Uxue Alberdiren lanari begira jarriko gara oraingoan. Lehenengo artikulu honetan helduentzako idatzi dituen ipuinak, eleberriak, saiakera eta kronika hartuko ditugu kontuan. Bigarren artikulu batean ilustratutako anekdotez, istorioez, filosofia liburuez eta idatzizko bertsoez arituko gara.
Ikasketaz kazetaria, aurkezpen gutxi behar duen bertsolari eta idazle ezaguna da Uxue Alberdi. Berari entzuna da bertsolaritzak hizkuntzarekin jolasteko eta esperimentatzeko aukera ematen diola, oholtzak publikoarekin hartu emana izateko aukera eta kotxeko bidaiak beste bertsolariekin denbora pasatzekoa. Alegia, bertsolaritzak espazio publikoa eta plaza okupatzeko aukera ematen diola. Idazketak barrura begiratzeko aukera ematen dio eta hizkuntzaren zehaztasuna eta zuzentasuna bilatzen lagundu. Printzipioz bakardadean egiten den ariketa mota da idaztea. Bi diziplinatan hitzaren erabilerak markatuko du bere lana. Aita euskara irakaslea, eta ama liburu saltzailea izanik, hizkuntzarekin eta literaturarekin duen loturaren zati handi bat etxetik jaso duela esan genezake.
Bere ibilbide literarioari begira jarriko gara eta helduentzat idatzi dituen prosazko lanak aztertuko ditugu artikuluan (beste lanak, hurrengoan). Ibilbide luze eta zabala da berea. Luzea, 2007an argitaratu baitzuen bere lehen liburua, eta paseak direlako ia bi hamarkada argitaratzen hasi zenetik. Zabala, Alberdiren lanak beraien artean askotarikoak diren materialek osatzen dutelako.
Hitzak jatorri, hitzak helburu
Batxilergoko ikaslea nintzela, Aulki bat elurretan ipuin liburuaren aitzakian, Uxue Alberdiren bisita jaso genuen institutuan. Egia esan behar badut ez dut liburuaren lehen irakurraldi hartatik asko gogoratzen, baina gogoan dut parean nuen idazlearen pentsatzeko zein hitz egiteko moduak nola liluratu ninduen. Goiz hartatik jarraitu diot pista Alberdiri, eta argitaratu bezain azkar irentsi ditut bere liburu gehienak. Eta, bai, gerora gogoratzen dudan irakurraldia egin nion Aulki bat elurretan liburuari. Inpresioa egin zidan. Suedian kokatzen diren ipuinek osatzen dute liburua eta paisaia zuri eta hotzen irudiak dira liburuko hari komunetako batzuk. Hoztasun klimatologikoa erabiltzen da hoztasun sozialari buruz zein pertsonaien barne mundu hotz (eta aseptikoaz?) hitz egiteko. Liburuak ipuin gordin batekin egiten digu harrera eta oso ondo zahartu delakoan nago. Eta ez nuen Bon Jovi kontakizunean egiten duen jolasa gogoratzen, baina berrirakurtzera animatzen zaituztet. Oraingo irakurraldian orduan ere sentitu nituen hotza, bakardadea eta samina sentitu ditut.
Aulki-jokoa (Elkar, 2009) da argitaratu zuen hurrengo eleberria. Izugarri gustatzen zaidan nobela da, eta programatu dudan irakurle taldeetan ere harrera ezin hobea izan duela aitortu behar dizuet (21. edizioa argitaratu berri da). Hala ere, literaturaren zubitegian (Armiarmako webgunean) begiratuz gero, nobela motz hori da kritikarion partetik oihartzun txikiena jaso zuena eta kritika gutxien pilatzen dituena. Aulki-jokoa bizitzaren eta heriotzaren metafora bat da, hiltzen den zahar bakoitzak hutsik uzten baitu kafetegiko aulkia, hain zuzen ere. Eta kafetegiko enkontru horiek dira iraganaz hitz egin bitartean bizirik jarraitzeko arrazoia. Emakume protagonistak dituen nobela motza da, erraz irakurtzen dena eta tarteka hunkigarria ere bai.
Aurkezpen liburu bi horien ondoren, eta lehenengo erditzearen ostean, arratsaldero bi ordu hartuta idatzitako liburua da Euli-Giro (Susa, 2017). Hala kontatu zion autoreak Juan Luis Zabalari Berria-rako egindako elkarrizketan. Ama izatera mugatuko zelako ustea zutela pentsatzen zuten besteek, eta horregatik, askatasun handiagoz idatzi zuen. Orduko literatur girotik jasotako harrerari, erreakzioz idatzitako liburua izan zen. Ama izan ostean, bertsolaria eta idazlea izaten jarraituko zuela bere buruari zein munduari erakusteko beharra sentitu zuen. Aurreko bi liburuekin alderatuta ipuin ilunagoak dira, sentsazio batetik sortuak eta sentsazioak sorrarazten dituztenak: deserosotasuna, egonezina... Oso errealistak dira, nahiz eta absurdotik edo nahasmendutik asko duten. Berrirakurri dudanean Olatz Mitxelenaren Arrain hezur bat eztarrian liburuaz gogoratu naiz. Hain desberdinak izanagatik ere, sentsazio antzerakoak sortu dizkidate.
1980etatik hiru hamarkadatako kronika jasotzen da laugarren liburuan, Jenisjoplin (Susa, 2017). Gatazkari lotutako paisaia dugu: borroka armatua, militantzia, kartzela, droga. Patriarkatua. Baina gizakiak diren pertsonaiek osatua: gaixotasuna, zaurgarritasuna, gozamena, plazera eta edertasuna. Epikotasuna eta egunerokotasuna nahasten dira. Konbinazio horrekin (bereziki epikotasunarekin), alde batetik, autoritatea duen kritika maskulinoaren hobespena jaso zuen liburuak. Alberdik berak aitortua da liburua argitaratu ostean soilik sentitu zela lehen aldiz benetako idazle. Eta konbinazio honekin (bereziki egunerokotasunarekin) irakurleen interesa ere bereganatu zuen liburuak, dinamikoa baita eta hausnartzeko aukera ematen baitu. Laugarren liburu honetan, kritikek eta irakurleek bat egin zuten liburu borobila delako iritzian.
Susa argitaletxeko Lisipe bilduma feministan argitaratutako Kontrako eztarritik (2019) liburua testigantzetan oinarritutako saiakera bat da; Svetlana Aleksvic autoreak Gerrak ez du emakume aurpegirik (Elkar, 2014) liburuan egin bezala, hamabost testigantza jaso ditu Alberdik, bertsolaritzaren munduan emakumeek bizi duten biolentziaren inguruko diskurtsoa harilkatzeko. Horrekin batera, sarreran autoreak berak esaten duen bezala, “bertsolaritzaren definizio tradizionala zabaltzen eta osatzen lagundu nahi luke” (liburuak). Isiltasun deseroso ugari sortu bazituen ere, maitasunetik egindako proposamen ausarta eta beharrezkoa izan zen. Bertsolari emakume batzuk kolektiboan eta elkarrekin hausnartutako horri ahotsa ematea lortu zuen modu didaktiko batean eta estilo zuzen batekin. Liburu honekin ondo merezitako 2020ko Euskadi Saria irabazi zuen.
Begirada maskulinoaren hatsetik ihesean, Dendaostekoak (Susa, 2020) liburua denetan klasifikatzeko zailena da. Autoreak hibrido bezala izendatu du. Nik, autobiografia kolektiboa eta kronikaren arteko materiala dela esango nuke. Dena dela, lan konplexu eta sakona egitea lortu du idazleak. Ama eta izeba diren Marijo eta Izaskunen ahotsetatik kontatuta dagoen istorioak Pitxintxu dendan du bere epizentroa, kalera ematen duen erakusleihoak, dendak berak eta errekara ematen duen dendaosteak osatua. Dendaostea, intimitatea, kontsideratzen den horri dimentsio politikoa ematen zaio liburuan; alde batetik, emakumeen gauzak kontsideratzen direnak (joskintza estiloak, brodatuak, tela motak edota hilekoa, bortxaketa edo abortua) zehaztasunez izendatzen direlako eta garrantzitsu bezala tratatzen direlako. Beste alde batetik, indartsuak, askeak, erabakigarriak eta erresilenteak diren emakume biren begirada (eta ahotsa) jasotzen duelako Alberdik. Ahizpak izanik ahizpatasunez ibili dutelako bizitza (eta Karakaterako bidea).
Lumbung (Txalaparta, 2022) eta Zirriborroak eta gero (Consonni, 2023) liburu kolektiboetan ipuin banarekin ere hartu du parte.
Hasieran esan bezala ibilbide literario luze eta zabala egin du Uxue Alberdik. Idazten zuen neska gazte bat bezala hartu zuen literatur sistemak, baina bere ahots propioaren bilaketa egin duen idazlea dugu egun. Argitaratu duen testu bakoitza originala da. Tonu eta forma aldetik obra aberatsa sortu du. Eta begirada gauza txiki eta inportanteetan pausatu du. Abilezia duela erakutsi du eta hitzekin munduak irekitzeko gaitasuna duela ere bai.
Zeruko Argian eta Anaitasuna-n idatzi zituen zinema kritikak Joseba Sarrionandiak 1977 eta 1980 urteen artean, 20 urte inguru zituela. Horien bilduma eginda, Pamiela argitaletxeak argitaratu du liburua, Joseba Sarrionandiaren zinema paperak (1977-1980). Josu Martinezek egin ditu... [+]
Umea hemen, Umea han
Chuck Groenink. Itzulpena: Nagore Perez
Ibaizabal, 2025
Historiaurreko istant bat du azpi izenburu liburu honek, eta horixe da, hain zuzen, egileak kontatu nahi diguna, istant... [+]
"Israelen kontrako boikot kanpainak martxan dauden honetan, kulturgileoi lerratzea dagokigu", adierazi du Saioa Alkaizak komunikabideetara igorritako oharrean. BDZk txalotu egin du Alkaizaren erabakia, eta Elkar argitaletxeari gonbita luzatu dio, "erabaki ausartak... [+]
2020ko Euskadi Literatura Saria irabazi zuen Cambiar de idea (Ideiaz aldatu) autofikzio feministarekin. Emakume idazleek literatura kanon patriarkalera egokitu beharra kritikatu zuen liburu horretan. Todo empieza por la sangre (Dena odoletik hasten da) bere seigarren... [+]
LAIDA ikerketa taldeak Bermeoko Arrantzaleen museoan abuztuaren 28 eta 29 antolatutako ikastaroan egingo duen hitzaldiaren sintesia da Arestiren ekarpen artistikoa nabarmentzea.
Parranda dezente egindakoa naiz Kardaberazen –Hernanin izen hori zeukan kalean, alegia–, baina ez nuen asko espero festa egin ahalko nuenik inoiz Kardaberazekin: a ze dibertimendua 1761ean argitaratu zuen Euskararen berri onak. Idatzi zituen beste lan gehienak ez... [+]
Joxe Azurmendi Otaegi euskal idazlea, filosofoa, saiakera egilea eta poeta da. Etikaren, politikaren, hizkuntzaren filosofiaren, teknikaren, euskal literaturaren eta, orokorrean, filosofiaren gaineko liburu eta artikulu asko plazaratu ditu.
Joxe Azurmendi (Zegama, Gipuzkoa, 1941-2025) idazle, filosofo eta saiakeragilea zendu da. Literatura eta pentsamenduaren arloan lan itzela egindakoa, intelektual gisa ez ezik, euskararen eta kulturgintzaren aldeko mugimenduetan engaiaturik eman zuen bizitza osoa. Besteak... [+]
6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin zuten egon Debako liburutegian, eta egoera hori aldatzeko borrokan aritu da herriko ama talde bat. Udal gobernuak jarrera aldatu eta onartu du herritar guztiek, duten adina dutela, nahi dutenean egon ahal izatea liburutegian... [+]
Belaunaldi oso baten liburua da Palinpsestoa. Idazten dakien modura idatzi du Arrieta Ugartetxeak, eta horixe dateke alde gaitza. Gainerakoan, hortxe gure iragan hurbila, gerra ondoa, apaiz giroa, euskara, militantzia… eta ez hain hurbila ere, senide nagusien gerra... [+]
Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.
Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Ostiral honetan, adibidez, Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du Euskaltzaindiaren... [+]
Diziplina askotan ibilia da Amaiur Epher (Izpura, 1994). Aktore lanak egiten ezagutu nuen orain urte batzuk. Diabolo Kiwi edo Frigo taldeekin erritmo dantzagarriak joz ikusi eta entzun du, ziur, batek baino gehiagok. Eta idazlea ere bada. Bigarren liburua argitaratu berri du:... [+]
Ekainaren 5ean 50 urte beteko dira Gabriel Aresti zendu zela, jaio zen hirian bertan, Bilbon. Ziutatearen tristeziak bestelako kolore bat duen garaiotan, belaunaldi berri batzuek Arestiren hitzak goratzeaz aparte, haren esanak gaurko egunetik aztertu dituzte hiri horretan... [+]
Heriotzak Eduardo du izena
-------------------------------------------------------------
Bunker batean garatzen da antzezlana... [+]