Emakume ijitoek pairatzen duten arrazakeria edo diskriminazio espezifikoari egiten dio erreferentzia genero antitziganismo kontzeptuak. Halere, gizarteak oro har ezagutzen ez duen eta emakume ijitoak oraindik eraikitzen ari diren kontzeptua da, AMUGE eta Romi Berriak elkarteen arabera. Aurrerapausoak eman asmoz, Genero Antitziganismoari buruzko I. Nazioarteko Kongresua burutu dute urriaren 3a eta 5a bitartean Bilbon. Emakume ijitoek pairatzen duten indarkeria sistematikoa izan dute aztergai, perspektiba anitzetatik.
Aretoa entzulez eta hizlariz beteta. Emakume ijitoak nagusi, baina ijito ez garenontzako eta gizonentzako lekua ere bazegoen. Izan ere, urriaren 5a Genero Antitziganismoari buruzko I. Nazioarteko Kongresuaren hirugarren eta azken eguna zen eta, aurreko biak ez bezala, publiko osoari irekitako jardunaldia izan zen. Lehenengoan pertsona ijitoek baino ez zuten parte hartu eta bigarrenean soilik emakume ijitoek. Azken egunean, aldiz, aretotik kanpo ere izango zen nor edo nor saioari so, streaming bidez eman baitzuten ekitaldi osoa.
AMUGE Euskadiko emakume ijitoen erakundeak eta Romi Berriak berdintasunaren aldeko gazte ijitoen elkarteak antolatu zituzten jardunaldiak. Hiru egun mamitsuetan nazioarteko jende andana elkartu zuten hizlarien eta parte-hartzaileen artean: Errumaniatik, Alemaniatik, Portugaletik, Latinoamerikatik, Albaniatik, Herrialde Katalanetatik, Madrildik, Aragoitik eta Andaluziatik gerturatu ziren, besteak beste, genero antitziganismoari adar anitzetatik heltzeko. Giza eskubideen urraketak, politika publikoak, intersekzionalitatea, aniztasun funtzionala, etnosexismoa eta memoria historikoa izan ziren landutako gai batzuk, erromani ikastaro bat eta guzti.
Genero antitziganismoa emakume ijitoek pairatzen duten matxismo espezifikoa dela azaldu zuen Noemi Amaya AMUGEko kideak. “Nahita egindako baldintzapena da”, zehaztu zuten Andrea Zufiaurrek eta Alejandra Morenok. “Gizatasuna kentze horrek amorrua, ezintasuna, sufrimendua, tristura, mina eta haserre handia eragiten ditu”. Jardunaldiotan bizipen propioetatik indarkeria hori zehazten ahalegindu ziren, definizio itxirik lortu ez bazuten ere. Sandra Herediak esan bezala, milaka urtetan romafobia [antitziganismoa izendatzeko terminoa hau ere] gogorra pairatu dute eta “ezinezkoa da goiz erdian definitzea”. Eztabaida, gainera, kontzeptuan ere badago: genero antitziganismo ala antitziganismo intersekzionala deitu. Definizio horren bilaketan bi alderdi planteatu zituzten: alde batetik, emakume ijitoen artean gogoeta egiteko eta pentsamendua eraikitzeko lana eta, bestetik, lana eta elkarrizketa gainerako gizarte euskaldunarekin.
Horretarako baliatu zuten azken saioa. Aurreko bi egunetako ondorioak aurkezteko plaza izan zen, baina sormenak ere izan zuen lekua. Bi orduko saio indartsuaren ondotik etorri ziren Silvia Agüeroren Gaztelu bat bezalako ijitoa bakarrizketa eta Gure Golé emakume ijito feministen koroa. Hiru eguneko nazioarteko jardunaldi aitzindariak antolatu izanagatik ere, nekea ez zen inon ageri. Bai ordea indarra, kemena, zirrara eta, nola ez, amorrua eta aldarrikapena.
Esan bezala, jardunaldien bigarren egunean emakume ijitoek izan zuten protagonismoa. Taldeka banatu ziren indarkeria transistemikoei, enpleguari, gizarte eskubideei, hezkuntzari, osasunari eta gorroto diskurtsoei buruz gogoetatzeko. Plazaratu zituzten ondorioen artean bat nabarmentzen hastearren, “hausnartzen jarraitzeko” espazioen beharra dago. “Aspaldi genuen honen inguruan eztabaidatzeko beharra”, adierazi zuten espazio ez-mistoak aldarrikatzearekin batera. Tamara Clavería Amugeko koordinatzaileak askatasunez adierazteko eta pentsamendu propioa garatzeko konfiantzazko guneak ezinbestekoak direla aipatu zuen, eta horiek exijitzen jarraituko dutela. “Asko dugu esateko”, azpimarratu zuen María Hernándezek bere hitzartzean, eta María Filigrana Fakali elkarteko kideak gogorarazi zuen: “Ez da orain feminismoak atentzioa eman digula eta honi buruz hausnartzen hasi garela, feminismoak mendeetan zeharkatu gaitu eta beti izan gara feministak, mugimendua bera jaio aurretik ere”.
Etengabe eztabaidatzeko prestutasuna izan arren, argi azaldu zuten genero antitziganismoaren karga ez dela soilik eurena. Herri ijito osoaren babesa eta ijito ez direnek osatutako mugimendu sozialen aliantzak aldarrikatu zituzten behin baino gehiagotan. Hernándezek, esaterako, harrituta azaldu zuen kaleko merkatuen baimenen % 80 emakumeen izenean egon arren, beste sektore feminizatuek jasotzen duten haina babes ez dutela sumatzen esparru horretan lan egiten dutenek.
Pixkanaka, hitza hartu zuten emakume guztien artean, hainbat esparrutan ijito izateagatik pairatzen dituzten diskriminazioak aletu zituzten, jazarpena sistematikoa dela nabarmenduz eta antitziganismoa giza eskubideen urraketa dela gogoraraziz. Indarkeria transistemikoa dela nabarmendu zuten, eta klaseak, erlijioak, orientazio sexualak, migrazioak, lurraldetasunak, aniztasun funtzionala izateak… eragina duela diskriminazioak gurutzatzerako orduan.
Mendeetan zehar bizi izandako jazarpen kulturala ere nabarmendu zuten: hizkuntza-zapalkuntzarekin, janzkeraren bitartez edo hezkuntzaren bitartez, adibidez. Horri gehitu behar zaizkio industria kultural eta musikalaren apropiazio kulturala eta horren bitartez zabaldutako klixeak.
Infantilizazioa eta gutxiespena, ordea, edonon nabaritzen dituzte: hezkuntzan, osasun-sisteman, enplegagarritasun planetan… Azken hori Hernándezek adierazi zuen: “Enplegagarritasunaren fokua gure gainean jarri dute: lan elkarrizketa batean nola jantzi eta nola hitz egin erakusten digute, baina errealitatea bestelakoa da, enpresek ez gaituzte kontratatzen arrazistak direlako”.
Egozten zaizkien estereotipoei buruz ere aritu ziren: “Gureganako espektatiba falta, lapurtzat hartzea, gure seme-alabak zaintzen ez ditugun ideia…”. Aurreiritziek, gainera, badute genero izaera: emakumeak otzan eta engainatzailetzat hartzen dituzten bitartean, gizonak biolentotzat eta matxistatzat hartzen dituzte. Horrek guztiak, alde batetik, jaiotzatik gutxietsiak sentitzen diren neskatoen bizitza zeharo markatzen du eta, bestetik, gorroto diskurtsoei eta delituei bidea irekitzen dio.
Bizipenak izan dituzte teoria eraikitzeko oinarri. Aurkeztutako diskriminazioaren aurrean proposamen ugari eta zehatzak egin zituzten. Hezkuntzan, esaterako, profesionalen formakuntza, eskola publikoaren aldeko apustua, zor historikoaren erreparazioa eta komunitate osoaren inplikazioa aldarrikatu zituzten. Osasunean, bestalde, herri ijitoaren jakintzak eta ohiturak balioan jartzea eta aintzat hartzea eskatu zuten, formakuntza interkulturalaren bidez elkarlaguntzaren eta elkartasunaren balioak mantentzearekin batera.
Enplegu eta gizarte eskubideen arloan, sinpleki, pobreziarik gabeko bizitzarako eskubidea jarri zuten mahai gainean: lanpostuetara iristeko eta hauek mantentzeko trabak kenduz, autoenplegurako erraztasunak jarriz eta dirulaguntzen baldintzapena ezabatuz. Gorroto diskurtsoen aurrean, jendartearen eta komunikabideen erantzukizuna azpimarratzeaz gain, erasoei erantzuteko eta ez isiltzeko beharra azpimarratu zuten.
“Proiektu politikoari jarraipena eman behar diogu eta eztabaidan sakondu”, argi esan zuen Herediak. Horretarako aniztasuna eta bizipenen konplexutasuna aintzat hartu behar dela azpimarratu zuen, bai eta kide beltz eta indigenengandik asko dutela ikasteko ere. Esker hitz amaigabeen artean, batasunerako beharra azpimarratu zuten.
Claveríak eman zion saioari amaiera nazioarteko aliantza sendorako deia eginez: “Duela hiru urte Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan parte hartu genuenean nazioarteko aliantza sendo honetara batzeko deia egin genizuen. Horizontala izatea nahi dugu, baina protagonistak emakumeak gara. Dokumentu bat zabalduko dugu eta aliantza honetara atxikitzeko eskatzen dizuegu”.
Helburua, berez, "adingabeak babestea" da, batik bat pedofiliatik. Europako Batzordea eta Legebiltzarra udazken honetan hasiko dira araudia lantzen. Kezkak eta kexak areagotu dira zaintzaren, kontrolaren eta zentsuraren ikuspegitik.
Ernaik manifestazio jendetsua egin du igandean Donostian, estropaden ostean, "Ekin eta bultza askatasunera" lelopean. Milaka gazte elkartu dira independentziaren alde eta faxismoaren aurka. Txiki eta Otaegi omendu dituzte, beren borrokarekin jarraitzeko konpromisoa... [+]
Atzo egindako agerraldi publikoan adingabeei egindako iruzkin matxistei eta emakume helduek pairatutako ukituei dagokizkien garrantzia eman nahi izan zieten.
Dantza egin behar dutela entzun eta ukapena da lehenengo erantzuna. Gurasoek eta begiraleek badaezpada ez diete aurretik abisatu ere egin, baina ni ikusi orduko segituan igarri dute gaur dantza saioa dugula. Haserrea, protesta eta ihesa izan dira 8-9 urteko mutikoen erreakzioa.
Londres, 1940ko irailaren 7a. Hegazkin alemaniarrek hiria bonbardatu zuten, Britainiar Uharteen eraso masiboa abiatuta. Edo, bestela esanda, blitz-a hasi zen.1941eko maiatzera arte luzatu zen eta, amaitu zenean, britainiar lehen ministro Winston Churchillek “su artean... [+]
Aintzane Mariezcurrena Afan elkarteko psikologoak nabarmendu du “oso garrantzitsua” dela txikitatik alzheimerrari loturako zalantzak argitzea eta gaiaz hitz egitea, haurrek beldurrik izan ez dezaten.
Alarde baztertzailean ardura duen kide bat Jaizkibel konpainiako kide baten kontra oldartu zen. Txosnako kideek inolako erasorik onartuko ez dutela adierazi eta babesa helarazi diote erasoa pairatu zuen pertsonari.
Irailaren 9tik 12ra hamaika ekintza antolatu dituzte, herriko eragile, ekoizle eta merkatariekin elkarlanean. Gure lurra, gure jatekoa lelopean, herritarrak “bertako produktua zaintzera” bultzatu nahi dituzte, besteak beste. Ostiralean da hitzordu nagusia: azokak... [+]
Aurtengo ekainaren 25ean Eutanasiaren legeak laugarren urtemuga bete zuen. Nire iritziz, lege hori hainbat biztanleren lanari esker lortu da, eta, nolabait, pentsa dezakegu merezitako saria izan dela; izan ere, lege hori lortu bitartean pertsona askok erailketa salaketak,... [+]
Espainiako Gobernuak aurkeztutako lege-propoposamenak ez du aurrera egin, Juntsekin izandako negoziazioen porrotaren ondoren. "Langileei masailekoa eman die eskuinak", esan du Yolanda Díaz Lan ministroak.
Ez dakit gaur egun Marx bere burua baino marxistagoa izango ote litzatekeen. Hainbat abadek defendatzen dute baietz. Abade honek nahiago du pentsatzea ezetz. Baina argi dagoena da, bizi dugun mundu honetan pantaila, algoritmo eta hodei birtualez gainezka bizi izanez gero, nekez... [+]
Emakumea eta lurra elkartzen dituen liburua idatzi du Onintza Enbeitak: Bizitza baten txatalak. Gure aurrekoen bizimodua jaso du, andre baten ahotan: "Baserria bere horretan, erromantizismorik gabe". Feli Madariaga (1932, Baldatika, Forua, Bizkaia) da andre hori,... [+]
Emakumea eta lurra elkartzen dituen liburua idatzi du Onintza Enbeitak: Bizitza baten txatalak. Gure aurrekoen bizimodua jaso du, andre baten ahotan: "Baserria bere horretan, erromantizismorik gabe". Feli Madariaga (1932, Baldatika, Forua, Bizkaia) da andre hori, lurrari... [+]
CaixaBank Researchek egindako ikerketak agerian eman du Nafarroako etxebizitza merkatuaren egoera. 2007-2008 arteko higiezinen burbuilaren garaian baino %3,7 garestiagoa dira etxebizitza eraiki berriak Nafarroan.
17. edizio honetan hamar proiekzio antolatu ditu Donostiako Zinemaldi Alternatiboak, beste horrenbeste eragilerekin elkarlanean. Helburua, urterokoa: "Zinemaren bidez hausnarketa kritikoa sustatzea, hainbat gizarte-gai eta -gatazkari buruzko lanak proiektatuta eta... [+]