“Gerra-egoerako legediak soldatak ez ordaintzeko aukera ematen die enpresariei”

  • Ukrainako gerra hasi zenetik urtebete pasa den honetan, Ukrainako Artiom Tidva sindikalista elkarrizketatu dugu, gerraren ondorioz herritarrei eguneroko bizitza eta lan-mundua nola eraldatu zaizkien ulertzeko. Lan-gatazka pertsonal batetik abiatuta, Tidvak bere kabuz Lan Zuzenbidea ikastea erabaki zuen, epaitegian bere burua defendatu ahal izateko. Geroztik, borrokak kolektiboki ematearen garrantziaz sinetsita, urteak eman ditu Ukrainako hainbat eskualde eta lan-alorretan sindikatu independenteak sortzen, langileei beren eskubideak defendatzen laguntzeko.

Argazkia: Artiom Tivda

Nola aldatu da zure bizitza 2022ko otsailaren 24ko inbasioaz geroztik?

Gerra hasi arte Kieven bizi nintzen. Gerra hasi eta gutxira konturatu nintzen leherkari batek etxean jo eta ni hiltzeko arriskua zegoela. Egun haietako batean kide batek deitu eta esan zidan Kievetik alde egingo zuela, autoan leku libre bat zuela eta nire bila pasa zitezkeela. Auto-ilara ezin luzeagoetan ibili ginen; gugandik kilometro batera leherketak egon ziren, baina, zorionez, gure gidariak esperientzia handia zuen eta beste bide bat aurkitu zuen. Gero jakin nuen auto-ilara horretan zibilen autoak bonbardatu zituztela eta errepide hori hartu nahi zuen jendea hil zutela. Ukrainako mendebaldeko hiri batera joan nintzen bizitzera, hiri hartako sindikatuarekin jarri nintzen harremanetan, eta lanean jarraitu nuen.

Maleta ez nuen epe-luzerako prestatua, iruditzen baitzitzaidan egoera guztia nolabaiteko esajerazioa zela eta Errusiak izua piztea besterik ez zuela nahi. Gainera, Ukrainako agintariek esaten zuten Errusiak behin baino gehiagotan iragarri zuela gerraren hasiera, baina gure ekonomia ezegonkortzeko probokazioak zirela guztiak. Nazioarteko inteligentzia-zerbitzuek etengabe errepikatzen zuten erasoa hurrengo egunean izango zela; gure albistegiek batzuetan horrelaxe baieztatzen zuten, eta bestetan gehiegikeria zela esaten zuten. Inork ezin zuen ziur jakin zer zerabilen Putinek buruan.

Egun, zaila da ezer planifikatzea. Beste hiri batera trenez joatea konplikatua da, hainbat ordutako atzerapenak egoten dira argi-mozketen ondorioz, tropa errusiarrak zentral elektrikoak bonbardatzen ari baitira. Trenak ez dira joaten bonbardatzen ari diren lekura, itzulingurua egiten dute edo alarma bukatu arte itxaron.

“Bizi izan nintzen hirian etxebizitzen prezioak boskoiztu egin ziren, han bizitzea seguruagoa delako”

Alarmak jotzen duenean babeslekuetara jaisten zarete?

Egia esateko, jada ez beti. Atzo supermerkatura joan nintzenean alarmak jo zuen, denda itxi eta irtenarazi gintuzten, baina jendea ez zen ondoan dagoen babeslekura joan, 30-40 minutuz erretzen gelditu zen. Misilak noiz eroriko zain gelditu ziren, besterik gabe. Jendea jada ez da hain kontuz ibiltzen, nahiz eta zaila den lasai egotea sirenak jotzen duenean, etxe eta eraikin suntsituen irudiak etortzen zaizkizulako burura. Baliteke zure etxebizitza izatea sutan dagoena.

Nola aldatu den nire bizitza? Hiri lasaiago batera joan nintzen bizitzera eta han egon nintzen martxotik ekainera. Inork ez zuen espero etxebizitzen prezioak igoko zirenik erdigunetik urrunen zeuden auzoetan ere. Bizi izan nintzen hirian etxebizitzen prezioak boskoiztu egin ziren, han bizitzea seguruagoa delako.

Duela gutxi bueltatu zara Kievera. Nola aldatu da hiria?
Ekainean itzuli nintzen. Nire auzoan, etxebizitza-bloke batek goiko bi solairuak suntsituta zituen. Inguruko hamar etxeetako leihoak lehertu egin ziren, eta jendeak nolabait ordezkatu edo ateren batekin estali ditu aire-korronteak. Ia leiho guztiak zinta itsaskorrez estalita zeuden, leherketen ondorioz eztanda ez egiteko. Batzuk larriki zauritu dira leiho-zatiekin.

Nolakoa da eguneroko bizimodua Ukrainan?

Jendeak lanean jarraitzen du, arazoei aurre egiten. Pandemiak ekarritako arazoez gain, gerrarenak ere pairatu behar dituzte orain langileek; adibidez, gizarte langileek, irakasleek eta erizainek ez dakite nola lan egin gerratik bizirik atera diren pertsonekin.

Sindikatu askok erantzukizun humanitarioak hartu dituzte. Pentsa, adibidez, milaka langilek eta haien familiek Mariupoletik alde egin dutela, etxerik gabe gelditu direla eta denek behar dutela aterpea eta janaria; beraz, dirua ematen da haientzako higiene-produktuak eta elikagaiak erosi ahal izateko. Sindikatuek kit humanitarioak antolatzen dituzte eta afiliatuei ematen dizkiete. Badakit, halaber, sindikalistak elkarlanean aritzen direla Gurutze Gorriarekin, erakunde humanitario batzuekin eta nazioarteko sindikatuekin. Gerra garaian, desplazatuei eta errefuxiatuei eraginkortasunez laguntzeko erabiltzen dira komunikazio bide horiek.

Gu, sindikatu garen aldetik, langileak aholkatzen saiatzen gara, baita beste herrialde batzuetara joan aurretik ere, langile askorentzat ohikoa izaten baita Europara migratzean ilegalki lan egin behar izatea.

Artiom Tivda elkarrizketatua sindikatuko kide batzuekin batera, laguntza humanitarioko biltegi batean. Argazkiaren zati batzuk borratu dituzte lokalizazioa ekiditeko (Argazkia: Artiom Tidva )

Zer aldaketa bizi izan ditu lan-merkatuak Ukrainan?

Gerra piztu zenetik lege martziala dugu, eta horrekin batera behin-behineko lege bat onartu dute, lan-merkatuan enpresaburuei ñabardura batzuk sinplifikatu dizkiena. Gobernuak legeztatu egin du herrialdetik alde egin duen langile bat kaleratu ahal izatea. Aparteko orduen kantitatea igotzea ere legeztatu dute: ekoizpenak hala eskatzen badu, 60 orduz lan egin behar duzu. Aparteko orduak inolako mugarik gabe egitea legeztatzeko onartu zen behin-behineko lege hori.

Egoera oso arriskutsua da gerran dagoen estatu batentzat. Tentsio soziala sortzen da gizartean enpresaburu batek hitzarmen kolektibo baten arauak errespetatzen ez dituenean edo langile bat kaleratzen duenean, ez soilik gerran dauden lurraldeetan, baizik eta bakean daudenetan ere. Enpresariek ez dute inolako mugarik, legeak aukera ematen die enplegatuengatik ez kotizatzeko. Ezagutzen ditudan egoera batzuetan, enpresek ez dituzte afiliazio sindikalaren kuotak ordaintzen; gerraren argudioa erabiliz, kontabilitate-sailak blokeatu egiten ditu transakzio horiek.

Orain 5371 lege-proiektua onartu dute, aukera ematen diena 250 langile baino gutxiago duten enpresei lan-baldintza bereziak ezartzeko. Horren ondorioz, enpresaburuak banaka erabaki dezake nori ordainduko dion prima bat eta nori ez, gardentasunik gabe, kontratu-harremana ez baita kolektiboa, indibiduala baizik. Hau da, lege-proiektuak lehentasuna ematen die banakako lan-harremanei, lan-harreman kolektiboen gainetik. Hori egitea ikaragarria da, eta hitzarmen askok ezartzen dutenaren kontrakoa.
Pertsona askok lan egiten duten enpresa handietan, langileek pakete soziala jasotzen dute eta ordainketa eta hitzarmen kolektiboak egiteko aukera dute. Enpresa txikiagoetan, berriz, errazagoa da enpresarientzat langileen eskubideak urratzea. Ikusten ari garenez, 1.000 langile dituzten enpresak hainbat konpainiatan banatzen ari dira. Adibidez, lehen Coca Cola zena orain Coca Cola foods, Coca Cola delivery eta Coca Cola companies bihurtuko da. Langileak lantegi berberean jarraituko dute, baina formalki enpresa desberdinetan lan egingo dute, langileak diskriminatzea ahalbidetzen duen lege ergel hori dagoelako. Denborara, enpresak modu horretara kostuak gutxitzen saiatuko dira.

Gerra egoerako behin-behineko legediak soldatak ez ordaintzeko aukera ematen die enpresariei. Are gehiago, idatzita dagoen ergelkeria baten arabera, herrialde erasotzaileari dagokio atzeratutako soldata guztiak ordaintzea, hau da, fantasiaren alorrean sartzen da jada.

Beraz, ardura hori Errusiaren gain uzten dute?

Bai, estatuak ez du lan-arloko legeria betearazteko erantzukizunik hartzen. Ez dakit hori munduan beste inon gertatuko den. Jakina, nazioarteko mugimendu sindikalak, Lanaren Nazioarteko Erakundeak eta tokiko sindikatuek egoera salatzen dute eta lege horren gehiegikeriari aurre egiten diote.

Zer egiten du Zelenskik horren harira?

Edozein presidente saiatzen da bere politika antisozialengatik duen erantzukizuna neurri batean gainetik kentzen. Gerraren aurretik ere esan ohi zuen “hori ez da nire eginkizuna, hori ez dagokit niri, nire erantzukizuna ez den zerbait eskatzen ari zatzaizkidate. Komandanteburua naiz eta Konstituzioa betetzen dela bermatzea da nire ardura”. Zelenski oso trebea da erretorikan, oso zaila da ezer aurpegiratzea.

 

* Artikulu hau Vasilisa Petrovna-k itzuli du ARGIArako


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ukrainako gerra
Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta

Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]


Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


Babes gutxi jaso du NATOko tropak Ukrainara bidaltzeko Macronen planteamenduak

Ukrainari buruzko nazioarteko bilera burutu zuten otsailaren 26an hogei bat estatuburuk eta horren berri emateko prentsaurrekoan bota du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak NATOko tropak Ukrainara bidaltzeko planteamendua.


Zelenski: "Ukrainako 31.000 eta Errusiako 409.820 soldadu hil dira gerran”

Gerran hil diren ukraniarren inguruan Errusiak emandako datuak ezeztatu ditu Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak. Laguntza militarra ematen jarraitzeko eskatu die AEBei.


Eguneraketa berriak daude