Ainhoa Juaniz, clowna

"Pantxika, 'Fatxistorraren' ondoan jarriko litzateke eta txistorra beganoa aterako luke"

  • Ainhoa Juaniz iruindarra zirku artista da, gomazko emakume indartsu eta dibertigarria, noiz edo noiz gorputza Pantxika Lamur fenomenoari uzten diona.

Reyes Ilintxeta @ReyesIlintxeta
2017ko ekainaren 25a
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Ainhoa Juaniz Ezpeleta (1970, Iru˝ea)

Berak eta Bolik (Luis Lainez Taboada) Zirika Zirkus taldea sortu zuten orain dela 15 urte. Dozena bat ikuskizun sortu dute. Zirkua, akrobaziak, eskujokoak, antzerkia, eta batez ere, umorea dira haien osagarri nagusiak. Ainhoa Juanizek sortutako clown lotsagabe eta maitagarria da Pantxika Lamur. Zirku eskolak ematen dituzte haur eta gaztetxoentzat Txantrea auzoan eta Etxarrin. Astean behin Euskalerria Irratiaren uhinen bidez bere burutazioak eta irri karkaila kutsakorrak barreiatzen ditu. Ekainaren 24an Ondorengoak lana estreinatuko dute Iruñeko Gaiarre Antzokiaren kanpoaldean.

Nola iritsi zinen zirkuaren mundura?

Ni oso berandu hasi nintzen zirkua ikasten. Lehen kirol pila egiten nuen: karatea, igeriketa, gimnastika artistikoa, taekwondoa, sokatira… eta Madrilera iritsi nintzenean dantza afrikarra, antzerkia eta clown teknikak ikasi nituen zirkuaz gainera.

Madrilera propio joan zinen zirkua ikastera?

Duela hogei bat urte Iruñetik ateratzea erabaki nuen. Lehenbizi Italiara eta ondoren Holandara joan nintzen. Italian sagarrak biltzen aritu nintzen lanean eta Holandan logistika enpresa batean, Nippon Expressen, bidali beharreko paketeei etiketak jartzen. Ez dakizu zein gustura aritu nintzen lan fisiko horiek egiten. Madrilgo jendea ezagutu eta haiekin Madrilera joan nintzen egun batzuetarako. Orduan Iruñera itzuli nintzen, baina aste bat pasata lagun haietako batek deitu zidan esanez nire izena eman zuela Alcorcóngo zirku eskolan, gustukoa izango nuelakoan. Jolas parkera joatea bezalakoa izan zen. Oso merkea zen, gainera, eta merezi zuen. Bigarren urtean, zirkuaz gain, antzerki eskolara eta dantza afrikarrak ikastera joan nintzen. Puente Vallecasen bizi nintzen hasieran eta gero Navalquejigo herri okupatuan.

Zeren bila joan zinen Iruñetik?

Oso gustura nengoen, baina Euskal Herritik alde egiteko beharra nuen, herri honek harrapatzen zaituelako, eta are gehiago pertsona aktiboa bazara. Ez nekien, eta oraindik ez dut ikasi, ezetz esaten. Militantzia kontu horrek harrapatzen zaitu, mila gauzetan sartzen zara eta nik ateratzeko beharra sentitu nuen, arnasa hartu, egun batean itzuli ahal izateko. Orain gustura nago berriro hemen eta prest Euskal Herriaren alde eta euskararen alde lan egiteko behar denean.

Nola sortu zen Zirika Zirkus?

Boli [Luis Lainez] eta biok Madrilen ezagutu genuen elkar eta bat-bateko maitemina izan zen. Alcorcóngo Udal Zirku Eskolan aritzen ginen ikasten eta, aldi berean, antzerki zirku konpainia batean lanean ari ginen. Eskolan hasi bezain laster konpainiako zuzendariak galdetu zidan ea hanka-paloetan ibiltzen ote nekien eta segituan hasi nintzen haiekin. Handik gutxira obra bateko protagonista nintzen. Magia izan zen, baina nire bizitza osoan hala gertatu izan zait beti.

Handik denbora batera Boliri proposatu nion gure ikuskizuna sortzea. Horrela sortu ziren Loretsu Traketsu eta Bolitxe Zalaparta pertsonaiak. Hasieran Boliren pailazoak ez zuen hitz egiten. Boli Vallecasekoa da eta orduan oraindik ez zekien euskaraz. Iruñean eskaini genuen gure emanaldia eta egun horretan bertan beste hiru tokitara joatea proposatu ziguten. Oso harrera ona egin ziguten eta ikusi genuen hemen aukera asko izan genezakeela. Madrilen etxe okupatu batean bizi ginenez, arazorik ez zegoen dena uzteko eta hona etortzeko. Iritsi ginenean Topaguneko kideekin, Xole Erbiti orduan Hezkuntza Saileko Euskara ataleko arduradunarekin, eta Iñaki Azkona Iruñeko Udaleko euskara teknikariarekin hitz egitera joan nintzen eta haiek nire aingeruak izan ziren. Beti eskertuko diet eman zidaten laguntza.

Argazkia: Dani Blanco.

Baliabide gutxirekin hasi zineten.

Eskola askotara joaten hasi ginen. Ezer ez genuenez gure katxeta nahiko txikia zen. Maleta banarekin etorri ginen. Besterik ez genuen. Lagun batek margotu zigun kartel handi moduko bat eszenatokian jartzeko, izebak musika-kate zahar bat utzi zidan eta lagunek eramaten gintuzten haien autoetan tokietara. Sare handi bat sortu zen. Nire ahizpa, gure kuadrilla… guk dena konpartitu izan dugu beti. Asko eman dugu eta asko eman digute beti.

Handik gutxira gidatzeko baimena atera eta lagun batzuek furgoneta zahar bat oparitu ziguten. Horrela, poliki-poliki, joan gara hazten. Urte batzuk dira honetaz bizi garela eta lasai gabiltza. 1.100 euroko soldata jarri diogu gure buruari. Gurekin batera beste hainbat lagun aritzen dira lanean ikuskizunetan, Maribel Martinez, Txetxu Collado, Oier Bravo eta Sergio de Andrés, bereziki.

Zirika Zirkusen zer egiten duzue?

Familia osoarendako antzerki-zirku ikuskizunak hainbat teknika uztartuz: orekak, akrobaziak, akroporteak, clown-ak, musikaz lagundutako eskujokoak, eta dantzak; umorez betetako lanak dira, guztiak maitasun handiz eginak.

“Pantxikak, emakume heldua izanda, askatasun ikaragarria sentitzen du pentsatzen duena esateko. 'Neskazahar forever' da, baina berak aukeratu duelako”

Zuen ikuskizunetan ikusgarriena akroporteak dira. Ariketa fisiko gogorra da?

Bai. Kirol munduan akrosport deitzen zaio. Orain estreinatu behar dugun ikuskizunean akroyoga egiten dugu gehienbat. Akroporteak dira, baina yogatik hartutako osagarri batzuk dituztenak: arnasketak, sentsazioak…

Zuen entrenamenduak nolakoak izaten dira?

Gimnasiora joaten naiz eta heldu den urtean pilates eta yoga gehiago landu nahi ditut. Beste batzuek arte martzialak, ariketak oihalekin edo bestelakoak egiten dituzte. Bakoitzak berea. Helburua da indarra, malgutasuna, oreka eta konfiantza lortzea. Konfiantza haur eta gaztetxoekin egiten ditugun ikastaroetan bereziki lantzen dugu, agertokiaz gain bizitzako arlo guztietan beharrezkoa delako.

Elikadura zaintzen duzue bereziki?

Hala egin behar da, ongi jatea eta atseden hartzea ezinbestekoak baitira halako lan bat egiteko. Dena den beti ez da erraza izaten. Bolada lasaietan dena orekatuago egoten da, baina zurrunbilo batean sartzen zarenean, gu ikasturte bukaera honetan gabiltzan bezala ibilita, bolo pila batekin, kurtso amaierako saioak egiten eta oraindik gure ikuskizun berria estreinatu gabe, dena zailagoa da. Ez dugu denborarik ezta erosketak egiteko ere. Nik badaramatzat bi egun jatetxe batean jaten. Baina ez da ohikoa. Normalean etxean eta modu orekatuan jaten dugu. Irañetan bizi gara eta Sakanako barazki ekologikoak kontsumitzen ditugu, adibidez.

Lan egin baino lehen normalean oso gutxi jaten dugu. Emanaldi fisikoki gogorra egin behar badugu arratsalde erdian, adibidez, nik ez dut bazkaltzen.

Eta nola hasi zineten haur eta gaztetxoei ikastaroak ematen?

Txantreakoa naiz eta etorri ginenean ikusi nuen oso garrantzitsua zela auzoko haurrei erakustea guk ikasitako guztia. Horrela hasi ginen duela 15 urte Auzotegin klaseak ematen eta han jarraitzen dugu. Gaztetxo batzuk hasieratik daude gurekin eta dagoeneko guk baino gehiago dakite. Auzoari zerbait ematen saiatzen ari gara. Orain Irañetan bizi gara eta Etxarrin ere ematen ditugu klaseak. Zirkua beste gauza asko lantzeko bitartekoa da: elkartasuna, elkar laguntza, talde lana, lehiakortasunik ez…

Eta clown ikastaroak ere bai?

Haurrekin ezin da clowna landu, haiek clownak direlako. Haiengandik asko ikasten dugu. Antzerkia, begiradak, sentsazioak, zirkuko teknikak... irakasten dizkiegu, eta batez ere, erronkak gainditzen. Teknikari baino gehiago talde lanari eta saiatzeari ematen diegu garrantzia. ‘Gaizki’ hitza ez dugu erabiltzen.

Argazkia: Dani Blanco.

Ondorengoak da ikuskizun berriaren izena. Noren ondorengoak dira?

Miren eta Nekane dira protagonistak. Haien arbasoek duela 500 urte sortu zuten zirku saioa berreskuratu dute. Zuzeneko musika, klakea, akroporteak, akrobaziak eta umorea, batez ere umorea, izango ditugu hemen. Zirku klasikoan familiek urte askotarako egiten dituzte ikuskizunak eta gurasoengandik seme-alabengana pasatzen dira. Guk hori nabarmendu eta erakutsi nahi genuen gure hamabosgarren urteurreneko ikuskizunean.

Zirkuaz zer pentsatzen duzu, oro har?

Animaliak dituzten zirkuak ez ditut onartzen. Alabaina, badira zirku klasiko onak, Ondorengoak-en espiritua dutenak, hau da, ikuskizun klasikoak belaunaldiz belaunaldi transmititzen direnak. Pailazo klasikoak asko gustatzen zaizkit. Haiengandik jaso dugu pila bat.

Zein da clowna eta pailazoaren arteko aldea?

Lagun batek esaten zuen clowna ikasketak dituen pailazoa dela. Clown esaten zaio antzerki teknika bat lantzen duen pertsonari, eta pailazoak zirku klasikoko pertsonaia barregarriak dira. Hala ere, clownak asko hartzen du pailazoetatik. Charles Chaplin litzateke clown bat, adibidez.

Clown guztiak desberdinak dira. Maitagarriak izateak eta dena alde positibotik hartzeak batzen ditu. Pantxika Lamur da nire clowna eta pertsonaia honetan bufoien ezaugarri asko nahasten ditut. Gauza asko esaten ditu, oso zuzen gehienetan, baina intentzio onez. Clown bakoitzak pertsonaia desberdinak egin ditzake. Pantxika ezin da berdina izan toki eta egoera guztietan. Haur txikiei ipuinak kontatzen dizkien Lara Larika ikuskizunekoa ezin da izan institutuetara joaten den Pantxika bera edo helduekin aritzen den Pantxika makarra. Clowna da esentzia, baina horrekin jolasten duzu. Pantxikak saio oso desberdinak egiten ditu: sari banaketak, euskararen aldeko saioak, aurkezpenak… denetik. Pantxika da Zirika Zirkusek bidaltzen duen pertsonaia edozein gauza egitera.

Zu lotsatia zara, eta bera aldiz, lurrikara.

Eta batzuetan Pantxika nagusitu eta bere kabuz aritzen da. Ez dakit azaltzen eta erotuta nagoela pentsatuko duzue, baina egia da. Batzuetan izututa ohartzen naiz Pantxika bera bakarrik ari dela lanean. Oso sentsazio polita da eta jakin nahi nuke nola gertatzen den, baina ezin diozu alde egiten utzi. Ezin duzu Pantxika bakarrik utzi, oso makarra delako.

“Pantxikak edozein gauza esaten du, burura etortzen zaiona, eta horregatik ematen dit beldurra, edozein gauza ezin delako esan”

Nolakoa da Pantxika?

Freskotasun handia du eta lotsagabe hutsa da. Emakume heldua izanda, askatasun ikaragarria sentitzen du pentsatzen duena esateko. Neskazahar forever da, baina berak aukeratu duelako. Ni baino askoz modernoagoa da, zalantzarik gabe, eta oso afektiboa. Jendearekin asko jolasten du. Ikuskizunean, adibidez, ikusle batzuk aukeratzen ditu akroporte pare bat egiteko. Azkena Unai Lako Agoizko alkatearen gainean egin zuen.

Nork bere pailazoa egin behar du. Niri, formakuntza garaian esan zidaten nire clowna ongintza dama bat zela, eta hala da neurri batean nire Pantxika. Horregatik agian eragiten du hainbesteko barregura, ez duzulako irudikatzen itxura hori duen andre batek halako ateraldiak izatea. Kontraste ikaragarria da. Beste irakasle batek esan zidan nik sentsualitate handia nuela, eta hasieran gaizki hartu banuen ere, gero ikusi nuen egia dela eta hori ere baliatu dezakedala.

Pantxikak edozein gauza esaten du, burura etortzen zaiona, eta horregatik ematen dit beldurra, edozein gauza ezin delako esan. Batzuek diote komikook ez dugula mugarik izan behar, baina behar dugu.

Zein muga?

Bortxaketaz ezin da umorerik egin, adibidez, eta nik entzun dut emakume bat horren inguruko txiste bat egiten. Nire ustez, hori ezin da egin.

Zer eginen luke Pantxikak aurreko egunean Iruñean egin zen banderaren aldeko manifestazioan atera zen pertsonaia maskaraduna ikusita?

Fatxistorra ikustean erdi miresle bihurtuko litzateke, bere alde frikiena atereaz. Ziur naiz Pantxika aldamenean jarriko zitzaiola eta agian berak ere txistorra aterako lukeela, baina beganoa. Bera ere super nafarra da, baina makrobiotikoa.

Gure buruaz irri egitea gustatzen zaigu?

Gaur egun, gure gizarte eredu honetan, jende gehienarentzat zuzena eta perfektua izatea hain garrantzitsua izanik, zaila egiten zaigu gure buruaz barre egitea. Baina nik uste dut ideia horiei, presio horiei, garrantzia kendu behar zaiela.

Pallasos en rebeldía taldekoekin harremana duzue. Haiekin kanpora joateko gogorik bai?

Bai, jakina. Gatazka egoeran dauden tokietara joaten dira alaitasun pixka bat eramateko asmoz. Kanpora joatea gustatuko litzaiguke, noski, baina ez da erraza aukera eta denbora harrapatzea. Guk ez dugu diru-laguntzarik eskatzen, uste dugulako erakundeek ongi kudeatu behar dutela dirua. Gure filosofia ez eskatzea da eta sosik aurreratu gabe bizi gara. Ezin dugu emanaldiak egiteko aukerarik galdu.

Azken hitza: Gure umorea

Ez dakit zer umore mota dugun gustuko euskaldunok. Pepe Viyuelak aretoak betetzen ditu hemen eta Yllana taldeak ere bai. Guk emanaldi pila egiten dugu. Telebistan arrakasta handia dute Anjel Alkainek eta Aitziber Garmendiak. Azken hori da zalantzarik gabe, euskal aktoreen artean gehien gustatzen zaidana. Egiten duen guztia oso freskoa dela iruditzen zait.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Clown  |  Zirkua

Clown kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude