko herriak husten ari dira. Eskolarik ez badago ez doalako familiarik haurrekin, edo medikuak astean behin joateari ere uzten badio, herria husten joango da apurka, eta jendea asteburuetan soilik etorriko da. Nola irauli joera hori? Nola dibertsifikatu ekonomia hemen dauzkagun beharren arabera?

Nor ari da Neguko Joko Olinpikoetarako hautagaitza bultzatzen?

Goi-burgesia katalana dago atzean. Tira, katalana... Ez du matrize nazionalista katalana, espainiarra baizik, baina historikoki hemen kokatuta dagoena; besteren artean Foment de treball, Círculo Ecuestre, turismo lobbyak… Horiek dira lapikoa egosten jarri zutenak, Jokoak agendan sartu eta presioa egiten, interes ekonomikoek bultzatuta.

Jokoek diru mugimendu handia eragiten dute, batez ere poltsiko publikoetatik pribatuetara. Ingurumenaren babesak eta plan urbanistikoek sortutako mugak hausten dituen legedi berezia dakarte, eta Jokoen aitzakiarekin ohiko baldintzen arabera eraiki daitekeenaren gainetik eraiki daiteke. Interes espekulatiboak daude: dirua ezartzea ahalik eta irabazi handiena lortzeko. Jarriko diren milioi guztiak norbaitek poltsikoratuko ditu, eta horiek ari dira prestatzen hautagaitza. Eta bestetik, gibelean, interes politikoak daude.

Argazkia: ANNA SASTRE

Hain justu, zergatik kritikatu dira Joko Olinpikoak proiektu espainolista gisa?

Jokoak oraintxe bertan independentismoa desaktibatzeko mekanismoa dira, gatazka nazionala lurperatzeko. Batetik, Jokoak urrezko aukera dira estatuarentzat, kirolaren aitzakiarekin nazionalismo espainiarra bultzatzeko, Pirinioetan tartean, espainolismo gutxi dagoen tokian. Bestetik, Joko batzuk ospatzeak munduaren begietara dakarren zuriketa aipatu behar da. Adibidez, 1992ko Joko Olinpikoek munduari irekitzea zekarten, "estatu modernoa gara", "atzean utzi dugu frankismoa" eta abar. Kanpora begira,  baturik dagoen nazioaren irudia zabaldu zuen estatuak. Baina, aldi berean, independentismo katalanaren kontra inoiz egindako operazio handiena egin zuten: 40 atxilotu eta torturatu. Jokoak hasi baino aste batzuk lehenago izan zen, eta Jokoen pantaila erabili zuten operazioa nazioartean ezkutatzeko.

Kataluniako Gobernua ERCren esku dago. Zergatik uste duzu ari dela bultzatzen hautagaitza?

Esango nuke Esquerrak ez duela interesik honetan. Gai askotan noraezean dabil, eta hau horietako bat da. Botere ekonomikoek egiten duten presioaren eta bere proiektu politikoaren artean mugitzen da, eta ez du posizio oso argirik. Hain zuzen ere galdeketak horri erantzuten dio, haien modua da alde edo kontra gehiegi ez engaiatzeko: herriak erabaki dezala. Eta bestetik, gobernuko bere kidearen baitan, Junts per Catalunyan, gehiengoa Jokoen alde apustu egiten ari da, hein batean historikoki patronalarekin eta talde ekonomikoekin eduki dituen loturengatik.

Hainbat ikerketak dio urte batzuetara Pirinioetako eski estazio gehienak bideraezinak izango direla baldintza klimatikoen ondorioz, baita elur artifizialarekin ere.

Bada zientziarekiko eta ebidentziarekiko gutxieste edo axolagabetasun puntua. Aurreko batean Stop JJOO plataformak bilerak eduki zituen Parlamentuan talde politikoekin, eta Junts per Catalunyako kide batek esan zuen elurra amaituko bada, itzelezko agurra eman beharko geniokeela. Purrustada dirudi, baina El Prateko aireportua zabaltzeko proiektuarekin antzera jokatu dute. Aurreikuspenek diote itsasoaren maila igotzen ari dela eta pista eraiki nahi duten eremua urpean geratuko dela; bada, alderdi horretako kide batek esan zuen urpean geratzerako inbertsioa jada berreskuratuta izango dugula. Inbertsio ekonomikoak dira, eta irabaziak ematen badituzte egitea merezi du. Elurra ardatz duen eredua 2040an agortuko bada, 2030ean Jokoak egiteko baliatu, ahalik eta irabazi gehien atera eta 2040an itxiko dugu poltsikoak beteta ditugula. Hori da gutxi gorabehera haien ikuspuntua. Apurka  amaitzen ari den negozioa da, eta pentsatu beharrean nola eraikiko dugun alternatiba bat progresiboki eta trantsitiboki, hori baita logikoena Pirinioen ikuspegitik, inbertsorearen ikuspegitik hartzen dira erabakiak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Olinpiar Jokoak
2022-12-29 | Jon Torner Zabala
Gizonezkoek ere lehiatu ahal izango dute igeriketa artistikoan 2024ko Joko Olinpikoetan

Nazioarteko Olinpiar Batzordeak onartu du gizonezkoek ere lehiatu ahal izango dutela taldekako igeriketa artistikoan, 2024an Parisen egingo diren Joko Olinpikoetan.


2022-12-21 | Jon Torner Zabala
Elurraren turismoari lotutako espekulazioa salatu du Kataluniako Stop Jocs Olímpics plataformak

Baqueira Beret-eko eski estazioan eman du prentsaurrekoa 2030eko Neguko Joko Olinpikoak antolatzeko 'Bartzelona-Pirinioak' hautagaitzaren kontrako Stop JJOO plataformak, luxuzko 38 etxebizitza eraikitzen ari diren lekuan bertan.


2022-11-02 | Jon Torner Zabala
2024ko Joko Olinpikoak: Baionako festak, kolokan?

Litekeena da 2024an Baionako festak beste data batean egin behar izatea, eta bertan behera geratzeko arriskua ere badago, bertan egon beharko luketen polizia gehienak Pariseko Joko Olinpikoetan izango direlako.


Iñigo Llopis, igerilaria
“Ilusio handiena Parisera joatea da”

Iñigo Llopis igerilari donostiarrak hiru domina irabazi ditu Munduko Txapelketan eta 2021eko Tokio Paralinpiar Jokoetatik zilarra ekarri zuen etxera. Konporta Kirol Elkartean aritu ondoren, Basque Team klubean dabil gaur egun, “Gipuzkoan maila handia dago”... [+]


2022-05-16 | Jon Torner Zabala
Neguko Joko Olinpikoen kontrako plataformak milaka lagun bildu du Kataluniako Pirinioetan

2030eko Joko Olinpikoen hautagaitzaren inguruan uztailaren 24an egingo den galdeketari begira dago Stop JJOO plataforma. Puigcerdá herrian deitutako manifestazioa, datozen asteetan egingo dituzten ekintzen abiapuntua izan da.


Eguneraketa berriak daude