"Agortzen ez den iturburu bat daukat barrenean"

  • Venezuelatik itzuli zenetik, Tolosako Zuloaga auzoaren behealdeko parkean ematen ditu arratsaldeak Miren Egigurenek, bizpahiru lagunekin. Hantxe aurkitu dugu ekainaren bukaerako egun batean. Elkarrizketa egiteko lagunaren etxera igo garenean, Hugo Chavezen panpinarekin argazkiren bat ateratzeko eskatu dio Egigurenek gure Daniri. Komandantea begira dugula hasi gara hizketan.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Miren Egiguren. Bidania, Gipuzkoa, 1947

24 urte zituela, Euskal Herrian izan zezakeen bizimoduak bete ez, eta misiolari sekular joan zen Miren Egiguren, Venezuela eta Kolonbia artean banatzen duten Guajirara. Hiru urte eman zituen han, eta, jaioterrira itzuli arren, laster abiatu zen berriro. Misioak utzita, Caracas ondoko Petare auzoan eman ditu lau hamarraldi, lan komunitarioan eta irakasle, besteak beste. Hari buruz gehiago jakiteko, irakurri Leire Ibargurenen Petare (Txalaparta, 2022) eta ikusi Jon Garañoren El método Julio (2010).

Bidanian jaio zinen 1947an. Nola oroitzen dituzu haurtzaroa eta gaztaroa?
Pobrezia. Pobrezia ikusten dut, handia. Eta aukerarik ez. Orain umeak jaiotzen dira eta badakizu eskolara joango direla, gero gehiago ikastera; horrelakorik ez zegoen garai hartan. Gu nola ginen senide asko…

Zenbat?
Hamahiru. Beti lana egin behar izaten genuen, ume txikiagoak zaindu, egurra ekarri… Horrelako gauzak.

Zenbatgarren senidea zinen zu?
Hirugarrena. Eta niretzat zoragarria zen nire anaiak zaintzea. Haiekin paseatzea larunbatetan eta jaietan iruditzen zitzaidan gauzarik ederrena. Hain dotoreak iruditzen zitzaizkidan, hainbeste maite nituen… Bat bizkarrean zangalatrau, beste bi eskuetan, eta bestea aurrean. Bizi guztia pasa dut umezain.

Eskolara ez zinen joan?
Urte batean. Mojatara joaten ginen. Mojak ez ziren graduatuak, eta orduan guk ezin genuen zertifikaturik jaso. Klase partikularrak emango zizkigutela esan ziguten eta talde bat elkartu ginen, 14 urtekoak edo horrela, eta joaten ginen egunero-egunero eskolara. Orduan hasi nintzen ikasten, ikusten eta poza hartzen jakinduriari.

Handik gutxira neskame joan zinen Donostiara.
Gure aita feriara etorri zen Tolosara, eta feriatik etorri zenean kartera bat ekarri zidan, eta esan zidan, «begira, neska, kartera hau ekarri dinat; etxe honetan lan asko zegon, hiretzako lana ere bazegon, baina hemen ez daukan egoterik, joan egin beharra daukan edonora, bizitza bilatu beharra daukan. Heldu kartera hau eta beti beteta eduki». Gure amak Donostian bilatu zidan neskame-tokia, eta han egon nintzen.

Ni neskame, nire ahizpa zaharrena eraman zuten Iruñera interna, bigarren anaia istripuan hil zitzaigun hamazazpi urterekin, eta bigarren geratu nintzen, atzeko anaiak Arantzazura joan ziren fraide... Joan egin behar ziren, etorkizuna bilatzera.

"Bidanian eskolara joanda, atximurka egiten ziguten monjek euskaraz hitz egiten genuelako, eta tratu txarrak ematen zizkiguten euskaldunei"
 

Zenbat denbora egin zenuen neskame?
Hiru bat urte.

Zer moduz?
Ba, neskame… Jan aparte, uniformearekin, eguerdietan han... Nik egin nituen negarrak gauean. Denak festan, Bidania zer gertu Donostiatik, eta nik hara joateko libertaterik ez.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Eta horren ostean?
Nire ahizpa batxilerra eginda etorri zen Iruñetik, eta Donostian ofizina batean egin zuen lana, eta gure amak ikusten zuen bat neskame eta bestea ofizinan… Lana lortu zidan Garibai kaleko estanko batean. Baina nik kontuak ateratzen ez nekien; konturatu ziren, eta jarri zidaten maistra bat, ikasteko. Hamabietan etortzen zen egunero andereño bat, etxekoandrearen pisura igotzen ginen, eta bi astean jarri nintzen fin-fin. Orduan Nazaret zentrora joaten hasi nintzen, kultura orokorra ikastera.

Ikasteko gogoa zeneukan.
Jakin nahi nuen. Ondoren, estankotik atera eta beste leku batera joan nintzen lanera, baina ez nintzen hain gustura egon. Gero politika zaharrean sartu nintzen, han ere konprometitu nintzen, eta orduan gorabeherak, gure aitak ere jakin zuen, eta…

Frankismoa zen, eta kezkak zeneuzkan.
Bai. Euskalduna nintzela, gu ez ginela espainolak. Oso erlijiosoak ginen gure familian, ni behintzat bai, eta gogoratzen naiz Santiago egunean lortu nuela mezetara ez joatea, ni ez nintzelako espainola eta hori festa espainola zelako. Gogoratzen dut matxinada pertsonal bat bezala.

Politikan sartu zinela esan didazu.
Gauza asko ikasi nituen, multigrafoa erabiltzen adibidez. Fotokopiak ateratzeko eta. Gerora Venezuelan balio izan zidan, inork ez zekien-eta makina horiek erabiltzen, eta bazeuden, jendeak erregalatuta. Nik banekien stencilarekin nola jarri, tinta bota… Merezi izan zuen.

Politikan sartu bai, baina gero apartatzea erabaki zenuen.
Euskal Herrian gelditzen banintzen lotuta nengoen.

Zertan ibili zinen zehazki? Kontatuko didazu?
Ez. Ez dut ezer jakin nahi hartaz, ez pertsonez ez ezertaz. Kontua da nire bila zebiltzala.

Eta Venezuelara joateko aukera suertatu zitzaizun?
Nik ez nekien zer egin nire bizimoduarekin. Nire lagunek nobioak hartzen zituzten, eta ezkondu egiten ziren. Chevere [primeran]. Nik ere bai hartu nuen nobioa, baina…

Ez zenuen hori nahi.
Ez zidan betetzen, ez nintzen ondo sentitzen.

Baina bizimodu hori zenuten aukera bakarra.
Bestela gaizki ikusia zinen. Bide hori zen normala, betebehar bat zen, gauza kultural bat, ez sentimenduen kontu bat. Nik ere baneukan nobioa, baina ez nuen arrisku hori eta konpromiso hori hartu nahi. Orduan esan nuen, hemendik joango naiz, misioetara joango naiz, eman egingo dut, egingo dut ahal dudana, eta hala beste problema hori ere atzeratuko dut, eta harri bakarrarekin bi txori. Halaxe. Apaiz batekin hitz egin nuen, hark jarri ninduen harremanetan Madrileko asoziazio batekin, AMS Misiolari Sekularren Elkartea. Sekularrak, hau da, ez ziren mojak, ez zegoen botorik egin beharrik, boluntarioak ginen. Eta halaxe tokatu zitzaidan Guajirara joatea.

Joan zinenean ez zenuen pentsatzen hainbeste denbora geratuko zinenik.
Ni joan nintzen nire bizitza aklaratzera, eta zer pasa, bizi guztia egin eta oraindik aklaratu gabe daukat.

"Metrailetekin etorri eta etxea kendu zidaten, eta kalean geratu nintzen semearekin, baina berehala izaten nuen lan egiteko gogoa berriro”

Nolakoa zen Guajira?
Guajirako penintsula zatituta dago, zati bat Kolonbiarena da eta bestea Venezuelarena. Hangoak guajiroak dira, beste kultura bat… Zera, Euskal Herria bezalaxe. Haiek zatituta, gu ere zatitu gintuzten frantsesek alde batetik eta espainolek bestetik, berdin-berdinak izanda.

Hangoarekin identifikatuta sentitu zinen, orduan.
Han identifikatu eta han ikasi nuen herria zer zen. Nola sentitzen zen herria, haiek erakutsi zidaten. Beste esperientziekin ikasten duzu eta irekitzen zaizu mundua zuri.

Misioetan zer moduz konpondu zinen?
Aurrena apaizak esan zigun doktrina ematen hasi behar genuela. Hango umeak guajiroak ziren, erdaraz ez zekiten. Ni hemen Bidanian eskolara joanda, atximurka egiten ziguten mojek euskaraz hitz egiten genuelako, eta tratu txarrak ematen zizkiguten euskaldunei, gauza izugarria; orduan, nik horrelako esperientzia eduki eta hara joan eta berdina egitea ume horiei, mina ematea… Segituan joan nintzen kaputxinoetara eta apaizari esan nion nik lan egingo nuela, baina ez nuela katekesirik emango. Nire herrian izandako esperientzia kontatu nion, esan nion han beste hizkuntza bat zeukatela, eta ez niela minik emango. Apaizak onartu zuen, eta orduan hasi nintzen sozial aldetik lanean.

Zenbat denbora egin zenuen han?
Hiru urte. Guajirako herri hartan eskolak martxan jartzea lortu genuen, ura eta argia ere jarri genituen, eta nik lana egin nuen.

Horren ostean Euskal Herrira itzuli zinen?
Bai. Aita hil zen arbolatik erorita, eta etorri egin nintzen. Baina berriz joan nintzen Venezuelara.

Misioetan?
Nik nahi nuen lanean segitu; gustatu egin zitzaidan langile soziala izatea, asko, eta ikusten nuen zenbait jenderi ematen zeniola beste alternatiba bat pozez bizitzeko. Ez nuen elizarekin joan nahi, nik nahi nuen libre joan, eta orduan Azpeitiako moja bat ezagutzen nuen, orain hil berria da, Arantxa, eta haren bitartez ezagutu nuen bere lagun bat, Eladia, asturiarra. Hark zeukan eskola bat, eta hara joan nintzen. Baina hori baino lehenago klinika batean ibili nintzen lanean, liburutegi batean ere bai… Lana bilatzen nuen nik neuk.

Venezuelako zer eremutan izan zen hori?
Hori Caracasen. Gero mendira joan nintzen, Petarera, eta nire bizi guztia han egin dut.

Irakasle aritu zara, besteak beste.
Eskola handi bat zegoen, jesuitena, baina horra ere auzoko onenak joaten ziren, herriko miserableak ez. Jesuitek onartzen ez duten arren, hori horrela da. Eskolak arratsaldeko bost eta erdietan amaitzen ziren, orduan zuzendariari eskatu genion eskola arrunten ostean ere gelak erabiltzen uzteko, eta bost eta erdietatik zortzi eta erdiak arte beste umeak etortzen ziren ikastera, gure auzoko umeak. Bost eta erdietan ateratzen ziren ohiko ikasleak, beren uniforme, bizkar-zorro eta guzti, dotore-dotore, eta gureak iristen ziren, koadernoak plastikozko poltsatan, uniformerik gabe, txankletetan… Baztertuak, los chorreaos, horiek ziren gureak. Nik eskolak ematen nizkien lehenik normalei eta ondoren anormalei. Eta, une batean, gure komunitatean ez zegoen irakurtzen eta idazten ez zekien haur bakar bat ere. Hori lortu genuen.

"Ez dut uste gehiago itzuliko naizenik. Sekulako tristura da, baina hori da errealitatea. Gainera, lanean ari naiz, eta diru hau behar dut, hango semeari laguntzeko”

Haurrei irakurtzen eta idazten irakasteko metodo berezi bat ere sortu zenuen, Julio metodoa.
Ni maistra berezia izan naiz. Eskolara joaten nintzen, eta aurreneko lana, ikasmahaiak zirkuluan jartzea izaten zen. Ikasmahaiak lerrotan jarrita bata bestearen atzean, bai gauza izugarria, hotzikara ematen dit, eta maistrak mahai handi bat ez, maistrak ikasmahai bat besteek bezala. Jarrera aldetik-eta, umeak oso zailak ziren, eta sumatu egin behar izan nuen nola egin. Gertatzen zen gelako mutil baten aitak bestearen aita akabatu izana, beste honek haren lehengusua akabatu izana, eta gorrotoa zegoen, orduan nik poltsa bat eramaten nuen koadernoz beteta, eta eskatzen nien han idazteko niri gauzak, adiskidetasuna eraikitzen joateko nire eta ikasleen artean. Nik egunero irakurtzen nituen haien idatziak, eta erantzun egiten nien, eta norbaitek jarrera txarra bazuen handik tiratzen nuen, esaten nien sekulako tristura eragiten zidala, afektibotik jotzen nuen beti. Bi liburu baino ez neuzkan, Printze txikia eta Platero eta biok. Lehena alderdi afektiboa lantzeko, eta bigarrena hizkuntzaren aberastasunerako erabiltzen nituen. Makramea egiten irakatsi nien, pastelak egiten, gero saldu egiten genituen, eta lortutako diruarekin hondartzara joaten ginen egun pasa. Badakizu zer den hori?

Egiguren Hugo Chavez zenaren panpinarekin eta berari buruzko liburuarekin eskuetan. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA)

Hangoaren falta daukazu?
Urrian sei urte izango dira itzuli nintzela, eta atzo izan balitz bezala da. Han bizi naiz egunero-egunero. Oso goiz altxatzen naiz hangoen berri izateko.

Zergatik itzuli zinen?
Gaixotu egin nintzen, bertigoak nituen. Oso gaizki nengoen, ibili ezinik, besteei eskua emanda ibili behar, eta etorri nintzen hona eta… Hainbeste urteren ostean hango martxa besteen eskuetan utzi beharra oso gogorra izan zen. Medikuak esan zidan sekulako depresioa neukala. Denari uko egin behar izatea izugarria izan zen.

Hobetu zara pixka bat?
Bai, hobeto nago. Gero lan hau tokatu zitzaidan [adineko emakume bat zaintzen du]. Ni ezer gabe etorri nintzen. Ezer gabe. Hona etorri eta laguntzarik baneukan galdetu nuen, eta esan zidaten nire familiak lagundu beharko zidala. Ez didate laguntzarik eman, ez dut ulertzen zergatik. Gazte joan nintzen, baina sei urte kotizatuak nituen jada. Eta orduan lan hau atera zitzaidan, Mari Carmen zaintzen. Gaztetan berarekin bizi izan nintzen, lagunak gara.

Leire Ibargurenek zure bizipenak bildu zituen iaz, Petare izeneko liburuan. Zer moduzko esperientzia izan da?
Oso ederki. Oso ondo moldatu naiz berarekin. Barrenak husteko gogoa neukan, hitz egiteko, esateko. Leire beste batekin etortzen zen, Mirenekin, eta entenditzen zidaten nik entenditzea nahi nuen moduan, orduan niretzat izan da gozotasun bat. Baina liburu horretan ez dago nik bizi izan dudan guztia. Telebistako programa pila batean agertu izan naiz Venezuelan, han mundu guztiak ezagutzen nau.

"Orain ez nuke ezer esango Venezuelagatik, asko kanbiatu da. Baina ni gobernuarekin nago. Jendeak esaten du ez dutela hau edo bestea egiten, baina kontua da lotuta daudela"

Nola ikusten duzu Venezuelako egoera gaur egun?
Orain ez nuke ezer esango Venezuelagatik, asko kanbiatu da. Baina ni gobernuarekin nago. Jendeak esaten du ez dutela hau edo bestea egiten, baina kontua da lotuta daudela. Alternatiba guztiak lotuta daude, Kuba ere nola dago ba… Nahikoa egiten dute aguantatzearekin.

Itzultzea pentsatu duzu?
Ez dut uste gehiago itzuliko naizenik. Sekulako tristura da, baina hori da errealitatea. Gainera, lanean ari naiz, eta diru hau behar dut. Seme-alabak dauzkat, hango semeari lagundu behar diot, dirua bidali behar diot hilero. Eta seme-alabak betirako dira.

Hemengo egunerokoan zer moduz ari zara moldatzen?
Oso pozik nago, badakizu zergatik? Gauza garrantzitsu bat egiten ari naizelako, bi pertsona zaintzen, eta sekulako segurtasuna ematen diet. Oso berezia naiz beraiekin. Han arrasto oso handiak utzi ditut, eta egunen batean ezabatuko dira, baina denbora asko falta da horretarako.

Oso sinestuna naiz. Ez dut elizan sinesten, baina Jainkoan bai. Oso esperientzia gogorrak gertatu zaizkit. Metrailetekin etorri eta etxea kendu zidaten, eta kalean geratu nintzen semearekin, baina berehala izaten nuen lan egiteko gogoa berriro. Pistola buruan jarri, lepotik heldu, eta hil egingo nindutela esan didate, eta sustoa pasa ostean berriro ekin diot. Nork ematen dit indar hori? Zerbait eduki behar dut barrenean. Nik esaten dut iturburu bat daukadala, agortzen ez den iturburu bat. Beste galderarik daukazu?

Zer eskatzen diozu orain bizitzari?
Hainbeste esperientzia gozo dauzkat… Txarrak alde batera utzi, onekin bizi, etxe honetakoak ondo zaindu, urte asko irauteko, eta nik ere osasun ona eduki beraiekin urte askotan bizitzeko. Ez dut ezer gehiago nahi. Eta, klaro, ikusi nahi nuke Euskal Herria libre [barreak].


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Venezuela
2023-05-05 | Gedar
Nortasun zedula eskuratu du Asier Guridi iheslari politikoak

Urte luzez egin du borroka, nortasun juridikoa aitor ziezaiotela exijitzeko. Herrigabe eta heriotza zibil egoeran izan dute hamar urtez Venezuelan.


Angel Prado. Demokrazia komunala
"Ez dugu irla bat izan nahi"

Angel Prado Padua borrokalari venezuelarra Euskal Herriko hainbat tokitan ibili zen hilaren hasieran, El Maizal komuna sozialistaren berri ematen, Demokrazia Komunalaren Aldeko Nazioarteko Sareak gonbidatuta. Hernanin bildu ginen harekin, bere hitzaldiaren bezperan. El Maizalen... [+]


2022-05-05 | Gedar
Gose greba bertan behera utzi behar izan du Asier Guridi iheslari politikoak

Asteazkena zuen baraualdiaren 36. eguna, baina azaldu duenez, erietxean artatu behar izan dute. Gose greba eten arren, bere nortasun juridikoa lortzeko borrokan jarraituko duela dio.


Eguneraketa berriak daude