Lur bat, kolektiboa, itxaropen haziak ereiteko

  • Gipuzkoako kostaldean, Urola ibaiaren meandroan daude Amillubi baserria eta bere lurrak (toponimoaren arabera “Amilibia”). Udalerriz Zestoa da eta Iraeta auzoan dago naturaren paradisu txiki hau. Aurten 30 urte bete dituen nekazaritza ekologikoaren aldeko Biolur elkarteak ondasun kolektibo bihurtu nahi du eremu hori: lurrarekin errespetuzkoa den laborantza eginez bertan, nekazariek lurrak baldintza onetan eskuratu ditzaten eta herritarrek, elikagaiak. Deia zabalik da herritar, erakunde eta enpresen artean, Amillubiko metro koadro bat lur babestu dezagun bakoitzak. Begirada estrategikoarekin, praktikatik erantzun nahi diete elikaduraren etorkizuneko erronkei.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA

2023ko abenduaren 04an

Amillubin noizbait egon denak ez du arrazoiketa potolorik behar natur ondare hori ondasun kolektibo bihurtzeko deiaren aurrean: naturaren indarra sentitzea baino handiagorik ez dago. Gainera, nor hoberik eremu hori zaintzeko, naturarekin errespetuzkoa den laborantza egiten dutenen eskuak baino? Paisaia horrekin herritarrek duten harremana etengabe sendotuko da Urola bailaran, bertan sortutako elikagai osasuntsuak herritarren eskura jartzen diren bakoitzean.

Praktika bera da muina Amillubi proiektuan. Erreportaje honetako koadroan irakur daitezke Amillubin burutu nahi diren ekintza zehatzak eta berau bultzatzeko arrazoiak. Baina proiektu honen oinarrian den ikuspegi estrategikoa ezagutzeko batu gara bertako talde eragileko kide diren Mirene Begiristain Zubillaga, Ioritz Aizpuru Goitia eta Myrian Imaz Juaristirekin. Amillubiko lurrek zer ekarriko duten galdetu diegu eta hauxe erantzun digute: "Esperantza. Garai hauetan, aurrera begirako proiektuak benetan ditugu beharrezko, ezin gara diagnostikoan geratu. Zeren diagnostikoak ikusita, horrelako proiektuentzako arrazoirik ez da falta: baserritarrek euren ekoizpen proiektuak mantentzeko dituzten oztopo eta zailtasunak, elikagaien prezioak eta hortik zenbat jasotzen duten nekazariek... Amillubik itxaropena ematen du, hau proiektu estrategiko bat da baina praktikatik. Ez ditu egiturazko arazoak aldatzen, baina sektorean dauden hainbat arazo estrukturalei erantzuten die".

Ioritz Aizpuru Goitia, Myrian Imaz Juaristi eta Mirene Begiristain Zubillaga Amillubi proiektuko Talde Eragileko kideak dira. Aizpuru Azpeitiko Elikaguneko langilea ere bada: bere lanaren bidez iritsi zen Biolurreko bazkide egitera 2019an. Imaz Emakumea* surflari proiektuko kidea ere bada: iaz egin zen Biolurreko bazkide, elikadurarekiko ardurak bultzatuta. Begiristain Biolurreko talde koordinatzaileko kide ere bada: 1995ean egin zen Biolurreko bazkide, nekazaritza ekologikoaren ikerketak inguratu baitzuten elkartera. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA.

ARGIAren irakurleak maiz irakurri izango du arazo horiez: ekoizleen lan baldintzak, errelebo falta, lurraren artifizializazioaren eta espekulazioaren ondorioz lurra eskuratzeko dauden zailtasunak... horiek denak gogoan izanda, "praktikatik arazo horien irtenbiderako tresnak" jarri nahi dituzte Amillubin: "Erreleboa da lehen sektoreak bizi duen arazo larrienetakoa. Hasi nahi duten pertsonei lurrak baldintza onetan utziko zaizkie Amillubin, eta proiektuari ekiteko babesa ere jasoko dute bertan. Baina horrekin batera beste arazo larria dira lan baldintzak; jendea ez da laborantzan geratzen, baldintzarik ez dagoelako. Amillubin lan baldintza onak sortu nahi ditugu, modu kolektiboan". Elikagaien ekoizle-herritar-eragileen arteko sarea jostea bera ere ekarpen ederra dela nabarmendu dute.

Urola ibaiaren meandroa. Oraingoz 90.000 metro koadro lur izango dituen Amillubi proiektuak (muino honen azpian geratzen da, ezkerrean ikusten den etxe gorriaren parean) badu aukera aurrera begira hazteko. Izan ere, bere lurrekin muga egiten duen eremua  Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa da: 260.000 metro koadro ditu eta nekazaritza kalifikazioa duten lurrak dira (irudian ikusten diren lur hauek guztiak). Biolurreko hiru kideek argi dute: "Horrek askorako ematen du Gipuzkoa osoaren elikadurari begira". Argazki: Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA.

Hala ere argi utzi nahi izan dute arazoa egiturazkoa dela eta maila politikoan eragiten jarraitu beharko dutela: "Politika publikoek sekulako garrantzia dute lehen sektorearen etorkizunerako, eta egun martxan dauden politikek ez diete erantzuten arazo horiei. Baina ezin dugu zain eta kanpora begira egon. Guk guretik eta txikitasunetik erantzun batzuk emango ditugu proiektu zehatz honekin, estrategia baten baitan, jakinik egiturazko arazoek hor jarraituko dutela".

Txikitasunetik eta praktikatik, zein da lurrean ereingo duten estrategia? "Elikadura burujabetzaren estrategia eraikitzeari aukera eskaintzen dio Amillubik Euskal Herriari, aliantzen bidez. Ez dugu elikadura burujabetzarik, eta eskuragarritasunari buruz ere herritarroi askotan ahaztu egiten zaigu eguneroko elikagaiak ez dauzkagula bermatuta. Mugak itxiko balira, jaten dugunaren %10 soilik da bertakoa. Elikadura burujabetzaren estrategia definituta daukagu baina egiturak falta ditugu behar besteko eskala jauzirik emateko. Amillubik eman dezake aukera hori, Amillubin sendotu den aliantzen bideari jarraituta Hego Lurzaindia sortzen bada".

Amillubi proiektua abenduaren 1ean aurkeztu berri diete herritarrei Azpeitian, eta Durangoko Azokan dago hurrengo aurkezpena ikusteko aukera: abenduaren 8an, 15:30ean, Landako gunean. Amillubiko lurrak eta baserria erosteko eta konponketa lanak egiteko beharrezko diren 390.000 euro biltzeko gogotik lan egin behar da (ikus koadroan planteamendu ekonomikoa zein den)... eta dagoeneko Hego Lurzaindia sortzeko asmotan? Nabari da lehen sektorea ohituta dagoela begia etorkizuneko uztan izaten. Horrela azaldu digute sakonago etorkizuneko aukera, hiru kide hauen artean: "Amillubi Hego Lurzaindiaren lehen pausoa izan daitekeela diogu. Ipar Euskal Herrian hamar urteko ibilbidea du Lurzaindiak eta hainbat eragileren arteko elkarlanarekin lortzen dute lurrak eskuratzea eta ekoizleen eskura jartzea. Horri esker ekoizle berriak finkatu dira sektorean eta lehendik ari zirenei aukera eman die beren ekoizpenak egonkortzeko. Amillubi da gure proiektua oraingoz, baina izan daiteke Lurzaindia ekimena Hegoaldera ekartzeko lehen urratsa. Lurzaindiarekin harremanetan gaude". Hala ere, garbi utzi nahi izan dute: "Hau ez du Biolurrek bakarrik egingo, beste eragileekin batera egin beharko da". Amillubi proiektuari ekiteko aliantzak jostea ezinbesteko dela diote, erreportaje honetan aurrerago azalduko dugun gisa.

Amillubi proiektuak 9 hektarea lur emankorrez gain, 514 metro koadroko baserria izango du. Horiek erosi eta baserria konpontzeko 390.000 euro eskuratu behar dituzte bi urtean. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA.

Hego Lurzaindia abiatu edo ez, oraingoz 90.000 metro koadro lur izango dituen Amillubi proiektuak berak badu aukera aurrera begira hazteko. Izan ere, bere lurrekin muga egiten duen eremua  Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa da: 260.000 metro koadro ditu eta nekazaritza kalifikazioa duten lurrak dira. Biolurreko hiru kideek argi dute: "Horrek askorako ematen du Gipuzkoa osoaren elikadurari begira. Meandro guztia elikagaien ekoizpenerako gune garrantzitsua izateko aukera dago. Politika publikoetatik sustatu beharreko bidea izango da eta Biolur, bere ahalmenen arabera, prest egongo da parte hartzeko eta akuilu lana egiteko".

Biolurren 30. urteurrenean

Biolurren 30. urteurrenean jarri da martxan Amillubi proiektua. Gogoan dute Amillubirekin aurrera egin edo ez erabakitzeko Aizarnazabalen egin zuten Biolurren ezohiko batzarra: "Duela 30 urte Biolurren sorreran egon ziren kideak batzar hartan ilusioz ikusteak, erabaki kolektiboa hartzeak eta babesa sentitzeak segurtasuna ematen digu". Baina erabakia hartzera iristeko, Biolurreko zenbait kide eta sortzailerekin hainbat babarrun jate egin dituztela aitortu dute: "Konpartitzeko beharra geneukan, erabakia hartzeak bere denbora behar izan du. Duela 30 urte Biolur sortu zutenek sarerik gabe egin zuten apustua eta orain beste jauzi bat egitera goaz, baina kolektiboan eta sarearekin. Urte hauetan guztietan zer sare eraiki dugun ikustea hunkigarria da. Nahiz eta bertigoa eman, ez goaz bakarrik".

Biolur elkartearen aliantzak Amillubi proiektuan
Ekoizpenarekin lotutako eragileak: Ekolurra, Lurzaindia, EHKOlektiboa, Errez, Kimubat, Alkartasuna, Tantai, Leartiker · Kontsumo elkarteak: Elikagunea, Ereindajan, Lakari, Biziola · Erakunde publikoak: Udalbiltza eta Zestoa, Azpeitia, Aizarnazabal, Zumaia eta Oñatiko udalak · Ekonomia sozialeko eragileak: Olatukoop, Goiener, Coop57, Talaios · Komunikabideak: ARGIA, Berria, Danbolin, Urola Komunikazio Taldea · Eragile sozialak: Zumardia · Eta oraindik etortzeko daudenak: ... Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA.

Sarea elkarlanaren bidez josi dute urtez urte, Biolurren hautua izan baita proiektuak propio beste eragileekin  batera garatzea: "Egun dugun sarea, urteetan egin dugun bidearen fruitua da. Amillubiri ekitea posible egin duen aliantza sortu da une honetan, baina ez hutsetik, azken urteetan egin ditugun bideetatik baizik. Kontsumo elkarteak, udalak, gizarte eragileak, erakundeak, ekonomia sozial eraldatzaileko eragileak... horiekin denekin proiektuak garatu izan ditugu lehendik eta indar hori da Amillubin batu dena. Gainera, lehendik sortua zegoen sare hori sendotu egin da Amillubi proiektuarekin, artikulatu". Erreportaje honen koadroan irakur daitezke Amillubin oraingoz hezurmamitu diren aliantzak, eta oraindik askoz gehiago zabaltzen ari dira Biolurreko kideak.

Indartsu dago Biolur, bere urteurrenean: 320 bazkidetik gora ditu, horietatik erdiak baserritarrak eta beste erdiak herritar eta eragileak. Biolur ezagutu nahi duenarentzat, eta bertako bazkide eginez Amillubiri sustengu iraunkorra eman nahi dionarentzat, ateak zabalik dituzte.

Indartsu eta sasoiko dago, bai, Biolur, eta poza ematen du ikusteak zein den Amillubi proiektuko lantaldean nagusi den profila: emakume* laborari edota gazteak.

ARGIA Biolurrekin eta Alkartasuna kooperatibarekin  biltzen da urtero Ilargiaren Egutegia lantzeko. Pandemia garaian indartu zen Biolurren eta ARGIAren arteko harremana, beste hainbat eragilerekin batera Lurra Herriari Deika kamisetak atera zituztenean, agroekologia mugimenduarekiko elkartasuna sustatzeko. Amillubi proiektuaren lantaldean parte hartzen ari da ARGIA. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA.
“Gipuzkoan ez dago horrelako beste lurrik”

Bioaniztasunean paraje aberatsa da Amillubi. Urola ibaiaren U formako meandroak bizigune berezia egiten du. Horrela azaldu digute hiru kideek: "Erriberako lurrak beti izan dira emankorrak. Amillubiko lurrak balio agroekologiko handikoak dira, sakonera handia dute, eta ibai ondoan egon arren ez dago arriskurik eremu hori uholdeek harrapatzeko". Lur emankorraz gain, Amillubiren beste altxorra ura da: "Klima larrialdiaren testuinguruan, ura arazo handia da eta Amillubin ura ziurtatuago dago, meandroan kokatuta dagoelako, batetik, eta mendi urak ere jasotzen dituelako, bestetik".

Ohartarazi dute egun Gipuzkoan ez dagoela laborantzarako horrelako baldintzak dituen lurrik: lur eremu zabal eta laua, emankorra eta logistikoki ongi kokatua dagoena bertan sortutako elikagaiak herritarrenganaino erraz eramateko... Zer gertatu da, bada, gure herrietako lur emankorrekin, gaur egun Amillubi salbuespena izan dadin? "Gure nekazaritza lur onenak artifizializatu egin dira, etxeak, enpresak, errepideak eta azpiegiturak egiteko. Lehentasuna beste erabilera batzuei ematen zaie eta nekazaritza ez da estrategiko gisa ikusten. Etxebizitzetara, industriara eta mugikortasunera joan dira nekazaritza lur onenak, bereziki Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroa Garaian eta Lapurdin".

Agroekologia, etorkizuneko elikadura

Esanguratsua da 2023 amaieran estrategikotzat jotzen diren bi proiektu abiatuko direla Gipuzkoan: bata Amillubi, agroekologikoa, lurraren kolektibizazioan oinarritua eta elikadura burujabetza helburu duena. Eta bestea Donostiako parke teknologikoan, haragi industriaren mundu mailako multinazional handienarena, bioteknologian oinarritua, haragi sintetikoa egingo duena eta Europa osora gehien inportatuko duena izatearekin harrotzen dena. Etorkizuneko elikadura zein izango den dago jokoan momentu honetan.

Amillubirako iruditegia Ione Larrago ilustratzaileak egina da.

Ioritz Aizpuruk hartu du hitza: "Inoiz baino garbiago dago, krisi klimatiko, energetiko eta gainerakoen testuinguru honetan, gure elikadura sortu behar dugula, lurrarekin errespetuzkoa den moduetan. Horregatik egin behar dugu agroekologia. Haragi sintetikoa batetik, laborategian ekoiztutako janaria bestetik... inoiz baino garrantzitsuagoa da alternatibak martxan jartzea".

Myrian Imazek jarraitu dio: "Nik ez dut bestela ulertzen, benetako elikagaiak dira nire seme-alabentzat nahi ditudanak eta ez janari prozesatuak, artifizialak eta sortzen ari direnak. Ni horrek mugitzen nau bereziki. Ikusita inguruan gero eta osasun arazo gehiago ditugula... osasunaren ardura norberak izan behar du eta horrek narama sustraietara eta txikira. Egitura asko eraitsi eta berriak eraiki behar ditugu, zentzuz".

Mirene Begiristainek gehitu du: "Duela 30 urte Biolur sortu zenean, sortzaileek kontatzen dute nola begiratzen zieten 'hippie' moduan, eta ordurako Europan nekazaritza ekologikoan gauzak mugitzen ari ziren, hemengoek erreferente haiei begiratu zieten. Urte hauetan maila teknikoan asko ikasi eta aurreratu da. Agroekologiak mahai gainean jartzen ditu ekoizpen modu ekologikoaz gain beste dimentsio batzuk ere: bertan saltzea, baldintza duinetan, gure kulturari begiratuta... Egun, jada Europar Adierazpenak ere agroekologia onartzen du bide bat bezala eta Nazio Batuen Elikadurarako eta Laborantzarako Erakundeak (FAO gisa ezagutzen denak) dio nazioarte mailan agroekologia dela jarraitu beharreko bidea. Baina bi ekoizpen eta elikadura ereduen talka nabarmena da; 1970eko hamarkadan 'iraultza berdea' deitu zioten momentuan bezala, agroekologiak gaur egun ere talka egiten du beste interes batzuekin. Haragi artifiziala planteatzen dutenean, bioteknologiaren bidea bultzatzen dutenean... beste interes batzuei begira daude, ez daude planetaren eta pertsonen zaintzari eta osasunari begira".

Eta zuk? Nolako elikadura, nolako laborantza eta nolako ingurua nahi dituzu etorkizunerako? Etorkizun hori lantzeko urrats bat izan daiteke Amillubi proiektuko metro koadro bat lur babestea (ikus koadroan horretarako bideak).

Zergatik Amillubi?

1 /  Lehen sektoreak daukan lurraren beharrari erantzuten dio, oso baldintza egokietan.
2 /  Balio agroekologiko handiko eremua da: lurrak oso emankorrak dira eta lauak.
3 /  Urola ibaiaren meandroan egonik, ura eskura dago.
4 /  Logistikoki oso ongi kokatuta dago bertan sortutako elikagaiak saltokietara banatzeko.
5 /  Gipuzkoan ez dago horrelako baldintzetan lantzeko lur askorik.
6 /  Amillubirekin muga egiten duten lurrek aukera ematen dute etorkizunean proiektua hazteko: Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa den 26 hektareako lur eremua da, nekazaritza kalifikazioa duena.

Ilustrazioa: Ione Larrago.

 

Zer egingo da bertan?

1 /  Ekoizleei (dagoeneko elikagaiak sortzen dituztenei zein berriei) lurra utziko die, baldintza onetan.
2 /  Lan baldintza duinak sortu nahi dituzte laborarientzat, modu kolektiboan.
3 /  Elikagaiak sortu: Urola bailarako elikadura sistemari elikagaiak jarriko dizkio eskura.
4 /  Orain ari dira proiektu zehatzak aztertzen, udaberrian lurrak nola martxan jarri erabakitzeko. Biolurreko ekoizleek beren beharrei erantzuteko hainbat proiektu proposatu dituzte eta horiek izan daitezke Amillubin lehenik gauzatuko direnak.
Aurrerago landu daitezkeen proiektu hauek identifikatu dituzte:
5 /  Landare ekologikoen mintegia jarri.
6 /  Laborantza agroekologikoaren esperimentazio gunea izan.
7 /  Tresneria amankomuna gordetzeko gunea izan.
8 /  Elikagaien hornikuntza gunea izan.
9 /  Laborantzan hasi nahi dutenentzat trebaleku funtzioa bete.
10 /  Formazio eta sentsibilizazio saioak egin.
11 /  ...

 

Ilustrazioa: Ione Larrago.
390.000 euro lortu beharra: babestu metro koadro bat lur

Nekazaritza ekologikoaren aldeko Biolur elkarteak bankuekin zorpetu gabe erosi nahi ditu Amillubi baserria eta bere lurrak. 390.000 euro behar ditu erosketa egin eta baserria eraberritzeko lanetarako. Biolurreko kideek Amillubi saldu dien familiaren jarrera eskertu dute: "Ez du lurrarekin espekulatu eta beti izan dute prestutasun handia ordainketa errazteko. Bi urtetan ordainduko dugu, hainbat epetan. Horrek erraztu digu denboran hainbat ekimen egin ahal izatea dirua biltzeko".
    Kopuru hori osatzeko, lehenik Biolurkideengana jo zuten: baserritarrek, herritarrek eta eragileek osatzen dute Biolurren bazkidegoa. Ondoren, hainbat udalen babesa bilatu dute, baita enpresena ere.
    Orain, herritarrei luzatu diete deia, maiatzera bitarte bakoitzak Amillubiko metro koadro bat babestu dezan, 50 - 100 - 200 euroko edo nahi den kopuruko ekarpena eginda. Horretarako, Coop57-rekin antolatu dute internetez dirua biltzeko kanpaina eta ekarpena modu errazean egin daiteke www.amillubi.eus webgunera sartuta. Nahiago duenak, zuzenean kontu korronte honetan egin dezake ekarpena: ES37 1550 0001 2400 1666 3726. Bonolaguntzak ere atera dituzte, Durangoko Azokako egunetan elizaren arkupean eskuratu ahalko direnak. Amillubiren alde dirua biltzeko herrietan ekimenak antolatzea izan daiteke proiektua laguntzeko beste modu bat.
Herritarren ekarpenekin maiatzera bitarte 150.000 euro biltzea du Biolurrek helburu. Bitartean, udal, erakunde eta enpresa gehiagorekin aliantzak josten jarraituko du.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elikadura burujabetza
2024-09-18 | Estitxu Eizagirre
Haziak eta etorkizuneko auziak

Haziak nola egin azaltzen duen jakintza praktikoa eta hazietan datzan ikuspegi politikoa. Biak uztartu dituzte Haziak liburuan Miguel Arribas Kelo-k eta Marc Badal-ek. Hamaika auzi baitaude jokoan hazi bakoitzean: biodibertsitatea vs estandarizazioa, autonomia vs menpekotasun... [+]


2024-09-16 | Estitxu Eizagirre
‘Haziak’ liburua irailaren 20an aurkeztuko da, Azpeitiko Elikagunean

Liburuaren lehen aurkezpena irailaren 20an izango da, ostiralarekin, 18:30ean Azpeitiko Elikagunean. Bertan izango dira Miguel Arribas Kelo eta Marc Badal egileak, Markel Lizasoain itzultzailea, Maitane Gartziandia diseinatzailea eta Dani Blanco argazkilaria. Egileen azalpenak... [+]


2024-09-16 | Garazi Zabaleta
Barazki bizidunak
Barazki ekoizpen proiektua Berrobin

Nekazaritzarekin harreman estua izan du betidanik Barazki Bizidunak proiektuko Iñaki Garcia Grijalbo Mapik. Bizitzaren paradoxak, gaur egun saltoki handi baten aparkalekua den lursailean zuten baratzea garai batean etxekoek Donostiako Intxaurrondo auzoan... [+]


Baserritarren oporrak

Baserritarrek badute oporrik? Galdetu dute eskolan. Ezezkoa erantzun dute ikasleek. Orduan, egunero lanean, baserritar izan nahiko zenukete etorkizunean? Eta inork baserritarra izan nahi ez badu, nork egingo du guretzako janaria? Airean gelditu da galdera.

Pertsonaren osasun... [+]


2024-09-08 | Garazi Zabaleta
Hobbea
Zereal ekoizleen eta okinen mugaz gaindiko harremanak sustatzen

Nafarroako Hazialdekoren, Ipar Euskal Herriko Biharko Lurraren Elkartearen (BLE) eta Gipuzkoako Biolurren arteko elkarlanetik sortu berri da HoBBea, mugaz gaindiko proiektua. “Garien bueltan bagenuen aspalditik harremana gure artean, baina, nolabait, harreman horiek... [+]


2024-09-02 | Garazi Zabaleta
Habelarte
Leitzako festetako sukaldea, baserritar agroekologikoen eskutik

Bigarren urtez segidan hartu du Habelarte baserritarren elkarteak Leitzako festetan, Gaztetxean, afariak emateko ardura. Nafarroako Mendialdeko ekoizle agroekologikoen produktuekin osatu dute eguneroko eskaintza, eta ehunka lagun pasatu dira abuztuaren 10etik 14ra haien... [+]


2024-08-26 | Garazi Zabaleta
Baztan
Elizondoko zahar-etxean menu osasuntsu eta jasangarrien bila

Aurreko urte bukaeran Elizondoko zahar-etxearen kudeaketa publifikatzeko jauzia eman zuen Baztango Udalak, eta geroztik, haren esku gelditu da egoitzaren antolaketa. Eskualdaketa horrekin batera, elikaduraren alorrean eraldaketa sustatzea izan da udalaren erabakietako bat... [+]


2024-08-12 | Estitxu Eizagirre
Baratze-oihana
Bizitzaren ederra lantzen buruaskitasunerantz

Odei Etxeberri Bimboire, Gorka Roca Torre eta beraien seme Oihan eta Miru buruaskiak dira elikaduran. Horretarako, aztertu behar izan dute gorputzak zer elikagai eta zein kopurutan behar dituen; horiek zein janaritan dauden; urtaro bakoitzean horiek denak eskuratzeko zer landu... [+]


Su artifizialak

Bitxia egiten zait oso askok su artifizialei dieten miresmena. Ikuskizunak sortzen duen itsutasun eta gorreria aukeran nonahi. Ni uxatu egiten nau giro piroteknikoak. Baina onartzea besterik ez daukat gehiengo batek horretan murgilduta bizi nahi duela; besteak beste, sistema oso... [+]


2024-07-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektua hasia da konponketa lanak, landaketak eta formazio saioak egiten

Zestoako Iraeta auzoan, Urola ibaiaren meandroan daude Amilibia baserria eta bere lurrak. Horiek modu kolektiboan erosteko dirua biltzen ari da Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkartea. 2025 bukaerarako dute hitzartua azken ordainketa, baina erosketa fasean egon arren,... [+]


“Ebaki eta bota” teknika

Baso naturaletan estratu eta funtzio ezberdinak betetzen dituzten espezieak aurkitzen ditugu. Batzuek gaina hartuko dute, eta mende ugari bertan igaroko dituzte. Beste batzuek lehen urratsak emango dituzte, baso-kideengatik sakrifikatuko dira eta beraien gorpu ustelak sistemari... [+]


2024-06-19 | Estitxu Eizagirre
Nola biziberritu herriko azoka? Bergarako esperientzia

Bergaran Elikadura Mahaia martxan dute eta bertatik hainbat ekintza ari dira aurrera eramaten herriko azoka indartzeko eta baserritarren erreleboa lantzeko. Elikadura Mahaiko kide dira Jon Ruiz de Egino baratzezaina, Eskubaratz proiektuko kidea. Eta Aitziber Plazaola dendaria,... [+]


2024-06-17 | Garazi Zabaleta
Lurbizi
Lurraren bankua sortzen, nekazaritzarako oinarrizko baliabidea bermatzekoa

Oiartzunen nekazaritza bultzatzeko eta elikadura burujabetzarako bidean pausoak emateko sortu zen Lurbizi egitasmoa, 2016 urte inguruan. “Herritar talde batek denbora zeraman herrian nekazaritzaren eta lehen sektorearen egoera kaxkarraz hausnartzen”, adierazi du Ibon... [+]


Eguneraketa berriak daude