Bidaia bat protohistoriako Euskal Herrian barrena

  • Irulegiko eskuaren aurkezpen publikoak jendartean nabarmen piztu du duela bi mila urte baino gehiagoko Euskal Herria nolakoa zen jakiteko grina. Zorionez, Burdin Aroko arkeologiak tradizio luzea du gurean, eta garai hartako zenbait aztarnategi ezagutuz iraganera bidaia txiki bat proposatzen dizuegu hemen, euskal lurraldeetan barrena.

Burdin Aroko herri gotortuetan, Euskal Herrian hobekien kontserbatu dena Bizkaiko Busturialdean dago, Arratzun, Arrola mendian. Marueleza izenez ere ezaguna, oppidumak ia 13 hektarea zituen eta murru sendoz eta sarrera bihurgunetsuaz (irudian) babesturik
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Protohistoriaren inguruko ikerketak, beste hainbat arlotan bezala, XX. mende hasieran abiatu ziren Euskal Herrian, Telesforo Aranzadik, Joxemiel Barandiaranek eta Enrike Egurenek 1916an osatu zuten taldearen eskutik. Lehen lanak monumentu megalitikoen identifikazioan eta katalogazioan zentratu ziren batez ere, baina 1936ko Gerraren ondorioz eten egin ziren.
Ondorengo hamarkadetan, hala ere, ikerketek pixkanaka suspertze bidea hartu zuten, eta 1957an Barandiaranek lehen indusketa-programa zuzendu zuen Burdin Aroko herri gotortu batean: Albizturren dagoen Intxur izenekoan.  Halako lanak nabarmen ugaritu ziren 1970eko eta, batez ere, 1980ko hamarkadetatik aurrera, ikerlari eta talde berrien sorrera eta bultzadagatik.

Horri esker, Burdin Aroaren azken faseetako ondare kultural aberatsa dugu gaur egun. Aztarnategi ugari induskatu dira, bertako biztanleen egitura eta bizimodua berreraiki ditzakegu, eta erromanizazioaren eraginari buruz ere gero eta gehiago dakigu. Goazen zenbait adibide ezagutzera.

Irulegi, eskua baino askoz gehiago

Lakidainen dagoen Irulegiko herri gotortua da, ziur aski, azken aldian zeresan handiena eman duen aztarnategia. Aranzadi Zientzia Elkartea 2007tik ari da han lanean, Arangurengo Udalarekin elkarlanean. 2018tik, Mattin Aiestaran arkeologoak hartu du lanen zuzendaritza.

Aztarnategia izen bereko mendiaren gailurrean kokatuta dago, ia 900 metroko garaieran. Giza-okupazioen zantzuak Brontze Arotik abiatzen dira, K.a. XIV.-XII. mendeen bueltan. Ordutik, ikerlariek gainjarritako hainbat faseren aztarnak aurkitu dituzte, mila urtetik goitiko historia baten lekuko. Hala ere, Burdin Aroaren bukaeran izan zuen herriguneak bere loraldia, K.a. IV. eta I. mendeen artean. Garai horretan, izaera ia urbanoa izatera iritsi zen Irulegi: mendi gailurrean lubanarroz inguratutako akropoli edo gotorleku bat zeukan, eta haren inguruko magaletan kokatzen ziren bizitokiak. Miaketa geofisikoei zein indusketei esker, arkeologoek kale baten inguruan antolatutako zenbait etxeren planoak identifikatu ahal izan dituzte; haietako baten aurrietan agertu zen, hain zuzen ere, euskararen historiari astindu ederra eman dion brontzezko eskua. Herri horren inguruan mendi osoa inguratzen zuen harresi monumentala eraiki zuten; 12 hektarea inguruko azalera ixten dute, eta ikerlariek uste dute, biziguneak ez ezik, laborantza-guneak ere bazeudela oppidum horren barruan.

Baskoien lurraldean kokatuta egonik, Irulegiri bete-betean eragin zion Sertorioren gerrak. Oraindik ez dago argi baskoiak zein bandorekin lerratu ziren. Argi dago, hala ere, erromatar armada baten erasoa jasan zutela K.a. 75. urte inguruan; herria guztiz erre zuten, eta biztanleak ihesi atera ziren beren ondasun guztiak gibelean utzita. Erasoaren ostean, handik kilometro gutxitara Iruñeko hiri erromatarra hasi zen garatzen, eta Irulegiko herrixka ahaztuta gelditu zen, arkeologoak iritsi arte.

Lakidainen, Nafarroaren erdialdean kokaturik, baskoien bihotzean zegoen Irulegiko herrixka, ia 900 metrora eta gune estrategikoan. Antzinaroko euskarazko testu zaharrena daraman brontzezko eskuagatik ezaguna, balio handiko Burdin Aroko pieza gehiago eta eraikinen aztarnak ere aurkitu dituzte (Aranzadi).

Gerra oihartzunak, Ebrotik Pirinioetara

Irulegiren suntsiketa ez zen gertaera isolatua izan. Ugariak dira Sertorioren gerrak egungo Euskal Herrian izan zuen eragina erakutsi duten aurkikuntza arkeologikoak. Hego-mendebalderantz joanik, La Custodiako herri gotortua, Vianan, beste adibide esanguratsu bat da.

Javier Armendarizek gidatuta, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerlari-talde bat ari da bertan lanean. Kasu honetan ere, izaera ia urbanoa zuen herri gotortu bat zen, baina ez dago argi Antzinaroan baskoien ala beroien lurraldeari ote zegokion. Badira Uarakos izeneko hiria aipatzen duten lekukotza idatziak, eta bertan aipatzen dira lehen aldiz beroiak. Herri hori zeltiberiarra zatekeen. Hain zuzen ere, arkeologoek eremu kultural horretako elementuak aurkitu dituzte Vianan. Kasu honetan ere, eraso bortitz baten aztarnak azaleratu dituzte, kaleetan hilda gelditutako biktimak barne.

Bitxiagoa da Barkoxeko altxorraren kasua. 1879ean, Ezpelea etxeko andreak inguruko lursail batean lurperatuta aurkitu zuen, ustekabean, zilarrezko 1.700 denario baino gehiago gordeta zituen ontzi bat. Émile Taillebois numismatikan adituak aztertu, eta ondorioztatu zuen Ebro inguruko txanponak zirela, baskoien lurraldekoak; zenbaitetan, Barskunes izeneko txanpon-etxearen izena ere bereiz daiteke, besteak beste. Erromatar txanponik, aldiz, ez zegoen batere.

Baskoien lurraldean egon zitekeen txanpon-etxe batean jaulkitako denarioak hainbat tokitan aurkitu dituzte. Bereziki harrigarria izan zen "Barkoxeko altxorraren" aurkikuntza, 1879an Barkoxeko Ezpelea etxeko andreak bere ataritik lurrazaleratu baitzituen halako ehundaka. (Argazkia: Wikipedia)

Gaur-gaurkoz ezinezkoa da jakitea nola iritsi zen altxor hori Pirinioez beste aldeko txoko horretara, egungo
Zuberoara. Aurkikuntzaren ezaugarriak kontutan hartuta, iradoki izan da Sertorioren gerraren testuinguruan ihesi joandako norbaitek ezkutatuko zituela hor. Beste zenbaiten aburuz, aldiz, bertako tribuak Sertorioren alde jarri izanaren froga izan liteke, Zesarrek aipatzen baitu akitaniarrek Iberiar penintsula iparreko buruzagien laguntza jaso zutela, eta horiek Sertoriorekin trebatuak zirela. Hipotesi guztiak irekita daude, beraz.

Lurraldea zaintzeko talaiak

Baina, inon izatekotan, kantauriar isurialdean jaso dute Burdin Aroko herri gotortuek arkeologoen arreta. Hainbat hamarkadetan garatutako lanei esker, neurri desberdinetako hainbat aztarnategi azaleratu dira. Gipuzkoan, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariak nabarmendu dira, Foru Aldundiarekin elkarlanean; Xabier Peñalver, Carlos Olaetxea eta Sonia San Jose arkeologoek, adibidez, hainbat lan egin izan dituzte Intxur (Albiztur), Basagain (Anoeta), Buruntza (Andoain) eta Munoandi (Azkoitia) herri gotortuetan, emaitza ikusgarriekin. Araban, elkarte bereko Jon Obaldia arkeologoak hartu du, azken urteetan, Babioko herri gotortua (Izoria, Aiara) ikertzeko ardura. Bizkaian, Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak sustatu dituzte hainbat ekimen, besteak beste Berreaga (Mungia), Kosnoaga (Gernika-Lumo) eta Arrola (Arratzu) herri gotortuak ikertzeko.

Burdin Aroko ikerketa arkeologikoen baitan, azken aldian gero eta argiago gelditzen ari da garai hartako gizarteak ez zirela soilik herri gotortuetan bizi

Azken hori da hobekien kontserbatu direnetako bat. Izen bereko mendiaren gailurrean dago kokatuta, eta ikuspegi bikaina du Urdaibaiko itsasadarrerantz zein Oiz mendialderantz. Azken indusketak 2004. eta 2006. urteen artean egin ziren, Mikel Unzueta arkeologoak zuzenduta. Aztarnategiak 8 eta 13 hektarea arteko hedadura hartzen du, harrizko murru gotorrez inguratuta; horiek 7-8 metroko lodiera dute oinarrian, eta 5-6 metroko garaiera hartzen dute. Mendebaldean, bihurgunez osatutako sarrera monumentala induskatu dute arkeologoek, herriaren izaera gotortua agerian utziz. Etxeak harresiaren barruko aldeari atxikita daude; laukizuzen-itxurako planta dute, eta harrizko oinarria. Hormak zurez zein pezoz eginda zeuden, eta lastozko estalkiak zituzten.

Arrolatik metro gutxira Gastiburu izeneko aztarnategia dago, hau ere Burdin Arokoa. Luis Valdes arkeologoak ikertu zuen 1980ko hamarkadan, eta santutegi baten aztarnak direla uste du. Pentagono itxurako plaza baten inguruan, ferra forma duten bost egitura daude, harmailak balira bezala kokatuta.

Albizturren kokatzen da Intxur edo Iruntxurgo aztarnategia, Murumendiko mendilerroan; Gipuzkoan aurkitu diren Burdin Aroko herrixka ugarietako bat da. Irudian, mende hasierako argazki batean (argazkia: Gure Gipuzkoa)

Bi aztarnategiak, Arrola eta Gastiburu, konplexu berberaren parte zirela pentsatzen da, karistiarren lurraldean kokatuta. Aurkitutako material arkeologikoek gizarte konplexu baten irudia ematen dute, nekazaritza eta abeltzaintza dibertsifikatu batekin eta beste herri batzuekiko elkartrukeekin. Egitura gehienak K.a. IV.-III. mendeetan eraiki ziren, eta garapena izan zuten K.o. I. mendera arte. Haatik, une horretan erromanizazioa sendotzen hasia zen euskal kostan ere, eta horrek lurralde-hierarkiak aldatzea ekarri zuen. Ez dago argi Arrolak erasoren bat jasan zuen ala pixkanaka husten joan zen baina, K.o. I. mendean, zentraltasuna galdu zuela dirudi, Foruko hiri erromatarraren mesedetan.

Herri gotortuetatik haratago

Burdin Aroko ikerketa arkeologikoen baitan, azken aldian gero eta argiago gelditzen ari da garai hartako gizarteak ez zirela soilik herri gotortuetan bizi. Aitzitik, lurraldearen okupazio-eredu dibertsifikatu bat islatzen duten zenbait aurkikuntza nabarmendu behar dira; eta, are interesgarriago dena, badirudi horietako batzuk jarraipena izan zutela erromanizazio-garaian eta ondoren ere.
Zarauzko Santa Maria elizan egindako indusketak dira, ziur aski, adibiderik interesgarriena. Alex Ibañez eta Nerea Sarasola arkeologoek zuzendu zituzten lanak 2000ko hamarkadan, emaitza harrigarriekin: gunea etengabe okupatuta egon da Burdin Aroaz geroztik, eta fase desberdinen zantzuak ikus daitezke, egun ere, tenpluaren lurzoru azpian. Okupazio-zantzurik zaharrena K.a. V. mendean eraikitako etxe baten arrastoak dira; itsasbazterrean eta egungo herrigune baten erdian aurkitutako lehena, hain zuzen ere. Laukizuzen-planta zuen eta egurrez eginda zegoela dirudi, indusketetan ez baitzen horma-arrastorik agertu. Zoruaren bazter batean, aldiz, beheko su baten aztarnak agertu ziren, eraikina berotzeko zein sukalde-funtzioarekin. Eremu osoan eskuz egindako zeramika-zatiak ere agertu ziren.

Irulegin lanean, duela gutxiko argazkian (argazkia: Aranzadi)

Etxe honen gainean, erromatar moldeko eraikin publiko bat azaldu zen, K.o. I. mendean jasoa. Izan ere, Zarauzko portuak –eta, bertatik kilometro gutxira, baita Getariak ere– garrantzia hartu zuten erromanizazioaren garaian, Atlantiar ozeanoaren inguruan osatutako Via Maris merkataritza-sarearen barruan. Hala, zenbait ikerlarik uste du aztarnategi hauek iturri klasikoetan aipatzen den Menosca gune barduliarrarekin identifika daitekeela; baina hipotesi hori berretsi gabe dago oraindik.

Santiagomendi da beste aztarnategi garrantzitsu bat. 1990eko hamarkadan hainbat zundaketa egin zituen Maite Izquierdo arkeologoak, eta berrikiago Aranzadi Zientzia Elkarteko Manu Zeberiok hartu du lekukoa. Gunea izen bereko mendian kokatuta dago, Astigarragan, Urumeako itsasadarraren gaineko ikuspegi ezin hobearekin. Ikerlariek hainbat egitura induskatu dituzte, eta Burdin Aroko zeramika ugari ere agertu da; haatik, harresi-zantzurik ez dago, eta hortaz uste dute gotortu gabeko bizitegi-multzo bat egon zela bertan. K.a. V.-I. mendeetan izan zuen bere garapen handiena, eta agian iturri klasikoetan aipatutako Morogi izeneko oppidum barduliarrarekin identifika liteke –Murgia toponimoa Astigarragan kontserbatzen da oraindik–. Babesleku naturalak baliatuz, muinoetan eta goi-ordokietan gizakiak harresiz itxitako gotorleku eta gune urbanizatuak ziren oppidum-ak; eta normalean inguruko lurraldearen kontrola izaten zuten kokapen horren bidez.

Astigarragako kasu honetan erromanizazioak lurralde-hierarkien aldaketa bat eragin zuela ikus daiteke: Santiagomendiko herrixka ez zen berehala desagertu, baina K.o. I. mendean bere garrantzia gutxitzen joan zen pixkanaka, Kontxako badia inguruan dokumentatu izan diren aztarnategi erromatarren mesedetan, azkenean abandonatuta gelditu arte.
Bidaia labur honetan ikusi dugunez, oparoa izan da Burdin Aroko arkeologiak Euskal Herrian eman duen uzta. Beste hamaika aztarnategi ere ikertu dira, eta lanak aurrera darrai: indusketak, topografia, materialen azterketa eta datazioa laborategi espezializatuetan, dibulgazioa, eta abarrekin. Ikerlarien, tokiko eragile eta herri-ekimenen, hezkuntza-erakundeen eta administrazioen arteko elkarlanaren emaitza da ezagutza zientifikoa, eta ezinbestekoa da guztien konpromisoa, gaur arte marraztu dugun mapa txiki hau osatzen jarraitu eta duela bi mila urte baino gehiagoko arbasoen bizimodua hobeto ezagutzeko.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arkeologia
2024-07-24 | ARGIA
Erromatar arrasto gehiago aurkitu dituzte airetik harturiko irudiekin, oraingoan Arkaian

Arkaiako erromatarren eremu termalean San Tomas ibaiari loturiko azpiegitura hidrauliko handi bat aurkitu dute, baita lur azpian 3.000 metro koadroko eraikin bat ere, garai hartako etxalde batenak izan daitezkeen arrastoekin.


Bilbaoko ehiztari-biltzailea

Mexikoko Coahuila basamortuan, Bilbaoko dunak izeneko parajean, giza eskeleto baten arrastoak topatu dituzte. Arkeologoek aztertu ondoren, ondorioztatu dute 950-1250 urte artekoak direla eta Candelariako kulturarekin lotuta daudela.

Aurkikuntza berri pozgarria izan da... [+]


5.000 lagunentzako zirku erromatar baten aztarnak aurkitu dituzte Iruña-Veleian

Arabako aztarnategi arkeologikoaren ondoan 280 metro luze eta 72 metro zabal dituen egitura ezkutatzen da soroen azpian. Arkikus enpresak drone bidezko kartografia teknika bereziak erabilita egin du aurkikuntza. Euskal Herrian ez da halako besterik eta Tarraco edo Calagurris... [+]


Auxerreko haur txikien hilerria

Aurtengo neguan INRAPeko (Ikerketa Arkeologiko Prebentiboen Institutu Nazionala)  arkeologoek nekropoli berezia aurkitu dute Auxerreko (Frantziako Estatua) erdigune historikoan: haur jaioberrientzako edo hilda jaiotako haurrentzako erromatar garaiko hilerria. K.o. I. eta... [+]


Euskal Herrian aurkituriko mosaiko erromatar garrantzitsuenetako bat ikusgai jarri dute Ablitasen

El Villar aztarnategian 2017an aurkituriko mosaiko erromatar handia zaharberritu eta ikusgai jarri dute Ablitasko kultur etxean. IV. mendeko villa edo etxaldeak 40.000 metro koadro ditu eta oso-osorik dagoela uste dute arkeologoek, nahiz eta zati txiki bat baino ez duten... [+]


Larrahe jainko baskoiari eskainitako aldare bat aurkitu dute Larunben
I. mendeko harrizko pieza bat da, eta Baskoieraren idatzizko beste lekukotasun bat. Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariek egin dute aurkikuntza, Arriaundi mendiko aztarnategian.

Neandertal arkaiko baten fosilak aurkitu dituzte Karrantzako El Polvorínen

Neandertal baten 18 arrasto aurkitu dituzte Karrantzako El Polvorín kobazuloan dagoen beheko galerian, Lehenengo Osina deitua. Guztiak banako bakarrarenak direla uste dute, eta, haien ezaugarri morfologikoetan oinarrituta, neandertal arkaikoenak direla azaldu du Asier... [+]


Ebakuntza onkologiko zaharrena

Duela bi urte, Edgard Camarós arkeologo katalanak bi giza garezur eta "Minbizia?" zioen txartel bat topatu zituen kartoizko kaxa baten barruan, Cambridgeko Unibertsitatean. Garezurrak Gizatik zetozten, Egiptotik eta berriki Frontiers in Medicine aldizkarian... [+]


Mikroplastikoak ondare arkeologikoan

York (Ingalaterra), K.o. II. mendea. Eboracum erromatar hirian hainbat egitura eta etxe eraiki zituzten. Besteak beste, egungo Wellington Rowen harrizko eraikin bat egin zuten eta Queen’s Hotela dagoen tokitik igarotzen zen harresian arku bat jarri zuten. Bi aztarnategiak... [+]


Baskoien beste herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte Nafarroan eta AHTren lanek suntsitu ditzaketela salatu dute

Muru Artederreta herrian, Murugain izeneko muinoan, Burdin Aroko herrixka baten horma agerian geratu da, AHTren lanentzako laginak hartzen ari zirela.  Bizilagunen hango elkarteak salatu du trenarentzako tunel baten ahoa eraikitzeak harresiaren zati bat suntsituko lukeela.


Neolitoko piragua sofistikatuak

1992. eta 2006. urteen artean, Erromako Bracciano lakuko uretan, Neolito goiztiarreko La Marmotta aztarnategia industu zuten. Berriki, Plos One aldizkarian han aurkitutako bost piraguen inguruko ikerlana argitaratu dute. Ontziak 7.000-7.500 urte inguru dituztela ondorioztatu... [+]


10.000 urteko harresia

Mecklenburgeko golkoan, Baltikoko uretan, ia kilometro bateko harrizko egitura bat identifikatu zuten arkeologoek 2021ean. Orain diziplinarteko ikerlari talde batek harresiari buruzko ikerketa argitaratu du PNAS aldizkarian.

Egiturak 10.000 urte inguru ditu eta gizakiak egina... [+]


Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


Ahaztutako Erdi Aroaren bila Abrisketan

Urtarrila ez da sasoi goxoa izaten indusketa arkeologikoak egiteko baina, aurtengo eguraldi aldrebesa tarteko, lanak erritmo onean burutu dituzte EHUko Ondare eta Kultur Paisaien ikerketa taldeko eta Ondare Babesa enpresako langileek Abrisketa auzoko San Pedro ermitan,... [+]


Eguneraketa berriak daude