“Ilusio handiena Parisera joatea da”

  • Iñigo Llopis igerilari donostiarrak hiru domina irabazi ditu Munduko Txapelketan eta 2021eko Tokio Paralinpiar Jokoetatik zilarra ekarri zuen etxera. Konporta Kirol Elkartean aritu ondoren, Basque Team klubean dabil gaur egun, “Gipuzkoan maila handia dago” ziurtatu du igeriketa egokituari buruz galdegitean.

Argazkia: Iñigo Llopisek utzia.

2022ko uztailaren 04an - 12:23

Nola hasi zinen igeriketan?

Nik txikitatik elbarritasuna neukan bai eskuineko besoan, bai eskuineko hankan. Biak dauzkat pixka bat motzagoak. Eta eskuineko eskuan bi behatz bakarrik.

7-8 urterekin atezain bezala futbolera jokatzen hanka apurtu nuen, elbarritasuna dudan hanka. Ebakuntza egin zidaten eta hasieran igerian hasi nintzen pixka bat, errehabilitazio modura gomendatu zidatelako medikuek. Momentu hartan entrenatu besterik ez nuen nahi eta futbolean jokatzera ahalik eta azkarren bueltatu. Nire lehenengo igeriketa txapelketan parte hartu nuenean asko gustatu zitzaidan, eta, horrela, pixkanaka hasi nintzen, lehendabizi Gipuzkoa mailan lehiatzen, gero Euskadin, eta ostean Espainia mailan. Txapelketa gero eta garrantzitsuagoetan parte hartzen nuen eta, gero eta gehiago gustatu zitzaidan. Hor aurkitu nuen nire kirola.

Lehia handia dago Gipuzkoan?                                                                                                         

Lehia baino maila handia dago. Esan beharra dago, hemen beti eduki dugu eredu Richard Oribe. Gainera, gure taldean ere badira beste igerilari batzuk Joko Paralinpikoetan egon direnak. Beti egon da norbait maila altukoa. Orain ni nago, baita Nahia Zudaire ere,  Joko Paralinpikoetan egon gara biok. Beti dago norbait. Maila hor dago. Orain gu gara. Lehen Richard zegoen, 25 urtez egon da maila goren gorenean.  Baita ere egon ziren Ander Romarate eta Ana Rubio. Baina bai, beti egon da norbait Jokoetan.

Euskadi mailan ere gipuzkoarrak ibiltzen gara, igeriketan behintzat denak gipuzkoarrak garelako. Espainia mailan badago beste igerilari asko, orain selekzioko kideak direnak. Maila oso altua da, aurten erreleboak eduki ditugu eta hor ikusi da jende ona dagoela eta emaitzak lortu ditugula.

Nahia Zudaire eta Iñigo Llopis Tokion. Argazkia: Gipuzkoa Kirolak, @GipuzkoaKirolak Twitterren.

EAEn zirkuitu asko daude?

Igeriketa egokituan ez daude txapelketa asko. Baina badaude txapelketa batzuetan elbarritasuna ez daukaten kirolariekin aritzen gara. Guk ahal dugun txapelketa guztietan parte hartzen dugu. Ondoren Espainiako txapelketak daude, urtean bi antolatzen dituzte, bat neguan eta bestea udan. Horiek dira guretzat hasieran garrantzitsuak. Gero nazioarteko txapelketetan pentsatzen hastean, gutxieneko markak zeintzuk diren eta begiratzeari ekiten diozu.

Klubek laguntza asko eskaintzen dizuete?

Guk orain zortea dugu, Basque Teameko bekadunak garelako. Laguntza ekonomikoa ematen digute, baita instalazioak erabiltzeko laguntza ere, fisioterapeuta edo nutrizionista… Hainbat zerbitzu eskaintzen dizkigute, ez soilik ekonomikoak. Uste dut hori oso garrantzitsua dela, errendimendu altuko kiroletan batez ere.

Zeintzuk izan dira zuretzako sostengurik handienak?

Batez ere etxekoak, familia, eta entrenatzailea. Entrenatzailearekin oso harreman ona daukat eta beti egon gara bata bestearekin buruz buru entrenatzen. Harreman oso ona daukagu, eta ez soilik entrenatzeko, edozer gauzari buruz normaltasunez hitz egiteko ere bai.

Oso garrantzitsua da entrenatzailearekin konpontzea. Gauzak ez direnean ondo ateratzen, sentitzen duzuna, zer pentsatzen duzun, aldaketaren bat behar baduzu edo, hari lasai esateko. Eta hark zuri ere azaltzeko entrenamendu mota ezberdinen zergatiak eta abarrak. Elkar ulertzea oso garrantzitsua da. Egia da ni uretan egoten naizela eta bera kanpoan, baina elkarlanean gaude, ahalik eta gehien egiten, emaitza garrantzitsuak lortzeko.

Zein modalitate duzu gustukoen?

Bizkar-igeriketa, dudarik gabe. 100 metroko proba. Hor sentitzen naiz erosoen eta konfiantza handiarekin. Gainera emaitza onak ematen dizkidan modalitatea izanda konfiantza hazi egiten zait eta hori da gehien gustatzen zaidana.

Azken finean bakoitzak bere gustuak ditu, crawl-a, tximeleta, bizkarka… Egia da entrenamenduetan crawl dela gehien egiten dena, oinarria delako ere bai. Gero, intentsitatea jartzeko garaian gustukoen duen estilo edo proban horretan zentratzen da bakoitza eta hori entrenatzen du.

Llopis txapelketa batean. Argazkia: Iñigo Llopisek pasatua.

Bi Paralinpiar Jokotan ibili zara, nolakoak izan dira esperientziak?

2016an Rion aritu ginen, eta pixka bat arraroa izan zen. Ez nuen sartzeko gutxieneko marka lortu. Uda zen eta ni oporretan nengoen ez nintzelako sailkatu. Baina errusiarrak dopinagatik kanporatuak izan ziren eta orduan haien hutsunea betetzeko hainbat kirolari deitu zituzten, horietako bat ni izan nintzen. Azkenean Riora joan nintzen eta kirol maila oso ona ez erakutsi, esperientzia izugarria izan zen: joko olinpiko batzuk ezagutzea eta gero ikustea oinarri ona izan zela pasa den Tokioko jokoetarako. Batez ere banekielako zer zen eta emaitzei begira gehiago eskatzen hasi nintzaiolako neure buruari.

Tokion ere oso ondo ibili nintzen. Etsaiak ezagutzen nituen eta banekien domina lortzeko borrokan egon nintekeela 100 metro bizkarkako frogan. Asko exijitu nion neure buruari. Baina Joko olinpiko batzuetan domina lortzeko ilusioa hain handia zen, ez zela urte zaila izan. Proba hasi aurretik sentsazio onak nituen eta domina lortzeko kapaz ikusten nuen neure burua. Zilarrezko dominarekin oso-oso pozik nago.

Profesional izaten jarraitzeko asmoa duzu?

Bai. Hori oso argi dut. Orain Parisera begira nago. Pariseko Jokoetara iristea gustatuko litzaidake eta gero ikusiko dugu nola doan dena. Nik argi dut igeriketan jarraitu nahi dudala.

Olinpiadez gain Europako eta mundu mailako txapelketak daude, lortutako emaitzen arabera,  Espainiako Batzorde Paralinpikoak diru-laguntzak eta beste zerbitzu asko eskaintzen dizkizu. Gainera guk (Euskadin) Basque Team edukitzeko zortea dugu, laguntza handia ematen du. Horrekin oraintxe bertan igeriketaz bizitzeko kapazak gara, igeriketan %100 jardun naiteke.

Oroitzapen politak ditut gainera, gertukoekin disfrutatutako momentuak, Jokoetan lortutako domina ere beti egongo da hor markatuta momentu berezi bezala. Egia esan, aurtengo Munduko Txapelketa asko disfrutatu dut. Errelebo mistoak eduki ditugu, estiloko eta libreko erreleboetan domina lortu dugu. Taldekideekin oso erlazio ona eduki dugu, denok gindoazen bete-betean elkarrekin eta oso polita izan da.

Hala ere, uste dut garrantzitsua dela ikasten jarraitzea, gero igeriketa amaitzerakoan etorkizun bat edukitzeko. Ni orain integrazio soziala ikasten ari naiz. Online egiten ari naiz, entrenamendu guztiekin eta … Hasieran agian ez nuen hainbeste huts egiten, baina gero eta sarriago huts egiten nuen. Horregatik online egitea erabaki nuen, dena hobeto gestionatzeko. Etxera iristerakoan klaseak ikus ditzaket, aurrez grabatuta dagoena edo zuzenean. Horrela hobeto nabil.

Zeintzuk izango dira zure hurrengo pausuak?

Orain dudan ilusio handiena Parisera joatea da. Rio oso urruti ikusten nuen eta bat batean etorri zen aukera. Tokion pandemia dela-eta ez zegoen jende askorik. Paris hemendik gertu dagoela eta, lagunek eta familiak errazago dute bidaiatzea. Lagunek Joko Paralinpiko batzuk nolakoak diren ezagutzeko aukera izango dute.

Llopis Tokion, lortutako domina jaso ondoren. Argazkia: Iñigo Llopis, @llopini13 Twitterren.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Igeriketa
2022-12-29 | Jon Torner Zabala
Gizonezkoek ere lehiatu ahal izango dute igeriketa artistikoan 2024ko Joko Olinpikoetan

Nazioarteko Olinpiar Batzordeak onartu du gizonezkoek ere lehiatu ahal izango dutela taldekako igeriketa artistikoan, 2024an Parisen egingo diren Joko Olinpikoetan.


Eguneraketa berriak daude