Espekulatzaileen parean Safer-ak dituen mugak begi-bistakoak dira

  • Batean Arbonan, bestean Bidarrain, ondokoan Lakarrin, laborantza lurren gaineko espekulazio kasu andana plazaratzen da aldi hauetan. Alta, fenomenoa ez da berria, baina herritarren eta ELB zein Lurzaindiaren begirantza lanari esker argiratzen dira dirudun handi horien salerosteak. Safer egiturak du laborantza lurren kudeaketaren ardura Frantziako Estatuan, baina legediak bideratu eskumenei dagokienez, bistakoa gelditzen da ezinak ere dituela. Arteka juridiko horietaz baliatzen dira espekulatzaileak, Safer-ak dituen lehentasunez erosteko eskubideak saihesteko gisan. Fenomenoa bere osotasunean hartu nahi izan dugu, arazoaren konplexutasuna doi bat argitzeko asmoz.

Lurraren aldeko borroka-gune izan zen 2021ean Arbonako Berrueta eremua. 
120 egunez okupatu zituzten lurrak, espekulazioa salatzeko.
Jenofa Berhokoirigoin

Urtero 600 hektarea laborantza lur desagertzen dira Ipar Euskal Herrian. Etxegintzara, ekonomiaren beste sektoreetara edota garraiobideetara bideratuak izaten dira, jaki ekoizle funtzioa behin betikoz galduz. Baina bestela ere desagertzen dira lurrak: laborari ez direnak erosten dabiltza, prezio goretan, aisialdi-kontsumo logika batekin. Azken garaietan aktualitatean kokatzen dira gisa horretako salmenten kontrako mobilizazioak.

Nahiz eta fenomenoa berria ez izan, 2021eko Arbonako Berrueta eremuko lurren salerostearen kontrako borrokak jarri zuen arazoa mahai gainean. Hamabi hektarea eta hiru bastiza 3,12 milioi eurotan saltzeak kexua eta ezinegona piztu zien ELB eta Lurzaindiari eta lekua okupatzen hasi ziren. Okupazioak 120 egunez iraun zuen, Lurrama topaketarekin bukatuz, zeinetan 6.000 herritarrez gora juntatu ziren. Borrokak ekarri zuen jabeak ondasuna salmentatik kentzeko erabakia. Urte bat geroago, haatik, berriz jarri zituen salgai, prezio berean baina aldi horretan soilik hiru eraikinak eta lau hektarea; eta beste behin, mobilizazioari esker Parisko erosleek gibelera egin zuten. Bi irakaspen atera ziren Arbonako aferatik: bata, borrokatzeak merezi duela, eta bestea, joera espekulatzaile hori legala dela, eta gaur egun ezerk ez duela oztopatzen ahal –ez bada herritarren presioa...–.
Notarioen partetik, laborantza lurren saleroste guzien berri jasotzen du Safer izeneko egiturak, eta ondasunak laborarien esku gelditzeko tresnak baldin baditu ere, eguneroko errealitateak erakusten digu kasu batzuetan ezinean dela. Safer-ak 1960. urtean sortu ziren, eta nagusiki, laborantza lurren kudeaketaren ardura du laborantza ministerioari loturiko sozietate horrek. Konkretuki, salmenta promesa errezibitu eta bi hilabete ditu ihardesteko: edo lehentasunez erosteko eskubidea baliatzen du –eta kasu horretan ondasuna eskuratu eta hautagai duen laborariari bideratzen dio–, edo prezioa berrikusteko lehentasunezko eskubidea du aktibatzen –kasu horretan, espekulaziotik at dagoen beste prezio batean erostea proposatzen dio jabeari–, edo ez du esku hartzen –notifikazioan dagoen salerosteari bidea egiten dio–. 

Arazo nagusia da batzuetan ezin duela ezer egin, eta legaltasun osoz desagertzen direla eremuak, preempzio edo lehentasunez erosteko eskubidea bideratzeko baldintzak ez direlako betetzen saleroste kasu zehatz batzuetan. Bigarren muga potolo bat ere du gaur egungo antolaketak: jabeak du azken hitza eta Safer-ak proposaturikoa errefusatu dezake, espekulazioarekin segitzeko, nahi bezain beste. Goazen hurbilagotik aztertzera Safer-aren eskumenak, aktualitatea egin duten adibide konkretu batzuekin ilustratuz dituen mugak eta ezinak.

Espekulazioa ez dadin prezioen finkatzeko erreferentzia bilaka

Lehentasunez erosteko eskubidearen helburua da lurrak laborantzarako atxikitzea. Horretarako baldintzen artean da Safer-ak bertan kokatzeko laborari hautagai bat ukaitea eta horretan da garrantzitsua ELB sindikatuak eta Lurzaindia fundazioak egin lana, etxalde eta lurrik gabekoen instalatzeko baliatu dezaketelako aukera. 2022. urtean 53 kasuetan erabili zuen eskubidea departamentu mailan (gehienak Euskal Herrian), eta hiruz aparte beste guziak prezio espekulatiboa deuseztatzeko izan ziren. Demagun, iaz Urruñan ezeztatu zuten 1.070 metro koadro 80.000 eurotan saltzeko xedea. Baina ez pentsa hori kostaldeko arazoa denik bakarrik: Ortzaizen ere salgai zituzten 118.000 eurotan 25.000 eurotan baloraturiko 7,3 hektarea lur beraien bastizarekin.  

Laborantza lurrak berenganatuz, lasaitasuna ere erosi nahi izaten dute aberatsek.Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin

Gaur egun 7.250 eurotan da hektarea (bastizarik gabekoa), baina ezerk ez ditu salmentak hein horretara mugatzen. Funtsean, Safer-a ez baldin bada artean, ezerk ez du eroslea behartzen laborantza aktibitatea bermatzera. "Biziki garrantzitsutzat" du prezioen berrikusteko bidea Lurzaindiako Maryse Cachenautek, prezio ikaragarri horiek bideratuko balira, erreferentziazko prezioa igoko litzatekeelako… goiz ala berant espekulazioak finkatuz erreferentzia.

“Erran nezake hautetsi gehienak kontziente direla arazoaz, baina uste dutela ez dezaketela ezer egin”
Eric Penacq

Zehazki, prezioaren berrikusteko lehentasunez erosteko eskubidea bideratzerakoan jabeak hiru aukera ditu: Safer-ak proposaturiko prezioa onartzea –baina pentsatu dezakegun bezala, horretarako interesik ez du eta ez da kasik sekula gertatzen–; ondasuna salmentatik kentzea; edo epaitegira jotzea prezioa epaileak finkatzeko gisan –hori ere ez da maiz gertatzen–. Hori horrela, gehienetan transakzioak ezeztatuak dira, eta ez bada ere garaipen oso bat –azkenean, lur horiek landu gabeak gelditu daitezkeelako ondoko saltzera arte–, espekulazioa mugatzeko balio du, eta ez da guti.

Hala ere, Pirinio Atlantikoetako Safer-eko zuzendari Eric Penacqek ondokoa zehaztu nahi izan dio ARGIAri: "Maiz murrizten dugu Safer-aren eginkizuna lehentasunez erosteko eskubidera, baina horiek esku hartzeen %20 dira, beste %80etan jabeak bere baitarik uzten du salmenta Safer-aren esku".

2014an doi bat aldatu zuten legedia, preempzio-aukera zabalduz. Ordura arte, ondasunak bere osotasunean behar zuen laborantzara bideratua izan (demagun, etxeak ez bazuen azken bost urteetan laborantza-aktibitaterik, orduan ezin zuen salerostean esku hartu eta horrela galtzen ziren lur anitz). 2014az geroztik, haatik, laborantzarako lurrak eraikinetik bereizi daitezke eta lehentasunez lurren erosteko aukera baliatu dezake Safer-ak. Arbonako Berruetako kasuan hori gertatu zen, baina jabeak ez zuen Safer-aren proposamena onartu. Jabeak finkaturiko 3,14 milioi euroko prezioan erostea zen Safer-ak zuen aukera bakarra. Finantzarioki eta politikoki "ezinezkoa" Penacqen arabera, diru hori ez ukateaz gain, espekulazioaren logikan sartzea litzatekeelako. Urte bat geroago, lau hektareak eta bastizak saltzerakoan, bide bera aktibatu zuen Safer-ak, baina gauza bera iharduki zion jabeak. Hor dugu, beraz, muga: jabeak du azken hitza.

"Legalki kasu guzietan ezin dugu esku hartu. Erran nezake bastizarik gabeko ondasunen kasuan ez dela arazorik eta eskubide hori bideratu dezakegula beti; mugatua gara ondasunean bastiza ere badenean... kasu batzuetan ezin dezakegu ezer egin", dio Penacqek, legea moldatzeko beharra azpimarratuz.

Lehenik eta behin, bastizak laborantza-funtzioa ukan behar du eta hori salmenta aitzineko bost urteetan. Hau da, duela sei urte gelditu bazuten laborantza-aktibitatea, orduan, Safer-ak ez dezake ezer egin. Horregatik, Arbonako Berruetako etxeari buruz ezin izan zuten neurrizko prezioan erosteko bidea proposatu. Muga hori problematikoa dela dio Lurzaindiako Cachenautek ere, ondasun anitz horrela galtzen dituelako Ipar Euskal Herriko laborantzak.

Baina ez da horregatik bide hori ez dela erabiltzen. Funtsean, Safer-aren eta Euskal Hirigune Elkargoaren artean berriki izenpeturiko hitzarmenari segi, logika espekulatzaile batean bideraturiko transakzio guzietan baliatuko dute prezioa berrikusteko preempzio eskubidea, eta elkargoa "berme" kokatuko da sistematikoki. Urrats inportantea dela dio Penacqek: "Euskal Hirigune Elkargoak lurraldearen alde eragiteko duen borondate politikoa erakusten digu hitzarmen horrek".

Muga anitz bistaratu zizkigun Arbonako kasuak, tartean, azken aldi hauetan Safer-aren eskumena saihesteko espekulatzaileak baliatzen dabiltzan ondoko hutsune juridikoa:

Arbona, Bidarrai: jukutriak, baina legalak

Urte hastapenean genuen jukutria horren berri ukan, beste behin ere Lurzaindia eta ELBk egindako zainketa lan serioari esker. Bidarrain, jabe batek hamasei hektarea lur saltzen zizkion Frantziako asurantza artekari bati 90.000 eurotan, baina salmentaren ondotik jabetza soila baizik ez luke eskuratuko erosleak –lurren gozamenik gabe–. Zergatik? Bi zatitan salduz legaltasun osoz saihesten duelako Safer-aren lehentasunez erosteko eskubidea. Mediabask-ek hitz egin zuen eroslearekin eta mespretxu tonuari trufarena ere sendi zitzaion: "Bera ere laborari semea zela" eta gozamena noizpait eskuratzeko xedea ez zuela gordetzen, noizpait bere haurrek bertan laborari bihurtzeko... Anartean, bera ez da laborari, asurantza artekari aberatsa da eta nahitara bideraturik du diru zama hori, laborari izan nahi lukeen orori proposatzea ezinezkoa zaiona.

“Elikadura autonomiatik urrun da Euskal Herria, horregatik erronka nagusia bihurtu behar zaigu lurren babesa”
Maryse Cachenaut

Gogorki salatzen du bide hori Lurzaindiak: "Elikagaientzat nahi dugun lurraren defendatzaile gisa salatzen ditugu laborari ez direnen lur jabetze horiek, elikagarri izateko bokazioa galtzen dutelako. Elikadura autonomiatik urrun dugu Euskal Herria eta laborantza lurren babesa erronka nagusia bihurtu behar zaigu. Hori horrela, lur eroste horiek bertan behera uztea galdetzen diegu". Muntaia juridiko hori "ez da onargarria", Safer-eko zuzendariaren ikuspegitik ere.

Hori horrela, legea moldatzeko beharra ikusten dute laborantza arloko eragile gehienek eta zentzu horretara doa Vincent Bru eta Jean-Bernard Sempastous diputatuek iaz aurkezturiko lege-proposamena. Testu horrek dakar, batetik, laborantzak duen "interes orokorrerako izaeraren" aitorpena eta, bestetik, Safer-aren lehentasunez erosteko eskubidearen zabalpena. "Zulo juridikoak" estaltzeko asmoz osaturikoa da, landa-zuzenbidean puntako aditua den Stephanie De Los Angelesen laguntzarekin. "Guretzat proposamen baikorrak dira. Ez du dena konponduko, baina hobekuntza bat da hala ere", dio Lurzaindiako Cachenautek. Gaur egun bide legegile horri buruzko informaziorik ez dute, eta dioenez, “presioa egitea inportantea da” lege hori behin betiko bozkatua izan dadin.

Marienia: hirigintzaren gosea

Hastapenean jarritako zenbakiari ere begiratu behar diogu: 600 hektarea laborantza lur dira desagertzen urtero Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan. Lurren artifizializazio horri dagokionez, herriko etxe zein Euskal Hirigune Elkargoak ardura handia dute. Lurren desagerpen horretaz hautetsiak kontziente ote diren galdetuz gero, ondokoa dio Cachenautek: "Batzuk bai eta laborantza eremuen jatea ttipitzen dute. Baina, nahikeria da ala legearen aplikazioa? Ez dakit. Mobilizazioa eta gure tresnak beharrezkoak ditugu, baina hala ere, lurraren inguruko aferetan legea behar dugu gure alde".

Marienia, Kanbon: Laborantza lurrak eraikigarri bihurtzea ere da kezka iturri, gehienbat kostaldean eta gune urbanizatuetan. Argazkia: Ostia.

Tokiko Hirigintza Plana dokumentua eta mapa komunalak dira herriek dituzten kartografiak, zeinetan artifizializaziotik babesturik diren laborantza lurrak. Baina tresna interesgarri gehiago ere bada, iazko urte bukaeran Euskal Hirigune Elkargoak hautetsien esku utzitako Laborantza lur-funtsetan eragitea: lur-funtsetarako tresnak gida-liburuan agergai diren bezala. Safer-eko zuzendari Penacqi ere galdetu diogu herriko etxeen kontzientzia heinaz, baina ez du bere iritzia eman nahi ukan: "Zinez ez dagokit hautetsien lana epaitzea. Baina argi da Ipar Euskal Herria lurralde konplexua dela eta problematika ezberdinak direla barnealdean eta kostaldean. Erran nezake gaiaz kontziente direla, baina hautetsi anitzek ez dituztela ezagutzen laborantza lurrak zaintzeko eta etxaldeen segida bideratzeko tresnak. Hautetsi gehienak kontziente dira, baina uste dute ez dezaketela ezer egin". Hori horrela bada, bere funtzioa ukanen du elkargoaren gida-liburuak.

Kartografiaren moldaketak ekar dezake laborantzara bideraturiko lurrak eraikigarri bihurtzea. Batez ere biztanleriaren emendioa aurreikusten delako eta elkargoak bozkaturiko Bizilekuen Tokiko Programak urtero 2.686 etxebizitza eraikitzeko engaiamendua dakarrelako eta hori 2026a arte.

Fenomeno horren erakusleiho dugu Kanboko Marienia eremua: 3,7 hektarea lur eskuratu ditu Bouygues Immobilier enpresa potoloak 94 etxebizitza egiteko. Laborantzarako bokazioa galdurik dute kartografia berrian, baina horrelakorik ez dute onartzen ELB, Lurzaindia zein Marienia Ez Hunki kolektiboak: "Marieneko lurrak biziki onak dira laborantzarako, baina artifizializatu ondoan ez dira gehiago emankorrak izanen". Afera auzitegian da, justiziaren bidetik ere egitasmoa geldiarazteko asmoz.

"Ez ahantzi nondik gatozen"

Urtetan zehar ELBren inguruan ibilitakoek badakite sindikatu horrek ez duela beti bidea erraza ukan, etxaldeen eta laborantza lurren aldeko borrokan ez duela beti hain sostengu zabala jaso eta Safer-arekin gaur egun duen elkarlana ez dela beti posible izan. Hasteko, ez zitzaiolako lekurik bideratzen egituraren batzar teknikoan. Gune horretan diren eragileak –sindikatuak, bankuak, mutualitateak eta kolektibitateen ordezkariak– dabiltza transakzioak aztertzen, preempzio eskubidearen aktibazioaz eztabaidatzen eta hautagaitza bat baino gehiago denean erabakitzen zeini bideratuko zaion ondasuna. Hots, erabaki gune garrantzitsua da, eta gaur egun ELBk ere ordezkaria baldin badu, ez da beti horrela izan. Horren lekuko dugu Kako Afera: GFA Lurra-k –Lurzaindiaren helburu berarekin arituriko egitura, eta 2013an Lurzaindia bihurturikoa– Ainharbe herriko Kako baserria Jasmine eta Fredo Larragnaga lurrik gabeko laborarientzat nahi zuen (Fredo jadanik zebilen bertan lanean, zendu berri zen horko laboraria ordezkatuz eta alarguna lagunduz), baina parean kausitu zituen Safer-aren batzar teknikoa eta horren gidari Fdsea sindikatua. Bostek bozkatu zuten GFAren hautagaitzaren alde, baina seik bestearen alde. Bortitza izan zen borroka, mobilizazioak egon ziren, eta horietan atxilotuak, epaituak eta kolpatuak. Baina elkartasuna handiagoa izan zuten eta, azkenean, etxaldea Fredo eta Jasminei bideratzea onartu zuen jabeak: lurrak erosi zituen GFAk –herritarrek 63 euroko 2.500 akzio erosirik– eta etxea Bizitegia elkarteak –herritarren elkartasunari esker jasotako 250.000 eurori esker–. Hortik gutxira lortuko zuen ELBk Safer-aren baitan lekua, espekulazioaren kontrako eta laborarien instalazioaren aldeko borrokak barnetik eramateko bidea irekiz.

Safer-arekin harremana gatazkatsua izan zuen ELBk hastapenean. Horren adibide, Kako Afera, 2008an. Argazkia: ELB

Batzar tekniko horretan gaur egun ere gutiengoan direla dio ELBko kide ere den Cachenautek. Baina ez dute oztopo: "Behar da ari izan, eta izan, existitzen zarelarik parekoak ez duelako ez bazina  bezala egiten ahal".

ELBk eta GFA Lurra-k/Lurzaindiak egindakoaz ondorio hori ateratzen du Cachenautek: "Hor gara, eta behar da doi bat harro izan gure buruaz. Denek biziki fite ahanzten dute nondik heldu giren, denek dute "Arbonako afera" aipatzen, baina ELB eta Lurzaindia izendatzea ahanzten dute beti... Oroitarazi behar da nondik heldu diren lorpenak". Borroka sozial orotan bezala, garaipenak ez direlako sekula zerutik erortzen.

Erreportajea osatzeko, hemen Euskal Hirigune Elkargoan laborantzaren eta elikaduraren ardura duen presidenteorde Isabelle Pargadei egindako elkarrizketa:
 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lurraren espekulazioa
2024-04-11 | Estitxu Eizagirre
Otxantegi Herri Lurraren II. urteurren jaia
"Otxantegiko lur emankorrak ezin dira porlan azpian geratu, arnasgunea izan behar dute"

Apirilaren 13an egitarau indartsua prestatu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatzeko. Apirilaren 18an, aldiz, bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean eta herritarrei dei egin diete proiektua defendatzera joateko. Kideetako... [+]


2023-11-21 | ARGIA
Otxantegi Herri Lurrak erresistentzia gosaria deitu du ostegunerako

Bi urtez landu dituzte Berangoko lur horiek modu kolektiboan, eta epaitegiak desalojo agindua eman du azaroaren 23rako. Aguirre-Lipperheide familiak Otxantegiko zortzi hektarea nekazal lur saldu nahi ditu Amenabar enpresak etxeak egin ditzan. Horren aurrean, "espazioa... [+]


2023-11-07 | ARGIA
Aske utzi dituzte astearte goizean Lapurdin atxilotu dituzten herritarrak

Martxoaren 12an izango dute epaiketa Ostia! kolektiboko militante Jeanine Beyrie, Filipe Laskarai, Jakes Bortayrou eta Dominika Daguerre-k, kalteak eragitea leporatuta. Manifestazioa egin dute goizean Baionan atxilotuen askatasuna eskatzeko, eta hitzordua jarri dute... [+]


Eguneraketa berriak daude