Zergatik ez du bermatzen Jaurlaritzak Lanbide Heziketa euskaraz ikastea?

  • Asko dira euskarazko batere ikasgairik gabe Lanbide Heziketako ziklo osoa egiten duten ikasleak EAEn, berak ezarritako legea urratzen duelako Eusko Jaurlaritzak. Lanbide Heziketan euskaraz ikasi ahal izateari eta zikloak euskalduntzeari Jaurlaritzak “blokeoa” ezarria diola azaldu digu Iñaki Mendiluzek: “Ziklo guztiak D ereduan ere eskaini beharko lirateke, eta aukeratu dezatela ikasleek zein eredutan nahi duten ikasi ziklo hori”.

Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailburuordea eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Lanbide Heziketako VI. Euskal Plana aurkezten (Argazkia: irekia.eus)

2023ko maiatzaren 31n - 02:54
Azken eguneraketa: 10:05

Lanbide Heziketan matrikulatzeko epea bukatu berri, urteroko gaia azaleratu da: ikasketa hauek ez dute bermatuta euskaraz ikasi ahal izatea. Oso adierazgarriak dira datuak: DBHn D eredua nagusi den arren (2021ean, adibidez, ikasleen %71k ikasi zuen D ereduan), Lanbide Heziketara pasa eta nabarmen eskasten da kopurua (urte berean, ikasleen %24k baino ez zuen ikasi D ereduan Lanbide Heziketa). Behean ageri dira datuon grafikoa, eta gaur egun joera hori mantentzen dela azaldu digute Steilas sindikatutik: DBHn eta Batxilergoan gora egiten du D ereduaren aukerak, eta Lanbide Heziketan aldiz, behera. Aurreko hizkuntza ibilbidearekiko haustura agerikoa da.

Batetik, ziklo asko A ereduan bakarrik eskaintzen direla salatu dio ARGIAri Iñaki Mendiluze Steilasko kideak, “eta horrek esan nahi du A ereduan baino ez direla emango ziklo horiek”. Lanbide Heziketa euskaraz ikasteari administrazioak muga eta blokeoa jartzen diola dio Mendiluzek. Gainera, A ereduak berezitasun bat du Lanbide Heziketan: berez, A ereduan euskarazko ikasgaia ematen dute ikastetxeek, ez ordea Lanbide Heziketan. Bertan, ingelesezko ikasgaia ematen dute, baina euskarazkoa ez. Alegia, ikasle ugarik euskararen inongo presentziarik gabe egiten duela ziklo osoa.

Lanbide Heziketan, A ereduko ikasleek eta B+ eredu bereziko ikasle askok ez du inongo kontakturik euskararekin ziklo osoan. Legea urratzen da eta "larria da"

Antzera gertatzen da Lanbide Heziketan bakarrik dagoen beste hizkuntza eredu batekin: B+. Zer esan nahi du B+ ereduak? A eta D ereduetan matrikulatutakoak nahasten ditu heziketa ziklo berean eta hiruzpalau ikasgaitan ikasleen banaketa egiten da, batzuek euskaraz eta besteek gaztelaniaz ikasi dezaten. Baina banaketa hori gertatzen ez den ikasgaietan hizkuntza eredua gaztelania hutsa da. Ondorioz, B+ eredu horretako ikasle askok ere ez dute inongo kontakturik euskararekin, ziklo guztian.

Horrek Jaurlaritzaren beraren legea urratzen duela gogoratu digu Mendiluzek, 4/2018 legeak honakoa baitio: “Bai euskara eta bai gaztelania ezinbestean jasoko dira Lanbide Heziketa guztiko prestakuntza-programetan, ikasleek trebezia nahikoa garatu dezaten”. Ez da betetzen, eta “larria da”, Steilasko kidearen hitzetan. Lege horrek ere aitortzen du Lanbide Heziketa “bi hizkuntza ofizialetan jasotzeko eskubidea”, eta administrazioak bere gain hartzen du bai “D eredua zabaltzea”, bai “behar diren neurriak” hartzea "lanbide-heziketara igarotzean etenik gerta ez dadin aurreko etapetan egindako hizkuntza-aukerekiko”. Bistan da ez dela hala egiten.

Administrazioak duen ildoan beste datu adierazgarri bat: iazko azaroan atera zuten Lanbide Heziketaren VI. Euskal Planak ez du euskara hitza behin ere aipatzen, 134 orrialdeko dokumentuan.

Lanbide Heziketaren VI. Planak ez du 'euskara' hitza behin ere aipatzen, 134 orrialdeko dokumentuan

Zergatik?

D ereduan ikasteko eskubideari muga Lanbide Heziketan baino ez zaio jartzen, zergatik? Gakoa eskaintzaren planifikazioa dela dio Mendiluzek: “Lanbide Heziketa euskalduntzeko borondate falta ikusten dugu planifikazioan, zein irizpideren arabera antolatzen da planifikazio hori? Ziklo guztiak D ereduan ere eskaini beharko lirateke, eta aukeratu dezatela ikasleek zein eredutan ikasi nahi duten zikloa. Hezkuntza ibilbide osoa D ereduan egin duten ikasleek bat-batean A eredua aukeratzea gutxienez harrigarria bada”.

Beste gako garrantzitsu bat ere aipatu digu Steilasko kideak: urtetan irakasleak sartu dira Lanbide Heziketan beharrezkoa den euskarazko hizkuntz eskakizunik gabe, eta oraindik ere, irakasleak egonkortzeko meritu-lehiaketetan sarri ez da euskara eskatzen (duela hilabete batzuk kontatu genuenez, Lanpostuen erdiak ez du euskara eskakizunik EAEko Lanbide Heziketako irakasleak egonkortzeko lehiaketan), "beraz, euskaraz irakasteko gai ez diren irakasleak ditugu… Galdera da, zergatik eskatzen dira oraindik euskarazko hizkuntz profilik ez duten irakasleak?".

Urtetan irakasleak sartu dira Lanbide Heziketan beharrezkoa den euskarazko hizkuntz eskakizunik gabe: "Euskaraz irakasteko gai ez diren irakasleak ditugu… Galdera da, zergatik eskatzen dira oraindik euskarazko hizkuntz profilik ez duten irakasleak?"

Irudian, Steilasek landutako grafikoak. 2021ean ikusitako joera gaur egun mantentzen dela berretsi digu Mendiluzek:


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lanbide heziketa
2024-03-25 | ARGIA
Baserrien zurezko egiturak berritzen ikasteko programa martxan jarri dute mugaz bi aldeetako erakundeek

"Baserriberri" du izena programak eta langabezian diren Euskal Herri osoko 12 ikasleri zurgintza formazioa emango die, erortzear diren baserriak berritzen ikas dezaten.


Garun-paralisia duen Usurbilgo ikasleak lortu du: behar duen laguntza jasoko du azkenean

"Borroka luze eta gogor baten ostean", garun-paralisia eta %87ko desgaitasun motorra duen Usurbilgo ikasleak jardunaldi osoko laguntzailea lortu du ikasturte honetarako eta familia guztia "oso pozik" dagoela jakinarazi dio ARGIAri ikaslearen amak. Joan den... [+]


2023-06-26 | Ilargi Manzanares
"Lanbide Heziketa Euskaraz" aldarria zabalduko dute ekainaren 28tik uztailaren 1era

Bizikletako martxak eta topaketak antolatu dituzte, euskarak Lanbide Heziketan duen presentziaren inguruan hausnartzeko eta aurrera egiteko proposamenak elkarrekin adosteko.


Garun-paralisidun Usurbilgo ikasleari behar duen laguntza jartzeko eskatuko dio herriko alkateak Hezkuntza sailburuari

%87ko desgaitasun motorrarekin, Lanbide Heziketa ikasten ari den Usurbilgo gazte batek laguntzailea behar du ikastordu guztietan, baina ukatu egin dio Hezkuntza Sailak, eta hautsak harrotu ditu kasuak: Eusko Legebiltzarrera eraman du gaia EH Bilduk, Steilas sindikatuak egoera... [+]


Garun-paralisia eta %87ko desgaitasuna duen ikasleari behar duen laguntza ukatu dio Eusko Jaurlaritzak

%87ko desgaitasun motorrarekin, Usurbilgo gazte batek ikastordu guztietan laguntzailea izan du orain arteko ibilbide akademikoan, baina Lanbide Heziketara igaro denean, jardunaldi erdian baino ez diote jarri laguntzailea. Laguntzailerik gabe dagoen orduetan ezinezkoa zaio... [+]


Eguneraketa berriak daude