"Zentral eolikoetan kontuan hartzen dira habia lekuak, baina ez harraparientzako elikatzeko lekuak"

  • Zentral eolikoen proiektuek eragin dute herritarren artean mendiko bizidunekiko jakin-mina piztea. Adibiderako, Andatza-Ezkeltzu Bizirik taldeak antolatuta hitzaldia eman du Aitor Leizak maiatza hasieran, Zizurkilen. Leiza Itsas Enarako kidea da. Txikitatik du hegaztiekiko zaletasuna eta gaztetan herriko argazkilari baten lanak ikusita txunditu zen: “Dokumentaletan agertzen diren hegazti hauek denak hemen al daude?”, galdetu zion bere buruari, eta hegaztiei buruz sakonago ikasten hasi zen, liburuetara jota. “Ezagutzen ez duguna ezin dugu maitatu", oroitarazi digu.


2023ko maiatzaren 14an

Haize errotek zer eragiten diete hegaztiei?

Ez da kasualitatea hemen ehiztari asko egotea: Euskal Herria Afrika eta Ipar Europaren arteko puntu estrategikoan kokatuta dago, migrazio fluxu garrantzitsuena bertatik pasatzen da. Milioika hegazti pasatzen dira urtero Euskal Herri gainetik eta mehatxupean dauden hegaztien kasuan, bertatik pasatzen ikuste soila oso garrantzitsua da. Adibidez, Ingalaterra aldean miru gorria ia desagertzear dago, eta Euskal Herritik ez badira pasatzen, ez dira hara iritsiko.

Hegazti migrariak Europatik Afrikara joaten dira negua pasatzera: badira neguan Afrika pasa eta Madagaskarreraino joaten diren hegaztiak eta udan habia egitera Artikoraino joaten direnak. Migraziorako bi fluxu indartsu daude: bata itsasokoa eta bestea lehorrekoa. Eta hesi natural bat dute: Pirinioak. Pirinioek badituzte bere pasabide naturalak, handik ere hegazti asko pasatzen da, baina eguraldi txarra baldin badago bazterrera etortzen dira, edo Katalunia aldera edo Euskal Herri aldera. Horregatik, Euskal Herrian enbutu moduko bat egiten da, bertan batzen direlako itsaso aldetik datozen hegaztiak, eta lehorretik datozenak. Beraz, Euskal Herria zeharkatu beharra dute, bai ala bai, eta edozein lekutatik pasatu daitezke. Migrazioak batez ere gauez ematen dira eta gauez ez dira haize errotak ikusten... Beti oroitzen gara hegaztiekin, baina hegaztiez gain saguzar migrariak ere badira eta hegaztien antzeko arazoa daukate.

Migrariak gure mendietan hiru modutan bizi dira: negua pasatzera etortzen dira Iparraldetik gure kostaldera eta horietako batzuk Afrikaraino jaisten dira, baina ale batzuk hemen geratzen dira negua pasatzen. Beste hegazti batzuk bertan bizi dira urte osoan, eta beste hegazti batzuk umatzera etortzen dira hona, Afrikatik gora.

Bestalde, harrapariak daude. Horien habiak bailaratan egon daitezke, gailurretik 200 metro edo kilometro bat beherago, baina elikatzeko eremuak gailurrak dira: gailur horietan dauden arratoi, sagu, sugeak jaten dituzte. Zentral eolikoen proiektuetan askotan garrantzia ematen zaio animalia bat bertan umatzen den edo ez begiratzeari. Baina, batez ere harraparietan, beraien elikatzeko era zelai gainetan hegan egitea da, eta hain justu elikatzeko leku horietan kokatu nahi dituzte haize errota guztiak. Beraz, askotan garrantzia handiagoa du elikatzeko lekuak eta ez habia duten lekuak. Harrapariek askotan ez dute lehen haize errotarekin talka egiten, baina haize errotaren besoek sortzen dituzten haize zurrunbiloen ondorioz, hurrengo haize errotarekin egiten dute talka.

Ezkeltzun bizi diren zein hegaztik eta landarek ematen dizute arreta? Zergatik?

Ezkeltzun harrapariak dira kaltetuenak izango direnak. Harraparien artean dugu miru gorria: bertan habiak egiten hasi dira eta hori berria da, duela hamar urte ez zegoen ale bakarraren habiarik ere.

Pentsa hegaztiekin zer egoeretan gauden: abere bat hiltzen denean, abeltzaina behartuta dago menditik kentzera. Zergatik? Era naturalean, hegaztien artean lehenbizi etorriko lirateke bele, erroi, miken familiakoak, haragi zati bigunak jatera. Eta haiek aterako duten zalapartarekin, sai zuria etorriko da atal bigunak jatera. Putreek ikusiko dute hegaztien jai hori eta haiek etorriko dira hezur arteko haragia jatera. Eta zikloa bukatzeko, hezurra jatera ugatza etorriko da. Hori guztia bultzatu beharrean, gizakiok joaten gara kamioiarekin hilda dagoen aberea jasotzera, eta aldi berean, janlekuak sortzen ditugu hegaztiek jan dezaten.

Ugatza, hezurrak jaten dituena, laster izango dugu gure mendietan. Kate trofikoan gailurrean dago, hezurrak txikitu eta jateko garatu den bakarra da. Aralarren hirukote bat dago, Urbasan beste bikote bat... eta tarteka beste mendietan ikusten dira.
Landare aldetik, kontuan izan behar dugu Euskal Herrian benetako basoak oso gutxi direla, basoa oso sistema konplexua baita. Sistema konplexu horiek duela ehun urte suntsitu ziren, hektarea gutxi geratzen dira kontserbatuta eta elkarren artean loturarik gabe. Gainera, nekazaritza galtzeak mendian ditugun belardi, mosaiko eta ertzetako eskaiak (sasi eta zuhaixkaz egindako hesi naturalak, txarrantxarik gabeko hesi berdeak) galtzea dakar. Baserritarrekin batera egitura horiek desagertuko dira. Ekosistema horiek ongi datozkien hegaztiak ere gainbeheran daude eta horietako batzuk badaude Ezkeltzun, adibidez, belatz gorria.

Euskal Herriko espezie mehatxatuen zerrendatan badira hainbat landare eta hainbat hegazti. Arriskupean dauden espezie horien kasuan, legearen arabera ikerketa egin behar da, ez galtzeko zer egin eta inguru hori nola kudeatu behar den zehazteko. Agian, proiektu hauek egin ahal izateko nahita ez dituzte eginda espezie horietako bakoitzaren kudeaketa planak, kudeaketa planak egingo balira agian ezingo bailirateke horrelako jardueretako batzuk egin. Eusko Jaurlaritzari dagokio mehatxupean dauden espezieak izendatzea, baina Aldundiei dagokie espezie horietako bakoitzaren kudeaketa plana egitea. Eta Jaurlaritzaren zerrendan mehatxupean dauden animalia eta landareen artean, oso gutxik dute kudeaketa plana idatzita. Gainera, ez da soilik plana idaztea, hainbat urteren buruan errebisatu egin behar dira, eta ez da egiten.

Gaiari lotutako bi eduki:

Nafarroan zentral eolikoek 8.900 hegazti baino gehiago hil dituzte

Niri zer axola zait gure mendian zomorro hori desagertzen bada?

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Parke eolikoak
2024-03-18 | ARGIA
EH Bizirik elkarretaratze zaratatsura deitu du Europako industria eolikoaren kongresuaren aurrean

Martxoaren 20an Barakaldoko BECen egingo du Europako industria eolikoak bere urteroko kongresua, "Wind Europe" deitu diotena. 10:00etan atarian elkarretaratze zaratatsua deitu du EH Bizirik sareak.


Galizian 13 parke eolikoren proiektuak geldiarazi ditu justizia auzitegiak, ingurumenean izan ditzaketen ondorioengatik

Berriztagarriek Galizian ere sukarra bizi dute eta proiektu ugari justizia auzitegietan dira momentu honetan. Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiak haietako hamahiruren gaineko suspentsioa agindu du, eta horretarako bere irizpideak egokitu ditu Espainiako Auzitegi Gorenak... [+]


2024-02-27 | ARGIA
Lurraren defentsan "Hamaika" erakusketa artistiko ibiltaria abiatuko dute Beran martxoaren 1ean

"Hamaika arrazoi lurraldea defendatzeko" izeneko erakusketa artistiko honetan, Euskal Herriko hamaika ilustratzailek parte hartu dute eta makroproiektu eolikoek kaltetutako Euskal Herriko zenbait familia eta bizilagunen hamaika testigantza ere jasotzen dira. Etxalarko... [+]


2024-02-27 | ARGIA
Antzuolan 200 metroko haize errota irudikatu dute giza katean

Irimo mendian Cilda Energy SLU enpresak 200 metroko bi haize errota ezarri nahi ditu, Trekutz izeneko proiektuaren baitan. Dimentsioaz jabetzeko giza katea egin dute Antzuolan otsailaren 25ean, Meaka-Irimo herri plataformak deituta "berriztagarriak bai, horrela ez!"... [+]


2024-02-08 | ARGIA
Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketaren legeaz:
"Hiru alderdi politiko hauek hazkunde ekonomikoa lehenetsi dute klima larrialdiaren aurrean"

Euskal Herria Bizirik sareak elkarretaratzea egin du Eusko Legebiltzarraren atarian, barruan Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketaren Legea onartzen zuten bitartean. Sare horren hitzetan, "EAJ-PNV, PSE eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu da, agerian utziz hiru alderdi... [+]


Eguneraketa berriak daude