"Pailazoek badute baimena transgresoreak izateko, eta beti gustatu izan zait muga horretan ibiltzea"

  • Poxpolo pailazo bezala, Vaya Semanita-ko aktore moduan edota antzerkian eta telebistan hamaika aldiz egin dugu barre Iker Galartzarekin. Orain eskuartean duena bere proiektu pertsonal eta profesional handiena da: Gure Zirkua, lehen zirku ibiltari euskalduna.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Iker Galartza Larrinaga. Amezketa, 1977

Poxpolo eta Mokolo pailazo taldean hasi zen lehen pausoak ematen 16-17 urterekin. Euskal Filologia ikasi zuen EHUn, baina eszenatokietatik ez da inoiz aldendu. Pailazo lanak, antzerkia eta telesail garrantzitsuetan hartu du parte, Goenkale eta Allí abajo, besteak beste. Vaya Semanita umore saioari esker ezaguna egin zen Euskal Herri osoan. Gidoigile ere izan zen Goenkale-n. Duela bost urte abian jarri zuen bere bizitzako proiekturik handiena: Gure Zirkua, lehen zirku ibiltari euskalduna. Hala ere hurrengo hilabeteotan aukera izanen dugu berriro Irabazi arte ETBko telesail berrian ikusteko  eta baita antzerkian ere Zuhaitz Gurrutxagarekin Lehendakarigaia lanarekin.

Nola piztu zen Poxpolo?
Txikitan antzerkia egitea eta pailazoz mozorrotzea maite nuen ikaragarri eta zirkua gerturatzen zenean Tolosara edo Donostiara aitonari beti eskatzen nion eraman nintzan. 16-17 urterekin esan zidaten eskolan begiraleak behar zituztela txikiekin irteerak, jolasak eta antzekoak egiteko. Animatu nintzen eta nire lagun Iñaki zenarekin Poxpolo eta Mokolo pailazoak asmatu genituen gure herriko haurrentzat. Bigarren urtean ikusi genuen haur batzuk gogoratzen zirela aurreko urteko pailazoekin eta zerbait piztu zen nire barrenean.

Nolakoa da zure pailazoa?
Niri esketxak gustatzen zaizkit, zirkuko pailazoak. Barrea, sentimenduak bat-batean piztu. Sentimenduak beti dantzan. Eta nik uste dut hori dela, hain zuzen, Gure Zirkuaren sekretua: hunkidura sortzen duela. Unerik politena da hunkidura momentu batetik irribarre bat ateratzen duzunean. Ikusleek barrea eta negarra egin dituztela esaten digutenean, helburua bete dugula iruditzen zait. Zirkuaren magiarenak topiko bat iduri lezake, baina hala da. Ez da beste hitzik.

Zertaz egiten du barre jendeak?
Jendeak barre egiten du zuk zeure buruaz, zure egoeraz, barre egiten duzunean.

Umore kontsumitzaileak gara guztiok?
Bai, beharra dagoelako. Gizakiok, geurez, horren beharra dugu barrenak askatzeko eta hobeto sentitzeko. Baina hain garrantzitsua izanik ere, barre eginarazteagatik ez dizute saririk emango. Niri agian euskaraz aritzeagatik emango didate sari bat, baina ez umorea egiteagatik. Eta hori ere mingarria litzateke, euskara nire ama hizkuntza delako. Arraroa litzateke Iker Galartzak zirku bat gaztelaniaz edo frantsesez egingo balu, ezta? Gainera ematen du euskaldunok demostratu behar dugula beste batzuen pare gaudela, beste batzuen maila ematen dugula. Izan ere, jendea oraindik harritzen da zirku artista euskaldunak badirelako. Olinpiadak irabazten ditugun bezala zirkua egiten ere badakigu euskaldunok.

Argazkia: Dani Blanco
"Hau futbola bezalakoa da: batzuetan zuk prestatzen duzu oso ondo egoera bat eta beste batek errematzatzen du txiste on batekin”

Zirkua jende askorengandik urruti gelditzen da?
Bai eta fama txarra jarri diote zirkuari azken hamarkada hauetan, besteak beste, animaliak erabiltzen zituztelako eta, gainera, gaizki zainduta. Horrek kalte itzela egiten dio zirkuari. Normalean zerbait zikina, utzia eta dekadente bezala ikusten da. Esan nuenean zirku bat muntatu behar nuela jendea harritzen zen eta esaten zidaten erotuta nengoela eta hori ez al zegoen jada bukatuta.

Zirkua oso aspaldiko kontua da. Greziarrek jada akrobaziak egiten zituzten. Hemen arte adierazpen asko biltzen dira: musika, akrobaziak, antzerkia, dantza... Niri iruditzen zait hau gure garai honetaraino iritsi bada, zerbaitegatik izango dela eta jarraitu beharko duela, baina, gure kasuan, gure hizkuntzan.

Umorea beti bigarren mailako zerbait bezala ikusten da?
Bai, garrantzia kentzen zaio. Jendeak batzuetan pentsatzen du ez dagoela lan bat honen atzean, baina emanaldi bat baino gehiago ikusiko balute konturatuko lirateke hor atzean ahalegin handia dagoela, ez direla bat-batean sortzen diren burutazio hutsak.

Inprobisaziorik onena idatzita dagoena da?
Bai. Eta aldi berean ahalmena behar duzu gidoia irekita uzteko. Bazoaz probatzen eta hobetzen. Bat-batekotasuna ere bilatu behar da, baina dena zikindu gabe. Hau da, oinarria aldatu gabe eta ondoan dituzun lankideei denbora edo protagonismoa lapurtu gabe. Hau futbola bezalakoa da: batzuetan zuk prestatzen duzu oso ondo egoera bat eta beste batek errematatzen du txiste on batekin. Orduan publikoak sentitzen du une horretan eta behin bakarrik gertatu den zerbait bizi izan duela. Orduan bere sarrerako hamairu euroek badute zentzua. Hori grabatzen baduzu bideoan, uneko magia desagertzen da.

Guri dirua eskaini digute bideoan hartzeagatik, baina ez dugu nahi, horrela magia galtzen delako. Tentagarria da, baina ez dugu nahi. Ez zait produktu izatea gustatzen. Egiazko momentua nahiago dut. Zirkua bera halakoa da: zirkua iristen da ezer ez dagoen toki batera, zelai batera, belaze batera, aparkaleku batera eta handik pasako dira milaka lagun batzuk, oso bizipen bereziak izango dituzte eta gero dena bildu, kamioetan sartu eta alde egingo dugu beste toki batera. Hemen borobil bat belar gainean, besterik ez da geldituko. Antzerkiarekin ere antzekoa gertatzen da.

Telebistan nola hasi zinen?
Unibertsitatean nengoela, asteburuetan pailazo emanaldiekin jarraitzen genuen. Goenkale telesaileko arduradun bat etorri zen saio batera, gustatu zitzaion eta proposatu zidan gidoilari gisa sartzea. Gero tonto-tonto hasi nintzen aktore moduan, ordezkapenak edo paper txiki batzuk egiten. Orduan ere Vaya Semanita-tik deitu ninduten aktore lana egiteko. Oso urte gogorra izan zen, emozioz betetakoa, baina badaezpada ere, nik jarraitu nuen Goenkale idazten. Eta asteburuetan Poxpolo pailazoa nintzen.

Gero zentratu nintzen Vaya Semanita-n eta antzerkia egiten hasi nintzen, pailazo emanaldiak mantentzeaz gain. Asteburuko agendak ikaragarriak ziren. Ezustean Mokolo hil zitzaigun garun isuri batez, eta orduan bost gelditu ginen taldean, Poxpolo ta konpainia bezala jarraitu genuen puska batez. Antzerkia, telebista… horrela ibili nintzen hamabost urtez, karpa erosi arte.

Eta hemendik aurrera soilik zirkua?
Bost urte daramatzat antzerkia egin gabe, baina otsailean berriz hasiko naiz. Orain gure zirkuak bere bidea egina duela, egonkortu dela, itzuliko naiz antzerkira urtarriletik apirilera, zirkuaren atseden garaia dela aprobetxatuz. Zuhaitz Gurrutxagarekin Lehendakarigaia lana egingo dugu. Ni lehendakaria naiz eta bera nire psikologoa da.

Allí abajo telesailarekin estatu osoan egin zinen ezagun. Nolakoa izan zen esperientzia hura?
Egia esan gauza asko nuen eta latza izan zen hura. Astelehenero, askotan igandean, Sevillara joaten nintzen, ostiralera arte han egoteko. Euskal Herriko eszenak ere han grabatzen genituen. Ostiralean etorri eta maiz gauean antzerkia eta larunbatean beste emanaldi bat izaten genuen. Seme-alabak ez nituen kasik ikusten eta pentsatu nuen hau zela momentua aldatzeko eta karpa ekartzeko. Bost denboraldi izan ziren, martxa horretan, lau urte gogorrak, baina ondo ordaintzen zuten eta horrekin erosi nuen karpa.

Topikoz betetako gidoia zen. Zure papera nola ikusten zenuen?
Gizajo hutsa nintzen. Egiteko erraza zen. Munduko lanik errazena. Guk esaten genien euskaldunok ez garela horrelakoak, eta andaluziarrei ere gauza bera gertatzen zitzaien, baina onartu zen hori zela saltzen zuena, eta horrela egin zen eta kito.

Kontraesanik ez dizu sortzen halakoak egiteak?
Bai, baina gero hasten zara beste lan fin bat egiten eta agian euskaldunak ez zaizkizu etortzen ikustera.
Gaztelaniaz lan egitearen kontuarekin berdin gertatzen da. Vaya Semanita bukatu zenean fikziorik ez zen egiten ETBn, eta aktoreentzako lanik ez zegoen hemengo telebistan. Hasi ginen antzerkia elebitan egiten eta Castejón, Funes, baina gero Burgos, Soria, Salamanca, Segovia edo Extremaduraraino joaten ginen. 30 emanaldi edo 90 emanaldi egitea zen aldea. 30ekin ez da soldata ateratzen, 90ekin bai.

ETBren jokamoldea zer iruditzen zaizu gaur egun?
Ematen du orain urtebete hasi dela produktoreei fikzioa egiteko proiektuak eskatzen. Nik orain grabatu berri dut gaztetxoentzako telesail bat. Nesken futbol talde baten inguruan da, gidoi landu batekin, erakusten duena neskek oraindik ere zenbat borrokatu behar duten kirola egiteko garaian. Neska gazteen ilusio eta borroka hori erakusten da eta tartean entrenatu nahi ez duen entrenatzaile bat agertzen da, hori ni naiz... Halako proiektuak eskertzen dira. Baserria eta halakoak egin beharko dira, telebista entretenimendua delako, baina fikzioaren aldeko apustua egin behar da. Gainera horrekin hemengo gazteek ikusten dute Euskal Herrian aktore izateko aukera egon daitekeela.  

Zuk denetik egin duzu. Zerekin gelditzen zara?
Unean uneko emanaldiekin, zalantzarik gabe. Praktikoa izanez gero, plato baten erosotasuna, berogailua eta kafe makina faltan sumatzen ditut. Baina, bestalde, zirkuaren erritmo biziagoa nahiago dut. Hemen beti dago zerbait egiteko: argiak ondo jarri, tresneria prestatu, erratza pasa, bazkaria prestatu, loreak bere tokian jarri... grabaketa batean itxaroten eman behar duzu denbora luzea, egonean. Gorputzak martxa eskatzen dizu.

Argazkia: Dani Blanco

"Guri dirua eskaini digute bideoan hartzeagatik, baina ez dugu nahi, horrela magia galtzen delako. Tentagarria da, baina ez dugu nahi”

Gure Zirkuan nola bizi izan duzue pandemia?
Zirkuari eskerrak nahiko ongi esango nuke, familia handi moduko bat garelako. Denei esan diet tarteka etxera joateko nahi bazuten, baina handik zuzenean hona, arazorik ez izateko. Hemen gu bakarrik izan gara, beti bezala otorduak denok elkarrekin egiten eta lasai. Dena oso ondo garbitu dugu beti, musukoak jantzita izan ditugu jendea etortzen zenean eta ez dugu batere arazorik izan. Hori bai, edukiera mugatu behar izatea buruhaustea izan da.

Orain dela bost urte, zirkuaren hasieran, Luxenburgon erosi genuen karpa ederra txiki gelditu zitzaigun. 125 pertsona besterik ezin ziren sartu eta horrek ez zuen 20 pertsonentzako soldata ordaintzeko ematen, beraz beste karpa handiago bat lortzea erabaki genuen. Portugalen alokatu nuen 800 pertsonarentzako bat. Hura ezin zen gehiegi mugitu konplikatua zelako muntatzea, eta hiru tokitan baino ez ginen egon. Hala edo nola salbatu genuen denboraldia, baina urtarrilaren hasieran itzultzea erabaki genuen eta karpa txikiaren fabrikatzailearekin jarri ginen harremanetan beste handixeago bat egiteko enkargua egiteko, eta hori da orain erabiltzen duguna.

Etorkizuna nola irudikatzen duzu?
Zirkuan.

Hau zure bizitzako proiektua da, beraz?
Bai. Hemen gozatzen dut, zoriontsua naiz, jende askorekin, gutxirekin, edo bakarrik nagoenean ere bai. Atzetik datozenak demostratzen ari dira onak direla eta etorkizunera begira lasai nago. Ez dakit gure umeek zer egingo duten. Gure gurasoek sagardotegia zuten eta gu oso gutxitan joaten ginen laguntzera, agian haiek gauza bera egingo dute hemendik urte gutxi batzuetara... baina beste batzuk etorriko dira eta segida egongo da, eta bitartean telebistan telesailen bat egin tarteka, antzerkia... baina hemengo datak beti errespetatuz.

Nolakoa da Iker?
Munduko pertsonarik normalena. Bertute bat esan beharko banu pazientea naizela eta konstantea esango nuke. Ez naiz erraz animatzen den eta oldartsu aritzen den horietako bat. Zerbait txarra esatekotan, pazientzia galtzen dudanean, dena batera galtzen dudala.

Txisterik askotan eskatzen dizute kalean?
Bai eta txarra naiz txisteak kontatzen! Baina pailazoa izatea ez da soilik peluka eta sudurra janztea eta ateratzea. Pailazo izatea jarrera bat da. Jendeak zurekin hainbeste barre egin duenean ez zaitu triste ikusi nahi eta zure obligazioa bezalakoa da umoretsu egotea beti. Niri behin baino gehiagotan esan didate ematen dudana baino serioagoa naizela. Eta nik esaten diet, barkatu baina lasai nago, besterik ez.

Jendeak batzuetan pentsatzen du eskubidea duela txisteak eskatzeko edota zuri kargu hartzeko telebistan egiten duzunagatik. Bestalde, ona da kalean ezagutzen bazaituzte, horrek esan nahi duelako ikusten dutela zuk egiten duzun lana.

Zer eman dizute pertsonaiek zuri?
Gauza asko esateko aukera, pertsona bezala agian esango ez nituzkeenak. Pailazoek badute nolabaiteko baimena transgresoreak izateko eta niri betidanik gustatu izan zait limite horretan ibiltzea. Politikoki zuzena ez dena esatea ere gustuko dut.

Behin udal batek behartu ninduen lehen lerroan hamar eserleku gordetzera. Gogoz kontra ere, hala egin genuen, baina ez ziren etorri. Orduan Poxpolok bazterrean eta atzean zeuden haurrak gonbidatu zituen lehen lerro hartan esertzera eta esan zien: begira politikariek halako gauzak egiten dituzte. Orain zuek hemen eseri eta hobeto ikusiko duzue den-dena. Haiek ez dute aitortzen, baina horregatik nahi zituzten eserleku hauek haientzat. Hori Iker Galartzak ezin du esan, bestela agian ez diote beste zirku bat muntatzen utziko, baina peluka jantzita bai.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zirkua
Irati Gonzalez Jaimerena. Zirkuola.
“Zirkuan ez dago ezer gaizki, dena dago ongi egina”

Bi karrera ikasi ostean, hezkuntzako zerrenda publikoetan izena eman eta irakasle lanetan hasi zen Irati Gonzalez Jaimerena irundarra. "Dena lortu duzu", esaten zion inguruak. Dantza urbanoa egiten zuen orduan, baina ume zenetik mugitu izan du gorputza. Eta hezkuntza... [+]


Gure Zirkua
Abenturaren bigarren kapitulua

Iker Galartzak dio “lehenengo euskal zirku ibiltaria” dela. Lehenengo karpa euskaraz, alegia. Argi baitu Gure Zirkua baino lehen, zirkuan ibili direla eta badirela euskaldunak lanean. Haiei errespetua zor zaiela uste du. Bidaia erromantikoa, eta apustua, 2018ko udan... [+]


Eguneraketa berriak daude