“Zirkuan ez dago ezer gaizki, dena dago ongi egina”

  • Bi karrera ikasi ostean, hezkuntzako zerrenda publikoetan izena eman eta irakasle lanetan hasi zen Irati Gonzalez Jaimerena irundarra. "Dena lortu duzu", esaten zion inguruak. Dantza urbanoa egiten zuen orduan, baina ume zenetik mugitu izan du gorputza. Eta hezkuntza formalean ongi egon arren, ez zen "dena" berarentzat. Dantza, akrobazia eta oihalen mundua ezagutzera eraman zuen lagun batek, eta geroztik, gozatzen ari dela guk buruz behera ikusten dugu, izan plazako ikusgarrietan edota Zirkuola zirku eskolan.

"Zirkua oso erreminta integrala izan daiteke barrura begira jartzeko, norberaren gaitasunak ezagutu eta ustezko mugak apurtzeko". Argazkia: Irantzu Pastor

Nola eta noiz hasi zinen oihalekin?

Oihalen mundua ezagutu nuen garaian irakasle nintzen eskola publikoan. Oso ikasturte zaila izan zen niretzat. Alde batetik, lana nuelako, baina, bestetik, ikaragarri gustatzen zitzaidalako deskubritzen ari nintzen hori. Eta ohartu nintzen, jendarteari begira "dena" nuen arren –lan finkoa esan nahi dut–, niretzat hori ez zela aski; horrek ez ninduela betetzen.

Lehenagotik ezagutzen nuen Koldo Arakistain, baina orduantxe hasi nintzen berarekin akrobazia bikoitza egiten. Ongi konektatzen genuen, oso gustura geunden biok. Magia egiten genuen. Egun batetik bestera Gure Zirkuaz hitz egin zidan, eta elkarrekin zerbait egitera animatu. Hala egin genuen. Berehala ohartu nintzen hori zela nik nahi nuena eta kosta ahala kosta hortik jo behar nuela. Ez nuen damuaren arantzarik nahi nigan. Ez nuen urteak aurrera egin eta atzera penaz begiratu nahi. Gerora ekin nion nire bide propioari, Gure Zirkua izan zen horretarako tranpolina.

Eta oihalak zergatik?

Oihalekin ari zarenean, parez pare ari zara. Ez naiz ni oihalen aurka, oihalekin batera baizik. Burua zuri gelditzen zait, egiten ari naizen horretan oso zentratua. Ahantzi egiten dut beste dena. Gainera, ikasketen edo sorkuntzaren bidea amaigabea da. Ez naiz guztiz autodidakta, garatzen laguntzen nauen jendea ere badut inguruan, eta hori ere aberasgarria zait.
Oihalena oso estetikoa da, fina, elegantea, baina, aldi berean, baita oso gogorra ere. Indar handia behar da, malgutasuna, eta sufritzea ere gustatu behar zaizu. Erre egiten du. Sukaldeko olio erredura batek bezainbeste. Horri aurre egitea motibazio bilakatzen da niretzat, eta minari plazer puntua topatzen diodan une hori sekulakoa da.

"Zirkua oso erreminta integrala izan daiteke barrura begira jartzeko. Norberaren gaitasunak ezagutzeko, ustezko mugak apurtzeko. Balio asko landu daitezke, garapen pertsonala gauzatu, eta hori dena lehiarik gabe."

“Dena” ukate hori, “dena” ez da berdina denontzat.

Hezkuntza formalean nuen egonkortasun hori ez zen dena niretzat. Hautu bat egin behar nuen. Ez nuen batere argi, baina hainbeste gustatu zitzaidan eta hain ongi eta hain betea sentitu nintzen zirkuaren esperientziarekin… Apustu bat egin behar izan nuen: barruak entzun eta aurrera egin.

Zirkuaren bidez zerbait gehiago kontatzeko beharraz sortu genuen Berdinki konpainia. Praktika ikusgarria izatetik harago, bada iruditeria eraldatzeko tresna bat ere. Guk iruditeria abordatu nahi genuen, eta berau berdintasunez eta euskaraz eraiki eta blaitzeko ilusioa dugu. Berdinki konpainia sortu genuen lehenik, kaleko sorkuntza sustatzen duen “Karrikan” deialdira aurkeztu ostean, eta berehala ekin genion “Mikra” ikusgarria sortzeari. Bertan botere harremanak eta genero rolak jartzen ditugu erdigunean. 2020ko irailean hasi ginen, eta 60 emanaldi egin ditugu.

Hori batetik, eta bestetik Zirkuola.

Berdinki sortu eta berehala osasun izurritea gertatu zen, eta hor berriz ere hankaz gora sentitu nuen dena. Atzera egiteko garaiz nenbilela pentsatzen nuen, baina eutsi egin genion, eta eskerrak. Eta Zirkuolan dena topatu genuen, Adunan bertan. Urratsa eman genuen gure entrenamendurako eta sorkuntzarako espazio zena zirku irakaste moduan erabiltzeko. Sortzeaz gain irakatsi ere egin nahi genuen, eta hala, Gipuzkoako lehen zirku eskola euskaldun eta feminista sortu genuen. Garrantzi handia ematen diogu euskaraz ekiteari. Azken batean, gure ama hizkuntzan bizipen positiboak ukatea oso garrantzitsua da, eta hor hutsune handia dago oraindik Euskal Herrian. Zeren ez baita posible zirku ikasketa ofiziala hemen gure hizkuntzan egitea, eta beraz, grina hori dutenentzat, bada harrobia sortzeko modu bat ere. Guk ukan ez genuen hori eskaintzeko gogoz gaude.

Ohartzen zarete egin duzuenaren eraginaz?

Gure xumetasunean, bai, ohartzen gara. Guretzat ezinbestekoa zen euskaraz jardutea. Sortzen ari garenean geure buruarekin ari baikara solasean. Eta norbera bere buruarekin aritzen denean ama hizkuntzan mintzo da. Haurrei aukera hori eman nahi genien. Bizkaian badaude zirku eskolak, baina ez diote hizkuntzari halako garrantziarik ematen.

Zirkuola, behar pertsonaletik hasi zena, sekulako espazio bilakatu da. 180 ikasle iraunkor inguru ditugu, astero-astero etortzen direnak, eta bestelako ikastaro ugari ere eskaintzen ditugu, aste tartez edota asteburutan. Hilean behin, adibidez, zirkua familian eskaintzen dugu. Haur eta gurasoek primeran pasatzen dute elkarrekin ariketa horiek egiten. Oso momentu politak bizitzen ditugu eta oso eskertuta gaude Zirkuolan sortu den komunitatearekin.

Zer eman dezake zirkuak?

Zirkua oso erreminta integrala izan daiteke barrura begira jartzeko. Norberaren gaitasunak ezagutzeko, ustezko mugak apurtzeko. Gainera, zirkua edonork egin dezake. Haur zein heldu, altu zein baxu. Balio asko landu daitezke, garapen pertsonala gauzatu, eta hori dena lehiarik gabe. Zirkuan ez baitago ezer gaizki, dena dago ongi egina. Hau ez da zuria ala beltza, baizik atsegin dut ala ez. Beraz, lerro hauek baliatuz, zirkua atsegin duen edonor animatu nahi nuke Zirkuola ezagutu eta ikastaro eta antolatutako ekintzetan parte hartzera.

Oihaletik zintzilik

“Buruak funtzionatzeko gorputzak funtzionatzea behar dut. Ez badut energia hori askatzen, buruak ez dit funtzionatzen. Nire bidea beti abiatu izan da gorputzetik. Burua eta gorputzaren arteko erabateko konexioa behar dut. Irunen gimnasia artistikoa amaitzeko adina heldu zitzaidanean, Donibane Lohizunera joaten hasi nintzen lagun batekin. Lagunak utzi zuenean, ordea, elkarrekin antolatzen genituenez joan-etorriak, nik ere utzi egin behar izan nuen, eta dantza estilo ezberdinak probatzen hasi nintzen, ia desesperazioz. Garaikidea, funkya, akrosport... Azken hori Gasteizen ezagutu nuen, ikasten ari nintzela. Taldeko lana eta gimnasia nahastea atsegin nuen. Eta hortik, gutxinaka, gaur egunera arte”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zirkua
2021-10-24 | Reyes Ilintxeta
Iker Galartza. Gure Zirkuaren sortzailea
"Pailazoek badute baimena transgresoreak izateko, eta beti gustatu izan zait muga horretan ibiltzea"

Poxpolo pailazo bezala, Vaya Semanita-ko aktore moduan edota antzerkian eta telebistan hamaika aldiz egin dugu barre Iker Galartzarekin. Orain eskuartean duena bere proiektu pertsonal eta profesional handiena da: Gure Zirkua, lehen zirku ibiltari euskalduna.


Gure Zirkua
Abenturaren bigarren kapitulua

Iker Galartzak dio “lehenengo euskal zirku ibiltaria” dela. Lehenengo karpa euskaraz, alegia. Argi baitu Gure Zirkua baino lehen, zirkuan ibili direla eta badirela euskaldunak lanean. Haiei errespetua zor zaiela uste du. Bidaia erromantikoa, eta apustua, 2018ko udan... [+]


Eguneraketa berriak daude