"Orain mundu guztiak izan nahi du feminista, baina emakumeen aurkako indarkeriak ez du etenik"

  • Pasa den urrian Euskal Herriko hainbat lekutan ibili zen Christine Lamberty aktibista, Baskale elkarteak gonbidatuta, Frauen Bildet Banden (Emakumeak, osatu taldeak) dokumentala aurkezten. Filmean Rote Zora hiri-gerrillaren gainekoak kontatzen dira, baina baita 1970eko hamarkadan pil-pilean egondako borroken historia ere. Garai hartako aldartea hala deskribatu du Lambertyk: “Irudipena genuen sistema errotik alda zitekeela”.

Argazkia: Dani Blanco / CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / CC BY-SA
Christine Lamberty. Renania-palatinatua, 1946

1970eko hamarraldian ekin zion aktibismo feministari –EmakumeLesbianen mugimendua deitzen zioten orduan– eta horretan dihardu oraindik. Beste hainbat borrokatan ere ibilitakoa da: antimilitarismoa, kontrol digitalaren aurkako borroka... Besteak beste, LasOtras zinema-kolektiboko kidea da, eta hainbat mugimendu sozialei buruzko filmak egin dituzte. Eskuragai daude, sarean, taldearen webgunean: www.lasotras.de

Hasteko, zure burua aurkezteko eskatu nahi nizuke.
Christine naiz, eta… Zaila da azaltzen nongoa naizen. Orain Berlin inguruan bizi naiz, elkarbizitza-proiektu batean. Eta luzaroan aritu naiz LasOtras izeneko zinema-kolektiboan parte hartzen. Horren harira, esan behar dut ez garela lehen lerroko zinegileak; aktibistak gara. Ni aktibista feminista izan naiz 1970eko hamarkadaren hasieratik. Neurri handi batean, mugimendua sustatzeko egiten ditugu filmak.

Bai, hain justu ere LasOtras taldeari buruz galdetu nahi nizun hurrena. Nola sortu zen? Zer film egin dituzue orain arte? Zer helbururekin?
1996. urtearen bueltan sortu genuen taldea. Garai hartan sans papiers delakoen borroka piztu zen Frantzian. Mugimenduaren bozeramaileak Alemanian ikasi zuela bagenekien, eta beraz alemanez moldatzen zela. Ezin zen Alemaniara etorri, paperik ez zuelako, baina garrantzitsua iruditzen zitzaigun mugimendu horri buruzkoak gurera ekartzea. Talde bat sortu eta harengana joan ginen, eta gure lehenengo filma egin genuen. Wir sind schon da (Hemen gaude jada) deitzen da, eta gure webgunean ikusi eta deskargatu daiteke. Eta gero jarraitu genuen manifestazioetara eta ekintzetara joaten, grabatzera. Baina, bestalde, gauzak eskatu izan dizkigute beti: “Film bat egin dezakezue honetaz edo beste hartaz?”. Eta guk, egin.

Rote Zora taldeari buruzko dokumentala aurkeztera etorri zara Euskal Herrira. Film hori egiteko ideia nolatan sortu zen?
Esan dudan bezala, luzaroan aritu nintzen modu aktiboan EmakumeLesbianen mugimenduan Alemaniako Errepublika Federalean, eta niretzat garrantzitsua zen jakintza hori transmititzen segitzea mugimendua apaldu eta gero ere. Mugimendu horren gaineko lehen hitzaldietan proiektuak aipatzen ziren batez ere, baina ez zen hitz egiten EmakumeLesbianen mugimendu erradikalari buruz, garai hartan existitu zen mugimenduari buruz alegia, nahiz eta geroko proiektu guztien abiapuntua izan zen. Azkenean, Rote Zora taldearen inguruko filma egiteko aukera atera zen, baina ez da talde horri buruzkoa bakarrik; mugimendu zabalagoarekin izandako harremana ere lantzen da.

Zer harreman zegoen Rote Zoraren eta EmakumeLesbianen mugimenduaren artean?
Nire esperientzian behintzat, harreman oso estua zegoen politikoki. Gai garrantzitsuak izan ziren, bai batzuentzat bai besteentzat, abortua, emakumeen aurkako indarkeria, gerra, genetika- eta erreprodukzio-teknikak... Batzuek manifestazioak antolatu zituzten halakoen harira, eta besteek, berriz, erasoak gauzatu eta testuak idatzi.

Guretzat oso garrantzitsuak ziren Rote Zoraren testuak, ikerketa sakonen emaitza zirelako eta posizio politiko argiak adierazten zituztelako. Testuak irakurri eta eztabaidatzen genituen. Eta horrek indarra ematen zigun.

Argazkia: Dani Blanco / CC BY-SA

Zein ziren EmakumeLesbianen mugimenduaren aldarrikapenak garai hartan?
Ez genuen aldarrikapenik egiten, hau da, ez genion eskaerarik egiten estatuari. Ez ginen horretaz fio, gure eskubideen alde borrokatzen ginen, ordea: abortatzeko aukera izateko, gure gorputzaren gaineko eskubideengatik, geure buruaren jabe izateko, eta, halaber, emakumeen aurkako indarkeriaren kontra, eta horrekin lotuta kolonialismoaren aurkako borrokarekiko elkartasunean, internazionalismoaren alde, beste herrialde batzuetako emakumeen lan-baldintzak hobe zitezen, etab. Baina ez genuen ezer exijitzen, egin egiten genuen, gure eskubideen alde borrokatzen ginen.

Filmera etorrita, garaiko protagonista batzuen testigantzak bildu dituzue. Rote Zorako kideen ahotsa entzuten dugu, baina haien aurpegirik ez dugu ikusten.
Hasiera batean, Rote Zorako kideak elkarrizketatu nahi genituen. Galderak prestatu genituen, eta bidali egin genizkien, esanez film bat egin nahi genuela haiekin. Erantzun luze bat bidali ziguten, gustura erantzungo zietela gure galderei, baina ez zutela nahi bideoan agertu, eta ez zutela nahi, ezta ere, guk haiek ikusterik.

Zergatik ez?
Batetik, esan ziguten beraien borroka kolektiboa izan zela beti, gaur egun ezin zutela denek batera hitz egin, eta ez zuten nahi borroka indibidualizatzea, hau da, bakar batek hitz egitea taldearen izenean. Bestetik, taldeko kideak ez dira ezagunak, ez dakigu nor diren, eta gaur egun esango balute, beldur ziren horrek ondoriorik ekarriko lukeen beraientzat edo beste inorentzat. Adibidez, agian poliziak erabil lezake zer-nolako sareak edo kontaktua zituzten berreraikitzeko. Eta beste batek esaten zuen ez zuela nahi agertzerik, zeren beharbada militantziara itzuli nahi izango zuen uneren batean.

"Alemanian, mugimendu feminista oso zatituta dagoela iruditzen zait… Indar bateratua falta da, zoritxarrez”

Nola sortu zen Rote Zora? Zer helbururekin?
Lehen erasoa Medikuen Ganbera Federalaren aurka egin zuten, instituzio horrek abortuaren legeko 218. paragrafoa mantendu nahi baitzuen kosta ahala kosta. Eta paragrafo hori aldatzeko borroka izan zen emakumeen eta lesbianen mugimenduaren abiapuntuetako bat. 1977an izan zen. Urte horretan Walpurgis gaua antolatu zen lehenengo bider, lelo honen pean: Emakumeek gaua berreskuratzen dute. Guk ikasia genuen, kalera ateratzen baldin baginen iluntzeko zortzien ostean eta gizonen laguntzarik gabe, geure errua zela bortxatzen bagintuzten. Okurritu zitzaigun debeku horri aurre egitea eta elkarrekin ateratzea kalera. Eta Rote Zorak eraso egin zion Medikuen Ganberari gau hartan, batetik manifestazioan beren ekarpena egiteko eta, bestetik, Abortuaren Legearen harira ere beren iritzia adierazteko.

Gerora beste bi kanpaina nabarmen egin zituzten, bata genetikaren arloko ikerketaren arloan.
Bai. Geneen teknologiaren arloak argi uzten du nolako obsesio patriarkala existitzen den bideragarritasunaren harira, hau da, botere patriarkalak nola nahi duen denaz jabetu, desmuntatu, erabili, eta berriro muntatu, betiere bere premien arabera. Hori oso agerikoa da ingeniaritza genetikoan. Eta Rote Zora, funtsean politika patriarkal horren kontra zegoen.

Alemaniaren historiarekin ere zerikusi zuzena du, ezta?
Jakina. Giza genetikaren ikerketa hori lotuta dago eugenesiarekin ere, nork bizi behar duen, nork ez, nork duen lekua hemen eta nork ez. Rote Zora Münsterreko zentro batean sartu zen [Giza Genetikako Aholkularitza Zentroa], eta artxibo batzuk topatu zituzten, nazien garaiko dokumentazioa. Argi geratu zen, beraz, bazegoela lotura bat garai horrekiko, pentsamenduan behintzat, nahiz eta gero ideologikoki baztertu. Mugimendu handia egon zen gai horren inguruan. Eta Rote Zorako kideek filmean ondorioztatzen dutenez, Alemanian, beste herrialde batzuekin alderatuta, motelago garatu da ingeniaritza genetikoaren ildoa, horren aurka egindako erasoen eta kritika etengabeen eraginez. Ni ere ados nago horrekin.

Rote Zoraren beste kanpaina aipagarri bat, Adler enpresaren aurkakoa.
Adler ehungintza-enpresa aleman bat da. Hego Korean zeuzkan lantegiak, eta sekulako liskarrak izan ziren han, langileek protestak egin zituzten eta sekulako errepresioa jasan zuten, oso bortitza. Hango emakumeek laguntza eskatu zioten Alemaniari, eta hainbat kanpaina egin ziren, elizatik besteak beste. Ondoren, Rote Zorak zenbait eraso egin zituen, eta azkenean enpresaren nagusiak onartu zuen Koreako langile emakumezkoen baldintzak betetzea. Sekulako garaipena izan zen, nazioartekoa gainera.

"Feminismoa boladan dago. Beste herrialde batzuetako emakumeak esplotatuz negozioa egiten duten enpresek ere ateratzen dituzte arropak non aldarrikatzen den emakumeen boterea, feminismoa, etab."

Garaia ere halakoa zen, ezta? Rote Zora bezala, ekintza-talde gehiago zeuden Alemanian bertan eta handik kanpo.
Oso garai politizatua zen, oro har, eta borroka handiak zeuden kalean. Bagenuen itxaropena, sistema eraitsi ahal genuela. Denek hitz egiten zuten iraultzari buruz, ziur aski jakin gabe zer zen iraultza zehazki, baina bagenuen irudipena sistema errotik alda zitekeela; uste dut puntu garrantzitsua zela hori. Eta talde misto indartsuak zeuden, besteak beste talde armatuak: RAF, Ekainaren 2ko taldea… Bai eta Zelula Iraultzaileak ere, RZ alemanez. Rote Zora ere horren parte zen. Sentimenduak pil-pilean zeuden kalean, eta giro hori asko nagusitu zen garai hartan.

Gero, ordea, aldatu egin zen.
Erabat. Hainbat arrazoi tarteko. Batetik, errepresio itzela gauzatu zelako mugimenduen kontra; bestetik, sistemak badu gaitasuna erresistentzia bere barruan integratzeko, eta, azkenik, neoliberalismoa iritsi zen, guztiz bestelako baldintza batzuk ezarri ziren eta horrek ekarri zuen, garaian, mugimendu askok porrot egitea, nazioartean ere bai. Eta uste dut sistema errotik aldatzeko itxaropen hori desagertu egin zela.

Rote Zorari buruzko filma egitearen xedeetako bat izan liteke garai hartako borroketatik ikastea, gaur egun ekarpenak egin ahal dizkigulakoan?
Hala uste dut, bai. Kontua ez da esatea, “begira zer gauza itzelak egiten ziren iraganean”, baizik eta ordukotik ikastea. Beti esaten dugu historia erreferentzia garrantzitsua dela akatsetatik ikasteko, baina beharbada indarra hartzeko ere balio dezake. Eta aurkezpen askotan iruditu zait jendea bila dabilela gaur egun, zer egin dezakeen bilatu nahian. Garbi dago ezin dugula horrela segitu, zerbait aldatu behar da, errotik. Eta horri buruzko jakintza badugu. Garai batean borroka batzuk izan ziren, eta mugimenduaren arrakastan lagundu zuten, eta baliteke horrek indarra ematea berriro.

Nolako harrera izan du filmak Alemanian eta nazioartean?
Izugarri ona; harrituta gaude. Denek esan digute indarra eta adorea ematen dizkiela. Guk ez genuen pentsatzen hainbeste hizkuntzatara itzuliko zenik, hori ez dugu guk bultzatu, kanpotik proposatu digute, kasu honetan bezala. Bestalde, uste dut garrantzitsua dela Rote Zoraren testuak ere itzuli izana beste herrialde batzuetan. Interesa dago taldearekiko, baina ez soilik taldearekiko, ezpada haien ideiekiko. Nola zeharkatu mugak? Nola borrokatu, eskura duzun guztiarekin, zure eskubideen alde eta pertsonen bizitzaren alde?

Argazkia: Dani Blanco / CC BY-SA

Euskal Herrian hainbat aurkezpen egin dituzue. Zer moduz joan dira?
Oso interesgarria izan da. Otxandion, adibidez, bi emakume gazte etorri ziren, eta hainbat gauza galdetu zizkiguten, besteak beste ea zer-nolako babesa zeukan Rote Zorak gizartearen partetik, hau da, ea lehenengo ekintza egin eta horren ostean jaso zuten babesa, ala ea babesa eta ekintzak batera joan ziren. Uste dut galdera horren atzean bazegoela halako pentsamendu bat: «Beharbada orain ez dago halako ekintzen aldeko ageriko onarpenik, baina egingo bagenu, agian jendeak babestu egingo gintuzke?».

Zein da mugimendu feministaren egoera Alemanian gaur egun?
Galdera ona. Feminismoa boladan dago. Beste herrialde batzuetako emakumeak esplotatuz negozioa egiten duten enpresek ere ateratzen dituzte arropak non aldarrikatzen den emakumeen boterea, feminismoa, etab. Alemaniako Kanpo Arazoetako ministroa feminista da, eta mundu guztiak izan nahi du feminista. Baina hala eta guztiz ere, emakumeen aurkako indarkeriak eta feminizidioek ez dute etenik. Mugimendu feminista oso zatituta dagoela iruditzen zait. Emakume aktibista asko dabiltza mugimendu ekologistan, antifaxistan, antiarrazistan, zaintza-lanen harira… Baina indar bateratua falta da, zoritxarrez.

1970eko hamarkadako aldarteaz esan duzunari berriro helduta, gaur egun ez dugu uste sistema eraits dezakegunik?
Edo guk eraisten dugu edo hark eraitsiko gaitu. Ezin dugu ahaztu zer neurritan kaltetu den ingurumena, begien bistakoa da. Ez du horrela segituko egun bat gehiago, edo orain gertatzen ari dena digitalizazioarekin eta bizitzarako sarbide berri honekin. Biziduna den guztia xurgatu nahi dute berriro. Transhumanismo honekin, edo giza makinaren sistema honekin, ezin dugu mugitu, mugimendu horren arrastorik utzi gabe. Iruditzen zait oso kontzientzia gutxi daukagula zer punturaino kontrola dezaketen gure erresistentzia. Gauzak etengabe aldatzen dira zentzu horretan. Garai batean, kontaktuan egoten ginen nazioarteko mailan, Internetik ez telefonorik gabe, baina hala ere bildu egiten ginen eta gauzak eztabaidatzen genituen elkarrekin. Hori ahaztu egin da. Nola biziberritu dezakegu? Premiazkoa da.

                                                                               *          *          *

ROTE ZORAREN HISTORIA LABURRA

Rote Zora Alemaniako Errepublika Federalean osatutako emakume feminista autonomoen hiri-gerrilla bat izan zen. Denera, berrogeita bost eraso egin zituzten segurtasun-indarren azpiegituren, enpresen, epaitegien eta lantegien kontra. Lehergailuak jartzen zituzten patriarkatuaren, inperialismoaren eta militarismoaren aurka, eta inoiz ez zuten inor zauritu. 1970eko hamarkadako Revolutionäre Zellen (Zelula Iraultzaileak) erakunde marxista autonomo armatuaren barruan sortu zen. 1986tik aurrera, bakarka jarraitu zuen bidea. Gehiago jakiteko: Rote Zora. Hiri-gerrilla feminista piztiaren bihotzean, 1974-1995 (Katakrak, 2023; itzultzailea: David Lindemann).

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Analisia
Ez iskin egin zaintza sistemari

Arabako Foru Aldundiaren erabaki batek etxez etxeko zerbitzurik gabe utzi ditu 150 pertsonatik gora, EH Bilduk salatu duenez. 700 euroren truke etxe barruko langile edo interna jarri behar izaten dira emakume etorkin asko, ez dutelako logela bat ordaintzeko modurik, Nafarroako... [+]


Gorputz hotsak
"Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana"

Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]


Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-04-02 | Euskal Irratiak
Maialen Berra Zubieta: "Baionan ere queer mugimendua bada"

Bitxi Bitxi queer kolektiboa sortu dute hogei bat kidek berriki Baionan. Queer izatea, heteronormatibitatetik kanpo izatea da besteak beste. Baita genero ezberdinen adierazpena sustatzea ere.


Eguneraketa berriak daude