Kataluniarra zen, birikak harrotasunez beteta, Mediterraneoan jaio zela zioen kantaria; jendearen bihotzak hunkitzera heldu zen Serrat, eta lortzen zuen harrotasun hori kutsatzea ur horiek ukitu ere egin ez zituen jendearen artean. Joan Manuelen abestiak falta zuen, ordea, sekuela bat: itsaso horretan itotako pertsona baten pasartea. Eta ez lirateke gutxi, ia 26.000 azken bederatzi urteetan. Izan ere, Mediterraneoa, itsaso epel eta zibilizazio sortzaile hura, hiltzailea ere bada, hegoaldetik ihesi doazen milaka lagunen nekropoli erraldoi bat. Katastrofe horren erdian daude laguntza humanitarioko GKEen itsasontziak, flota hondoratzeko jokoan nola, oztopoak saihestu eta Mediterraneoan hondoratzen diren pateretako jendea erreskatatu nahian. Bitartean, Europak jarraitzen du Afrikari, nazioarteko zuzenbideari, eta giza eskubideei oro har bizkarra ematen; Georgia Meloni Italiako lehen ministroaren dekretua da horren enegarren adibidea.
Itsaso horretan daude momentu honetan SMH erakundeko Aita Mari erreskate ontziko kideak, lasai eta bero izanagatik ere, bortitz eta pare bat metroko olatuekin hartu dituen uretan. “Search and Rescue-ko uretan gaude; bilaketa eta erreskatekoak, alegia. Momentu honetatik aurrera alertan gaude, inor arriskuan balego erreskatatzeko”, motor hotsaren artetik entzuten dira Mikel San Sebastianen berbak. Erreskate ontziko kidea da San Sebastian; Castellòko portutik (Herrialde Katalanak) irten berri da itsasontzia, aurtengo misio berriari ekiteko. Eta horretan daude, Italiako uretan, baina Afrikako kostaldeari so; bata eta bestea banatzen dituen muga ukiezin bezain zorrotzean bueltaka. Dagoeneko 71 lagun erreskatatu dituzte, eta 40ri jarraipena egin diete kostazainak iritsi arte.
“Guk argi dugu: ez gara itsasora joaten horrela nahi dugulako, jendeari laguntzen saiatzeko baino”, dio San Sebastianek. Afrika eta Europaren arteko muga ia ikusezina da, hain da txikia. Baina puntu itsu bat da nazioarteko politiketarako, eta kostalde bateko zein besteko agintariek ez dute betetzen beren lana, hori dio Aita Mariko kideak: “Oxala Mediterraneoko herrialdeek beren betebeharrak beteko balituzte eta bilaketa eta erreskateko uretan eskura dauzkaten operatibo guztiak martxan jarriko balituzte, jendeak itsasoan arriskurik izan ez dezan”.
Baina hori ez da erreala. Errealitatea da Aita Mari bezala, beste hamaika itsasontzi daudela maparen tolesduretan zehar nabigatzen, biziak salbatzen. Aita Mariren kasuan, 2017an Erdialdeko Mediterraneora heldu zenetik 1.000 bizitzatik gora lehorreratu ditu. “Mediterraneoan dabiltzan bizien ehuneko jakin bat salbatzen da erreskatean gabiltzan flotari esker; guztira salbatzen den jendearen %10 inguru izango da. Gainontzean, batzuek beren kabuz lortzen dute salbatzea, beste batzuk Italiako kostazainek erreskatatzen dituzte, beren lana ondo betetzen dutelako. Gutxi irudi lezake, baina ehuneko garrantzitsu bat da”, dio San Sebastianek. Iaz, esaterako, lehorrera heldu ziren 105.000 migratzaileetatik 12.467 izan ziren erreskate ontziek salbatuta; %12 inguru.
Aurtengo lehen misioa dute, beraz, Aita Marin; bederatzigarrena, 2017an beren bideari ekin ziotenetik. Berez, iazko urrian itsasoratu behar zuten, 2022ko hirugarren misioari ekiteko: beste bi misioetan 289 pertsona erreskatatu zituzten, eta 280ri jarraipena egin. Ezin izan zuten hirugarren misio hori iaz egin, baimenak lortzeko prozeduran itxaroteko eskatu baitzieten Castellòko portuko agintariek. “Eskatu ziguten irteera urtarrilera atzeratzeko. Bagenekien nahi izanez gero ere ezingo genukeela irten, baimenik ez genuelako. Ez genuen erresistentziarik jarri, egoera onartu genuen; baina kontziente ginen horrek arrisku handiagoa zekarrela itsasoan zeuden pertsonentzako”, dio San Sebastianek.
“Saihestu nahian dabiltza erreskateko GKEen zirkulazioa. Badakigu hau errotik moztu nahi dutela, inoiz ez digute lana errazten”
Eta ez da gutxiagorako, itsaso horretan lanean dabiltzan GKEek ondo baitakite beren lana erlojuaren aurkako borroka dela. Aurten, bi hilabete eskasean, 4.500 migratzaile erregistratu dituzte Erdialdeko Mediterraneoko bidean, Aita Mariren lan eremuan, eta gutxienez 104 hildako (zifra horretan ez daude otsailaren 15ean Libia parean hildako 70 migratzaileak). Erlojua, beraz, oztopo bat da beren lana egin dezaten; biziak salbatu ditzaten, alegia. Baina hori ez da muga bakarra, ezta gutxiago ere, gobernuek guztiz baldintzatzen baitute beren egitekoa, neurri eta arau anitz eta murriztaileekin. “Uneoro zangotraba jartzea modukoa da”, dio Aita Mariko kideak.
Etengabeko oztopo, hesi eta ezezkoen adierazle argiena da Italia, batez ere ultraeskuina gobernura iritsi denetik. Georgia Meloni lehen ministroak kargua hartu bezain pronto estutu zituen neurriak, 2022ko urrian. Kargua hartu eta hilabetera, azaroan, guztira 1.000 migratzaile zeramatzaten lau itsasontziri iritsiera mugatu zien. “Itsasontziek portua eskatu zuten eta momentu horretan sortu zuen dekretu bat, itsasontzi horiek porturatu zitzaten soilik asilo eskatzaileak edo egoera zaurgarrian zeuden pertsonak”, azaldu du San Sebastianek. Neurri hori, nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa, atzera bota behar izan zuen gobernuak, eta guztien porturatzea baimendu. Hala ere, izan zen itsasontzi bat, Sos Mediterranè, Frantziako Estatuko portuetara itzuli zena, Emmanuel Macron lehen ministroaren eskaerari jarraiki.
Meloniren lehen ekintza horrek alarma zabaldu zuen laguntza humanitarioko erakundeen artean, beren lanari ezarritako oztopo zuzen gisa ulertu baitzuten. Eta ez zebiltzan oker, 2023ko urtarrilaren 2an jarrera indartu baitu Melonik: dekretu berri batean guztiz mugatu du erakunde horien jarduna. “Erreskate bat egiten den bakoitzean portu bat esleitzen zaigu eta exijitzen digute hara joatea, berandu barik; alegia, ezin gaitezke eremu horretan geratu arriskuan dagoen beste paterarik dagoen ikusteko”, azaldu du egoera Aita Mariko kideak.
Horrek nabarmen eragingo dio GKEen lanari; alde batetik, denbora oso preziatua dutelako; eta, bestetik, ohikoa delako erreskatatzera irtetean ontzi bateko baino gehiagoko migratzaileak jasotzea. Honela azaldu du San Sebastianek: “Guk, normalean, erreskate bat egiten dugu eta portura joaten gara zuzenean; 150 pertsonarentzako edukiera dugu soilik. Baina iazko ekainean, esaterako, lau erreskate egin genituen jarraian, egoerak horretara eraman gintuelako: lehenengoan hamaika hartu genituen, gero hamazazpi, 40 eta 45. Lau egun egon ginen erreskatatzen, eta orain, ziurrenik, ezingo genukeen hori egin, portua emandakoan hara joan behar dugulako”.
Jende gutxiago erreskatatu dezakete dekretu berriarekin, eta denbora luzeagoa behar dute erreskatatutakoak porturatzeko
Hori da lege berri honen beste oztopo bat: portuen kokapena. “Portua nahiko bizkor ematen digute, baina oso urrun. Lehen, normalean, Lampedusan ematen zuten, Sizilian. Azkeneko aldian, Anconan eman zioten MSFko itsasontziari, ipar mendebaldean, lauzpabost nabegazio egunetara”. Jende gutxiago erreskatatu dezakete, beraz, eta denbora luzeagoa behar dute erreskatatutakoak porturatzeko.
Baina hori gutxi ez, eta beste eskakizun bat ere badakar dekretuak: “Dekretu berriak derrigortzen gaitu pertsonei informazioa ematera asilo eskaerei buruz”. Hori lan gehigarri bat litzateke erreskate ontzietako tripulazioarentzat, herrialde eta hizkuntza anitzetako jendea jasotzen dutelako, eta beti ez dutelako baliabiderik horretarako. “Guk ahal ditugun neurriak hartu ditugu, baina ACNURrek berak ere esan du itsasontzi bateko tripulazioak ez duela horretarako baliabiderik. Erreskatea bukatzen da jendea porturatzean, eta guk ulertzen dugu han egon behar dutela beste erakunde batzuk baldintza hobeagoetan emango dietenak informazioa”.
GKEek erantzun egin diote dekretuari, haserrea nabaria baita: “Saihestu nahian dabiltza erreskateko GKEen zirkulazioa. Badakigu hau errotik moztu nahi dutela, inoiz ez digute lana errazten”, dio San Sebastianek. Hain zuzen ere, jada bildu dira hemeretzi nazioarteko erakunde dekretuaren aurka egiteko, dekretu berriak heriotza gehiago eragingo dituela salatu dute, eta berretsi dute biziak salbatzen jarraituko dutela. Horixe bera esan du San Sebastianek: “Portura bidean gaudela abisuren bat badago hurbil, nazioarteko zuzenbideak derrigortzen gaitu laguntzera”.
Italia da, gaur egun, Europako politika baztertzaileen aurpegia. Baina bere influentzia ez da Europara mugatzen, Afrikan ere baditu kontaktuak. Egun Europara iristen diren Afrikako migrazio olde nagusiak Libiatik heltzen dira, batez ere. Baina heltzen direnak saiakera egiten dutenen ehuneko txiki bat baino ez dira, Libiako bertako politikengatik, zeintzuek Europako Batasunaren babesa duten. “Italiak zenbait itsasontzi eman dizkie Libiako kostazainei, migratzaileen etorrera errotik moztu dezaten”, azaldu du Aita Mariko kideak. Migratzaileen etorrera mozteaz ari denean, beraiek itzularazteaz ari da, berehalako kanporaketez.
“Libiako uretan migratzaileak itzultzen dituzte herrialdera, Libiara, baina ez da segurua herrialde hori: ez dago demokraziarik, ezta egonkortasunik ere. Nazioarteko zuzenbideak ez du baimentzen ihes egin duen pertsona bat bere herrialdera itzultzea, herrialdea ez bada segurua”, dio San Sebastianek. Bien bitartean, Europako Batasunak 700 milioi euro eman dizkio Libiari, migratzaileen aferan laguntzeko: EBren datuen arabera, 2017 eta 2021 artean 88.000 migratzaile erreskatatu zituzten herrialdean bertan.
Zifra horien guztien erdian beste errealitate bat azaleratu da: Italiako Gobernuak Libiakoarekin akordioa sinatu du Europara gas sarbidea bermatzeko. Urtarrilean sinatu dute 8.000 milioi dolarreko kontratua; akordio hori sinatu baino astebete lehenago egin zuen beste bat Aljeriakoarekin, 284 kilometroko gas hodia eraikitzeko. “Italiak nahi du zubi energetiko bat eraiki Magreben eta Europaren artean; ostera, ez zaio bururatu ere egin zubi humanitarioa sortzea Libiatik ihesi datozenentzako, ezta gutxiago ere”, salatu du San Sebastianek.
Erdialdeko Mediterraneoan ari da lanean Aita Mari, Afrikatik Europara doazen migratzaile gehienek egiten duten bidean. Libiako portuetatik ateratzen dira gehienak, Aljeriatik ere bai zenbait; eta Italia eta Malta dituzte helmuga. Atzean geratu dira Ekialdeko Mediterraneoko garaiak, milioika errefuxiatu Turkiako eta Greziako kostaldera heldu zirenekoak: hango migratzaile fluxuak nabarmen egin du behera, baina egon badaude oraindik.
Hala ere, orain Erdialdeko Mediterraneoa da fluxuaren zentroa. Bertara heltzen diren askorentzat, ordea, bidaiaren azken zatia da. “Jendeak Afrikatik ihes egiten du oso bidaia arriskutsuetan, euretako askok urteak daramatzate desertuan edo beste bideetan zehar: itsasoa horren ehuneko txiki bat baino ez da”, dio San Sebastianek. Alegia, Mediterraneora iritsi aurretik ehunka migratzaile bidean geratuko ziren, horren datu zehatzik ez badago ere; itsasoraino heldu direnak beren jatorrizko herrialdean bidaia hasi zutenen zati txiki bat dira. Azken bultzadatxoa da itsasoa, itsaso ustez lasai eta bero bat.
San Sebastianek aipatutako urte luzeko bidaia hori ikusten da migratzaileen datuetan. Izan ere, Erdialdeko Mediterraneoko bidea herritartasun askoren batura da. Aurtengo datuek, azken bi hilabeteetakoak soilik badira ere, erakutsi dute migratzaile gehienak Boli Kostatik heltzen direla: aurten, dagoeneko ia 900 lagun heldu dira handik. Atzetik datoz Ginea, Pakistan, Egipto eta Tunisia. Azken bi horiek kenduta, Boli Kosta, Ginea edota Pakistanetik milaka kilometrora dago Erdialdeko Mediterraneoa, eta bertatik heltzen dira migratzaile gehien, milaka kilometroko eta urte luzeetako bidaiaren ostean.
Eta ihes egiten dute bizimodu hobea bilatu nahi dutelako, horixe ikusi dute Aita Marin: “Jendea saiatzen da bizimodu hobea bilatzen, bizi den infernutik ihes egiten; Aita Marira heltzen diren askok diote ez dutela gerran aritu nahi, ikasi nahi dutela, lan egin nahi dutela”. Bertan pairatzen duten egoera, ordea, urrun dago esperotakotik: “Oso testigantza gogorrak dira, eta ulertu behar dugu horrelako erabaki bat hartzen duten pertsonen egoera, saihetsezina da bizimodu hobea bilatu nahia. Baina erabaki hau hartu dutenetatik askok ez lukete bidaia errepikatuko, nahiago dute hil, sufrimendu honek guztiak ez die merezi”.
Egoera horrek erakusten du nazioarteko politiken bereizkeria, San Sebastianen ustetan: “Ukrainako gerrarekin ikusi dugu zelako bereizkeriak egin dituzten. Asiloak erraztu dira eta baimendu dira pertsonen mugimenduak, korridore humanitarioak, bonbetatik babesteko mugimendu askatasuna. Eta gero daude beste herrialde batzuk, Siria, Afganistan eta beste, aukera hori ez dutenak”.
Serratek itsasoari abesten zion, bere koloreei eta bere ehunka herriei: Algecirasen hasi eta Istanbuleraino iristen da itsasoa, hori zioen. Ez zioen, ordea, ez zela berdin Algeciras edo Istanbul; Lampedusa edo Tunis. Denak dira Mediterraneo, baina batzuk itsaso urdin eta zabal dira; besteak naufragio eta hilerri. “Migrazioa eskubidea da: ez da non jaio zaren edo duzun diruaren menpeko”, dio Mikel San Sebastianek. Ez da kasualitatea Serrat kataluniarra izatea, Mediterraneoaren alde onean jaio zen; itsasoa eta bertan egiten den bidaia plazerezkoa ala amesgaiztokoa izan baitaiteke, nondik nora joaten den, nondik begiratzen zaion.
Kanaria uharteetako kostaldera iritsi nahian ari ziren, baina Mauritanian urperatu zen ontzia. Desagerturik jarraitzen dute 100 pertsonak baino gehiagok.
Hemengo politikariek haien diskurtsotan immigranteen etorreraren alde edo kontra egiten dute. Immigrante ez-zurien etorreraren alde edo kontra, noski. Beste mugimenduak ez dut uste gehiegi inporta zaizkienik, edozein alderditakoak izanik ere. Tronu altu-altu batetik begiratzen... [+]
Sahara hegoaldeko gizonak, emakumeak eta adin txikikoak zeuden txalupan. Merkataritza ontzi batek jitoan zebilen txalupa ikusi, soka bat lotu, eta laguntza eskatu zuen.
Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.
50 maliar inguru ari dira kalean bizitzen Gasteizen beren asilo eskaeren ebazpenaren zain. Eusko Jaurlaritzak Oñati eta Tolosako harrera zentroetara mugituko ditu Espainiako Gobernuaren pasibotasunaren aurrean, horren eskumena baita eskaerak ebaztea eta ostatu alternatiba... [+]
Ostegunean eman dituzte asilo eskaera tramitatzeko lehen txandak: bederatzik lortu dute, irailerako. Eusko Jaurlaritzak ebazpena arintzea, eta migiratzaileak ostatzeko zentroetara mugitzea eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Erresuma Batuko gobernuak proposatu du delituak dituzten migratzaileak berehalakotasunez deportatzea, ekainean onartutako legearen bide beretik. Lege horrek baimentzen du sententzien %30 beteta dutenak deportatzea; igandeko proposamenarekin ez dute zigorrik bete beharko... [+]
Auzitegi Gorenak martxoan ebatzitakoari jarraiki, astelehenean irletatik penintsulako adin txikikoentzako zentroetara lekualdatuko dituzte zortzi asilo eskatzaile. Gobernuak adierazi du adin txikikoen babes sarean integratzeaz arduratuko den etorkinen %90 maliar jatorrikoak... [+]
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak Oñatiko Arantzazu egoitza eskaini dute maliar migratzaileentzat. Bertan geldituko dira Espainiako Gobernuak haien asilo eskariak ebazten dituen bitartean.
Manteroekin Bat plataformak eta Mbolo Moye Doole elkarteak elkarretaratzea egin zuten astelehenean Bilbon, azken asteetan poliziak manteroen aurka eginiko eraso "arrazistak" salatzeko. Izan ere, Boubacar Diouf kale saltzailearen arabera, poliziaren jazarpena... [+]
Diskurtso erreakzionarioen gorakadaz ari gara azken urteetan. Dela migrazioei buruz, dela feminismoa, euskara eta abarri buruz. Testuinguru horretan, garrantzitsua iruditzen zait jarrera erreakzionarioak edota migrazioei buruzkoak aztertzeko ez gelditzea titularretan, eta gaiari... [+]
Migrazio krisia deitzen diote neoliberalismoaren ondorio ankerrenetako bati. Ultraeskuinaren agendaren lehen puntuetako bat da langile klaseko migratzaileen aurkako neurri sorta. Baina faxismo berrituaren lorpenik handiena da gainerako indar politikoek bere egitea haien agenda... [+]
Migratzaileak deportatzeko neurriez mintzatzeko, EB Europako Batasuna osatzen duten 27 estatuetako Barne eta Migrazio ministroak bildu dira asteartean, Kopenhagen. Ondorioztatu dute EBko herrialde gehienek babesten dutela etorkinak deportatzeko neurriak gogortzea... [+]
Atherbea elkarteak Baionako eguneko harrera zentroa ixtea erabaki du higiene falta dela eta. Egunero 100 pertsona ingururi ematen zien dutxa hartzeko eta gosaltzeko aukera, baina lokalean labezomorro eta arratoi asko daudenez, itxi egin behar izan dute.
Portugalgo Gobernua osatzen duten Alderdi Sozialdemokratak eta CDS-Alderdi Popularrak Chega eskuin muturreko alderdiarekin bat egin dute Atzerritarren Legea erreformatzeko. Delitu larriak egiten dituzten migratzaile nazionalizatuei pasaportea kenduko diete, herritartasuna... [+]