"Umiltasun handia ematen dizu beste pertsona batekin gorputzez gorputz borrokatzeak"

  • Lotura bitxia sortzen da borrokalarien artean. Elkar joz egiten dira lagun. Finean, kolpeak ez dira amorruaren edo herraren ondorio, bakoitzaren adierazpide baizik. Hala dio Sandra Perezek (Donostia, 1996). Kickboxing borrokalaria da; hots, ukabilekin aski ez, eta ostikoka ere aritzen da. Baita indarrez aritu ere: brontzezko domina lortu zuen iazko Espainiako Txapelketan, eta zilarrezkoa Turkiako Openean. Emaitzen atzean, diziplina dago. Nahitaezkoa da ia egunero entrenatu, eta pisua kontrolpean izatea. Ringaren barruko gozamenak eta hortik kanpoko laguntasun giroak ematen diote zentzua esfortzuari.

"Kirol indibiduala da kickboxinga, norbera hobetzea baita entrenamenduen helburua; ordea, ikusgarria da sortzen den talde dinamika", esan digu borrokalari donostiarrak. / Argazkia: Sandra Perezek utzia.

Kickboxinga ostikodun boxeotzat jo daiteke, ala gehiegi sinplifikatzea da?

Gutxi-asko hori da, nahiz eta aldaera asko dauden. Boxeoko kolpe guztiak hartzen ditu kickboxingak, eta gero, hiru ostiko mota daude: low kick-ak, gerritik behera ematen direnak; middle kick-ak, gorputz-enborrean jotzen direnak; eta high kick-ak, burura doazenak. Hainbat modalitate dago, bakoitza bere ñabardurekin. Adibidez, K-1 modalitatean belaunkadak ere jo daitezke. Muai thai delakoa beste kirol bat izango litzateke, eta hor ukondoak ere erabil ditzakezu. Laburbilduz, boxeoa eta karatea bezalako diziplinak elkartuz sortutako kirola da kickboxinga.

Noiztik zabiltza zu kickboxingean?

Duela sei edo zazpi urte hasi nintzen. Umetan futbolean eta karatean aritu nintzen, eta gero, hainbat urtez, futbolean soilik jardun nuen. Aldaketa egiteko beharra sentitu nuen unibertsitatean nintzela, eta kickboxinga aipatu zidaten. Proba egitea erabaki nuen, baina ez neukan lehian aritzeko asmorik. Kirol oso aktiboa iruditu zitzaidan. Harritu egin ninduen. Hasieran, astean egun pare batez entrenatzen nuen, eta pixkanaka, entrenatzailea lehiatzeko aukeraz hitz egiten hasi zitzaidan. Orain, astean bost entrenamendu saio egiten ditugu, astelehenetik ostiralera.

Grina piztu dezake txapelketetan aritzeak, baina konpromiso handiagoa ere eskatzen du, ezta?

Guztiz: esfortzu handia egin behar duzu diziplina aldetik. Txorakeria eman dezake, baina gauza askori egin behar diozu uko. Denboraldia urte osokoa da, beraz, nahiko egonkor iraun behar duzu. Zaletasuna izaten jarraitzen du, baina, agian, zaletasun huts izateari uzten dio. Entrenamenduak, atsedena, elikadura… Gauza asko hartu behar dituzu kontuan, eta diziplina izatea nahitaezkoa da.

Futbola, karatea, atletismoan ere ibili zara... Kontua kirola egitea da.

Beti natural bizi izan dut kirola egunero egitea. Funtsezkoa da niretzat. Esatea kosta egiten zait, baina egia esan, nire egunerokoa ez dut kirolik gabe imajinatzen. Ezingo nuke nire errutinatik kanpo utzi. Balio garrantzitsuak barneratu ditut orokorrean kirolari esker, eta esango nuke kickboxinga dela gehien irakatsi didana. Umiltasun handia ematen dizu beste pertsona batekin gorputzez gorputz borrokatzeak. Kemena ere aipatuko nuke, beharrezkoa baita lehiatzen hasteko.

Argazkia: DANI BLANCO

Intxaurdi taldean jokatu zenuen futbolean. Zer oroipen duzu garai hartaz?

Oso oroitzapen onak ditut. Futbola betidanik izan dut gustuko. Eskolako jolastokian jo eta ke aritzen ginen. Behin lagun baten izeba etorri zitzaigun, emakumezkoen talde batean jokatzen zuela esanez, eta proba egiteko gomendatu zigun. Defentsa bezala jokatu nuen beti: hasieran, ezker hegalean, eta erdialdean gero. Sei bat urte emango nituen futbolean.

Garaia iritsita, gorputza beste zerbait eskatzen hasi zitzaizun.

Aldatzeko beharra sentitu nuen, eta behin futbola utzita, halako trantsizio bat egin nuen. Denbora gehiago eskaini nion korrika egiteari eta gimnasioko lanari. Nire kabuz aritzeak, ordea, ez ninduen betetzen. Taldean zerbait egiteko beharra sentitzen nuen. Orduantxe sortu zitzaidan kickboxingean proba egiteko aukera, eta lehen egunetik erakarri ninduen. Entrenatzeko modua oso dibertigarria da.

Borroka-taulara bakarrik igotzen zarete, baina esan duzunagatik, izaera kolektiboa ere badu kickboxingak.

Erabat, eta hori da gehien estimatzen dudana. Kirol indibiduala da, norbera hobetzea baita entrenamenduen helburua. Ordea, ikusgarria da sortzen den talde dinamika. Nonbaitera zoazenean, talde guztia etortzen da, eta lehiatzen gabiltzanok babesa eta laguntza ematen saiatzen gara beti. Oso polita da sortzen den laguntasun giroa.

"Ringera igotzean kontzentrazio egoera oso sakonean sartzen zara, eta denbora gelditu egiten da. Entrenatzailea soilik entzuten duzu".

Zer ezaugarri behar da kickboxingean ona izateko?

Hasieran ezaugarri fisikoak eta teknika landu behar dituzu. Baina gero, jabetzen zara buruak ere sekulako garrantzia duela. Gorputzez indartsu egotea ez da aski. Egunero entrenatzeko prest egon behar duzu, eta mentalki sendoa izatea eskatzen du horrek.

Nolakoak izaten dira entrenamenduak?

Klase gidatuak izaten ditut astelehenetik ostiralera, Borja Mendioroz entrenatzailearekin, Kuraia taldearen barruan. Beroketa ariketak egin ostean teknika lantzen dugu, eskuekin eta hankekin. Sparringa ere egiten dugu, borroken estres egoera horretan sartzeko. Ostiraletan beste gimnasio batzuetako jendearekin borrokatzen gara, edo, bestela, fisikoa egiten dugu. Lehiaketak asteburuetan edukitzen ditugu beti.

Borroketan barrua askatzen duzue, baina “estresa” ere aipatu duzu. Adibidez, arreta handia eskatzen du uneoro aurkariak zer egin dezakeen aztertu eta hurrengo mugimenduak zein izan behar duen erabakitzeak.

Bai, baina niretzat, ringera igo aurreko momentuak izaten dira okerrenak. Aurkaria ikusten duzu, ezagutzen duzu, eta burua bueltak ematen hasten zaizu: “ea zer moduz nabilen”, “ea aurkariak zer egun duen”… Emozionalki momentu hori izaten da gogorrena. Behin ringera igota, denbora gelditu egiten da. Jendea entzun ere ez duzu egiten. Izkinan dagoen entrenatzailearen ahotsa iristen zaizu bakarrik. Kontzentrazio egoera oso sakon batean sartzen zara, eta urduritasuna ere desagertu egiten da.

"Kaiolak bere xarma dauka", dio Perezek, "baina ringak esanahi indartsua du guretzat". / Argazkiak: Sandra Perezek utziak.

Jende oldarkorra aritzen omen da halako kiroletan. Uste zabaldua da hori. Egiatik badu?

Ikuspegi hori asko ari da aldatzen. Nik oso jende interesgarria ezagutu dut kirol honi esker, pertsona oldarkorraren soslai horrekin bat ez datorrena. Klaseak geroz eta jendetsuagoak dira, eta adin askotako borrokalariak ikusten dituzu: batzuk txiki-txikitatik hasten dira, eta jende heldua ere aritzen da. Perfil anitzeko jendea elkartzen gara klaseetan, eta hori ere oso polita da.

Zer giro eta jarrera izaten da borrokalarien artean?

Umiltasuna nabarmenduko nuke. Bada gauza bat hasieratik asko gustatu zaidana: bizitasun handiko lehia fisikoa izaten dugu, baina gero, elkar besarkatzen dugu borrokaldia amaitutakoan. Nahiz eta zure lehiakideak izan, jendea asko baloratzen duzu. Klasean teknika eta mugimendu batzuk ikasten ditugu, eta gero, ringaren gainean hori praktikara eramaten saiatzen gara. Lehia badago, baina konexio moduko bat ere sortzen da ringaren barruan.

Kirol arriskutsutzat joko zenuke?

Kontaktu kirol bat izanik, beti dago min hartzeko arriskua. Nik ez dut sekula lesio larririk eduki, baina gerta daiteke. Horren jakitun gara borrokan gabiltzan guztiok. Dena den, lesio neurologikoak izateko arriskua askoz ere txikiagoa da boxeo profesionalarekin alderatuta. Amateurretan, bi minutuko hiru round izaten ditugu, eta borroka profesionaletan, hiru minutuko hiru round. Hau da, borrokaldiak boxeokoak baino askoz ere laburragoak dira.

Arazorik izan duzu inoiz emakume izan eta borrokan aritzeagatik?

Ezetz esango nuke. Ez naiz inoiz baztertua edo iraindua sentitu. Geroz eta emakume gehiago gabiltza entrenatzen. Ulertzen dut duela hogei urte egoera guztiz ezberdina izango zela, baina ni hasi nintzenetik ez dugu oztoporik eduki. Asko igo da emakume kopurua. Lehen, entrenatu bai, baina askok ez zuten txapelketetan parte hartzen. Orain, ordea, geroz eta emakume gehiago gabiltza lehian, eta uste dut mailaz hobetzen ari garela.

"Oso jende interesgarria ezagutu dut kirol
honi esker, pertsona
oldarkorraren soslaiarekin bat ez datorrena".

Zu 52 kilotik beherako mailan borrokatzen zara. Pisuari asko begiratu behar diozu?

Aldagai oso garrantzitsua da, txapelketetan aritu nahi baduzu behintzat. Nire pisu naturala hor nonbait dabil, beraz, ez dut jaitsiera handirik behar lehiatu ahal izateko. Ondo daramat pisuaren kontua. Hori bai, urte osoan zenbait xehetasun zaintzea eskatzen dizu. Ez da dieta bakarrik; bizimodu osasuntsua izan behar duzu orokorrean. Oreka aurkitzea da gakoa. Nik naturaltasunez bizi dut. Batzuetan zailagoa da; adibidez, txapelketa batzuek lau egun irauten dute, eta horietan goizero pisatu behar dugu, bermatzeko egunero pisu berean goazela lehiatzera.

Mundu mailan ez dago kick boxingeko federazio bateraturik. Horrek gauzak nahasi egiten ditu?

Ezagunena edo ofizialena WAKO (Munduko Kickboxingeko Federazioen Elkartea) da. Adibidez, Espainiako Txapelketa WAKOk antolatzen du, eta guk parte hartzen dugun nazioarteko txapelketak ere horren barruan daude. Alde ona da, gauza asko egiten dituztela. Urte osoan duzu lehiatzeko aukera. Alde batetik, txapelketa ofizialak daude: Munduko Txapelketak, Europakoak… Eta bestetik, “Open” edo “Kopa” deiturikoak.

Turkiako Openean azpitxapeldun izan zinen iaz. Onenen pare aritzeko gai zarela erakutsi duzu.

Oso pozik gelditu nintzen, WAKOren barruan lehiatzen nuen nazioarteko lehen txapelketa zelako. Lau borrokaldi izan nituen hiru egunetan: lehen bietan aurkari turkiarrak izan nituen, finalerdietan kazakhstandar baten kontra aritu nintzen, eta finalean beste turkiar baten aurka. Intentsitate handiko borrokak izan ziren, eta gogorra izan zen, baina oso sentipen onak izan nituen. Orain arte izan dudan emaitzarik onena da. Etxetik urrun aritzea zailagoa da, estres handiagoa sentitzen duzu, baina oso esperientzia aberasgarria izan zen.

Zer erronka daukazu aurrera begira?

Pausoz pauso noa. Martxoa bukaeran txapelketa bat jokatuko dugu Amsterdamen, eta horra begira nago orain. Hortik harago, arau profesionalekin lehiatzen jarraitu nahiko nuke. Orain arte bi borroka egin ditut arau horiekin, eta motibazio berria da niretzat. Aldaketa handia da. Noraino heltzeko gai naizen ikusi nahi dut. Txapelketa amateurrak ere asko gustatzen zaizkit, eta bi ildoak jorratzea da nire asmoa.

Zer alde dago arau profesionalen eta amateurren artean?

Alde nagusia, babesgarrietan dago: amateurretan kaskoa eta tibietako babesa erabiltzen ditugu; halakorik ez dago, ordea, profesionaletan, eta eskularruak txikiagoak izaten dira. Babesik ez duzunez, erritmoa oso ezberdina da. Kolpeak hobe pentsatu behar dituzu. Borrokak luzeagoak dira, eta kutsu estrategiko handiagoa dute. Zentzu guztietan da gogorragoa. Baina asko erakartzen nau.

 

-------------------------------------------------------

 

DINBI-DANBA

 

Ukabilkadak ala ostikoak?

Boxeoko kolpeak asko gustatzen zaizkit, baina ostikoak ere bai.

Indarra ala teknika?

Oreka da gakoa. Ni indartsua naiz gehiago, teknikoa baino.

Zenbat borroka irabazi dituzu K.O. bidez? Eta galdu?

Irabazi asko ez, pare bat-edo. Eta galdu, oraingoz, bakarra ere ez. Halere, badakit aukera hor dagoela, jokoaren parte da.

Nahiago babesgarriekin ala babesgarri gabe?

Gabe; finagoa iruditzen zait.

Ringean ala kaiolan hobeki?

Kaiolak bere xarma dauka, baina ringak esanahi indartsua du guretzat.

Idolo bat kirolaren munduan?

Janet Todd eta Rose Namajunas borrokalariak.

Aurkari bat?

Zeliha Dogan, Turkiako Openeko finalean irabazi ninduen turkiarra. Oso indartsua zen, eta baliabide tekniko asko zituen.

Abesti bat borroken aurretik entzuteko?

Orain arte izan ditudan borroka profesionaletan IRA taldearen Ladra abestiarekin atera naiz.

Menurik onena borroka osterako?

Hanburgesa eta garagardoa.

Kickboxingean ariko ez bazina, zein kirol egingo zenuke?

Oso kirol fisikoren bat; CrossFita, adibidez. 


Eguneraketa berriak daude