Ura baliabide preziatua bada, are gehiago da Hego Amerikako txokorik lehorrenetan dagoen Argentinako Mendoza eskualdean. 2019an herritarren errebolta batek lortu zuen meatzaritzako multinazionalek hango ur apurrak zianuroz ez kutsatzeko lege bat aurrera ateratzea. Baina estraktibisten atzaparrak ez daude urrun, eta eskarmentua eman aldera, mugimendu haren protagonistetako bat auziperaturik dago: Nora Moyano, Ur Garbiaren Aldeko Mendozako Asanbladako militante ezaguna. Hau da uraren konkistatzaile berrien kontrako borroka baten historia.
70 urtetik gora ditu Nora Moyanok eta auzitara eraman du Argentinako Mendoza eskualdeko justiziak, hainbat senatari “bahitzeagatik”. Irakurleak pentsa lezake fake bat dela baieztapen absurdu hori, ez dugula iturri egokira jo, baina bai, inputaturik dago. Ez ordea diputatuak “bahitzeagatik”, baizik eta Mendozako herritarrek duela hiru urte uraren defentsan lurralde legebiltzarra sinbolikoki inguratzeko egindako ekintzaren arduradun izateagatik.
Ingurumen aktibista ezaguna Argentinan, gaur egun irakasle jubilatua, Nora Moyanok urteak daramatza Mendozako Ur Garbiaren Aldeko Asanbladan, Hego Amerikako toki hartan hain eskasa den ura babesteko lanean. 2019ko abenduan ur baliabideak babesten zituen legea aldatu eta Zianuro Legea deiturikoa onartu zuen Mendozako Legebiltzarrak –ofizialisten eta peronisten gehiengoarekin–, baimena ematen ziena multinazionalei zianuroa, azido sulfurikoa, merkurioa eta beste sustantzia toxiko batzuk modu masiboan erabiltzeko mineralak erauzteko.
Hiriburuan eta probintzia osoan piztutako herritarren altxamendu handi batek hankaz gora jarri zuen agintarien asmoa. El agua de Mendoza no se toca (Mendozako ura ez da ukitzen) lelopean milaka lagun irten ziren kalera eta egun askotako mobilizazioen –eta poliziaren errepresioaren– ondoren, legea bertan behera utzi behar izan zuten. Nora Moyanori leporatzen diote protesta horietan, abenduaren 17an Mendozako Legebiltzarra inguratu zuten manifestariak akuilatzea eta egoitza barruan zeuden senatariak “bahitzea”. Fiskala ez den beste inork ez du sinesten halakorik, noski: “Eromen bat da, EPOC [Biriketako Gaixotasun Burtxatzaile Kronikoa] eta enfisema ditut, ez nago legebiltzar oso bat bahitzeko moduan”, azaldu dio El otro Mendozako hedabide autogestionatuari. Baina, bai, hiru urte geroago inputaturik jarraitzen du, eta bere kontrako akusazioa kentzeko eskaera atzera bota du fiskalak berriki. Orain Norita-ren –hala deitzen diote Argentinan– kausa uraren aldeko mugimenduaren aldarri bilakatu da: ¡Si tocan a Nora, tocan al pueblo! (Nora ukitzen badute, herria ukitzen dute), oihukatzen dute.
2007an ur garbiaren aldeko mugimenduak mugarri historikoa jarri zuen, 7.722 Legea onartu baitzuen Mendozako Legebiltzarrak, meatzaritzan gai kimiko toxikoen erabilera debekatzen duena
Harria egarri
2019ko abenduko protesta horiek euren begiz ikusi zituzten inguru haietara bidaian joandako hiru euskal mendizalek. Akonkagua mendi mitikoa igotzeko asmotan, oso urrun ez dagoen Mendoza hirian suertatu ziren egun nahasi horietan Ander Ibarguren eta Unai Segurajauregi legazpiarrak eta Julen Agiriano eskoriatzarra. Akonkagua, harria egarri dokumentalean jaso dituzte han bizitakoak. Ez da mendi igoera baten kronika soila, protesta haien atzean dagoen uraren problematika azaltzen du filmak, eta aldi berean, klima larrialdia noraino ari diren sumatzen Andeetan.
Lehorte ikaragarriak izaten ari dira azken urteetan mendikateko argentinar aldean, hainbesteraino, ezen Akonkagua ondoan dagoen Vallecitos eski zentroak, XX. mende erdialdean elurretako turismoaren epizentro nagusi izandakoak, hamarkada bat daramala itxita prezipitazio faltagatik. Akonkaguara igotzeko kanpalekuak ere kokapenez aldatzen ari dira urik ez dagoelako; glaziarrek atzeraka egin dute nabarmen eta aldaketa urte batetik bestera sumatzen da. Datu bat nahikoa da hori guztia ilustratzeko: hiru mendizaleek urte hartan ez zuten elurrik zapaldu ere egin 6.961 metro dituen eta Amerikar kontinenteko garaiena den gailurrera igotzeko.
Baina, dokumentalean aitortzen den moduan, oraingoz dirua duen alpinista atzerritarrari ura eramateko arazorik ez dago, ez bada astoz izango da helikopteroz. Arazoa beherago dute, basamortuaren erdian eraikitako Mendoza bezalako gune urbanoetan, Andeetako glaziarretatik datozen urak pilatu eta ubideen bidez antolaturik baitaude hango hiriak eta nekazaritza guneak. Horregatik ur preziatu hori zaintzeko kontzientzia aspaldikoa da herritarren artean, are gehiago meatzaritzak mehatxaturiko lurraldean.
Basamortuaren konkista
XXI. mende hasieran, Txilen eta Perun kobrearen meatzaritzak harturiko indarraren bultzadaz, hamaika herrialdetako ingeniariak esplorazioak egiten hasi ziren Argentinako Andeen bihotzean dagoen Mendoza probintzian, metal preziatu horren erreserbak zein diren jakiteko. Megameatzaritzako lehen proiektua Laguna del Diamante lakuan izan zen, 3.300 metroko garaieran dagoen Mendozako ur erreserba natural handienean. 2003an hasi zituzten lehen zundaketak Xstrata eta Mount Isa suitzar eta australiar multinazionalek; baina San Carloseko herritarrak haren kontra altxa ziren eta horren ostean beste hirietan ere meatzaritza proiektuen kontrako mugimendua zabaldu zen, Ur Garbiaren Aldeko Mendozako Asanbladan baturik.
2007an borroka horrek mugarri historikoa jarri zuen, ura babesteko 7.722 Legea onartu baitzuen Mendozako Legebiltzarrak: “Lege hori kontzientziazio eta formazio prozesu komunitarioen, mobilizazioen, antolaketaren, eta eztabaida publikoen bidez lortu zen”, idatzi du Patricia Collado Cubut Unibertsitateko irakasleak, Hego Globaleko mugimendu sozialen ikerketak sustatzen dituen TriContinental institutuaren atarian El nuevo mendozazo. Luchar con todas las fuerzas en defensa del agua (Mendozakada berria. Indar guztiekin borroka egin uraren defentsan) artikuluan urte horiei guztiei errepasoa egitean.
Baina ordutik hona meatzaritza industriak etengabe mehatxatu ditu Mendozako mendi andetarretako urak. Azken urteetan San Jorge proiektua da ezagunena, Las Heras departamentuko Uspallata herri txikiaren ondoan. Hasieran CoroMoning enpresa kanadarrak ustiatu nahi izan zuen hango kobre eta urrea, gero errusiar kapitalekin osaturiko Aterra taldeak erosi zuen enpresa, eta asmoek hor jarraitzen dute. Ez da hori proiektu bakarra. No a la mina (Mehatzeari ez) webgunean begiratzea –albisteez gain, megameatzaritzari buruzko txostenak ere paratu dituzte bertan– nahikoa da ikusteko Argentina luze eta zabalean zer nolako talka dagoen herritarren eta estraktibisten artean; 2019ko protesta jendetsuak ere testuinguru horretan kokatu behar dira.
“Inoiz amaitu ez den ‘basamortuaren konkistaren’ pentsamoldea da, hainbeste zain irekietako bat gehiago”. Halaxe erantzun die Nora Moyanok Resumen Latinoamericano hedabidean baliabide horien ustiaketa kolonialistaz María Torrellas dokumentalgileak egindako galderei –elkarrizketa Youtuben du eskuragarri irakurleak–. Torrellas ezaguna dugu Euskal Herrian, urte askoan bertan bizi eta euskaldundu baitzen –bere berri jakin nahi duenak, 2.612 zenbakian hitz egin zuen ARGIArentzat Argi-Kontra sailean–. Moyanok kazetariari azaldu dio nola agintariak berriz ari diren saiatzen eremu batzuk 7.722 Legearen babesik gabe uzten: “2019an Zianuro Legea historiaren zabortegira bota genuen, baina badirudi ez dutela ikasi eta erasora datoz berriz ere”. Hori dela eta manifestazio handi bat egin dute joan den urriaren 12an.
Bien bitartean, ur eskasiarekin dagoen arazoa eredu zentralizatzaile batez konpontzeko Mendozako Gobernuak Israelgo Mekorot estatu-konpainiarekin hitzarmena sinatu berri du. Munduan askok famatu du Israel, uraren kudeaketan aurrerakuntza teknologikoak erabiliz egindako lanagatik –ura gatzgabetzeko zentral ugari eraiki ditu adibidez–. Baina Moyanok gogorarazi du Mendozan jadanik badaudela gutxienez bederatzi erakunde urarekin zerikusia duten kontuak ikertzen dituztenak eta oso gai direnak kudeaketa hori egiteko.
“Inoiz amaitu ez den ‘basamortuaren konkista’ da, hainbeste zain irekietako beste bat gehiago”
Nora Moyano
Ez da lehen aldia Mekorotek Hego Amerikan eskua sartzen duela, Paraguain adibidez, aspaldi ari dira salatzen multinazional israeldarrak baliabide hori “elitizatu” nahi duela, palestinarren kontrako apartheidean arma politiko moduan erabili izan duen bezala. Beraz, uraren kasuan ere –beste baliabide eta energia iturri askorekin egin bezala– munduan barrena dabiltza multinazionalak, eta kudeaketa "eraginkorraren” edo "jasangarriaren" etiketapean dator konkista berria.
Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.
Txinako Qinghai enpresak atzera egin eta ez ditu 257 milioi euro inbertituko potasa meategi proiektuan. Finantzaketarik gabe ez ezik, Muga meategia ustiatzeko lizentzia ere ez du proiektuak, 2024ko urrian Nafarroako Justizia Auzitegiak bertan behera utzi... [+]
Bero boladek, haizeak eta lehorteek suteak pizteko aukerak bikoiztu dituzte Europan. Portugal, Espainia, Grezia eta Turkia pairatzen ari dira suterik handienak. Milaka suhiltzaile eta herritar ari dira suaren kontra borrokan Europa hegoaldeko herrialdeetan.
Tenperatura igoera dago aurreikusita datozen egunetarako, eta, sute arriskuak ekiditeko, ostegun iluntzeko 20:00etatik aurrera debekatuta egongo da uzta lanak egitea. Aurretiaz ere neurriak hartuta zituen gobernuak, baina Zarrakazteluko sutea kontrolpean izanda, neurriak malgutu... [+]
Ostiraletik aurrera ur murrizketak ezarriko dituzte Euskal Hirigune Elkargoak barne hartzen dituen eta alerta egoeran dauden 158 herritan, eta metereologia zerbitzuek abisu horia ezarri dute trumoien arriskuagatik. Hego Euskal Herrian, berriz, leku ugaritako termometroek 40... [+]
Bakoitzak 1.680 eguzki panel izango ditu, eta megawatt bateko potentzia. Enpresak hiru urteko epea izango du Muga eta Val izeneko instalazio fotovoltaikoak eraikitzeko.
Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak ingurumen baimena ukatu dio Piaspe egitasmoari, Statkraft enpresak Azpeitia, Zestoa eta Errezil artean eraiki nahi dituen errotek eta argindarra garraiatzeko azpiegiturek eragingo... [+]
Suhiltzaileek itzaltze lanetan jarraitzen duten arren, egonkortu dute kontrolik gabeko sutea. Espainiako Gobernuak larrialdi aurreko faserako plana onartu du, autonomia erkidegoen eta Espainiako Gobernuaren arteko komunikazioa hobetzeko; dena den, larrialdien kudeaketa autonomia... [+]
Larunbat gauean hasi zen sutea Zarrakaztelu eta Figerol lotzen dituen errepideko pinudi batean. Herritarrentzat arriskurik ez dago momentuz, gobernuak adierazi duenez. Gizakiek eragindako sutea dela jakinarazi du gobernuak.
338 hektarea erre ditu astearteko suteak. Nekazarien sindikatuak haserre agertu dira Nafarroako Gobernuak suteak saihesteko ezarritako murrizketekin. Asteazkenean beste sute bat piztu da Artaxoa eta Añorbe artean, baina hura ere kontrolpean dute suhiltzaileek.
Erabilera bakarreko plastikoen ekoizpenari eta erabilerari jarri nahi dizkiete mugak bereziki. Plastikoaren ekoizpena bikoiztu dute mende hasieratik, eta igoera horren arrazoia erabilera bakarreko plastikoak dira nagusiki.
Suhiltzaileek kontrolpean dute Ibarbeibar ibarreko sutea, Eneritz, Muruzabal, Añorbe eta Obanos herrietan egondakoak hain zuzen ere. Nafarroako Gobernuak behin-behineko debekua ezarri dio nekazaritzan sua erabiltzen duen edo sor dezakeen makineriari.