"'Auzolan' hitzak definitu beharko gintuzke euskaldunok"

  • Enpresa munduan egin du laneko bizi osoa –zuzendaritzetako goi-karguetan, egin ere–, eta hainbat gogoeta egina da enpresaz eta ekonomiaz. Honetaz eta hartaz galdezka joan gatzaizkio, inguratzen gaituzten organizazioak hobekiago ulertu nahirik. Baina enpresari honek Euskal Herria baitu helburu, Nafarroaz eta EAEz jarduteko aukera ere baliatu dugu, gure hizkuntza eta kultura preziatzetik abiaturik.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Sixto Jiménez Muniain. Zangoza, 1950

Amaren aldetik datorkio Euskal Herriarekiko maitasuna, euskara eta euskal kulturaren aldeko zaletasuna. Ekonomia eta Enpresa ikasketak eginik, Nafarroako zenbait enpresatan egin du bidea, eta Europan goren mailaraino ere eraman du bat edo beste. Euskara eta gure kultura laguntzen ditu, eta hainbat erakundetan hartu du parte: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gizarte Kontseilua, Iura Vasconiae, Jakiunde, Eusko Ikaskuntza, Reno-Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroan… Iruñeko Laba elkarteko ongile eta kide da. Cuestión de confianza. Más allá de la inteligencia  (Konfiantza kontua. Inteligentziatik harago) liburua publikatu zuen 2006an.

Aitortu behar dizut ez dudala enpresa mundua ezagutzen, hainbat gutxiago enpresari eta zuzendariak ere. Ez dakit nolakoak diren ere, zein dituzten kezkak, enpresaren egoeraz gainerako arrangurak, alegia...
Ororen buru, nekaezinak dira, nekaezinak izan behar dute beren enpresa aurrera aterako badute. Eta, horrekin batera, behatzaile handiak izan behar dute, eta giza harremanetarako gaitasun berezia izan behar dute, bizi honetan ohi denez. Enpresariak, beraz, hornitzaileekin hitz egin behar du, sindikatuekin, finantzatzaileekin… Jende askorekin! Enpresariak, edota goi-kargu batek, hitz egiten ematen du denbora guztiz gehiena. Eta, tarteka, pentsatu egingo du. Eta horixe da nik goi-karguari eman ohi diodan lehen aholkua: “Heldu beti eginkizun inportanteenei, eta saiatu lan urgenteak kontrolpean edukitzen!”.

Erraz esan duzu…
Goi-kargu bat goizean lanera sartu, eta lehen ordu erdian ez luke e-posta ireki beharko. Pentsatu ere ez. Mezuak irakurtzen hasten bazara, eta mahai gainean utzi dizkizuten paperak irakurtzen, ez duzu lehentasunezkoa egingo, hurrengo baterako utziko duzu, goizean jasotako mezu eta paperek ez dizute besterik egiten utziko eta. Goi-karguaren egitekorik behinena enpresa lideratzea da, eta enpresak bloke gisa lan egiteko, hobe da lideratu hori ekipokoa izatea. Hala ere, liderrak eragin behar dio ekipoko lanari, eta kultura hori sortu. Erakunde bat guztiz bestela antolaturik dagoenean, bateko batzorde, besteko talde… lana mantsotu egin ohi da. Eta, luzaro, lana mantsotzeak ez dakar onik.

Lider adibiderik baduzu.
Viscofaneko fundatzailea, adibidez, Leopoldo Mitxelena, irundarra. Nire irudiko, intuizioaren jeinua, eta lider naturala. Baina ez zen neurriz gaineko liderra ere. Jendeari onena ateratzeko bidea ematen zion. Liderra guztiz erabatekoa eta zorrotza bada, besterik da kontua. Elon Musk, esaterako: jenialtasunak dituen bitartean, zoragarri, baina asmatzen ez duen egunean, porrot handiren bat jasotzen duenean, gorriak ikusi beharrean dago, zeren, kanpotik begiraturik ari naiz, ez zait iruditzen ekiporik sortu duenik, eta sortu badu, ez du ematen ekipoaren iritzia kontuan hartzen duela ere. Beharbada bai, eta ni ez naiz ohartu, prentsan irakurtzen dudana baizik ez baitzait heltzen.

Leopoldo Mitxelena aipatu duzu. Ez nuen haren aditzerik… Egia esan, hamahiru enpresariren izenak eskatuko balizkidate, ez nukeen zerrenda osatuko.
Leopoldo Mitxelena, Cenia igogailuetakoa duzu, Pingon garabietakoa… Gipuzkoako enpresari oso inportantea. Zuk hamahiruko zerrenda ez osatzea ez da harritzekoa, askoz ere enpresa gehiago baitago, enpresari baino. Enpresa asko, gaur egun, hirugarren belaunaldikoak ere badira, guztiz organizazio hutsak dira, ez dute enpresa espiriturik. Lehen eta bigarren belaunaldiko eragileek izaten dute espiritu enpresariala, baina enpresa hazi ahala, eta haren gidaritza belaunaldi berriek hartu ahala, organizazioa nagusitzen da.

Beren burua ezkutatzen dute enpresariek?
Baliteke. Batzuetan, neurriz gaineko diskrezioa, edo, are, gehiegizko okultismoa. Beharbada, era horretara lasaiago bizi direlako, eta negozioan kontzentratuago. Beren burua ezagutzera emanez gero, hortxe ibiliko dira haien izenak guztien ahotan, hedabideetan eta bestetan. Lasaiago bizi dira dakiten horixe eginez, beren lanari emanak bizi, baina, hala ere, uste dut gizarte-lan ederra egin dezaketela, beren lana azalduz. Gipuzkoan, adibidez, hamaika enpresa baino gehiago dituzte, eta sail ezin ederragoa osatuko litzateke haien historia kontatuz. Nafarroan ere bada halakorik, eta Azkoienera joan besterik ez duzu, edo Cintruénigora… Enpresa askoren historia abentura hutsak dira, zoragarriak, neke eta pena askori kontra egin eta atera dira aurrera. Eta, askotan, zoriak lagunduta, zeren merituak askok egiten baitituzte, baina denek ez dute arrakasta bera.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
"Errazagoa da enpresa handi baten gidaritza hartzea, kooperatiba txiki bat gestionatzea baino”

Zoria da gakoa, hortaz?
Bai, dudarik gabe. Gakoetako bat, bederen. Beti bada zer edo zer, zure enpresa arriskuan jartzen duena. Eman dezagun, krisi handi hura [2007]. Zerbait bazetorrela aurreikusi nuen, baina ez nuen uste dimentsio hura hartuko zuela. Edo pandemia garaia: bat baino gehiagok bezperan ireki zuten jatetxea; biharamunean, pandemia. Horri aurre egingo dionik ez da! Zoria! Muturreko kasuak dira, baina enpresa baten bidean zoriak eragin handia duela ez izan dudarik. Eta enpresaren bidean ez ezik, baita norberaren karrera profesionalean ere. Neure kasua dut adibide.

Zein izan da zure kasua, jakin baliteke?
Kooperatiba txiki bateko zuzendari nintzen, eta harremanetan ginen Leopoldo Mitxelenaren enpresarekin. Behin, haren seme Luis Mitxelenak ni ezagutzea gertatu zen. Ingeniaria zen, oso zorrotza bere lanean. Berak eraman zuen Viscofanera kalitatearen kultura, adibidez, eta, hain zuzen, kultura hori gako izan zen enpresak aurrera egin zezan. Elkar ezagutu ordukoxe, elkar aditu genuen Luisek [Mitxelena] eta biok. Nik merkataritza-estrategiari buruzko ekarria egin niezaiokeela iruditu zitzaion, bata bestea osa genezakeela, eta halaxe hartu nuen enpresaren zuzendaritza. Ordu arte inoiz ez nuen neure burua hautatze prozesu batera aurkeztu, eta, ziurrenik, ez nukeen aurkeztuko ere. Zoriak ekarri zuen, ordea, biok elkar ezagutzea, eta fitxatu ninduen Viscofanerako.

Enpresa handi baten zuzendaritza hartzea ez da txori-kaka.
Bada, esango dizut: errazagoa da enpresa handi baten gidaritza hartzea, kooperatiba txiki bat gestionatzea baino. Enpresa handi batean abokatu bat kontratatu ezinik ez duzu, honetan edo hartan zerbait galtzeko arriskua hartu… Kooperatiba txiki batean, arriskatu, eta gauza ongi ateratzen ez bada, baliteke kooperatibak hondoa jotzea, kapitala handitzeko aukerarik ez baitago! Adibidez, errazagoa da General Motorseko zuzendari izatea, Viscofanekoa baino. Eta errazagoa da Viscofan gidatzea, 45 laguneko kooperatiba txikia kudeatzea baino. Are gehiago, General Motors zuzenduko nuke, baina ez dut neure burua taberna bat gestionatzeko gai ikusten. Ez baitut behar den know how-a. Enpresa handia gurutzontzia da, inertziak darama…

Jakin dudanez, askoz ere gehiago dira porrot egiten duten enpresak, aurrera egiten dutenak baino.
Askoz ere gehiago! Distortsio hutsa da! Ekonomia prentsa irakurri, eta bat eta bera ari dira beti, halakok kapitala handitu duela, halakok halako enpresa erosi duela, etekinak emendatu dituela… Alde zoriontsua erakusten du prentsa horrek, aurkia, baina ez girbina. Eman dezagun, startup-en mundua. Ez daukat datu zehatzik eskuartean, baina esango nuke startup-en %90 ere ez direla gauzatzen, ez dute helmuga jotzen. Eta horixe da normalena, gainera. Kontuz seme-alabari enpresari izatea gomendatzearekin: nekaezina izan behar da, ezohiko nekaezina. Enpresak ahalegin handia eskatzen du, eta aferak beti dira lehen begiratuan irudi dutena baino zailagoak. Eta hastapenean, landarea ahula denean, marranta txiki bat aski da hura alferrik galtzeko. Besterik da enpresa handia denean, arriskuak bai, baina haiei aurre egiteko askoz baliabide handiagoak baititu.

Enpresa kultura handia izan da gure artean. Gipuzkoako enpresa txiki eta ertaina jarri izan dute batzuek eta besteek eredu, edo adibide. Kultura hori bada oraindik? Irauten du?
Gatazkak kalte handia egin digu. Enpresari izateko, harixe emana bizi behar duzu, misio bat da, kasik. Eta misio horrek prestigio galera ekartzen badizu, eta arerio sozialaren etiketa, ez da erraz. Ez da hazitegi egokiena, jakina. Gatazkak kalte egin digu, hondo-hondoan. Hala ere, uste dut gizartearentzako errentagarri dela enpresaria mirestea, nahiz eta enpresarien artean ere denetarik dagoen, baita lotsagabeak eta delitugileak ere, baina, oroz lehen, nik txalo jotzen diot enpresariari, lehen belaunaldikoari, batik bat. Bosgarren belaunaldiko enpresariaren kasuan, ikusi egin behar nola jokatzen duen. Enpresariari, hasteko, nire txaloa. Eta startup horietan ari diren neska-mutil gazteei ere, txapela!

Enpresariak izan duen prestigio galera aipatu duzu…
Erregimenaren parte bezala ere ikusi izan da. Baina, egia osoa esan, enpresariak ongi konpondu behar du gobernuarekin, harreman onak izan behar ditu. Eman dezagun EH Bildu egiten dela Nafarroako Gobernuaren buru. Hemengo enpresariak, guztiz gehienek bestelako botoa emanagatik ere, gisa onez konponduko lirateke gobernuarekin, beren negozioari komeni zaiolako, eta gizarteari beren ekarria egitea dagokielako, gobernuan zeinahi dagoela ere. Hasteko, gobernuarekin ongi konpondu. Gero, konforme ez bazaude, hurrengo hauteskundeetan aldatzen saiatu. Baina beti komeni zaigu, denoi, gobernuak bere lana ongi egitea.

Gobernuak aipatu dituzunez gero, nola bizi izan dituzu Nafarroako eta EAEko gobernuen arteko harremanak?
Franco hil eta Trantsizioa hastean, EAEko ekonomia arras egoera larrian zen. Bazirudien EAEko industria-egitura osoa gainbehera zetorrela. Denek ere irabazlearen ondoan edota itzalean nahi izaten dute, inork ez galtzaileekin, AEBetan esan ohi denez. “Galtzaile”, gorroto dut adierazpide hori… Garai hartan, EAE “galtzaileen” bandoan zegoen, espainiar estatuan pozak txoratzen zeuden, pozak amorratzen, Euskadiren egoera txarra zela tarteko. Halaxe zabaltzen zuten lau bazterretara, desprestigioa sistematikoa zen, derrotismoa. Irudi txarra zuen, beraz, eta Nafarroan inork ez zuen harekin loturarik izan nahi. Euskara ere ETArekin lotzen zuten, gatazkarekin, atentatuekin, biolentziarekin.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

 

"Behin, egunkari bateko zuzendariarekin, eta: ‘Hara, Sixto Jimenez! Zu nazionalista zara, ezta?’. Eta nire erantzuna: ‘Ez zu bezain nazionalista, baina nazionalista samarra banaiz, bai’. Haiek uste dute ez direla nazionalista!”
 

 

Lingua Navarrorum-a ere zaku berean sartu zuen Nafarroako eskuinak.
Bai, bada! Indar handi horiek dena manipulatu zuten, euskara eta euskal kulturarekiko sentimendua, eta nik esango nuke horretan daudela oraindik, gaur egun. ETA desagertu eta hamar urtera ere, lelo bera darabilte. Uste dut zenbait jende faxistak, eta nazionalista espainolek, horixe nahiko luketela, eroren batzuek atentaturen bat edo ezegitekoren bat, beren diskurtsoa justifikatu ahal izateko. Zentzugabekeria hutsa da, euskararen etsai dira. Ez dut ulertzen.

Zer ez duzu ulertzen?
Espainolak izanik, pozik eta harro egon beharko lukete “beren” herrialdean euskara, katalana, galegoa… eta zenbait hizkera dauzkatelako. Baina, harro egon ordez, espainolaren defentsarako taldeak osatu dituzte! Euskararen “arriskutik” babesteko? Ezagutzen duzu gaztelaniaz hitz egiten ez duen euskaldunik? Edo katalanik?… Non da arriskua? Espainol kultu, ireki, etiko, demokratiko batek aberastasuntzat ikusi beharko lituzke euskara eta katalana, adibidez, eta sustatu eta bultzatu egin beharko lituzke. Espainolak horrela jokatuko balu, maila intelektual eta etiko handikoa dela erakutsiko liguke, baina, tamalez, ez da kasua.

Zer deritzazu kooperatibei?
Ikaragarria da kooperatiba fenomenoa Euskal Herrian. Arizmendiarrietak abiarazitako lanak zer bide egin duen joan deneko 50 urte honetan. Azken mugimenduek [Orona, Ulma] ez dute onik erakusten, puntuak galdu ditugu, oraindik alde handia kentzen diegu gisako proiektu askori, baina oraingo kooperatibak ez dira aita Arizmendiarrietarenak. Bidean galdu egin dugu, denok, eta horrek gobernuaren kezka handienetako bat izan beharko luke, baina, jakina, ez dira lau urtean zuzentzen diren gaiak, eta politikariak epe horixe du beti jomugan.

Kooperazioaren alde ari zara...
Dudarik gabe. Enpresa ere horixe da, ekipoa. Nire irudiko, ikastolatik, eskolatik beretik sustatu beharko litzateke espiritu hori. Gurean bada hitz bat: auzolana. Nik esatera, auzolan hitzak definitu beharko gintuzke euskaldunok. Bizitzeko manera jakin bat da auzolana, bizitzari aurre egiteko era zehatz bat, bizitzeko filosofia bat. Horixe azpimarratuko nuke. Eta ikastoletan ere horretan saiatu beharko lukete, haurrak gauzak elkarlanean egitera bultzatu beharko lituzkete, txikitandik. Egin dezatela zernahi, baina elkarrekin, elkarlanean. Horrela eginez gero, euskaldunok bata bestearekin kolaboratzeko dugun joera areagotuko dute, eta hobetuko. Jarrera da giltza.

Zer esan nahi duzu?
Balio zibikoak ezarri behar dira, auzolana da giltza. Gure hezkuntza sistemak jarrera landu behar du, edukiak baino askoz gehiago, horiek Interneten baitaude. Jarrerak behar ditugu: elkarlanerako aiurria, izaera eraikitzailea, kritika irekia egiteko gaitasuna… unibertsitateetan balio horiek landuz gero, garaiezinak ginateke, handik honakoak! Oinarriak dira inportante, zeren teknika ziztuan ari baita garatzen, eta gaur garatutakoa, zahartua dago bihar. Ezagutza oinarrizko batzuk, jarrera, eta etika. Eta nekaezintasuna, hasiera-hasieran esan dudanez, eta perfekzionismoa, gauzak gero baino gero hobekiago egiteko gogoa.

                                                                                              *          *          *

Hitzak gastatzen

“Hitzak gastatu egiten dira, batez ere jatorrizko esanahia galtzen dutenean. Idiota edo maisu eta maistra hitzen kasua da, adibidez. Berdin enpresari hitzari dagokionean. Oraingo enpresari berriek, ekintzaile erabiltzen dute beren burua definitzeko, horrek oraindik prestigioa duelako, eta gizartearen sinpatia. Enpresa eta enpresari hitzek oker erabili dira kasu askotan, eta horrek terminuen muina desbirtuatu du”.

Generoa

“Enpresa munduan gizonezkoak dira nagusi, ez direlako kontziliazioaz kezkatu eta familiak dakarren hainbat ardura ere bazter utzi dituztelako. Haatik, aldaketa garaia bizi dugu horretan ere, eta emakumezkoa gero baino gero gehiagotan ageri da enpresetako goi-karguetan. Onena gizon-emakumeen arteko oreka da, ikuspuntuak aberasten direlako, giza faktoreak aintzatestea indartzen”.

Liderra, ekipoa

“Beti behar izaten da lider bat, eta, liderrarekin batera, ekipoa. Luzaro begira, liderra baitezpadakoa da, baina liderra hiru hilabetez kanpoan egonik ere, enpresak buruzagi harekin bezain ongi, edo hobekiago, lan egin behar du”.

AZKEN HITZA

nazionalistak

“Behin, taxi batean sartu, eta ikusi nuen taxilariak espainiako banderaren koloreak zeramatzala, zinta batean zintzilik. Eta esan nion: ‘Hara, nazionalista!’. Ez zitzaion gustatu: ‘Ni nazionalista, ez! Espainola!’. Eta nik, teman: ‘Bai, bada, nazionalista espainola!’. Kar, kar! Beste behin, egunkari bateko zuzendariarekin, eta: ‘Hara, Sixto Jimenez! Zu nazionalista zara, ezta?’. Eta nire erantzuna: ‘Ez zu bezain nazionalista, baina nazionalista samarra banaiz, bai’. Haiek uste dute ez direla nazionalista!”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Enpresak
2024-04-12 | ARGIA
Espainiako Estatuan karbono dioxido gehien isurtzen duten hamar enpresen artean: Repsol, Iberdrola eta ArcelorMittal

2023an, karbono dioxido isuriek %5,3 egin dute behera Espainiako Estatuan. Gehien isurtzen duten hamar enpresen artean, bakarrak egin du gora, Iberia hegazkin konpainiak, %10,7ko igoerarekin. Kutsatzaileen zerrendan aurrena Repsol dago.


2024-03-17 | Roser Espelt Alba
Desjabetze bidezko metaketa berriztagarria

Zertara dator gure herria zentral eolikoz eta eguzki-plakaz betetzeko urgentzia hau? Bistan da, arrazoi agerikoena klima aldaketari erantzuteko premia dela, erregai fosilak iturri berriztagarriekin ordezkatzekoa. Hain zuzen, hori omen da Europako funtsen zein estatu eta... [+]


2024-03-14 | Gedar
Mercadonak %40 areagotu ditu irabaziak, eta %30 Inditexek

Marka historikoak hautsi dituzte bi enpresek 2023an: Mercadonak lehen aldiz lortu du 1.000 milioi euroko irabaziak gainditzea.


Riderren lan eskubideak bermatzen dituen direktibaren alde egin du Europar Batasunak

Frantziako Estatua eta Alemania izan dira aurka kokatu diren estatu bakarrak. Direktibaren lanketa 2021eko abenduan abiatu zuen Europak, baina trabak eta presioak tarteko, hiru urte baino gehiago behar izan ditu onespenak. Europako Parlamentuak bozketa berrestea falta da.


Iberdrolak 4.803 milioiko irabazi garbia izan zuen 2023an

% 10,7ko igoera izan du aurreko ekitaldiaren aldean; iaz, 4.339 milioiko errekorra lortu zuen. Hala ere, Ignacio Sanchez Galan presidenteak irabazi elektrikoen kargaren aurka egin du.


Eguneraketa berriak daude