COP27 gailurra iragan berri da Egiptoko Xarm el-Xeikh hirian. Ikuspegi mendebaldarra nagusitu da, beste behin, eta erabakiak araberakoak ditugu. Herri autoktonoen ahotsa entzunarazteko leku ttipia bideratu arren, haien ekarpenak ez dira kontuan hartuak. Alta, 5.000tik gora kultura ezberdin eta 476 milioi herritar horiek –Europarren kopuru bertsua– osagai inportantea dute partekatzen: naturaren errespetua eta ingurunea integratzen duen ikuspegi holistikoa. Ingurumenari eta bioaniztasunari begira mendeetan zehar garaturiko jakintza mamitsua izanik, gogoetan integratzeko deia luzatu berri du GIEC Klima Larrialdiari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak.
Oihanaren ahotsa eta Amazoniako bizidun guztien ahotsa dakarzkit”. Brasilgo Huni Kui herri autoktonoko ordezkari Ninawa Inu Huni kui Pereira Nunesen hitzak dira, Egipton burutzen dabiltzan COP27 gailurrean zabaldurikoak. Klima aldaketaren erronkaz hausnartzerakoan ezberdintzen diren diskurtsoa, postura eta mundu ikuskera dakarzki berekin. Baina ez du berak bideratzen dantza, gutxiengoan da, eta ikuspegi antropozentriko hegemonikoa dauka parean, erabat aurkako norantzan doana. Lastima, bestela balitz, ezberdin irudikatzen ahalko genukeelako geroa, eta krisi klimatikoaren panorama.
GIEC Klima Larrialdiari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak otsailean plazaraturiko txostenak nabarmentzen ditu herri autoktonoen gaitasunak eta jakitateak: “Mendeetan zehar aurre egin diote adaptazioaren erronkari eta ingurunearen aldaketei egokitzeko erresilientzia estrategiak garatu dituzte. [Klima larrialdiari] egokitzeko indarrak aberastu eta elikatu ditzakete”. Egiaztapenari beste ideia inportante bat gehitzen dio zientifikoen taldeak: herri horien autodeterminazioa eta beraien eskubideen aitortza bermatu behar dira klima larrialdiari aurre egin nahi baldin badiogu.
Indigenen ordezkari diren hamarnaka egiturek –orotara 1.600 milioi hektarea lurretan banaturikoak– begi onez hartu zuten adituen babesa: “Azkenean mundu mailako zientifiko famatuenek aitortu dute guk aspaldian genekiena”. Bioaniztasunaren zaintza eta “iraunkortasunean oinarrituriko lurren eta oihanen kudeaketa” direla eta, badakite krisi ekologikoari aurre egiteko aterabide batzuk dauzkatela: “Babesa izanez gero, bide beretik segitzen ahalko genuke”. Babesa, autodeterminazioa eta lurraren eskubidea bermatzetik iragaiten da, hori gabe “zaurgarri” direlako agroindustriaren, meatze-sektorearen eta azpiegitura erraldoien parean.
Klima aldaketaren talka bortitzena jasotzen dutenen artean dira indigenak. Alta ez dira CO2 isurketen edota bestelako kutsaduren oinarrian. Hala eta guztiz ere, biktimaren posturara mugatze hori ez du begi onez ikusten Siila Watt-Cloutier inuitak, eta aterabideak adosten diren mahaira gomitatzeko garaia dela uste du, Radio Canada irratian egindako elkarrizketan entzun daitekenez.
Baina hainbat erronka ekarriko lituzke mahaiaren partekatzeak, bidean aitzina egiteko betetzea ezinbestekoak liratekenak: Elkar ulertzearena –hitzez harago, mundu-ikuskera kontuan hartuko lukeen ulerkera kausitzea–; arbasoen eta oraingoen jakintzak ikuspegi antropozentrikotik babestearena, manipulaziorik ez izateko gisan; eta nola ez, ikuspegi holistikoa kontuan hartzeak dakarren deseraikitze ariketarena. “Elkar ulertzen saiatzen gara, gure jakintzen ulermen handiagoa izateko gisan. Baina hasteko, autoktonoon jakintzen definitze ariketa gure esku uztearekin hasi beharko lukete...”, dio antropologo inuit Lisa Koperqualukek Radio Canada irratian.
Hots, ikuspegi koloniala deseraikitzeko behar gorria dago klimaren esparruan ere. “Kolonialismo berdeaz” ari da Reporterre komunikabidean irakurri daitekeen Il faut décoloniser notre approche de la nature (“Naturaz daukagun ikuspegia dekolonizatu behar daukagu”) elkarrizketan antropologo den Fiote Longo: “Jarrera horren atzealdean dagoen ideologia arrazakeriaren atzealdean dagoenaren bera da, beraien ingurunea benetan kudeatzeko gaitasunik ez daukaten herri gisa kontsideratuak dira”. COP27 bezalako guneen dekolonizatzea ikuspegi aldaketatik ere pasako da, nagusi diren Iparreko herri aberatsek, haien multinazional eta hurbileko lobbyek ez dutelako indigenek oinarrian dituzten ikuspegi eta helburuak.
Horri dagokionez, merezi du begirada Kanada alderantz bideratzeak, elkarrekiko aitortzan eta elkarlanean aitzina egiteko nahikaria dutelako; poliki-poliki eta arreta handiz bada ere –autoktonoen desagerrarazteko prozesu bortitz eta estrukturala ukan duen lurraldea izanik, zauria irekita delako oraindik–. Besteak beste, ingurumena eta klima aldaketari buruzko DSA Zientzia Autoktonoaren Adarra dabil ekarpenak egiten.
Egitura gaztea da, aurtengo urtarrilean sortutakoa, eta esparru zientifikoan ere autoktonoen eta kolonizatzaileen ondorengoen artean bakerako eta erreparaziorako urratsak emateko sortu zuten. Myrle Ballard unibertsitari autoktonoak landuriko “hiru begidun ikuspegia” garatzeko asmoarekin dabiltza, batez ere klima aldaketaren desafioa gainditzeko erronkan.
Orain arte ezagunagoa dugu bi begidun ikuspegia, jakintza zientifiko autoktonoa eta mendebaldarra juntatzen dituena. Hirugarren bat gehitzen dio postura berritzaile horrek: “Autoktonoen ikuspegiari gehitzen zaio ‘harreman guztien’ izenean hitz egiteko ardura. Autoktonoen mundu ikuskeran diogu zuzenean lotuak garela lurrari, urari, landareei, abereei eta horiek ezin badute hitz egin, orduan, guk badaukagula horien hitza zabaltzeko ardura. Horregatik gara hirugarren begiaz/ahotsaz mintzo”.
Baina ez hiru ezta bi ere, ikuspegi mendebaldarra nagusitu da COP27an. Guztia deseraikitzeko beharra begibistakoa gelditzen ari zaigu eta nonbait, Fiore Longoren ondoko esaldiak berresten digu bidea: “Ez da egia gizakiak duela natura suntsitzen. Mendebaldetarron bizi-sistema da suntsitzailea, baina beste jendarte batzuk ere badaude. Bioaniztasunaren %80 herri autoktonoen lurraldeetan da”.
Mundu mailan 476 milioi autoktono dira –Europar Batasuneko biztanleriaren heina guti gora behera–, guztira 5.000 kultura ezberdin, munduaren mapa ofizial hegemonikoko 90 estatutan kokaturik. Anitzak eta ezberdinak izan arren, guztiek dute ingurumenarekilako ikuspegi eta begirune bera. Mendebaldetarron begia doi bat itxi eta besteari lekua egitea bihurtuko zaigu bide bakarra, laster.
Naturklima fundazioak kaleratutako Itsasoko eta kostako txostena-k argitara eman ditu klima aldaketa euskal kostaldean izaten ari den ondorioak: Bizkaiko Golkoko uren tenperatuta 0,22 gradu igo da hamarkada bakoitzean, 1981tik 2023ra, munduko uren tenperaturen batez besteko... [+]
Gaztetape (Getaria) eta Muriola (Barrika) hondartzak 2050. urterako desager daitezke Greenpeaceren txostenaren arabera. Itzurun (Zumaia), Karraspio (Mendexa), Isuntza (Lekeitio) eta Azkorri (Getxo) hondartzek hedaduraren erdia gal dezakete.
Azken asteko sapa lehergarri egunetan gure zereginen egitarauak aldatu beharrean aurkitu gara. Freskura erlatibo batek seietan atera gaitu ohetik, gosaldu eta lan gehienak bederatzietarako plegatu ditugu eta hamarretan jalgi gara oinezko ibilaldia egitera. Eta ez ginen bakarrak... [+]
Prekaritate global hirukoitza pairatzen dute Pakistanen, klimak, energia gabeziak eta finantza publiko arazoak elkarrekin eragindakoak, bakoitzak bertze bien kalteak areagotzen dituela. Halere, arazoaz jabetu dira bertako agintariak eta bideratu dituzte aldaketak, nahiz eta... [+]
2003ko udarekin batera, 1970etik beroena izan da aurtengoa. Europar Batasuneko "Copernicus" behategiak larrialdi klimatikoa dela-eta bero boladak "maizago" egongo direla dio, eta aurtengo ekainean bere ondorioak izan ditu: ehunka pertsona hil dira Europan.
Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.
Lurreko bi heren baino gehiago ura da; ur horretatik %96, ozeanoetako ur gazia. Eguzki izpiak ozeanoetako lehen 200 metroko sakonerara heltzen dira, eta bertan bizi dira munduko arrantza industriak ustiatzen dituen espezie ia guztiak. Aitzitik, zientziak gehiago erreparatu izan... [+]
Ehun konpainia multinazional baino ez daude baliabide naturalen erauzketarekin lotutako gatazka guztien % 20aren atzean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak egin duen ikerketa baten arabera. Ikerketak agerian utzi du iparralde globaleko herrialdeetako konpainiak baliabideez... [+]
Berria izateari utzi dio: beroketa globalak bi graduak gaindituko ditu, eta gainditze horrek ondorio oso garestiak ditu. Klimaren gaia tabu bilakatzen ari den testuinguru berri honetan, banketxe handiek ez dute horri buruz komunikatzen, baina arazoaz ongi jabetu dira eta... [+]
Klima-aldaketari buruzko BC3 ikerketa-zentroak baieztatu duenez, Europako hiriak atzera geratzen ari dira klima-aldaketari egokitzeko neurrietan. Hain zuzen, nazioarteko beste zentro batzuekin batera egindako ikerketan frogatu dute egokitzapen klimatikoko planen ia % 70k ez... [+]
Apirilaren 28ko gauean Bartzelonako Badal Ramblako terrazak gainezka zeuden; hoztu gabeko garagardoak zerbitzatzen ziren, baina jendeak zoriontsu zirudien. “Munduaren amaierak iritsi behar badu, pozik harrapa gaitzala”, esaten zidan auzokide batek. Hamar ordu baino... [+]
Antonio Turiel fisikari eta CSICeko ikerlariak aspaldiko urteetan ez bezala bete zuen Hernaniko Florida auzoko San Jose Langilearen eliza asteazkenean. Zientoka lagun elkartu ziren Urumeako Mendiak Bizirik taldeak antolatuta Trantsizio energetikoaren mugak izeneko bere hitzaldia... [+]
Klima aldaketaren eraginez, munduko lurralde gero eta gehiago idortzen ari dira, milioika pertsonaren jarduera eta bizimoduak kolokan ezarririk. Fenomeno horren frontean dago India erdialdeko Maharashtra estatua, non klimaren berotzeari eta lehortzeari metatu zaizkien oihan... [+]