Aitor Esnaola ere espetxeratu dute hirugarren gradua kendu ondoren

  • Asteazken honetan Martuteneko espetxean sartu zuten Aitor Esnaola Legorretako presoa, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak hirugarren gradua kendu ondoren. Urriaren 31n, halaber, hirugarren graduan zegoen Mikel San Argimiro donostiarra ere Martutenera itzularazi zuten.

Mikel San Argimiroren espetxeratzea salatzeko manifestazioa egin zuten asteazkenean Donostian. (Argazkia: @SareDonostia)

2022ko azaroaren 3an - 16:24
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Aitor Esnaolak hamaika urte eta erdi daramatza preso eta iragan maiatzean eman zioten hirugarren gradua, Iñaki Bilbao, Gorka Martinez eta Gorka Lupiañezekin batera. Urriaren 14an, halaber, Xabier Atristrain bueltarazi zuten Martutenera hirugarren gradu kendu ondoren. Oraindik kasu berean diren hainbat presoren espetxeratzea gertatu liteke, Auzitegi Nazionalak hirugarren graduan dauden beste zazpi presoren gainean erabaki behar du eta datozen egun eta asteetan.

Kasu hauek guztietan betetzen dira baldintzak presoak hirugarren graduan egon daitezen, eta denetan presoak diren espetxeetako tratamendu juntek erabaki dute gradu hori ematea. Ondoren Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak juntek erabakitzen dutena berretsi egiten du.

Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako fiskaltzak, ordea, ez ditu onartzen gradu aldaketa horiek eta helegiteak jartzen ari da etengabe, eta Auzitegi Nazionala bat egiten ari da politika horrekin. Jarrera horiek ez dira ohikoak espetxean, normalean epaileek onartu egiten baitute espetxe juntek hartutako erabakiak.

Baimenen blokeoa

Oztopoak ez dira bakarrik gertatzen hirugarren graduarekin, eta Auzitegi Nazionaletik helegiteak jartzen dizkie euskal preso politikoei tratamendu juntek emandako bestelako baimenei ere –ohikoan egunetako irteera baimenak–. Une honetan, horietako 120 bat baimeni helegitea jarri die Auzitegi Nazionalak. 2021eko irailean Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumenak eskuratu zituenetik 457 presori eman die hirugarren gradua  –horietatik 25 preso politikoak– hori delakoan gizarteratzeko sistemarik onena, Europan ere frogatzen ari diren moduan.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledunak egunotako espetxeratzeen harira esandakoaren arabera, Jaurlaritzak orain arteko politikarekin jarraituko du, espetxe juntak irizpide teknikoz erabakitakoa berresten. Erreportaje honetan azaltzen da, besteak beste, zein prozesu behar izan den baimenen egoerara iristeko eta egun zein arazo dauden.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
2025eko abenduaren 10
‘Ekaitz in da house’-etik ‘All in da house’-era
10 urte murruen aurka eta euskaratik estilo librean errimatzen

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!