Itsasontzi bat harresietan

  • Sodade ikuskizunaren kronika. Abuztuaren 22an Iruñean, Ziudadela parkean eskainitako emanaldia, Harresietako Jaialdiaren baitan.

Bi makil eta mihise bat. Haur baten udako txabola izan zitekeen, gau sargorien babesleku. Baina ez, itsasontzi bat da eta hiri erdian dago. Harresiak besterik ez ditu inguruan, baina arreta jarriz gero, ez dago harresirik: itsasoan gaude. Haizea fuerte dabil, zabal-zabalik oihalak. Kontrabaxuak sokak tenkatu ditu eta ahots batek gidatu gaitu kantuz; nor bere portura.

Gaua da Iruñean, eta iluntzero bezala, aspaldian erbesteratutako gizon bat hurbildu da itsasertzera, haurtzaroko eta helduaroko ametsak elkargurutzatu eta desorekatzera. Itsasontziaren mastatik, bere txikitako nia ikusi du hurreratzen: “Izeba, nik hara joan nahi dut. Nora, ortzi-mugara? Hurbildu ahala, ordea, urrundu egiten da”.

Utopia horretatik abiatuta, apurka-apurka hasi dira tripulazioko kide guztiak agertzen: funanbulista, dantzaria, kontrabaxu-jolea, abeslaria, akrobata, orekaria. Gutxinaka biluztu dute gure itsasontzia ikusleen aurrean. Soka amaigabe batek mugiarazten du fadoaren erritmoan, olatuen joan-etorrian, bi gurpilen polean eurek bizitza harat-honat ibiltzen duten eran. Orekari desafioa egiten dabiltza orekariak, sokaren gainean ibilian, munduaren hauskortasuna kantuz kantu akrobazietan harilkatzen duen jolasean. Itsas zabalean zabuka, geure imajinazioari itzulipurdia egin diote eta haiekin batera ezerezera jauzi egitera gonbidatu.

Isiltasuna. Kontrabaxuak bere soka bakoitzarekin egin nahi du dantza, loop amaigabean. Tango doinuak heldu dira portu aldera. Abeslariaren doinu kartsuen laguntzaz igo da orekaria soka artera, bere buruari tango bat eskaintzera. Bakarrik, heldulekurik gabe, baina bere etxeko egongelan egonen balitz bezala egin du dantza lurretik hiru metrora. Laster batu zaio bigarren orekaria, gero hirugarrena, elkarrekin eta elkarren begiraden babes bakarpean, gurpilek mugitutako soka gainean azken erokeriak egiteko. Orduan esnatu dira harresiak, eta gauaren posibilitateei keinu eginez, dantzarien pausoak Ziudadelako harrizko hormetan biderkatu dira.

Argi-itzaletan, itsasertzera hurbildutako gizonaren hizketak olatuen gisa jarraitzen du, itsasoaldi osoan zehar harilkatutako hausnarketak musikaren erritmora kulunkatzen. Olatu bat irudimenera. “Ozeanoak marraztu zeruertzak irekitzeko”. Olatu bat errealitatera. “30 urte ditut eta bakarrik nago itsasontzi honetan”. Olatu bat memoriara. “Itsasontzia nire aurpegia da”. Azken olatua. “Hainbeste nabigatu ostean, zimurrak baino ez ditut nire barnean”. Kontrabaxuak abisatu gaitu: ehunka poema aireratu dira Iruñeko itsasoetan. Haizea baretu da. Itsasontzia ainguratu dute. Argiak itzali.

Mekanika poetikoa da Cirque Rouages-ek oparitu diguna: bizitza bat soka baten gainean, gurpilen antzera beti ibili badabilena, eta izarapetik izarpera amets eginarazten diguna.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zirkua
Irati Gonzalez Jaimerena. Zirkuola.
“Zirkuan ez dago ezer gaizki, dena dago ongi egina”

Bi karrera ikasi ostean, hezkuntzako zerrenda publikoetan izena eman eta irakasle lanetan hasi zen Irati Gonzalez Jaimerena irundarra. "Dena lortu duzu", esaten zion inguruak. Dantza urbanoa egiten zuen orduan, baina ume zenetik mugitu izan du gorputza. Eta hezkuntza... [+]


2021-10-24 | Reyes Ilintxeta
Iker Galartza. Gure Zirkuaren sortzailea
"Pailazoek badute baimena transgresoreak izateko, eta beti gustatu izan zait muga horretan ibiltzea"

Poxpolo pailazo bezala, Vaya Semanita-ko aktore moduan edota antzerkian eta telebistan hamaika aldiz egin dugu barre Iker Galartzarekin. Orain eskuartean duena bere proiektu pertsonal eta profesional handiena da: Gure Zirkua, lehen zirku ibiltari euskalduna.


Eguneraketa berriak daude