Ondo pasa zutelako pasatu genuen ondo

  • Ondorengoak (Zirika Zirkus) emanaldiaren kronika. Urriaren 6an Altzan (Donostia).


2018ko abenduaren 09an

Igande arratsaldea eta Altzara joan ginen gure bi urteko semea eta biok. Antzerkia ikustera. Edo hobe esan, haur antzerkia deiturikoa ikustera. Oso garbi jakin gabe, haur zeri deitzen zaion. Asmakizunak diren bezala haurrentzako janaria (pasta eta arroza tomatearekin soilik?), haurrentzako musika (Anari ezin dute eurek entzun, ala?) edo haurrentzako arropa (neurria da haurrei axola zaien bakarra, ez zein itxura daukaten). Haurrek kontu garrantzitsuagoak darabiltzate buruan. Terrenalagoak nahi bada, funtzionalagoak.

Abiatu ginen bada abiatu Zarauztik Altzara oso garbi jakinda nork erabaki zuen haur antzerkia deiturikoa ikustera joatea: nik. Egiari zor, bi urteko ume batek ez duelako bizitza ez beste ikuskizunik behar. Euren gorputza eta inguruak miatzearekin entretenitzen dira. Haur batentzat gainera, familiakoak dira kantari onenak, ezaguna duten norbait. Eta hara ba. Erronka zail horri erantzun behar izan zioten Zirika Zirkusekoek.

Lau zirikatzaile artista jendaurrean. Ziento erdi bat ume begibelarri prest. Guraso zenbait ere bai. Ze batzuk, egon izan ez balira bezala. Edo hobe izan ez balira. Umeak aurreneko ilaretan utzi eta atzealdean eserita mugikorrarekin aritu baitziren, adibidez futbol talde kuttunaren markagailuak freskatzen, edo Betfair apustu jokoetan hordagoka, edo laneko korreoan begira, astelehenak eta lanak igande arratsaldeak ere hartu ditzakeelako. Smartphonetatik. Gero umeei esango diegu ez egiteko negarrik, zintzo demonio geldirik egoteko, aurrera begiratzeko kopon, hasi dela hasi ikuskizuna. Umeentzat. Baina jendaurrean denok gaude. Eta ordukoan, lau zirikatzaile. Lau artista langile onena jendaurrean emateko prest. Eta jakin zuten, asmatu zuten, umeen arretari heltzen. Helduak ere parte izaten.

Eta stop txiki bat orain. Zergatik ez da inoiz guraso boluntariorik agertzen hala eskatzen dutenean? Ezin gaitezke bihurtu gu ere obra? Zergatik daramagu lotsa horren korapilatuta? Noraino daramagu errotua erridikuloa? Zirika zirkusak hori eta horrelako galderak sortu zizkigun isilean-isilean, zeharka-zeharka. Aitortza batetik hasita. Urduri zeudela haiek ere. 200 urte baino gehiagoko zirku-familia tradizio bateko oinordekoak direlako. Ondorengoak. Lehengusuak. Eta orain eurek dutelako ardura ikuskizuna sortzeko. Mezu bat oinarrian: ikusleek ondo pasatzeko, eurek ere ondo pasatu behar dutela.

Nire gustura gehiegi definitu gabeko pertsonaiak ikusi genituen. Egiten musika, uztai jokoak, akrobazia, pailazokeriak… Xume eta entretenigarri. Nire gusturako argiztapenari arreta handirik jarri gabe, atrezzoa gehiegi landu gabe, musikarekin gehiegi asmatu gabe. Niretzat. Gure mutil kozkorrak ez baitzuen horrelakorik faltan bota. Nor aspertzeko gara beldur? Eurak ala gu? Eta orduan etorri zitzaidan gogora ea ikuskizuna umeentzat izanda, nire begietatik begiratu behar ote nuen ala umeenetatik. Baina hori egiteko kapaza nola ez naizen oraindik, nire barruko umeak eta nik egin dugu gaur ere hitz. Esateko arratsalde polita pasatu genuela eta Zirika Zirkuseko artistek ondo pasatu zutelako, pasatu genuela guk ere ondo.


ASTEKARIA
2018ko abenduaren 09a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#2
Zigor Olabarria Oleaga
#3
Gorka Bereziartua
#5
Estitxu Eizagirre
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zirkua
Irati Gonzalez Jaimerena. Zirkuola.
“Zirkuan ez dago ezer gaizki, dena dago ongi egina”

Bi karrera ikasi ostean, hezkuntzako zerrenda publikoetan izena eman eta irakasle lanetan hasi zen Irati Gonzalez Jaimerena irundarra. "Dena lortu duzu", esaten zion inguruak. Dantza urbanoa egiten zuen orduan, baina ume zenetik mugitu izan du gorputza. Eta hezkuntza... [+]


2021-10-24 | Reyes Ilintxeta
Iker Galartza. Gure Zirkuaren sortzailea
"Pailazoek badute baimena transgresoreak izateko, eta beti gustatu izan zait muga horretan ibiltzea"

Poxpolo pailazo bezala, Vaya Semanita-ko aktore moduan edota antzerkian eta telebistan hamaika aldiz egin dugu barre Iker Galartzarekin. Orain eskuartean duena bere proiektu pertsonal eta profesional handiena da: Gure Zirkua, lehen zirku ibiltari euskalduna.


Eguneraketa berriak daude