Israel ulertu, sionismoa borrokatzeko

  • Nola eraiki du bere burua Israelek? Zein kontakizun egin du bere historiaz? Nola ulertu bere gerra politika, hamarkadetako palestinarren genozidio kalkulatua, disimulurik gabeko eguneroko ankerkeria, bere agintarien adierazpen mesianikoak, defentsaren izenean etengabe erasoan bizitze hori? Israel eraiki duten sionismoaren mito historikoak aztertuko ditugu, horien kontraesan eta arrakalak seinalatzearekin batera, Israelgo egungo gizartera heldu arte. Ilan Pappéren eskutik egingo dugu bidea nagusiki, ziurrenik Israelgo historialari antisionista ezagunena.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Argazkia: Ronen Zvulun, Reuters
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Argazkia: Ronen Zvulun, Reuters
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Israel izango da munduko herrialde bakarra non, bi pertsonak deskuiduan elkarren aurka estropezu egiten badute kalean, erreflexu inkontziente gisa barkamena eskatu ordez, paparra aterako duten keinu mehatxagarrian”. 2002a zen hori entzun nionean Argentinan ezagutu nuen Gabrieli. Israelen bizi izandako judua zen Gabriel, eta bertara bueltatzekoa zen enplegu bila. Ushuaiarako bidaia zinez luzean, hiruzpalau aldiz egin genuen bat autobus edo ostatuetan, gure moduko motxileroen artean. “Israelen, lagun arteko futbol partida bat jolasten baduzu, hanka jartzen duzu jokoan”, ere esan zidan. Bidaia berean, tarteka, gazte israeldarren talde batekin ere egin genuen bat. Futbolean hasi ziren behin, eta zentzua eman zioten aurreko baieztapenari. Israelgo Estatuaz gizarte militarizatu baten irudia eman zidan Gabrielek, oldarkorra etxe barruan zein mugetatik kanpo. Oldarkortasun horren azalpena ere eman zidan, judu israeldarren artean kontsentsuzkoa litzatekeen ideia batean lukeena jatorria: Holokaustoan juduek ardi otzanen gisan onartu zuten genozidioa; otzantasun hori ez da errepikatuko.

2023ko azaroan, Ariel Feldman argazkilari eta zinemagileak Gaza: Sobre sionismo, judaísmo, racismo y barbarie  (Gaza: sionismoaz, judaismoaz eta basakeriaz) artikulua argitaratu zuen Jacobin aldizkarian. Israelen jaiotako 44 urteko judua da Feldman. Gaztetan Argentinara joan zen bizitzera, baina hainbat aldiz bueltatu da sorterrira. Eskola amaitzear zela unibertsitate ikasketak Israelen egitea pentsatu zuen. Ez zuen, ordea, hiru urteko derrigorrezko soldaduskarik egin nahi. Ikasten hasi eta ondoren kontzientzia eragozle egitea zen aukeretako bat. “Baina lagun israeldar batek esan zidan ez zuela zentzurik hori egiteak, horrela inoiz ez nintzatekeelako Israelgo kide izango egiazki, Armada baitzen herrialdearen bizkarrezur afektibo eta kulturala. Soldadutza da israeldarren helduarorako eta herritartasunerako bidaia-erritua”.

Sionismoak Holokaustotik bizirik irten ziren juduei eta herrialde arabiarretakoei eman zien tratuak balio dezake irudikatzeko palestinarrei ematen diena

Feldmanen ohartarazpena gure egiten dugu: “Ez dago ezer berezkorik, ontologikorik inongo herriren geneetan, izatez krudela edo supremazista egiten duenik. Baina badira mugimendu ideologikoak eta antolaketa politiko moduak horrela izaten amaitzen dutenak”. Sionismoa da Israelgo Estatuaren oinarri ideologiko-politikoa.

Historia, sionismoaren ardatz

The Idea of Israel. A History of Power and Knowledge (Israelen ideia. Botere eta ezagutze historia bat) liburu mardula argitaratu zuen Ilan Pappék 2014an. Sionismoak Israelgo Estatua eta bere proiektu “koloniala” justifikatzeko eraiki duen kontakizuna aztertzen du liburuak, errealitate historikoarekin alderatzeko.

Sionismoak batasun historiko bat eraiki zuen ia 2.000 urtetako aldi historiko baterako: K.o. 70. urtetik –Judeako erbestea erromatarren eskutik–; 1882ra –sionismoaren fundazio data ofiziala, Leon Pinsker medikuak alemanerazko Auto-emancipation! (Autoemantzipazioa) argitaratu zuen urtea–. Historialari sionistek frogatu nahi izan zuten, batetik, juduak beti mantendu zirela Palestinan modu batera edo bestera, eta, bestetik, beti egon zela aberrira bueltatzeko nahi bat mundu osoan barreiatutako diaspora judutarrean. Pappéren arabera, frogak oso ahulak dira: “Deklarazio baten parekoak dira, sionismoaren aurreko historian juduek desira inkontziente bat zutela dioena, garai hartan juduek berek ezagutzen ez zutena, Palestinaren lurraldera itzultzekoa”. Horri gehitu behar zaio, Pappéren azterketatik kanpo geratzen bada ere, sionismoaren barnean estatu judua beste lurralde batzuetan eraikitzeko aukera ere eztabaidatu zutela hasierako urteetan, Argentinan edo Ugandan kasu, Palestinara bueltatzearen patu historikoaren ideia kolokan jartzen duena.

Sionismoak Hirugarren Munduko askapen mugimendu izaera eman zion Israelgo Estatuaren aldarrikapenari

“Lurrik gabeko jende baten mugimendua, jenderik gabeko lur batera heltzen”. Hori izan zen sionismoaren lelo nagusietakoa bere burua definitzeko orduan. Baina XIX. mende amaieran Palestinara lehenbiziko kolono juduak heltzen hasi zirenean, jendea egon bazegoen, baita herriak eta hiriak ere, eta nagusiki arabiarrak ziren: palestinarrak.

David Ben Gurion lehen ministroa Israelgo Estatuaren sorrera adierazpena irakurtzen, Tel Aviv, 1948. Argazkia; Israelgo Gobernuaren Prentsa Bulegoa, Wikipedia


1948ko gerra

1948an David Ben-Gurion lehen ministroak Israelgo Estatuaren sorrera aldarrikatu zuen ofizialki Tel Aviv hiriburuan. Garai hura Israelgo historiaren “nukleo gogorra” da Pappéren esanetan: “Herri Juduaren erredentzio eta errekonozimendu prozesu teleologikoaren amaiera”. Sionismoak, mundu mailako testuinguru politikoa  baliatu asmoz, Hirugarren Munduko askapen mugimendu izaera eman zion Israelgo Estatuaren aldarrikapenari. Erdigunean jarri zituen, batetik, Britainiar Inperioaren aurreko “independentzia”, eta mundu osoko juduen askapena “diasporaren uztarritik”. Palestinarrak eta ondoko herrialde arabiarrak kontakizunaren bazterrean utzi zituen. Kontakizun horretan Palestinarren “hondamendiak”, Nakbak, lekurik ere ez zuen. Nazio Batuen UNRWAren arabera, ordea, 711.00 palestinar kanporatu zituzten herrialdetik, eta egun 5,9 milioi dira errefuxiatuak.
Sionistentzako urte gatazkatsuak izan ziren haiek, gerra egin zieten britainiarrei eta inguruko herrialde arabiarrei. 1987an Simha Flapan kazetari israeldarraren The Birth of Israel: Myths and Realities (Israelen jaiotza: mitoak eta errealitateak) liburua argitaratu zen. Garai historiko hartako sionismoaren sei mito nagusiak aztertu eta errefusatu zituen Flapanek liburuan, horietariko lau jasoko ditugu jarraian.

Mitoa: Israelek NBEaren 1947 ebazpena onartu zuen, estatu juduarekin batera palestinarra aurreikusten zuena, lurraldearen erdia baino gehiago hartuko zuena. Errealitatea: Ben-Gurionek ebazpena estatu juduaren legitimazio gisa interpretatu zuen soilik, eta estatu horren mugak sionismoak erabakiko zituen. Mitoa: 1948an herrialde arabiar guztiak estatu juduarekin amaitzeko bat eginda zeuden. Errealitatea: Orduko potentzia arabiar nagusi Irak eta Transjordaniak akordioak bilatu zituzten estatu berriarekin, eta Ben-Gurionek hitzarmen sekretua sinatu zuen Jordaniarekin, adostuz britainiarrak alde egitean bien artean banatuko zutela Palestina eta Zisjordania Jordaniaren kontrolpera pasako zela. Mitoa: palestinarrek etxe eta lurrak utzi zituzten beren eta herrialde arabiarretako liderren aginduak jarraituz, ondoren estatu juduaren aurka egiteko. Errealitatea: agintari sionistek erabaki zuten palestinarrak kanporatzea “bide guztiak baliatuta”. Mitoa: gerra amaituta Israelek eskua luzatu zien herrialde arabiarrei eta palestinarrei bakea eraikitzeko, baina uko egin zioten. Errealitatea: Egiptok, Jordaniak, Libanok eta Siriak akordioak bilatu zituzten, Israelgo Estatuaren onarpena jasotzen zutenak.

Holokaustoaren sionizazioa

Zerbaitek baldintzatzen badu Israelgo Estatuari inongo bainarik jartzea, Holokaustoa da hori. Edozein kritika antisemitismoaren eta genozidioaren konplizitate bilakatzen du sionismoak. 1990ko hamarkadan indarra hartu zuen korronte postsionista judua tabua apurtzen ausartu zen. Kontakizun sionista hankaz gora jartzen duten hiru errealitate azaleratu zituzten postsionistek.
Hasiera batean, nazien helburua juduak kanporatzea izan zen, ez sarraskitzea. Tarte horretan, sionismoak akordioak bilatu zituen naziekin, kanporatze politika funtzionala baitzitzaion sionismoari, Israelera kolono juduak eramateko.

1930eko hamarkadan, mundu osoko juduek Alemaniaren aurkako boikota deitu zuten. Boikotera batu ez zen komunitate judu bakarra sionistena izan zen

Esaterako, 1930eko hamarkadan, mundu osoko juduek Alemaniaren aurkako boikota deitu zuten, herrialdearen politika antisemitak salatzeko. Boikotera batu ez zen komunitate judu bakarra sionistena izan zen. Are gehiago, sionistek akordioa sinatu zuten Gestaporekin: “Mugimendu sionistak boikotarekin bat ez egitearen truke, Alemaniako juduei beren enpresak eta ondasunak kitatzeko eta Palestinarantz abiatzean dirua berekin eramateko aukera emango zien”. Akordioak eta begirunea amaitu egin ziren Hitlerrek sarraskitze politika abiatu zuela ohartzean.

Sionismoaren beste taktika bat erresistentziaren “sionizatzea” izan zen. Hainbat ghetto eta kontzentrazio esparrutan juduen matxinadak izan ziren. Altxatu ziren horiek ondoren Israelgo Estatua eraikiko zutenen eredu eta aurrekari gisa aurkeztu zituen, mugimendu sionistaren parte balira bezala. Baina altxamenduen arrazoiak askotarikoak izan ziren. Esaterako, Varsoviako ghettoan matxinatutako batzuk antisionistak ziren.

Altxatuen sionizazioaren txanponaren beste aldea, superbibienteekiko mespretxua izan zen. Mespretxua? “Estatu judua judu 'berriaren' kontzeptuan oinarritzen zen. Holokaustoaren biktimak, esaten zen, ardiak bezala joan ziren hiltegira. Judu 'zaharrak' ziren”, azaltzen du Pappek. Eta gaineratzen du: “Ezerk ezin zuen irudi negatibo hori arindu. Israelgo independentzia-gerran [1948] borrokatu ziren soldaduen herena Hitlerren superbibienteak izateak, eta haietako batzuk, egiazki, matxinatu izana ere, ez zen aski hura hobetzeko”.

Auschwitzeko kontzentrazio esparrua, 1944. Argazkia: Wikipedia

Mespretxu hori ez zen oztopo izan, ordea, bizirik irten zirenak sionismoaren mesedetan erabiltzeko beren borondatearen aurka. Bigarren Mundu Gerra amaitu berritan, Holokaustoa Israelgo Estatuaren beharrarekin lotu zuten sionistek. Munduari ziurtatu zioten judu horien denen nahia Palestinan bizitza berria eraikitzea zela. Horretarako, mugimendu sionistak presio bortitza egin zien bizirik atera zirenei, oraindik Alemanian kanpamenduetan zeudela, desio hori sinatu edo publikoki adierazi zezaten. Kanpamenduen ardura zuten komandante britainiar eta estatubatuarren esanetan, ordea, gehienek Britainia Handira edo AEBetara joateko desioa zuten.

Holokaustoaren erabilpena gaur eguneraino luzatuko litzateke: “Agintariak gizarte judu eratu berria birtraumatizatzen saiatu ziren, eta bigarren Holokausto bati buruzko etengabeko beldurra bizirik mantentzen”. Zein helbururekin? Gizartea "larritasun etengabean" mantenduta, "nazio bat etengabe armetan egotera behartzea".

Eta Palestinarrak?

Kontakizun sionistak hitz batekin lotu ditu nagusiki palestinarrak (eta arabiarrak oro har): terrorista. Baina iruditeria hori palestinarrek talde armatuak eratu edo sionistek Israelgo Estatua sortu baino askoz lehenago hasi ziren elikatzen.

Bigarren Aliya edo Migrazio Handiko (1904-1917) kolonoetako askok harriduraz hartu zuten palestinarren aurkikuntza Palestinan –gogoratu leloa: “Lurrik gabeko jende baten mugimendua, jenderik gabeko lur batera heltzen”–.  Herri Juduaren aberrian egon behar ez zuten “atzerritar” gisa deskribatu zituzten palestinarrak, jende “basa”, “desatsegina”, “arrotza”, bere hizkuntz, janzkera edo ohiturengatik.

Britainiarren Mandatu garaian (1917-1948), palestinarrak raa hola (“gaixotasun zitala” hebreeraz) izendatzea ohiko bilakatu zen, eta jada orduan sionistek “serioski baloratu” zuten arabiarrak herrialdetik kanporatzeko aukera.

Israelgo lehen ministro ohi Golda Meier: “Ez diegu arabiarrei inoiz barkatuko beraiei egitera behartu gintuztena”

1917an, Balfour Adierazpenaren ostean, protesta arabiarrak piztu ziren herrialdean. Sionismoaren arabera, orduan hasi zen “terrorea serioski eragiten”, eta ordutik aurrera increscendo jarraitu du etenik gabe. Zer dela eta? Ez dago azalpenik, sionismoaren arabera. Ez dago inongo loturarik bortizkeria kolonialaren eta palestinarren edozein motatako erresistentziaren artean (erresistentzia oro baita terrorismo). Kontrara: juduek eskua luzatzen diete palestinarrei, eta terrorismoa jasotzen dute ordainetan. “Arabiar kulturaren eta bizitzaren berezko ezaugarria” baita terrorismoa.

Kontakizun sionistan, palestinarren aurkako gerra erantzun defentsiboa da. Batzuetan sionistentzako ere mingarria den erantzuna, baina ezinbestekoa. Horri egiten dio erreferentzia Israelgo lehen ministro ohi Golda Meierren esaldi arranguratuak: “Ez diegu arabiarrei inoiz barkatuko beraiei egitera behartu gintuztena”.

Eta judu arabiarrak?

Arabiarrekiko herra herrialde arabiarretatik Israelera heldutako juduen aurka ere zuzentzen da. Holokaustotik bizirik irten zirenekin egin bezala, sionismoak bi taktika itxuraz kontraesankorrak baina mamiz osagarriak erabili ditu: Israelgo Estatura bueltatzeko presio egin; behin helduta, baztertu.

1952an mugimendu sionistako bi kide klandestino lepotik eskegi zituzten Iraken. Interes juduen aurka lehergailuak jartzea leporatuta epaitu zituzten, ustez judu irakiarrei beldurra sortu eta Palestinara joatea erabaki zezaten. Irakeko judu ‘zapalduak’ Israelgo Estatura eramateko operazioa, Holokaustotik bizirik irten zirenak eramatearen tamainako pisua du kontakizun sionistan, Pappék azaltzen duenez.

1952an mugimendu sionistako bi kide klandestino lepotik eskegi zituzten Iraken. Interes juduen aurka lehergailuak jartzea leporatuta epaitu zituzten, ustez judu irakiarrei beldurra sortu eta Palestinara joatea erabaki zezaten

Israelek mezu bikoitza zuzendu zion nazioarteari: palestinarrek borondatez egiten dute alde Israeletik; munduko juduak borondatez datoz. Palestinarren eta Holokaustotik bizirik irten zirenen borondateaz hitz egin dugu jada. Herrialde arabiarretan bizi ziren juduena Yehouda Shenhav Tel Aviveko soziologoak ikertu zuen. Shenhavek salatu zuen, migratzaileen lekukotza zuzenak hartuta, sionistek “basakeria eta jazarpena” baliatu zituztela jendea beren herrialdeetatik Israelera joan zedin. Helburua bikoitza zen: balantza demografikoa juduen alde jartzea palestinarren aldean, eta kanporatutako palestinarren lan esku merkea ordezkatzea. Izan ere, mizrahiak (herrialde arabiarretatik heldutako juduak) baztertuak izan dira Israelen estatuaren sorreratik bertatik, agintean dauden askenazien partez (Europa Ekialdetik heldutakoak). Mizrahiak ez ziren fidatzekoak, arriskutsuak ziren, eta haiek “desarabizatzea” lehentasunezko helburu aitortua bihurtu zen. “Gai izango al gara inoiz etorkin horiek Mendebaldeko zibilizazioaren mailara igoarazteko?”, adierazi zuen Golda Meierrek. “Ez balitz izan Holokaustoagatik eta 1948 ondoren Mendebaldetik heldutako migratzaileen kopuru urriagatik”, dio Pappék, sionistek nahiago zuketen judu arabiarrik gabeko Israel: “Judutarrak Israelera heldu ahala desarabizatuta eman zitzaion konponbidea ataka horri”.

Postsionismotik neosionismora

Sionismoaren proiektu politikoa, bere balore eta mundu ikuskerak, erabateko hegemonia izan dute Israelgo juduen artean, estatua sortu zenetik gaur egunera arte. Eskuinean zein ezkerrean: ez da ahaztu behar Alderdi Laborista egon zela agintean 1948-1977 aldi osoan. Baina, edozein proiektu kolonialetan bezala, honetan ere egon dira barne disidenteak hasieratik, traizioa garesti ordaindu duten salbuespen urriak. 90eko hamarkadan, ordea, egoera aldatu zen.

Mugimendu postsionistak ikusgarritasuna lortu zuen 90eko hamarkadan. Bertan barnebiltzen ziren sionista kritikoetatik antisionistetara. Garai hartan, barne zein kanpo arrazoiak tarteko, postsionismoak gaitasuna izan zuen sionismoaren hainbat mito auzitan jartzeko, eta eztabaida bere eremuetatik kanpora zabaltzeko. Postsionistenak dira, hain zuzen ere, erreportaje honetan sionismoaren kontakizun ofizialari kontrajarri zaizkion ikerketa eta ikuspuntuak. Bizitza laburra izan zuen mugimenduak, baina: 2000. urtean Bigarren Intifada lehertu zen, eta 1948tik ikusi gabeko palestinarren mobilizazio masiboek “ondorio suntsitzailea” izan zuten postsionismoan. “Aste gutxiren buruan batasunaren diskurtso berriak denak irentsi zituen”, postsionista eta antisionista ia denak barne.

Sionismoaren bertsio berritu bat garatzen hasi zen Israelen: neosionismoa, “balio sionisten bertsio guztiz nazionalista, arrazista eta dogmatikoa"

Hamarkada bereko bigarren erdialdean sionismoaren bertsio berritu bat garatzen hasi zen Israelen: neosionismoa, “balio sionisten bertsio guztiz nazionalista, arrazista eta dogmatikoa”, Pappéren arabera. Shalem Zentroa izan zen abiapuntua, 1996an sortua lehen ministroaren bulegoko eta AEBetako zenbait judu mezenasen diruarekin.

Pappéren esanetan, hasiera batean Shalem Zentroa eta bere kideak “esoterikoak” edo “patetikoak” ziren judu israeldar gehienen begietara; hamar urte igaro aurretik, “beren agenda XXI. mendeko Israelen ideia” bilakatua zen. 2000ko hamarkadako hasierarako, neosionismoaren balore eta ikuspuntuak nagusi ziren hezkuntzan, politika instituzionalean edo eremu legegilean.
Sionismo klasikoa eta neosionismoa bat zetozen, funtsean, proiektu kolonialean eta palestinarrei eman beharreko tratuan. Batasuna sendoa zen, baina ez erabatekoa: “Sionismo klasikoak eta neosionismoak politikoki ondo kolaboratzen zutela zirudien arren, kulturalki talka egiten zuten”. Sionismo klasikoak modernitate mendebaldarraren, Ilustrazioaren, humanismoaren edo laikotasunaren tradizioan kokatzen zuen bere burua; neosionismoak erlijio judua eta ikuspegi teleologikoa jartzen zituen erdigunean.

Hori da Pappék deskribatzen duen 2014ko Israel, liburua argitaratu zen urtea. Baina 2024an gaude.

Arazo europarra

Bidegabea litzateke Israel ulertzeko saiakerari orriak ematean Europari lerro batzuk gutxienik ez eskaintzea. Israel Europak palestinarrei sortutako arazoa baita.

Gazaren aurkako azken genozidioa hasi eta aste batzuetara Carlos Fernández Liria filosofoak Santiago Alba Rico mundu arabiarrean aditua elkarrizketatu zuen Youtubeko bere kanalean. Palestinarren aurkako genozidioa “Europaren antisemitismoaren fruitua eta jarraipena” da, Albaren iritzian. Antisemitismo hori mendetakoa da (Ingalaterrak juduak kanporatu zituen XIII. mendean, Espainiak 1492an...), “kanporatze eta sarraskitze proiektu europar” bati erantzuten dio eta une batzuetan lehenetsi du kanporatzea, bestetan sarraskitzea, edo biak erabili ditu aldi berean. “Kanporatze proiektuaren izenetako bat da sionismoa”, filosofoaren esanetan, eta azaltzen du, hain zuzen ere, sionismoa hasiera batean “oso txarto” hartu zutela judu askok, kanporaketa proiektu horren “konplize” zelako.

Europak une jakin batetik aurrera soilik onartu zituen juduak europar gisa: Europatik alde egin zutenean. Israelgo Estatuaren proiektua bi baldintzatatik bereizezina da, Albaren esanetan: “Juduok Europatik alde egiten dugu; behin kanpoan zuen gotorleku bihurtuko gara Ekialde Ertainean”. Europak bere erantzukizuna garbitzeko egin dezakeen okerrena, ordea, “bekatuak esternalizatzea” da, “Israelgo Estatuak beste herri batzuekin egin dezan zuk juduekin egindakoa”.

Israelgo barne gerra zibila

2023ko azaroaren 19an, Hamasen urriaren 7ko erasotik hilabete eta erdira, hitzaldia eman zuen Pappék AEBetako Berkeleyko Unibertsitatean. Mintzaldiaren lehen zatian erasoaren aurretik Israelgo jendartearen egoeraz aritu zen historialaria. Hilabeteak ziren astebururo ehunka milaka israeldar irteten zirela manifestazioan, Netanyahuren gobernuak burutu nahi zuen erreforma konstituzionalaren aurka. Erreforma gauzatzekotan, “botere politikoek sistema judizialaren gaineko erabateko kontrola izango lukete, eta eremu publikoa askoz ere kontrolatuago egongo litzateke talde judu mesianiko eta erlijiosoen aldetik”, azaldu zuen historialariak.

Israelgo juduak “barne gerra zibil” betean zeuden urriaren 7aren aurretik, Pappéren ustetan, “Judeako Estatuaren eta Israelgo Estatuaren” proiektuen artean. Judeako Estatuaren proiektua Cisjordaniako kolonoek bultzatzen dute nagusiki, “judaismo mesianikoaren, fanatismo sionistaren eta arrazakeriaren konbinazioa”. Israelgo Estatuarena Tel Aviv hiriburuak ordezkatzen du, “pluralista, demokratikoa, laikoa, eta, garrantzitsuena, mendebaldarra edo europarra”. Ematen du, hortaz, aurretik aipatutako sionismo klasikoaren eta neosinismoaren arteko arrakalak amildegi bihurtu direla azken hamarkadan.

Israel barneko borroka bi apartheid ereduren artekoa da: bata erlijiosoa, bestea laikoa

Baina, proiektu kolonialaren inguruko batasunak erabatekoa izaten jarraitzen du. Gerran dauden bi aldeen erantzuna berdina da okupazioaz galdetzean: gaiak ez du garrantzirik, ez dagoelako arazorik. Azken lau urteetan lau hauteskunde egon dira Israelen. “Inork ez zuen aipatu palestinarren gaia edo okupazioa. Israeldarrei ez zitzaien eskatu gai horri buruz bozkatzeko, jada ez baitzen arazo”. Israel barneko borroka “bi apartheiden artekoa” da, beraz: bata erlijiosoa, bestea laikoa.

Okupazioa ez zen arazo, Hamasek erasoa egin arte. “Erasoa hain izan zen bortitza, hain suntsitzailea, ezen barne eztabaida guztiak ahaztu egin baitira, eta jende guztia dago batuta armadaren inguruan, Gazako Zerrenda inbaditzeko egungo planari ekiteko eta jada abian zegoena sakontzeko: politika genozidak. Ilusio optiko bat dela uste dut, Israelgo barne gatazka ez dela desagertuko. Itzuliko da. Ez dakit noiz, baina itzuliko da”.

Bitartean, genozidioaren azelerazio disimulatu gabea pairatzen jarraitzen dute palestinarrek, telebistek zuzenean emana, Israelgo jendartearen eta Mendebaldeko estatu eta agintari nagusien babesarekin. Eta konpondu beharreko arazo dira, soilik, beren egoera are gehiago larriagotzen duten arazoak sortzen dituztenean, urriaren 7an gertatu moduan. Gurpil zoroa apurtzeko zer egin aspaldi proposatu ziguten palestinarrek: boikota.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Israel
Euskal Herriko hainbat musika taldek bat egin dute Spotify-ri boikot kanpainarekin

Naxker, Fermin Muguruza eta Bloñ musika taldeek, besteak beste, bat egin dute Musikariak Palestinarekin plataformak abiatutako Spotify-ren aurkako ekimenarekin. Hain justu, musika erreproduzitzeko aplikazio erraldoiaren jabe nagusiari, Daniel Ek-eik, egozten zaio Israelek... [+]


Francesca Albanese, NBEko errelatorea: “Israelek flotilla geldiaraziko balu, nazioarteko legea urratuko luke berriro”

Nazioarteko ontzidiak larrialdiko prentsaurrekoa deitu du asteazken goizean, “arrisku eremuan” sartu berritan. Itsasontzietan dauden kideek “intimidazioa” eta “gerra psikologikoa” salatu dituzte Israelen eskutik. Albanese NBEko errelatore... [+]


2025-09-30 | Jon Torner Zabala
Hauek dira Trumpek proposatu dituen 20 puntuak Gazarako

Gazako gerra amaitzea helburu, Etxe Zuriak 20 puntuko proposamena aurkeztu du. Besteak beste, Trump bera buru duen batzorde batek ikuskatuko lukeen trantsiziozko gobernua aipatzen da. "Beste kide eta estatuburu batzuek osatuko lukete batzorde hori, Erresuma Batuko lehen... [+]


Trumpen Gazako Erribera
Garbiketa etnikoa luxuz mozorrotuta

“Nahiago nuke Gaza itsasoan hondoratuko balitz”, esan zuen Yitzhak Rabin lehen ministro israeldarrak 1992an. Eskuin muturreko kolono judutar batek hil zuen eta ez du ikusiko, baina nola hala asmatze bidean doa, gazatarrei itsasoan itotzea baino beste irtenbiderik ez... [+]


Rashid Khalidi, historialaria
"Buruzagi europarrak ere epaitu beharko lirateke genozidioarekin duten konplizitateagatik"

Ikuspegi zorrotzeko gizona, ahobizarrik gabe mintzo da Rashid Khalidi (New York, 1948). Jatorri palestinar eta libanoarreko historialari estatubatuarra da, Ekialde Hurbilean espezialista. Palestinako politikagintzan eta diplomazian parte hartze zuzena izan duen familia bateko... [+]


Ondare historikoen suntsiketa planifikatua, Israelen izana justifikatzeko

Monumentu historikoak, aztarnategi arkeologikoak, artxiboak, liburuak, artefaktuak... Gazako ondarea bonben pean galtzen ari da. 5.000 urtetako iraganaren aztarnak betirako galduak. Hori ez da "gerra-istripu" bat edo genozidioaren "albo-kaltea". Aspaldian... [+]


Ostegunerako Palestinaren aldeko mobilizazioak deitu ditu Palestinako GKEen Sareak

Irailaren 18a Palestinaren Aldeko Borroka Eguna izango da nazioartean, NBEk Palestinako okupazioarekin amaitzeko hartutako ebazpenetik urtebetera. Hego Euskal Herriko hiru hiriburutan mobilizazioak deitu dituzte. 


Von der Leyenek Israelekin akordioak “partzialki” etetea proposatu du, baina EBk hori adostea “oso zaila” izango dela iragarrita

EB eta Israelen arteko “Elkartze Akordioaren merkataritza arloa partzialki etetea” proposatu du Europako Batzordeko presidenteak. Neurriak indarrean jartzeko EBko herrialdeen gehiengoak eman behar dio babesa, eta hori “oso zaila” izango dela adierazi du... [+]


Bigarren erasoa Gazara doan flotillaren aurka, oraingoan ere drone bidez

Global Sumud Flotillan parte hartzen duen Alma itsasontziari drone bidez eraso egin diote asteartetik asteazkenerako gauean, Tunisiako kostan. Aurreko egunean berdina gertatu zitzaion ontzidiko beste itsasontzi bati eta beraz, bi egunetan pairatutako bigarren erasoa da.


Ontzidian doazenak "terroristatzat" hartu ditu Israelek eta mehatxu egin du: "Ez dira atxiloketa arinak izango"

Israelgo Gobernuaren esanetan, bere subiranotasunaren aurka eta Hamasen alde dago Global Sumud Flotilla egitasmoa. Hortaz, esku hartze gogorrak iragarri ditu.


2025-08-30 | Patxi Aznar
Beste urrats oker bat

Duela gutxi, Netanyahuren gobernuak, AEBen baimenarekin, legez kanpoko jarduerarekin jarraitzea erabaki du Gazan, eta zerrenda osoaren kontrola hartzea. Historia pixka bat egingo dut ez zaidalako zuzena iruditzen komunikabide edo kazetari batzuek Gazan gertatzen ari dena 2023ko... [+]


Israelek Gazako Nasser ospitaleari eraso egin dio, eta gutxienez 20 pertsona hil ditu, tartean bost kazetari

Gazako osasun zentro nagusia bonbardatu du Israelek. Hildakoen artean bost kazetari daude, Reuters, AP, Al Jazeera eta NBCkoak. 


Reem Dandan, Gazarako Mugimendu Globala
"Gure herrian genozidioaren konplizeak badaude, gure erantzukizuna da horiek salatzea"

Global Sumud Flotillak deituta, dozenaka ontzi itsasoz ahaleginduko dira Israelek ezarritako blokeoa hausten. Ekimenera mundu osoko aktibistak batu dira, tartean lau euskal herritar. Deialdiari babesa adierazteko, Gazarako Mugimendu Globaleko Euskal Herriko delegazioak hainbat... [+]


Eguneraketa berriak daude