"Emakume epaile gutxi dago, gutxietsiak izateko beldurra dugulako"

  • Frontoia du habitat Naroa Iturainek (Iruñea, 1992). Pilotaria da, baita pilota epailea ere. Umetan ikusmina piztu zion palak, eta pasioari jarraika, esku-pilotan hasi zen gerora. Alabaina, ia behartuta egin zen epaile, emakumeen arteko neurketak pilotariek beraiek zuzendu behar izaten zituztelako. Bada, ikasketak Aragoin egin, jardunari ekin, eta epaile lana egin zitzaion atsegin. Begi zorrotzez jarraitzen ditu jokaldiak, eta iaz Munduko Txapelketan aritu ondotik, Nafarroako Gobernuak 2022ko kirol epailerik onenaren saria eman zion urte hasieran. Aitortzez harago, emakume gehiago ikusi nahi ditu frontoietan agintea hartuta.

Argazkia: Jon Urbe / Foku
Argazkia: Jon Urbe / Foku

Zer ezaugarri behar ditu pilota epaile on batek?

Batez ere, araudia jakin behar duzu, eta behar bezala aplikatu behar duzu frontoian. Horrez gain, pilotariek edo zaleek diotenak ez dute eraginik izan behar zure erabakietan. Norbere irizpidea garbi edukitzea oso garrantzitsua da, eta horrekin batera, jakitea zer den zuzena eta zer ez. Arreta jokaldietan jarri behar duzu uneoro: modalitate bakoitzak bere abiadura du, baina dena oso azkar gertatzen da beti. Pilotari eta pilotariei erreparatu behar diezu, baita kanpoan gertatzen ari denari ere. Zure arretak frontoian egon behar du erabat. Epaileak ez du protagonista izan behar; jendeak ez badu zutaz ezer esaten, lan ona egin duzun seinale da.

Partida jokatzen ari dela, egoera nahasiak argitzea da gure zeregin nagusia. Ika-mika gehien pilotari batek besteari enbarazu egiten dionean sortzen da. Batek esaten du nahita egin diola, eta besteak dio nahigabe izan dela. Berdin gertatzen da pilotak botea kontrakantxako marratik oso gertu ematen duenean. Begi oso zorrotza eduki behar dugu, eta epaile laguntzaileengan konfiantza eduki. Arrastoak kontrolatzen aritzen dira haiek.

Kirol epailerik onenaren saria eman zizun Nafarroako Gobernuak.

Aitortza ederra izan zen. Ez nuen espero, denbora asko baitaramat Aragoin bizitzen. Zaragozan egin nuen epaile ikastaroa, 2018an, eta ondoren, estatu mailan eta nazioarteko txapelketetan aritzeko baimenak lortu nituen. Urtarrilean bozketa epea ireki zen Nafarroako epaile onena hautatzeko, eta esteka bidali zidaten. Ezusteko handia izan zen nire izena hautagaien artean ikustea. “Nola liteke ni hemen egotea?”, pentsatu nuen. Beste bi hautagai zeuden: areto futboleko epaile bat, eta eskubaloiko beste bat. Pentsatzen nuen pilotako epaile bat baino ezagunagoak izango zirela, baina botoen %55 lortuta irabazi nuen. Oso pozgarria izan zen, etxean nire lana aintzat hartzen dutela erakusten baitu.

Beharrarengatik hasi zinen epaile lanetan. Esku-pilotan zenbiltzala, ez zenuten inor izaten partidak zuzentzeko.

Ni beti frontoi baten barruan egon naiz. Txikitan palan hasi nintzen. Emakumeek, normalean, kontrako bidea egiten zuten: esku-pilotan hasten ziren, eta gero, palara pasa behar izaten zuten. Niri bi modalitateak gustatzen zitzaizkidan. Eskuz jokatzen hasi nintzenean, Aldatze taldea sortu genuen Iruñean. Nafarroako Txapelketa jokatzen genuen, eta federazioak epaileak bidaltzen zituen. Baina epaile nahikorik ez zegoenean, gure kasa moldatzeko esaten ziguten. Pilotariok aritu behar izaten genuen epaile lanetan. Gure partidei seriotasuna eta nolabaiteko ofizialtasuna emateko, epaile ikastaroa egitea erabaki nuen.

Ordea, Nafarroako Federazioak ez zuen ikastaro hori antolatzen. Aragoin egin behar izan zenuen.

Bizpahiru urtez eskatu nuen Nafarroan ikastaroa eskaini zezaten, baina ez zen posible izan. Ordurako harremana nuen Aragoiko Federazioarekin, eta ikastaroa han egin nuen azkenean. Asteburu bateko kontua izan zen. Aragoin egin nuenez, Nafarroan ezin nuen partidarik zuzendu. Bi urte geroago, estatu mailako titulua lortu nuen. Lurralde mailako ikastaroaren antzekoa izan zen: proba fisikoak, klaseak, azterketa teorikoa, eta praktika pixka bat. Egia esan, gustatu egin zitzaidan epaile lana. Jokatzen gozatu egiten dut, baina ederra da ere marratik beste aldera egotea. Aurrera eginez joan naiz. Eta iaz, Miarritzeko Munduko Pilota Txapelketan aritzeko aukera izan nuen.

Ika-mikarik izan duzu epaile bezala hartutako erabakiren batengatik?

Bai. Pandemia garaian izan zen, 2020an, Coruñan jokatu zen Errege Kopan. Nafarroa Kataluniaren aurka aritu zen finalerdietan, eta momentu batean, kataluniarretako batek buelta emateko eskatu zidan, enbarazu egin ziotelakoan. Haserre zegoen, eta esaten zidan nire selekzioaren aldeko erabakiak hartzen ari nintzela. Egoera oso zakarra bizi izan zen, baina biharamunean barkamena eskatu zidan, erabaki zuzena hartu bainuen. Partida grabatuta zegoen. Momentuan bertan garbi ikusi nuen jokaldia.

Emakume epaileekin zorrotzagoa da jendea frontoian?

Frontoietako patriarkatua hor dago, eta uste nuen jendea nik huts egiteko zain egongo zela. Baina gaur egun, jende gehiena ohituta dago emakumeak frontoietan ikusten, eta epaile bezala ez dut mespretxurik sentitu. Hori bai, emakume pilotarien kopurua gora egiten ari den arren, epaileak falta dira. Gutxi gara oraindik. Noizbehinka agertzen dira batzuk, baina ez dago gorakadarik.

Zein da horren arrazoia?

Hasieran emakume guztiok izaten dugun beldurra: ea zer esango duten, gure erabakiak ezbaian jarriko dituzten, zer gertatuko den hanka sartzen badugu… Gutxietsiak izateko beldurra dugu. Horren ondorioz, geroz eta urduriago jartzen zara, eta lotsa sentitzen duzu frontoira ateratzeko. Baina pentsatu behar dugu emakumeok ere berdin-berdin egin dezakegula epaile lana. Mutilek gure partidak zuzentzen dituzten bezala, guk kontrakoa ere egin dezakegu. Beldur hori galdu behar dugu, guztiok dugulako eskubidea akatsak egiteko. Edozeinek sar dezake hanka. Normala da. Okerrak egin arren, gozatu egin daiteke.

Apurtzailea da frontoi barruan agintea emakume baten esku egotea. Presiorik sentitu duzu?

Pandemia baino lehen nire lehen Espainiako Txapelketa zuzendu nuen, beste neska batekin batera. Emakumeen astea zen, eta bigarren mailako finala zuzentzen jarri gintuzten. Gozoki pozoitua izan zen: lan ona eginez gero aurrerantzean emakume epaileok gauzak errazago izan genitzakeen, baina hanka sartuta batzuei argudioak emango genizkien esateko bi emakumezko epaile ezin ginela batera aritu. Pilotari guztiak mutilak ziren. Presio handia izan genuen, eta oso urduri sentitu ginen. Hori bai, jendea adeitsua izan zen gurekin.

Miarritzeko Munduko Txapelketan ere final bat zuzendu zenuen. Partida horren garrantzitsuak zuzentzea da emakumeei epaile izan daitezkeela erakusteko modurik onena?

Hala da. Final hura sekulako erronka izan zen. Goiz hartako partidarik zailena izan zen, eta gainera, Espainiak eta Frantziak jokatu zuten. Konfiantza handia izan zuten nigan. Prest ikusi ninduten zailtasun handiko partida bat zuzentzeko. Kontua da, harmailetan Frantziaren aldeko zale asko zegoela, eta ni Espainiaren izenean nindoala… Hor ere presiopean aritu nintzen. “Ea zer egiten dudan, zeren bestela jendea gainera etorriko zait”, pentsatu nuen. Tentsio handiko partida izan zen, eta bihotz taupadak bizi-bizi sentitu nituen. Edonola ere, gauzak behar bezala egin nituen, eta oso esperientzia aberasgarria izan zen niretzat.

Kirol erakundeak berritu beharra dago pilotan berdintasuna indartzeko?

Erakundeak beti gizonen esku egon dira, nahiz eta geroz eta emakume gehiago dagoen. Behar da bultzada bat, emakumeen lan-taldeak sustatzeko. Garrantzitsua da emakumeak pilotan eta epaile lanetan aritzea, baina baita erakundeetan agintari bezala egotea ere. Eta hori oso arraroa da. Normalean, gizonezkoak izaten dira federazioen presidente. Aragoin emakume bat dugu, eta bera da bakarra Espainiako Estatuan. Urte asko daraman jendea dabil pilota erakundeetan, eta errelebo baten beharra ikusten dut. Pilotak haize berriak behar ditu.

Federazioetako agintariek gizonak emakumeen aurretik jartzen dituzte epaileak aukeratzerakoan?

Normalean, ezaguna duten eta eskarmentu handia duen gizon bat aukeratzen dute partida garrantzitsuetarako. Agian badago neska bat ere oso ona dena epaile lana egiten, baina ez dituenez hainbeste partida zuzendu, ez zaio aukera ematen. Badakigu lege zaharreko agintariek ez dutela apustu hori egingo, eta ahotsa goratu egin behar dugu guk.

Zer lan-baldintza dituzue epaileek?

Baldintza eskasak ditugu. Espainiako Federazioak hamabi euro ordaintzen dizkie epaile nagusiei, eta hamar euro laguntzaileei. Hutsaren hurrena da. Eta lurralde bakoitzeko federazioak ere antzera ordaintzen du. Alde horretatik, epaile lana ez da batere erakargarria. Pilotari onek askoz ere diru gehiago jasotzen dute. Batzuoi asko gustatzen zaigu epaile aritzea, eta horregatik jarraitzen dugu. Jasotzen den diruarengatik balitz, ez legoke epailerik.

Zer partida zuzentzea nahiko zenuke etorkizunean?

2026an Argentinan jokatuko da Munduko Txapelketa, eta han izaten saiatuko naiz. 2030ekoa, berriz, Bilbon jokatuko da. Amets polita izan daiteke. Eta epe laburrean, datorren urtean Iruñean jokatuko den 22 urtez azpiko Munduko Txapelketa aipatuko nuke. Ederra litzateke etxean halako torneo bat barrutik bizitzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pilota
2024-02-25 | Estitxu Eizagirre
Irabazi eta galdu

Txikitatik bizi dugu lehia gizarte honetan: umetan haurren arteko jolasetan, heldutakoan bizitzako eremu guztietan –batzuetan kontzienteki onartzen dugu jokatzea eta bestetan nahi gabe erortzen gara lehia dinamiketan–. Agian horregatik dira kirolariak gizarte... [+]


Eguneraketa berriak daude