Irakurri erreportajearen lehen atala: Ordena estatu kapitalistetan: botere polizialaren funtzio soziala
Pandemia garaira etorrita, Poliziaren esku-hartzearen izaera mugagabea ezagutarazi duela aipatzen du Neocleousek. Hain zuzen ere, ordena kapitalistaren gaineko zaintzaren lausotasun eta zabaltasun horrek kontrol esplizitu eta orokortuagoa erakusteko aukera eman dio Poliziari osasun larrialdia zela-eta.
Euskal Herrian ere Covid-19aren pandemiak berarekin ekarri zuen, besteak beste, eta ezinbestean, kalean egoteko beste modu bat, ez gaixotasunetik babesteko neurriek ezarrita soilik; neurri horien kontrolak ezaugarritutako bestelako ohitura batzuk zabaldu ziren.
Asteak eta asteak luzatu zen kalera ateratzeko debekuak, etxeratze aginduek zein konfinamendu perimetralek jarritako mugek markatu zuten egunerokotasuna hainbat hilabetez. Tarte horretan, ezarritako arau gutxi-asko konplexuak eta orokorrak betearazteko etengabeko lana egin zuen Poliziak, batzuetan balkoietako hainbat poliziak lagunduta.
Konfinamenduek eta etxeratze aginduek, eta baita jendea kalean elkartzeari jarritako debeku eta estutze eta erlaxazio gradualek kontrol sozialerako gehigarri ukaezina ekarri zuten. Testuinguru horretan, eta debekuak laxatu ahala, kalera ateratzeko gogoa nabarmena zen, eta ez kalera ateratzekoa soilik, jendearekin egotekoa ere. Etxeratze aginduaren ordua baino lehen aprobetxatu behar, besterik ez, eta launaka edo seinaka bildu. Baina tabernetako terrazetan gertatzen zena eremu pribatizatu horretatik atera eta plazetan egiten zutenak, esaterako begitan hartu zituen Poliziak.
Polizia asko dago Euskal Herrian, elkarbizitzen duten indar polizialen kopuruei zein indar polizial bakoitzeko agenteei dagokienez. Mila biztanleko zazpi polizia leudeke Euskal Herrian. Europako bigarren polizia ratiorik handiena
MUCHA POLICÍA POCA DIVERSIÓN?
2020ko abendu hasieratik 2021eko urtarrilaren amaierara horren adibide argiak jazo ziren Donostiako Parte Zaharrean. Garai hartan 22:00etan etxeratzeko agindua zegoen indarrean, eta ordu horren bueltan udaltzainek nahiz ertzainek gazteak bildu ohi ziren lekuetan egindako esku hartzeetan istiluak izan ziren behin baino gehiagotan.
2020ko abenduko lehen astetik aurrera tentsioa igotzen joan zen Donostiako Parte Zaharrean. Hain zuzen ere, behin tabernak itxitakoan Trinitate plazan biltzen ziren gazte eta ez hain gazteak pilatuegi ez zeudela eta edaten ari ez zirela ziurtatzeko, ziotenez, zaintzera agertzen zen Polizia. Hainbat alditan ikusi ziren istilu gogorrak, baina egoerak goia jo zuen 2021eko urtarrilean, San Sebastian eguneko bandera-altxatzearen ondoren.
Gau hartako irudietan ikus daiteke nola ertzainek “Jotzeko tiro egingo dugu” agindua jasotzen duten. Hamarnaka zauritu utzi zituzten gertakariek, baita atxilotuak ere. Urtarrilaren 23an milaka lagun batu ziren Donostiako Parte Zaharrean egindako manifestazioan. Auzoaren “militarizazioa” eta “polizia indarren errepresioa” salatu zuten, besteak beste.
Egun horietan irakurketa egin zuen Donostiako Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA): “Osasun krisiaz haratago, egiturazko krisi kapitalista baten aurrean aurkitzen gara. Horrez gain, pandemiaren testuinguruan poliziaren errepresioa areagotu egin da. Errepresio honek aurpegi ezberdinak ditu, bere helburua antolakuntza galaraztea eta gazteon alienazioak bere horretan jarraitzea delarik”. Horren adibide jarri zuten instituzioetatik kanpoko antolakunde eta mugimenduen antolakuntza galaraztea, biltzeko mugak jartzea, mobilizazioak mugatzea eta gazteek auzoko plazetan lasai egon ezin izatea, baita Poliziaren miaketak, identifikazioak eta harropuzkeria ere.
Sinbolismoz kargatutako Polizia da Ertzaintza, sorreratik bertatik EAJ-rekin lotura estua izan duena, 1936an zein 1980tik aurrera
Poliziaren jazarpenaren areagotzea salatu zuen AZGAk: “Gorputz polizial ezberdinek haien eskumenak handitu dituzte, berezko jarrera errepresiboa intentsifikatuz eta haien inpunitatea babesten duten neurri berriez baliatuz”. Zentzu horretan, Donostiako Alde Zaharrean emandako gertaerak kasu isolatuak ez zirela azpimarratu zuten eta Euskal Herriko txoko ugaritan pandemia hasi zenetik Poliziaren aldetik jasandako “erasoak” gogorarazi zituzten. Horrekin batera, Poliziaren jarrera justifikatzeko masa hedabideek egindako lana ere aipatu zuten.
Errepresio aparatuen erro komuna ere azpimarratu zuen gazte asanbladak: “Sistema kapitalista zilegitu eta haren aurka altxatzen den oro zapaltzea”. Horretarako, tresna gero eta sofistikatuagoak garatzen direla nabarmendu zuten, adar teknologikoan zein komunikatiboan.
ORAIN ETA HEMENGO POLIZIAZ
Pandemia garaiko istiluek, besteak beste, mahai gainera atera zuen Polizia ereduaren gaineko eztabaida. Lehenago ere, 2012an ertzain batek botatako pilotakadak Iñigo Cabacas hil izanak ere Poliziaren izaerari buruzko eta balizko erreformari buruzko iritziak altxatzea ekarri zuen, baita Ertzaintzan zenbait aldaketa ekarri ere. Baina, ordenaren eta segurtasunaren zaindarien inguruko eztabaida polizia indar konkretuetara mugatu da gehienetan, batez ere Foruzaingoak zein EAEko Polizia autonomikoak izan beharreko ereduei buruzko kontuetara.
Polizia asko dago Euskal Herrian, elkarbizitzen duten indar polizialen kopuruei zein indar polizial bakoitzeko agenteei dagokienez. Mila biztanleko zazpi polizia leudeke Euskal Herrian. Europako polizia ratiorik handiena da hori, Montenegroren atzetik –8,8 polizia mila biztanleko–, eta Europako batez bestekoaren –hiru polizia mila biztanleko– bikoitza baino gehiago. Orotara, beraz, 20.000 polizia inguru daude Euskal Herrian. Ipar Euskal Herrian udaltzainak baizik ez dira “bertako” polizia unitateak. Hego Euskal Herriari dagokionez, aldiz, Segurtasun publikoaren gaineko eskumena estatuak duen arren Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan horri dagozkion eskumen batzuk partekatzen ditu. Ertzaintzak Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian eta Foruzaingoak Nafarroan Guardia Zibilarekin zein Espainiako Polizia Nazionalarekin batera jardun behar du, eta horiei gehitu behar zaizkie herrietako Udaltzaingoak.
Ezker Abertzalearen “egokitzapen estrategikoaren” ostean, baina, urak baretu dira eta oraindik ere argitzeko asko geratzen bada ere Poliziaren inguruko ikuspegi bat azaleratzen ari da, batez ere Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko zein Nafarroako administrazioetako Poliziei dagokienez. Egoera normaltzen ari da, hainbatek dioenez.
Euskal Herriko gatazka politikoan Espainiako zein Frantziako Polizia indarrak etsaitzat hartu izan dira, estatu zapaltzaileen ordezkari eta errepresio indar gisa jardun baitute eta hala identifikatu baitira. Polizia autonomikoak askotan Poliziaren zaku orohartzaile horretan sartu izan badira ere, horien inguruko proposamen politiko bat plazaratu du Ezker Abertzaleak.
Donostiako Alde Zaharrean gazteen kriminalizazioa salatzeko egindako manifestazioaren bezperan, 2021eko urtarrilaren 22an, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiari elkarrizketa egin zioten ETB1eko Egun On Euskadi saioan. Bertan, besteak beste, hizpide izan zuten Donostiako afera, eta Ertzaintzaren jokamoldea kritikatu zuen Otegik. Baina harago ere joan zen: “Zein Polizia nahi dugu euskaldunok?”, galdetu zuen. Polizia “eredu propio” bat eduki beharra aipatu eta horren inguruko hausnarketarako deia egin zuen.
Hain zuzen ere, Ezker Abertzaleak, historikoki, “Polizia demokratikoa, euskalduna eta herritarra” izatea nahi zuela gogorarazi zuen Otegik, eta azken hamarkadetako “historia tamalgarriaren” ondoren Polizia ereduari buruz hitz egiteko aukeraz mintzatu zen.
EH Bilduko koordinatzaile nagusiak elkarrizketa hartan aipatu zuenez, “Espainiako Poliziaren eredua” errepikatu da Euskal Herrian: “Orain dela 50 urte jende guztiak argi zeukan ez genuela nahi Espainiako Poliziaren eredua herri honetan: jotzen duen Polizia, pelotazoak, tortura eta abar”. Horregatik, “beste mota bateko Polizia bat egiteko” hausnarketa eskatu zuen.
ERTZAINTZA BERRESKURATZEA
Poliziaren eta gazteen arteko istiluak behin eta berriz errepikatu ziren 2021eko udaberrian eta udaran ere, jaien –ez-jaien, hobe esanda– aitzakian. Fokua gazteen zein Poliziaren jokabidean jarri zen berriz, kale zurruta zela eta ez zela, gehiegizko bortizkeria zela eta ez zela. Horrela joan zen 2021a eta heldu 2022a. Pandemia osteko normaltasun berria indarrean zela hasi zen Ertzaintzaren 40. urteurrena.
Izan ere, 1982ko otsaila jotzen da Ertzaintzaren sorrera unetzat. 1980an dagoeneko dozena batzuk gizon Berroziko (Araba) lurretan entrenatzen hasi ziren arren, 1982ko otsailean hasi zituen lehenengo ikastaroak Euskal Autonomia Erkidegoko “Polizia integral” bilakatuko zen Ertzaintzako lehen promozioak. Geroztik, 40 urte eta 29 promozio izan ditu Polizia autonomikoak. Abenduan bederatzi hilabeteko prestakuntzaren amaituko duten agenteek osatuko dute 30. promozioa.
Baina Ertzaintzaren historia atzeragotik ere konta daiteke. 1936an, Gerra Zibil betean eta II. Errepublika garaian onartutako Estatutuaren babesean, José Antonio Agirre lehendakariaren gobernuko Gobernazio sailburu Telesforo Monzonek –gerora Herri Batasunako kide esanguratsua izan zena– Guardia Zibila eta Guardia de Asalto poliziak desegin eta Ertzaña –Euzkadiko Polizia Militarra– izeneko Polizia indarra abiatu zuen, hasieran Getxoko nazioarteko eta portuko eremua zaintzeko egitekoa bete zuena –Lauaxeta poetak asmatu omen zuen Poliziaren izena–.
Frankismo ostean 1978an Espainiako Konstituzioa eta 1979ko Autonomia Estatutua onartu zirenean, EAEko autonomia berriari esleitutako eskumenetako bat izan zen Estatuko Segurtasun Indarren eskumenak neurri handi batean bere gain hartuko zituen polizia-indar bat izatea.
Lehendik existitu ziren foru Poliziak izan zituen oinarrian Ertzaintza berriak. Araba “probintzia leiala” izan zenez, bertako Miñoien Polizia indarra oraindik existitzen zen, Nafarroako Foruzaingoa bezala. Bizkaiko Guardia Forala –Miñoiak deitua ere– eta Gipuzkoako Mikeleteen gorputza berrezarri zituzten. Gaur egun sinbolikoki existitzen dira hiru Polizia gorputz horiek, kide guztiak ertzainak baitira, nahiz eta horietako batzuek eskumen zehatz batzuk mantentzen dituzten.
ESTATU BOKAZIOA
Sinbolismoz kargatutako Polizia da Ertzaintza, sorreratik bertatik EAJrekin lotura estua izan duena, 1936an zein 1980tik aurrera. Zentzu horretan, EAJri EAEko erakundeen kudeaketa disputatzeko asmoa duen Ezker Abertzaleak Poliziarekiko duen proposamena mahai gaineratu du. Hain zuzen ere, gaiari ez heltzea esparru horretako erabakimena erabat “eskuinari” uztea litzatekeela behin eta berriz entzuten den argudioa da.
Ertzaintzaren 40. urteurrenak hainbat polemika ekarri zuen. Urte hasieran hainbat afixa agertu ziren, Ertzaintzaren eta udaltzainen lan eskaintza publikoan parte hartzeko deia egiten zutenak, baina ohiko argazkiak beharrean ertzainak gazteak kolpatzen ageri ziren karteletan. Afixa horiei erantzun zien Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuak. Radio Euskadiren Boulevard saioan egindako elkarrizketan, ertzainen “profesionaltasuna, konpromisoa eta zerbitzurako bokazioa” nabarmendu zituen Erkorekak Polizia erakundearen 40. urtemugan; “gizarteak ere horrela jasotzen du”, esan zuen. Hala eta guztiz ere, onartu zuen “hobetzeko borondate jarraitua” duela Ertzaintzak. Erkorekaren hitzei erantzun zien Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak: “Gu euskal polizia baten aldekoak gara: demokratikoa, prebentziozkoa, euskalduna… baina zoritxarrez, eredu horretatik oso urrun dago Ertzaintza”.
Hilabete batzuk lehenago, 2021eko ekainean, Sortu alderdiari lotutako Iratzar fundazioak argitaratzen duen Erria aldizkariak Euskal Herriak behar duen polizia ereduaz dosier mamitsua argitaratu zuen, Ezker Abertzalearen proposamena modu sakonagoan aurkeztuz. Baina hori ez da Ezker Abertzaleak Polizia ereduaren inguruko eztabaida mahai-gainean jarri duen lehen aldia. 2016an, esaterako, Euskal Herriko segurtasun publiko eredu berri baterako oinarriak izeneko jardunaldiak egin zituen EH Bilduk.
Gaiari egindako hitzaurre gisa, “Erosotasunetik aldendu eta herri ikuspegitik zereginei ekin beharraz” du izenburua Erria aldizkariaren zenbaki horren editorialak. Eta abiapuntu horretatik ekiten diote Polizia ereduaren auziari: “Estatu bokazioa dugun heinean, kudeatu beharreko gai arantzatsu gehiago ere baditugu. Horietako bat da segurtasunaren eta Poliziaren auzia.”
Dosierreko artikuluetan modu argian bereizten dira Frantziako eta Espainiako indar polizialak eta “Euskal Herrikoak”: Nafarroako Foru Komunitatekoa eta Euskal Autonomia Erkidegokoa eta herrietako udaltzaingoak. Helburua, estatu bat eta, beraz, hari dagokion Polizia gorputz bat izango litzateke, baina bitartean eskura dauden tresnekin lan egin behar, eta dauden Polizia indarretan eragitea da bidea.
AEBetan Poliziaren diru-iturriak erabat murriztea, erreformatzea zein zuzenean abolitzearen aukera jarri zuten mahai gainean 2020an
Ertzaintzaren historian EAJk izandako boterea, Polizia gorputzaren barruan egun dauden fakzioen arteko tirabirak, eta, besteak beste, eskuin muturreko ideologiaren hedapenaren auzia dira egungo Polizia ereduan identifikatzen diren arazoetako batzuk. Bestetik, Euskal Herrian Euskal Herritik kanpoko Poliziak nagusi direla eta “bertakoek” gero eta garrantzitsuagoak diren gaietan eskumenik ez dutela ere aipatzen du Erriak.
Beste auzi batzuetan ere sakontzen du Dosierrak. Arkauteko Akademiak ematen duen entrenamendua eta, oro har, Ertzaintzak esku hartzeko duen eredua zalantzan jartzen dute, herritarrekiko eta komunitateekiko gertutasunik gabea, Polizia etxeetan isolatuta eta gatazken aurrean indarrarekin eta ez hitzekin erantzuten duena, besteak beste.
Polizia eredu komunitario baterako proposamena egiten dute aldizkarian. Batetik, segurtasunaren ikuspuntu integral baten beharra aipatzen dute, Poliziatik haragoko esparruetan ere kontuan hartu beharrekoa. Segurtasunaren ikuspegi “demokratikoa, prebentiboa eta ez zigortzailea” jartzen dute mahai gainean, hirigintza, ongizatea, gizarte zerbitzuak, babes zibila, hezkuntza eta ikuspegi feminista barneratuko dituena. Poliziaren kontrolerako eta gardentasunerako mekanismo herritarrak eta Poliziaren eta herritarren arteko bestelako harreman baten beharra ere aipatzen dute. Ohiko puntuak dira horiek guztiak Polizia ereduari buruzko eztabaidetan, eta hein handi batean Poliziaren bertsio gizatiarrago bat eta segurtasuna kudeatzeko modu egokiago baterako bidea izan badaiteke ere ez dio erreportaje honen lehen zatian aipatu dugun errotiko arazoari erantzuten.
NAZIOARTEKO EZTABAIDA
Nazioartean ere azken urteetan zabaldu da Polizia ereduaren inguruko eztabaida. AEBetan, esaterako, Poliziaren diru-iturriak erabat murriztea, erreformatzea eta baita zuzenean abolitzearen aukera jarri zuten mahai gainean Black Lives Matter eta bestelako mugimenduek 2020an, George Floyden hilketaren ostean. Hainbat erreforma ekarri zituzten protestek, teknika eta lege zehatz batzuei dagokienez –immobilizatzeko belauna lepo gainean jartzea, etxeko atea zuzenean behera botatzeko agindu judizialak, eta abar–, baina ez dira harago joan.
ABOLIZIOA ORAIN ETA HEMEN
Polizia erreformatu ezin dela eta abolitu behar dela esatea erraza da. Erraztasun eta “xalokeria” horri egiten dio erreferentzia Erria aldizkariaren editorialak. Baina helburua askatasun unibertsala bada botere polizialaren funtzio soziala ezabatu behar da, hori izan behar da helburua, eta horretarako prozesuak abiatu behar dira.
Badira urte batzuk Altsasun (Nafarroa) Ospa Eguna antolatzen dutela. Aurten, Polizia indarren normalizazioa jarri dute jopuntuan. Hitzaldi bat, mahai-inguru bat eta manifestazioa egin dituzte, besteak beste. “Poliziarik ez! Langileon aurkako errepresioa gelditu” lelopean antolatu dute egitaraua.
Guardia Zibilaren eta Espainiako Polizia indarren kanporatzea eskatzeko ekimenak ikuspegi zabalagoa hartu du azken urteotan, Polizia indar zehatz batzuk soilik zalantzan jarri beharrean Polizia oro har eta Poliziaren funtzioa zalantzan jartzen ari dira haien hausnarketetan.
Mahai-inguruan mintzatu zirenen ustez, krisi kapitalista garaian Poliziaren normalizazioa eta errepresioaren legitimazioan sakontzea ekarri dute alderdi politikoek. Adibidetzat jarri zuten EH Bildu koalizioak Nafarroako Foruzaingoaren erretiro adina jaistea garaipentzat hartzea.
Udara honetan zeresana eman duen gertakari parea ere aipatu zuten: Mutrikuko eta Berriozarko jaietan ertzain batek, lehen kasuan, eta Foruzaingorako hautagai batek, bigarrenean, parte hartzearen inguruan sortutako polemikak. Jai eremu alternatiboetan, orain arte, behintzat, ezohikoa izan da Poliziaren parte hartzea, baina kasu hauek tentsioa eragin dute, eta erakusten dute gazte langileen artean Poliziarena besteak bezalako lanbide gisa hedatzen ari dela.
Ospa Eguneko mahai-inguruan aipatu zutenez, “Jende askorentzat polizia gizartearen parte den instituzio naturala da, baina honen sorrera kapitalaren dinamikaren baitan txertatzen da.” Neocleousek azpimarratzen duenaren haritik tiraka, beraz, Poliziari bestelako funtzio bat ematen saiatu arren, edo, bederen, funtzioak nolabait zehazten eta mugatzen saiatu arren, “ordena mantentzearen” mandatuak beti hartuko dio gaina ezein asmo oni, eta ordena hori Poliziak berezkoak dituen eta erreformak erreforma galduko ez dituen kontrol eta errepresio funtzioen bitartez mantenduko du. Hala azaldu zuten Ospa Egunean: “Burgesiak kapitala metatzeko statu quo-a bermatu behar du, eta eginbehar hori Poliziak hartzen du”.
“Poliziak osotasun bati egiten dio erreferentzia, ez da egitura partzial bat. Hau da, gizartearen produktua da eta hortaz, kontraesan horiek konpontzen ez diren heinean funtzioa bera aldatzea ezinezkoa da.” Horrela, Poliziaren desagerpena betetzen duen funtzio sozialaren desagerpenarekin lotu zuten, hau da, “kapitalaren babesa” beharrezkoa ez den momentuan baizik ezingo da zalantzan jarri Poliziaren izatea.
Bide horretan aurrera egiteko borroka ideologikoaren garrantzia nabarmendu zuten Altsasun. Poliziaren instituzioaz modu isolatuan hitz egin beharrean Poliziaren funtzio soziala azpimarratu eta ekoizpen modu kapitalistarekin eta harreman sozial kapitalistarekin duen lotura zuzena azalarazteaz mintzatu ziren.
Poliziaren kontzeptua gainditzeko bere funtzio soziala desagertzea, sistema kapitalistaren gainditzea, alegia, ezinbestekoa da
Ezker Abertzaleak planteatutako Polizia ereduaren inguruko eztabaidaren oinarrietako bat da “bertako” Polizia eredu egokiaren aukera. Hau da, Frantziako eta Espainiako Polizia indarrak kanporatzea eta bertakoak erreformatzea da proposatzen dena. Ospa Egunean Polizia nazionalaren paradigma hori zalantzan jarri zuten: “Ertzaintzak funtzio atseginagoa izan dezake, baina horrek ez du esan nahi beste gorputz polizialek dituzten funtzioak mantenduko ez dituela. Ertzaintzak ere desalojatzen du eta torturatzen du, haren funtzioa nazionalitatearen gainetik dagoelako”.
POLIZIARI EZ
Poliziak errepresiorako dituen baldintzak desnormalizatu eta borrokatzeko beharra aipatu zuten Ospa Egunean, horren bidez “proletalgoaren defentsa politikoa” elikatzeko. Zentzu horretan, eta borroka kulturalaren garrantzia azpimarratuz, Poliziaren izaera modu partzialean beharrean modu estrategikoan zalantzan jarri behar dela errepikatu zuten. Kontrako bidean sakontzen duten “alderdi sozialdemokratikoetatik” egiten diren proposamenak “oso arriskutsuak” direla ere aipatu zuten Altsasun.
“Askotan polizia eza kaosarekin erlazionatzen da, baina hori ez da horrela. Polizia eza kapitalismoarekin amaitzea da”, esan zuten. Segurtasuna eta ongizatea beharrezkoak badira ere, Poliziaren iraupena harreman sozial kapitalistaren iraupenarekin lotu zuten Ospa Eguneko mahai-inguruan. “Segurtasuna antolatu beharko da, baina ez da beharrezkoa izango Polizia gorputz bat egotea”. Hain zuzen ere, Polizia termino eta kontzeptu gisa gainditzearen beharraz mintzatu ziren, eta horretarako bere funtzio soziala desagertzea, sistema kapitalistaren gainditzea, alegia, ezinbestekoa dela azpimarratu zuten.
Irakurri erreportajearen lehen atala: Ordena estatu kapitalistetan: botere polizialaren funtzio soziala
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, hainbat pertsonen arteko borroka bat zela eta bertaratu dira larunbat gauean ertzainak Ordiziara (Gipuzkoa), eta liskarrak izan dira. Bi ertzain ospitaleratu dituzte: bat lepauztaia apurtuta eta masailean ukabilkada bat jasota;... [+]
Arrazekeriaren aurkako eragilearen arabera, pertsona baten aurka piperbeltz espraia erabili du Poliziak, eta hainbat lagun identifikatu dituzte. Foruzaingoak eta Udaltzaingoak baieztatu dute pertsona bat atxilotu dutela, "ez laguntzeagatik eta aurre egiteagatik".
Kasuan "inpunitatea gailendu ez dadin" egingo du lan, "Poliziaren berezko izaera salatzearekin batera". Hiru aldarri zehatz egin ditu: foam balak eta jaurtigaiak debekatzea, polizien identifikagarritasuna bermatzea, eta brigada mugikorraren desegitea.
Nafarroako Barne Sailak araudia aldatu du Foruzaingoak taser pistolak erabiltzen hasteko hurrengo urtean. Pistola elektrikoen erabilera poliziek daramatzaten kamerek kontrolatuko dute.
17 urteko gazteari tiro egin zion Frantziako poliziak bere nahia bete du, eta Ipar Euskal Herrira ekarri dute lanera. Polizia gehiegikeriaren ondorioz hildako Merzouken kasuak mobilizazio eta protesta ugari eragin zituen Frantziako Estatuan.
Apirilean gertatu zen, Etxarri II gaztetxearen desalojoan, eta tiroaren ondorioz barrabila galdu zuen Iker Aranak. Aranak berak emandako materialetik identifikatu dute ertzaina.
Rosa Zarraren hilketaren 30. urteurrena da ekainaren 30ean. Ekainaren 29an, biolentzia polizialaren biktimaren omenaldian, hainbat eskakizun egin zituen Egiari Zor fundazioak. Zarraren familiak Juan Mari Atutxa Segurtasun sailburu ohiari barkamena eskatzea galdegin dio.
Hernaniko Txosna Batzordeak azaldu duenez, gutxienez hiru eraso arrazista izan ziren herrian ekainaren 23ko gauean, eta horren harira zabaldutako “bulo eta gezur arrazistak” salatu ditu. Udalak ere adierazpen instituzionala onartu du gertaturikoa gaitzesteko. Amher... [+]
Xabier Lertxundi alkateak adierazi du istiluak leku eta ordu ezberdinetan gertatu direla, eta haien artean ea loturarik dagoen ikertzen ari dira. Udaltzaingoak laguntza eskatu dio Ertzaintzari 03:30 aldera, eta haiek oldartzean hainbat lagun zauritu dituzte. Segurtasun Sailak... [+]
Gaztetxearen aldeko manifestazio jendetsu bat egin zuten larunbatean Durangon, espazioaren irekieraren berri eman eta lau egunera. "Lehenengo gaua ere ez genuela bertan pasatuko esan ziguten, eta oraindik gaztetxean tinko jarraitzen dugu", aldarrikatu... [+]
Lagun marika batek deitu dit galdetzeko nola salatu dezakeen hurrengoa: joan zen Akarlandara, EHUren parean dagoen parkera, eta komun publikoetan bi tiporekin zegoela, udaltzainen bizpahiru kotxe agertu ziren super azkar, poliziak sartu ziren komunera borrekin hormak kolpatzen,... [+]
Erasoa Bilboko kale horretako ile apaindegi batean egin zuten maiatzean. Erasoa grabatua izan zen eta auzokideek salatu zuten.
Emaitza positiboa eman zuen iragan abuztuan egindako testak, baina Polizia Zientifikoaren laborategira bidali baino lehen Ondarroako komisariatik desagertu zen frogen poltsa.
Guillermo Garcia eta Ioseba Pagola “giza eskubideen urraketen biktima” izan zirela aitortu du gobernuak. Egiaren Garaia Da plataformak “positiboki” baloratu ditu beste bi aitortza hauek.
Beste 20 pertsonarekin batera, Guardia Zibilaren esku zegoenean pairatu zituen torturak aitortu dizkio Nafarroako Gobernuak. Urrats honetara heltzeko Torturatuen Saretik egindako lan kolektiboa azpimarratu du Euskalerria Irratian. Ziklo baten itxieratzat hartu du aitortza... [+]