"Norbere gorputzaren autodeterminazioa eta gorputz-osotasunaren gaineko eskubidea aldarrikatzen ditugu"

  • Abenduan Euskal Herrian egon zen Mer Gómez idazle eta aktibista intersexa, gaiari buruzko La rebelión de las hienas (Hienen matxinada) liburua aurkezten. Lagun batek gomendatuta iritsi nintzen Oreretako hitzaldira, eta ez zitzaidan damutu. Biharamunean, Donostiako kafetegi batean, Gómezek kemenez irribarrerik galdu gabe argitu zituen nire zalantzak. Ikus dezagun zer esan nahi duen LGTBIQ+ sigletako I letrak.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Mer Gómez. Salamanka, Espainia, 1988

Autore eta aktibista intersexa. Kazetaritzako gradua ikasi du, eta, ondoren, Bake, Gatazka eta Garapenaren Nazioarteko Ikasketak eta Ikasketa Feministak eta Genero-Ikasketak. Mikroantzerkiko bi bakarrizketa idatzi eta taularatu ditu, La revolución de Lola (Lolaren iraultza) eta Solo apto para BICHAS RARAS (Piztia bitxientzat bakarrik) eta Se receta silencio (Errezeta: isiltasuna) dokumental laburrean parte hartu du. Pikara Magazine aldizkarian artikuluak idatzi izan ditu. 2020tik hasita, i de Intersex kolektiboaren koordinatzailea da Laura Vila Kremer-ekin batera. Sentsibilizaziorako espazio horretan intersexualitateei eta gorputz-aniztasunei buruzko prestakuntza eta informazioa eskaintzen dituzte. Gaur egun, tesia egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean, Ikasketa Feministen eta Genero Ikasketen programaren barruan.

Terminoa ezagutzen ez dutenentzat: zer dira intersexualitateak?
Intersex pertsonen jaiotzazko ezaugarri sexualak ez datoz bat gorputz femenino eta maskulinoen kategoriekin, zeinak oso zurrunak baitira eduki beharreko hormonei, gonadei, genitalei eta kromosomei dagokienez. Intersexualitateak, bada, bi kategoria hertsi horietan sartzen ez diren guztia dira, eta hainbat hamarkadaz, gaur egun arte, gaixotasuntzat jo eta diagnostikatu egin dira.

Horregatik izendatzen dituzue pluralean: ez baitira gauza bakarra, ezta gauza uniformea ere.
Hori da. Ez da hirugarren sexu bat ez halako ezer. Egia esan, intersexualitate-mota esaten zaienak adina sexu egongo lirateke.
Eta intersexualitateak gaixotasuntzat jo dira nahiz eta arau binarioarekin bat ez datozen ezaugarriek osasunean eraginik ez izan.
Intersexualitatea ez da gaixotasun bat, ez da sexu-garapenaren anomalia bat, ez dira sindromeak, biomedikuntzak esan izan duenaren kontrara. Baina, ikuspegi horren ondorioz, kasu askotan aldaketa-protokoloak ezarri dira, gorputz intersexak gorputzen arau estetiko binariora egokitzeko.

Heteroarauak ere badu zerikusirik horretan, ezta?
Gorputza aldatzeko protokoloak gauzatzen direnean, aintzat hartu behar da arau heteronormatiboen eragina, gorputz intersexek ere arau hori betetzera bideratua. Izan ere, gorputz intersexak, diren moduan, ez dira desiragarriak eta ez dute desiratzeko eskubiderik. Eta horren guztiaren atzean sexu-genero sistemak zehazten du zer gorputzek balio duten eta zeintzuk ez. Beraz, gorputza aldatzeko protokoloak ere hortik egiten dira. Hau da, ez dakizu zein izango den haur baten desiraren orientazioa etorkizunean, eta hala ere derrigorrezko heteroaraura bideratzen duzu. Zergatik neurtu behar dute pertsona baten genitalek ez dakit zenbat zentimetro zehazki? Zergatik izan behar du pertsona baten baginak zakil bat barruan hartzeko modukoa, baldin eta, beharbada pertsonak horrek ez badu sarketa-praktikarik izango bere harremanetan?

Besteak beste, halako protokoloak alde batera utzi behar direla aldarrikatzen duzue.
Espainiako Estatuko aktibismo intersexeko kideok nazioarteko komunitatearen pausoei jarraitzen diegu neurri batean, eta hain justu ere gorputzen eta genitalen mutilazio eta aldaketa oro amaitzea aldarrikatzen dugu, estetikagatik baldin bada eta ez osasun-arrazoiengatik, eta betiere pertsonak hautatu ez badu, noski. Beraz, norbere gorputzaren autodeterminazioa aldarrikatzen dugu, baita gorputz-osotasunaren gaineko eskubidea ere, eta pertsonak berak erabaki edo ontzat jo ez duen aldaketa oro amaitzea –gorputz-aldaketak zein bestelakoak–.

Jakina, informazio osoa jasotzeko eskubidea ere aldarrikatzen dugu: intersexualitate kasuak agertzen direnean, talde medikoek eta biomedikoek informazio osoa izan behar dute, eta informazio osoa eta plurala eman. Horregatik, halako taldeetan, osasungintzako adar bat baino gehiagotako profesionalak bildu behar dira, baina baita gaian adituak diren pertsona intersexak ere, edo pertsona intersexen elkarte edo taldeetako kideak, esate batera, Grapsia edo Kaleidos.

Beste gako garrantzitsu bat: jakinaren gaineko baimena.
Dokumentu hori ebakuntza guztietan ematen da, pertsona intersexei eta haien senideei ematen zaie, sinatzeko. Jakinaren gaineko baimenak baditu zenbait ezaugarri bete beharrekoak, baina une batzuetan ezaugarri horiek ez dira bete. Intersexualitate kasuak agertzen direnean halako larritasun psikosozial bat sortzen denez, hertsapena baliatu izan da dokumentuak sinarazteko –adibidez, kasu batzuetan, tumoreak garatzeko arriskua zegoela esan izan da–, ez da informazio oso-osoa eman, ez dira jakinarazi ebakuntzaren osteko ondorioak, eta, gainera, egun kopuru jakin bat dago haurra erregistro zibilean erregistratzeko. Hala, dena bizkortzen da, eta kasu askotan, desinformazioz, informazio okerrarekin edo gutxi gorabeherako informazioarekin sinatu da dokumentua.

Aldaketen gaia ixteko: egiten dira oraindik?
Gaur egun mugitzen ari gara, elkarrekin korapilatzen ari gara, eta intersexualitateei buruzko ikusgaitasuna hazi da; ondorioz, egia da gauzak aldatzen ari direla, talde mediko batzuek ikasi nahi dute eta pertsona intersexen taldeekin lan egiteko prest daude. Hala ere, zenbait erietxetan ebakuntzak egiten dira oraindik ere —estetikagatik eta ez osasunagatik—, eta batzuetan gainera ez da informazio osoa eskaintzen.

Argazkia: Dani Blanco
"Zergatik izan behar du pertsona baten baginak zakil bat barruan hartzeko modukoa, baldin eta, beharbada pertsonak horrek ez badu sarketa-praktikarik izango bere harremanetan?"

Gaur egun, zein da Espainiako Estatuko aktibismo intersexaren egoera?
Gutako asko aktibismoan gabiltza duela hainbat urte; hasieran espazio txiki eta pribatuagoetan aritu gara, eta pixkanaka jendaurrera zabaldu eta hedatu da lan hori. Mugimendu sozialek, feminismoaren gorakadak eta LGTBI aldarrikapenek ere izan dute eraginik, eta komunitate intersexeko kideok ausartu gara hor egoten eta I letra gorpuzten.

Azken bost urteotan, 2018tik aurrera bereziki, halako udaberri intersex bat gertatu da: desarmairutu egin gara; nahiz eta I letra oraindik oso ikusezina den eta jende askok ez dakien zer esan nahi duen ezta jende intersexa nor garen ere –hau da, badakigu ezezagutza handia dela oraindik ere–, hala eta guztiz ere, esango nizuke pertsona intersexak, inoiz baino gehiago, hor gaudela, publikoak garela eta gure eskubideak aldarrikatzen ditugula.

Hitz egin dezagun La rebelión de las hienas liburuari buruz. Pertsona intersexen bizi-kontakizunak bildu dituzu. Nolatan hasi zinen horretan?
2015-2016 urteen inguruan hasi nintzen desarmairutzen eta intersexualitatea lantzen. 2016an hasi zen nire bidaia: lehenik despatologizazioa izan zen, eta horrek desarmairutzea ekarri zuen, besteekin batera gorpuztu ahala. 2016an, bada, liburuko protagonistak ezagutzen hasi nintzen. Liburuan, 2016tik gaurdaino aurkitu ditudan pertsonen bizi-kontakizunak azaltzen ditut.

Pertsona horiei elkarrizketak egiteko prozesuan, zer kontu iruditu zaizkizu deigarriak, zure bizipenen antzekoak edo guztiz desberdinak zirelako?
Esango nuke pila bat elikatu nautela. Haurrak zirenean edo koskorragotan inongo elkarterekin harremanik izan ez duten intersexentzat oso-oso garrantzitsua da lehendabiziko aldiz pertsona intersex batekin parez pare topo egiten deneko egun hori. Baina, hortik harago, eta liburua egin ahala deskubritu dudan moduan, pertsona batekin esertzea, eta beharbada pertsona horrekin hitz egin izan duzu jada zure bizipenez, baina pertsona horrekin modu serioan esertzea hura entzutera, hura zure aurrean biluztea eta zu ere harekin batera biluztea, biek bizi izandako indarkeriez hitz egitea… Hori oso intentsoa izan da, baina oso beharrezkoa ere bai, osatzeko…

Sendagarria izan da.
Bai, beste batekin bizipenak partekatzea eta, horretan ari zarela, indarkeria eta bizipen komunak izan ditugula ikustea: adibidez, presioa egin digute intersexualitatea ezkutatzeko, horretaz ez hitz egiteko, isiltzeko, zeren bai talde medikuek, baina baita gizarteak ere horixe gomendatzen baitzigun: isiltzeko. Oso zaila zen I letrari buruz hitz egitea inork ez zekienean ezertxo ere horretaz. Gero, beste bizipen batzuk ez dira komunak, testuinguruaren arabera.

Espainiako Estatutik kanpoko intersex pertsonen ahotsak ere bildu dituzu.
Bai, eta interesgarria izan da Frantziako Estatuko aktibista intersex batekin hitz egitea, jakite aldera nola dagoen egoera Frantzian ez ezik Europan ere, jakite aldera ea gauza bera gertatzen den diagnostikoekin, protokoloekin… Ea gauza berak egin diren Frantzian, AEBetan eta Mexikon, adibidez. Beste leku batzuetako jendearekin hitz eginez, ohartu gara nahiko modu antzekoan kudeatu izan dela. Egia da, ordea, beste zenbait lekutan, osasungintza publikoa ez den edo guztien eskura ez dagoen lekuetan zehazki, pertsona asko ez direla pasa baliabide medikoetatik, eta beren intersexualitatea askoz modu osasuntsu eta politagoan bizi izan dutela, aniztasunaren parte gisa.

Argazkia: Dani Blanco
"Gorputzen eta genitalen mutilazio eta aldaketa oro amaitzea aldarrikatzen dugu, estetikagatik baldin bada eta ez osasun-arrazoiengatik”

Espainiako Estatuan ere izan da halako bizipenik, jende zaharragoaren kasuan esate baterako.
Bai, bizipen desberdina izan dute haiek ere. Beharbada zenbait pertsonak ez zeukaten hilekorik, baina oro har ez zenez hilekoaz hitz egiten, sexua eta sexualitatea tabuak zirelako, ez zen hautsik harrotzen. Edo zenbait gizonek bularrak zituzten, edo zakil txikiagoa, edo halakoren gorputza ez zen erreproduktiboa, baina hori zen dena. Orduan, jende askok, intersexa izanda ere, ez zekien hala zenik. Ez zituzten baliabide medikoetara bideratzen. Eta horrek, nire iritziz, erakusten du ezen protokolo horiek denak, halako larritasunez eta halako dramarekin ezarri nahi ziren protokoloak, pertsona askok ez dute inongo dramarik izan eta ez dute amaitu… Liburuko pertsona bati, adibidez, 30 urterekin hilko zela esan zioten. Ba ez da hala izan.

Tesia amaitzen ari zara. Hor ere pertsona intersexen bizi-kontakizunak bildu dituzu, baina beste ikuspegi batekin.
Tesian ere pertsona intersexekin lan egin dut; zehazki, hamar pertsonako talde batekin: intersexak izateaz aparte, denak gizarteratu dituzte emakume gisa. Interesgarria iruditzen zitzaidan, Ikasketa Feministen eta Genero-Ikasketen taldetik abiatuta, emakume izateari eta feminitateari buruzko ideia horiek gure gainean izan duten eraginaz hitz egitea eta aztertzea ea feminismoaren barruan sentitzen garen ala ez, diskurtso batzuek ukatu egiten gaituztela sentitzen dugun ala ez… Nik buruan neukan hori denbora guztian, militante feminista izan naizelako eta banaizelako oraindik. Orduan, funtsezkoa iruditzen zitzaidan gure artean intersex moduan izan ditugun despatologizazio-, desarmairutze- eta gorpuzte-prozesuak kontatzeaz aparte, lantzea ea nolakoa izan den guretzat feminitateari buruzko diskurtso jakin baten pean garatzea.

Lehenago esan duzunaren arabera, gaur egun talde mediko batzuk ikasteko gogoz daude, eta gauzak beste modu batean egiteko prest ere bai. Era horretako proiektu bat abiatu zen Osakidetzan 2018an, eta zeuk parte hartu zenuen horretan. Azalduko zenidake zer moduz joan zen?
Ikasketa Feministen eta Genero-Ikasketen Masterrera iritsi nintzenean, jakin nuen Donostia ospitaleak proiektu bat abiatu zuela, Euskal Herriko beste ospitale batzuekin elkarlanean, intersexualitateak lantzeko, eta proiektu horretan ikuspegi feminista eta genero-ikuspegia txertatu nahi zituztela. Orduan nik eta taldeko beste ikertzaile batek egitasmoarekin bat egin genuen. Gaur esango nizuke pozgarria iruditzen zaidala talde medikoek ikuspegi feminista eta genero ikuspegia aintzat hartzea, eta, ez hori bakarrik, pertsona intersexak ere proiektu horietan jardun daitezen nahi izatea, intersexualitate kasuak agertzen direneko protokoloak eta praktikak hobetzeko egitasmoetan.

Bestalde, esperientzia horren ostean, proiektuaren arduradunetako batek, osasun langilea bera, doktore tesi bat garatu du gaiaren inguruan.
Bai, eta doktore tesi horren ondorioak ere pozgarriak iruditzen zaizkit, izan ere, tesi horren ondorioetan esaten da diziplinarteko taldeak sortu behar direla, pertsona intersexen elkarteei eta taldeei buruzko informazioa eman behar dela, orain arte garatu diren protokoloak zalantzan jarri behar direla, eta hemendik aurrera zer eratako protokoloak garatzen hasi behar diren ikasi. Eta batez ere, ez dela indarkeriarik gauzatu behar gorputzen gainean estetika kontuengatik, osasunari lotutako arrazoirik gabe. Garrantzitsua da hemendik aurrera ere aliantzak sortzea talde medikoekin, batez ere bestelako protokoloak garatzeko gogoz dauden taldeekin. Zentzu horretan, pozgarria iruditzen zait, tesi horrek ondorioetan ikuspegi zabalago bat bildu duelako, adeitsuagoa, eta, batez ere, giza eskubideak errespetatzearen aldeko ikuspegia.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LGTB mugimendua
Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza onartu du Greziak

Berdinen arteko ezkontza legeztatzen duen lehenengo herrialde kristau ortodoxoa da.


2024-02-13 | Leire Artola Arin
Trans legea onartu eta urtebetera, 227 pertsonak egin dute aldaketa EAEko erregistroan

Polemika artean atera zen aurrera Espainiako Estatuko Trans Legea, 2023ko otsailean. Erregistro Zibilean izena eta sexua aldatzeko prozesua erraztea zen helburuetako bat. Urtebetean 227 pertsonaren aldaketa burutu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.


Eguneraketa berriak daude