Udaberria Fujian Aretoan

AEBetako presidente Joe Biden / Argazkia: World Economic Forum CC BY-NC-SA 2.0

2023ko ekainaren 26an - 09:13

Beranduegi izango da AEBetako presidente Joe Bideni kultura-aniztasuneko lehen ikasgaia irakatsi eta ohartarazteko berak higuinez norbaiti “dictator” deitzen dionean, “dúcái zh?” aditzen duenak beharbada ez diola iraintzat ere hartuko. Hartarako, lehenik, munduan ingelesa ez beste hizkuntza batzuk ere badirela ulertarazi beharko zaio; eta horrek kultura politikoetako semantikan eragin ditzakeen desdoitasunak aditzera eman, jarraian. 

Baina ardura potoloak eta aholkulari-multzo joriak dituen agintaria denez, norbaitek behintzat (gaia inork baino hobeto ezagutu behar duen AEBetako Estatu-idazkari Anthony Blinkenek, demagun) iradoki beharko lioke ez zaiola komeni inori aurpegiratzea... bera erakusten ari den ezjakintasun hori. Izan ere, globo ospetsuaren kontuan, badirudi bere administrazioak etxerako darabilen beldur-ipuina itsu-itsu sinetsita dagoela Biden. Baina horrek ez du ipuina egitate bihurtzen. Eta, batez ere, egia ederki ezagutzen duen beste aldea ez du konbentzitzen ez umilarazten. Agian, haserrearazi, bai. 

Horretan baitago gakoa: egungo Estatu Batuen eta Txinaren arteko hartu-emanen korapiloa ez da AEBetako iritzi publiko/politikoaren baitako gorabehera hutsa. Ezta nagusiki ere. Beste aldea ere hor dago, bere interes eta ikuskerarekin. Eta komeniko litzaioke Bideni eta bere administrazioari haren mezuak aditzea. Autokontsumoko propaganda-dieta gutxituz bada ere. 

Beste alde horren mezuak, hitz-idatzizkoak direnean, oso gardenak dira, usu. Baina beste batzuetan, egintzazkoak, omisiozkoak, irudizkoak izaten dira, eta interpretazio-lan pittin bat eskatzen dute. 

Horietakoa izan zen Blinkenekin biltzeko Txinako presidente Xi Jinping-ek aukeratu zuen aretoarena. Mendebaldeko hedabideek aintzat hartu ere ez zuten kontua edo, gehienera, inguruabar xarmantzat aipatu zutena. Baita zera ere. 

Beste askoren artean, Beijingeko Herriaren Areto Handi erraldoian, Txinako 34 lurraldeetako bakoitzak areto bana du. Beharren arabera jarri eta kentzen dira haietan altzariak, baina dekorazioa gutiz bereizgarria du bakoitzak. Horregatik, aise antzeman zitekeen Xi eta Blinken arteko bilkura Fujian Aretoan egiten zela, “Udaberria Wuyin” murala Xiren atzealdean zela. 

Adimen urri samarrekoak garenoi ere, Interneteko edozein baliabidek berehala argitzen digu Taiwanen aurrez aurre dagoela Fujian. Are gehiago, garai batean, Fujian probintziaren barnean zegoela Taiwan irla. Eta bi izen horien artean katramilatzen dela itsasarte haren historia. Hain katramilatua, ezen Taiwangoak omen liratekeen Kinmen, Matsu eta beste zenbait irla, Fujiango kosta-ertzari ia erantsita baitaude, orain eta beti. 

Horraino etorrita, Bidenek ez bada bere morroietakoren batek irakurri ote ditu arestian zendutako Daniel Ellsbergek, hil hurren, argitara eman dituen 1958ko hango krisiari buruzko argibide ikaragarriak? Beste aldeak, seguru baietz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txina
Yuk Hui. Zenbat buru, hainbat teknologia
"Ez dut uste mundu bidezkoagorik lortuko dugunik datu gehiago bilduz"

Pasa den urtarrilean, Yuk Hui filosofoak hitzaldi bat eskaini zuen –solasaldi bat, hobeto esanda– Donostiako Tabakaleran. Azken urteotan oihartzun handia izan du haren lanak, eta goraino bete zen aretoa. Besteak beste, monoteknologismoaren pentsamendu-ildoa kritikatu... [+]


Eguneraketa berriak daude