Antxetak plazara, hastera doa festa

  • Aspaldian ikusi gabeko hango lagunak eta hemengo ezagunak agurtu; idazle, musikari eta sortzaileei galderaren bat egin beren lana sinatzeko aitzakia probestuta, eta zergatik ez, aurrera begirako tratua ere sortu; mahai-inguruetan buruari eragin eta elkarrekin hausnartu; euskal kultur eskaintzako berrikuntzak ezagutu... Ziburura gerturatzen denak, hori guztia eta gehiago egiteko parada izango du, jai giro ederrean, gainera. Beraz, hartu agenda, pasatu orria eta erreparatu datorren asteari. Markatu gorriz ekainaren 3a: larunbatez, egun osoko hitzordua baita euskararen eta euskal kulturaren zaletuentzat.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Herriko plaza euskara hutsez beteko da urte osoan lehendabizikoz, baita akaso azkenekoz ere. Euskararen errepublika efimeroa baita Euskal Herrian, eta zer esanik ez Ziburun. Hala adierazi dute azokaren egitarauari azken ukituak ematen ari diren ziburutar eta ingurukoek: “Gure herrian euskara nagusi den egun bat da, egun bakarra”. Laugarren egun berezia, laugarrenez, laugarren edizioa izango baitu Ziburuko euskal liburu eta diskoen azokak. Bidasoaren alde bietako antolatzaileak daude atzean, Baltsan Elkartea eta ARGIA komunikabidea, eta bi aldeetako euskaltzale eta kulturgileak batzen dituen hitzorduetako bat da, egonkortzen ari dena.

“Euskal Herri osoan desafio bera dugu: euskara hutsez solastatzeko aukerak bakanak edo murritzak izaten ditugu”, zioen aurtengo edizioaren aurkezpen ekitaldian Ladix Arrosagarai antolatzaile eta Baltsaneko kideak. Baina zehaztapen gehiago ongi etor dakioke Hegoaldeko txokoren batean euskaraz erosoago bizi den herritarrari, imajina dezan zer nolakoa den Ziburuko egoera kulturaren esparruan: eskualdean ez dago euskarazko liburuak egiten dituen dendarik, Baionara edo Irunera joan behar du bertako jendeak. Areago: hiru lurralde biltzen dituen Euskal Herrian bi liburu denda baino ez daude –Elkar Baionan, eta duela urtebete pasatxotik Menta kafe liburu denda Ortzaizen–. Arnasgunerik baldin bada, beraz, hori Ziburuko Azoka da.

Ipar Euskal Herrian, euskararen errealitatea “erabat diglosikoa” dela nabarmendu du Jenofa Berhokoirigoin azokaren antolatzaile eta ARGIAko kideak: “Diglosia ikaragarri bortitza da, eta ofizialtasuna ez da aitortua. Beraz, herritarren nahiaren eta motibazioaren araberakoa da erabilpena”. Testuinguru horretan, egoerak erabat gain hartuta, behera doa euskararen ezagutza eta erabilpena; hala zioten Inkesta Soziolinguistikoaren VII. txostenak hiru lurraldetan jasotako emaitzek: euskaldun jotzen diren herritarrak, 1996an populazioaren %26,4 izatetik, 2021ean %20,1 izatera pasatu dira. Bostetik batek daki euskaraz, beraz.

"Euskara hutsezko kultur plaza batek, urtean behin bederen, arnas apur bat ematen dio euskaldunari"

Arrosagaraik, ordea, premia eta auzi diglosikoarena, Euskal Herri osora hedatu beharreko mapa dela esan du: “Asko saltzen dute aurreratu egin dela ezagutza arloan, baina praktikan, D eredutik ateratzen diren gazte asko ez dira gai euskaraz bizitzeko, eta horixe da gakoa, Iñaki Iurrebaso soziolinguistak Larrun hilabetekari monografikoan zioen gisan”. Hautu politikoen ondorio dela adierazi du, eta pentsatzen du kalitate aldetik irakaskuntzak “baduela eskasik”, bi aldeetan, baina nabariago Bidasoatik iparraldera.

Giro ederra sortu izan da aurreko edizioetan. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Azoka, zubi sinbolikoa
Urte osoan nagusiki erdaraz bizi den herrian, behin bada ere euskarak plaza hartzea garrantzitsua dela adierazi dute antolatzaileek: “Plazan, herriaren erdigunean egote horrek sinbolikoki eta politikoki badu esanahia. Pisua du irudiari dagokionean ere; ez gara Ziburuko zentrotik deszentralizatuta dagoen zerbait. Euskara hutsezko kultur plaza batek, urtean behin bederen, arnas apur bat ematen dio euskaldunari”.

Euskara hutsezko plazan, erdaldunek, erdal ekoizpenek, ez dute lekurik. Logikoa behar luke, “euskarazko plaza” delako, baina batzuen ustez “diskriminatzailea” da. Arrosagarai: “Esaterako, liburu elebidunak egiten dituztenek esan digute baztertu egiten ditugula, baina gu baztertuak gara urte osoan, gure herrian. Elebidun izatea euskaldunari eskatzen zaio Euskal Herrian, eta ez erdaldunari. Guk esaten diegu: ‘Begira, horrela bizi duzu zuk egun batez guk urte osoan bizi duguna’. Hizkuntza batek gain hartzen besteari; oihanaren legea da hori, naturala. Pertsonak gara elebidunak, baina gizartea, ez”.

Egun bakarreko azoka izanagatik ere, zubi izateko asmoa du egitasmoak. Euskara disfrutatzeko manerak badirela erakuste eta bizitze hutsetik abiatuta, Ziburun eta inguruetan badira eragileak azokaz haragoko programazio kulturala eskaintzen ahalegintzen direnak, euskalgintza helburu. Ziburun eta inguruetan euskaraz ere bizi daitekeela ikusarazteko jendeari, tartean gaztetxo eta nerabeei.

Eskolaz kanpo ere, euskara
Gazteriarengana gerturatzeko ahaleginak areagotu egin dira urtez urte, eta aurtengoan, kolegioarekin eta lizeoarekin elkarlanean, egin dituzte hainbat ekitaldi. “Sorkuntza anitza dela, kultura euskara ere badela, eskolatik harago doala... erakutsi egin behar zaie, ez baitute egunerokoan bizi, ez baitute aukerarik, ez eskaintzarik”.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Bi puntu nabarmendu ditu Berhokoirigoinek: “Batetik, topikoa bada ere, garrantzitsua da plaza eskaintzea, haiek izango direlako etorkizuneko kultur eragileak, irakurzaleak eta espero dezagun idazleak ere, ez baitira asko Ipar Euskal Herrian, eta, beraz, "idazle-hazi" batzuk ahal badira landatu, ondo legoke; eta bestetik, bizi dugun diglosia egoerari lotuta, nerabe ainitzentzat euskara da klaseko hizkuntza bakarrik, bestela frantsesa baitute etengabe pasaia linguistikoan. Guretzat biziki inportantea da bai umeei eta bai nerabeei erakustea euskara plazaren erdian jarri daitekeela”.

Laugarren edizioko berrikuntzetako batek gazteekin du zerikusia: 13-14 urteko ikasleek egindako komikien afixez osaturiko Erakusketa Gunea. Ziburuko Larzabal kolegioko proposamenetik sortu dela azaldu du Arrosagaraik, eta esku zabalik hartu dute, gazteak ez baitira euren kabuz askorik gerturatzen azokara. Horiez gain, pare bat urte zaharxeagoko ikasleek, Etxepare lizeokoek, beste erakusketa bat jarriko dute ikusgai, “Euskal Prentsa” deiturikoa. Aurkeztera ere ausartuko dira oholtzan, bazkalondoan, ahozkotasuna landu eta haien ahotsa plazaratze aldera.

Luzien Etxezaharreta Maiatz argitaletxeko editoreak jasoko du aitortza aurtengo azokaren edizioan. Irudian, Itxaro Bordarekin batera, ARGIArako eskainitako argazki batean, joan den urtarrilean. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Neurria, urtez urte luzeagoa
Azokaren neurria Ziburuko plaza izatea da antolatzaileen hautua, eta urtez urte plazari metro gehiago hartu dizkio euskarazko kultur sormenak: lehen edizioan 16 argitaletxek hartu zuten parte, eta aurtengoan, ia hiru aldiz gehiago, 36 argitaletxe batuko dira Ziburun. Gehiagok ere egin dute bertan izateko eskaera, baina lekua agorturik, deia egiten azkenak izan diren lauk ezin izango dute egon. Berrikuntzetan, aurtengo bederatzien artean, hiru diskoetxeak izango dira –Adar, Maitakultura eta Usopop–, eta beste sei liburu argitaletxeak –Berria, Eguzki Loreak, Katakrak, UEU, EHU eta ZTK–.

Horrek, nahitaez, esan nahi duena da, azokak metro gehiago hartuko dituela plazan. 2019an, 150 metro koadro ziren azokak hartzen zituenak, eta aurten 450 metro. Karpa dezente handiagoa izango dela alegia, irakurzalea eta musikazalea lasaiago mugi dadin mahaiz mahai. Finean, lagun eta ezagunen arteko solasaldiak lasaiago suerta eta eman daitezen, espazioaren goxotasuna beharrezkoa da.

Argitaletxe, diskoetxe, mahai kopuru, metro eta hauen guztien atzean, jakina, bisitariak daude, funtzionatzen ez duten egitasmoak ez baitira urtez urte zifretan hazten. Iaz milatik gora izan ziren, aurreko urtean baino 300 bat gehiago.
Funtsezkoena ziburutarrei eta Zibururi euskara plazara eramatea den heinean, jendeak ongi erantzuten duela ikusirik, pozik dira antolatzaileak: “Ikusten dugu, bistan da, herritarren partetik ere badela gogoa, urtez urte bisitarien kopurua gora doala, eta urtez urte ere, garrantzitsua dena, aurpegi jakin batzuk errepikatu egiten direla. Pozgarria da zinez. Bide horri eutsi nahi diogu”.

Esteka honetan aurkituko duzu Ziburuko IV. liburu eta disko azokaren egitaraua.

Ziburun aurkitu ahalko dituzun zenbait nobedade

Uda kasik ate joka dela, ekoiztetxeak eskaparateak berriturik helduko dira Ziburura. Zerrenda hartuta, berrikuntzak, 87 izango dira.

ARGIAren azken bi liburuen estreinako azoka izango da honakoa: Zaldi bat ihes garrezko zelaian kronika-bilduma, Koldo Izagirrek hautatutako testuena; eta Ño komikia, feminismoa eta bertsolaritza mintzagai dituena, Miren Artetxe eta Eli Pagola gidoigileena eta Maitane Gartziandiaren ilustrazioekin jantzia. (Ziburun ez bada, liburu hauek, dagoeneko, eskuragai dituzu azoka.argia.eus atarian)

Xan Idiart idazle gaztearen bigarren lanak, Nostalgia ez da salgai (Maiatz) ipuin-bildumak, baditu espektatibak Ziburun, nahiz berak, asmo onez bada ere, "ipuin aski absurdu" gisa definitu; ipuinetan, Olatz Mitxelenaren Arrain hezur bat eztarrian (Elkar) liburuak ere aberastuko du orain artean daraman ibilbidea. Saiakeretan, bollera izatea aztergai dakarten bi lan: Eva Perez-Ponsek dakar Susatik, Lisiperen atal berria; eta Txalapartak June Fernandezen eta Amaia Alvarezen hausnarketa.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka
Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


40 argitaletxek eta diskoetxek parte hartuko dute Ziburuko Azokan

Ekainaren 1ean iraganen da azokaren bosgarren edizioa. Liburu aurkezpenak, kontzertu ttipiak zein bestelako ekitaldiak, egitarau oparoa osatzen dabiltza Baltsan elkartea eta ARGIA.


2023-06-20 | ARGIA
1.200 pertsona batu, eta 1.100 liburu eta diska saldu ziren Ziburuko Azokan

Joan den ekainaren 3an egin zen Ziburuko 4. Euskal Liburu eta Disko Azoka eta antolatzaileek –Baltsan Elkartea eta ARGIA–  balorazio orokorra egin dute. Azoka handituz joan da bere erritmoan, urratsez urrats, urtetik urtera baieztatuz 2019ko hastapen hartan... [+]


Eguneraketa berriak daude