Herrian ospatu zen azken Euskal Jaiaren mendeurrena ospatzeko dantza, kanta, bertsoa, literatura, erakusketak, bisitak eta mahai-inguruak prestatu ditu Hondarribiko Udalak herriko hainbat eragilerekin elkarlanean. Antton Abadiak sortutako loraldia gogoan hartzeko, 'Anton Abadia Zikloa' proposatzen dute, «izan garena, garena eta izan nahi dugunaz hausnartzeko». Programazio oparoa ondu dute abenduaren 17ra arte.
Duela 100 urte Lore Jokoak egin ziren Hondarribian. Euskal Jaien sorrera 1851. urtean kokatzen da, Urruñan, Anton Abadiaren ekimenez. Hasieran pilota izan zen festaren ardatz nagusia, eta 1853tik aurrera olerki lehiaketa ospetsua gehitu zitzaion, lore-joko bihurtuz. Hondarribian, Lore Jokoak lehen aldiz 1883an ospatu ziren, eta Lehen Mundu Gerra bukatu ostean, 1925ean antolatu zituzten bigarrenez, dagoeneko Euskal Jaiak izenburupean. Azken data hori kontuan hartuta, Hondarribiko herriak 1975. urtean eta 2000. urtean urtemuga ospakizunak antolatu zituen. Eta oraingoan, Hondarribiko Udalaren ekimenez, berdin jardun nahi izan dute mendeurrenean.
Horretarako, jarduera programa oparoa eta anitza antolatu dute Kultura, Euskara eta Gazteria arloek lankidetzan, herriko hainbat eragilerekin batera. Joan den ostiralean bertan hasi ziren “Amama” dantza ikuskizunarekin, baina abenduaren 17ra arte luzatuko dute Euskal Jaia Hondarribian. Ortzi Alonso, Kultura zinegotziak azaldu duenez, azaroaren 12tik abenduaren 10era Euskal Jaiaren kartelak landu zituen Nestor Basterretxearen erakusketa antolatu dute Arma Plazan, eta egitaraua Iñigo Muguruzaren omenezko jaialdi batekin itxiko dute.
Euskal Jaiei lotutako ekimen honen helburua belaunaldien arteko transmisioa sustatzea dela nabarmendu dute udal agintariek. Eta programazioa anitza izango bada, beti ere, euskara eta euskal kultura suspertzeko xedez pentsatu dutela argitu du Garoa Lekuonak, Euskara Saileko hautetsiak. «Izan garena, garena eta izan nahi dugunaz hausnartzeko» aukera eman nahi dutela dio, eta horretarako, antolatutako hitzorduetan kulturaz eta euskaraz gozatzeaz gain, «denboran zehar bidaiatzeko eta gaur egungo erronkei heltzeko» aukera emango duela. Gogoan izan behar baita gaur egun Hondarribian euskararen kale-erabilera %16koa dela, eta beraz, Lekuonak uste du, urteurren hau aukera egokia dela «eguneroko lanei bultzada emateko eta herri nortasuna indartzeko».
Alde horretatik, Euskararen Eguna (abenduak 3) eta gabonen atarian Hondarribian ohikoa den Euskal Azoka egokitzeaz gain, espresuki sortutako jarduera bereziak proposatuko dituzte Antton Abadiak utzitako legatura hurbiltzeko eta ondarea ezagutzeko. Horren baitan Anton Abadia Zikloa antolatu du Euskara Sailak. Ziklo horren baitan, azaroaren 28an “Anton Abadia: Dublinetik Hendaiara” antzezlana eskainiko dute; azaroaren 29an Abadia gaztelura bisita gidatua egingo dute (autobusa eta sarrera 3 eurotan Sabin Aranako geltokitik abiatuta); eta abenduaren 13an “Euskal Jaiak: iragana eta etorkizuna” mahai-ingurua izango da, Koldo Ortega, Harkaitz Cano eta Antxoka Agirreren parte-hartzearekin.
Hortaz gain, abenduak 3an, Euskararen Egunarekin bat eginez, "Euskararen kriseilua" eta herriko eskolekin kantaldi berezia prestatu dute Itsas Etxean (18:00etan), Petti, Lorea Zulaika eta Stoldak taldeekin, eta Et incarnatus Orkestrarekin batera. Abenduaren 8an "Karmele" filma, Itsas Etxea Auditoriuma, edota Herri Olinpiaden harira, “Euskara Proba” egingo dute abenduaren 13an.