"Filmak ez daude gorrentzat eginda; euskara ez dakitenentzat eginda daude"

  • Jende askorekin eta elkarrizketaz inguratuta dagoenean isil-isilik edo ohi baino isilago egoten da Irati Erauskin (Hondarribia, Gipuzkoa, 1996). Horregatik, “oso irekia” den arren lotsatia dela uste dute batzuek. Entzumen urritasuna dauka, eta batzuetan “oso zaila” egiten zaio jendearen elkarrizketak jarraitzea. Entzumen urritasunaren inguruko informaziorik eza “handia” dela salatu, eta aisialdian eta hezkuntzan neurriak hartzeko beharra azpimarratu du.

Irati Erauskin. Argazkia: Dos Por Dos

Urteekin, aurrera egin du teknologiak, eta horrekin batera entzumena aztertzeko probek. Irati Erauskin sortu zenean, 1996. urtean, ez ziren horrenbeste proba egiten, horregatik ez du argi noiztik duen entzumen urritasuna: “Bost urterekin hasi nintzen belarritik pixka bat gaizki entzuten, eta hamar urterekin deskubritu nuen belarri batetik ez nuela deus entzuten”. Ezkerreko belarritik gutxi entzuten du, eta eskuinekotik soilik dardarak.

Entzuleen munduan hezi da, eta hasieran bereziki “oso gogorra” egiten zitzaion, “izugarrizko konplexua” zuelako: “Urteak eta urteak eman ditut esan gabe. Are okerragoa zen ez nituelako elkarrizketak jarraitzen”. Horregatik, jendeak uste du lotsatia dela, baina “oso irekia” da: “Ez dakit soilik izaera kontua den, edo bizirauteko tresna bat ere baden”.

Ezpainak irakurtzen ditu, eta horretarako beharrezkoa da jendeak aurpegira begiratzea, ongi ahoskatzea, “pixka bat poliki” eta tonu “egokian”. Hala ere, “esfortzu handia” da eta informazio “asko” galtzen du: “Adibidez, bazkalondoan oso gaizki pasatzen nuen, ezinezkoa zelako haria jarraitzea, eta askotan negarrez amaitu izan dut”.

Ezpainak irakurtzeko esfortzua egiteaz gain, etengabe azalpenak eman behar izaten ditu jendeak ez dakielako nola jokatu: “Ez baduzu desgaitasunik edo ez bazara pertsona zapaldu bat, pribilegio burbuila batean bizi zara, eta hor ez dagoen pertsona bat ezagutzeak burbuila horretatik ateratzea eskatzen dizu. Horrek deseroso sentiarazten duenez, errazena baztertzea da”.

Sareak, ahalduntzeko bide

La Pantoi! (@agobixu) izenez ezaguna da X plataforman. Sare sozialen bidez, matxismoa eta lodifobia salatu ohi ditu, baina oraindik ere “estigma handia” dagoenez, pandemiara arte ez zen ausartu kapazitismoaz hitz egitera: “Parte hartu dudan saio batzuetan esan izan dut ez aipatzeko entzumenarena, estigmatizazioaren beldur nintzelako”. COVID-19aren ondorioz, maskarak erabiltzea derrigorrezkoa zenez, ezin zituen ezpainak irakurri: “Ezin nintzen inorekin komunikatu”.

Itzaletan bizi izan ditu “frustrazioa” eta “antsietatea”, baina azkenean kanpora ateratzeko beharra sentitu zuen: “Bestela nire osasun mentala pikutara joango zen”. Saretzeko lagungarria ere badela uste du: “Nire egoeran dagoen jendeak ikusi dezake ez dagoela bakarrik”. Gaineratu du mugimendu antikapazista “indartu” behar dela.

Duela gutxi 20.000 especies de abejas filma ikustera joan zen, eta sare sozialen bidez salatu zuen, beste film askorekin gertatzen den moduan, ez zuela azpititulurik. Filmaren informazioan jatorrizko bertsioa zela jartzen zuen, baina praktikan euskaraz testu gutxi zuen, eta soilik euskarazko zatiek zituzten azpitituluak. Jatorrizko bertsioan pertsonaien elkarrizketen %70 inguru dira gaztelaniaz, eta beste %30 euskaraz. “Filmak ez daude gorrentzat eginda; euskara ez dakitenentzat eginda daude”, salatu du. Gaineratu du gaztelera lehenesten dela euskararen gainetik: “Arauaren arabera funtzionatzen du gizarteak: arauan sartzen bazara, dena zuretzat; bestela, kanpoan geratzen zara. Entzumen urritasuna izatea eta euskara jakitea arauan ez sartzea da”.

Ez da kasu bakana, askotan errepikatzen den praktika bat da, eta Erauskinen arabera, gaur egun dagoen teknologiarekin azpitituluak jartzea egin beharreko “gutxienekoa” da: “Oso gutxitan joaten naiz zinemara, oso aukera gutxi ditudalako”. Etxean aurikularrak eta azpitituluak jartzen ditu telebista ikusteko.

“Sare sozialei esker, nire egoeran dagoen jendeak ikusi dezake ez dagoela bakarrik”

Jeloskortasuna eta onespenik eza hezkuntzan

Hezkuntzari ere kritika egin izan dio sareetan, hezkuntza sistemak ez dielako aurre egiten gorrak diren pertsonen beharrei: “Ziurrenik beste desgaitasunak dituzten pertsonak ere albo batera geratuko dira”. Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza “oso gogorrak” izan ziren beretzat. Aurrean esertzen zen, eta ezpainak irakurriz klasea jarraitzen saiatzen zen: “Irakasleek ez zuten ulertzen nekatzen nintzela eta informazio asko galtzen nuela. Orduan, arreta deitzen zidaten deskonektatzeagatik”.

Zenbait proba egokitzen zizkioten; esate baterako, ez zuen ingelesezko entzumenik egiten: “Logikoa zela pentsatu ordez, jendeak jeloskor begiratzen zidan”. Euskarako entzumena egiteko aldiz, bozgorailu bat jartzen zioten belarrian: “Hori ez da zentzuduna; ezin dut entzumena jarraitu”. Horren ondorioz, “baztertuen taldean” zegoen: “Ez zidaten izugarrizko jazarpena egiten, baina nirekin sartzen ziren”.

Unibertsitatean gauzak aldatuko zirela uste zuen, baina egoerak ez zuen hobera egin. Psikologia ikasi du, eta unibertsitate garaian, neska talde batek “oso gaizki” tratatu zuen. Horrez gain, talde-lanak egiteko trabak zituen: “Jendeak leporatzen zidan ez nuela deus egiten, baina ez zuten ulertzen ezin nuela elkarrizketa jarraitu, eta ez nekiela zer egin behar nuen”. Probaren bat aldatzen ziotenean, unibertsitatean ere jeloskor jokatzen zuten batzuk: “Ez nuen hori espero psikologiako ikaskideengandik”.

Halere, bere sarea ehunduz joan da, eta aisialdian, lanean eta bestelako espazioetan bidea egitea lortu du: “Egoeraren arabera asko aldatzen da dena, baina bakarka ezagutzen badut jendea, errazagoa da”. Egun, ez da isilik geratzen, eta sareek ahalduntzen laguntzen diote.

GORPUTZEKO ATAL BAT?

"Bihotza, osasun mentalarengatik eta emozioengatik. Asko gustatzen zait emozioak lantzea, baina iruditzen zait ez dugula hezkuntza emozionala lantzen. Eskolatik ez digute erakusten nola kudeatu emozioak, eta gabezia asko ditugu. Depresioa, antsietatea eta beste asko ateratzen ari dira, eta ongi dago piskologorenera joatea, baina gizarte bezala alternatiba bat bilatu behar dugu".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gorputz hotsak
Endometriosia
"Genero kontua da: osasun sistemak guztiz baztertzen eta erasotzen gaitu, ikusezinak gara"

Pertsona oso energetikoa da eta gorputzak uzten dion bitartean “ahalik eta gehien” disfrutatzen saiatzen da Espe Ciriza Asenna Nafarroako Endometriosi Elkarteko kidea (Iruñea, 1981). Endometriosia dauka, eta horren ondorioz, “izugarrizko” min... [+]


Eguneraketa berriak daude