Herrietako taldeen esku dago pilotaren geroa

  • Bada zerbait pilota elkarte batek 75 urte betetzea. Villabonako Behar Zanak 2021ean bete zituen baina aurten ari da ospakizunak egiten, pandemiako neurri ertsatzailerik gabe. Bertako atea jo, eta euskal pilotako modalitate anitzak lantzen dituen talde oso dinamiko batekin egin dugu topo. Hitz egin digute Iparraldeko taldeekin duten loturaz, harrobi lanaz, emakumeen parte-hartzea sustatu nahiaz, adinean aurrera ere talde giroan kirola egitearen pozaz... eta ekainaren 25erako prestatu duten errebote txapelketa bereziaz.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

2022ko ekainaren 26an

Behar Zana elkarteak argi ditu bere oinarriak: "Herriari begira lan egin eta euskal pilota sustatu behar du. Euskal pilotaren barruan, gure oinarria da modalitate ezberdinak lantzea eta dena ez esku-pilotaren bueltan egitea, nahiz eta gaur egun hori den mediatikoena eta ondorioz jende gehien erakartzen duena. Beste oinarri bat hizkuntza da: Behar Zanak zaintzen du pilota gure herrian izan dadin umeak euskaraz bizitzeko gune bat; horretarako, gauden begirale guztiak euskaldunak gara". Iñaki Lizasoren hitzak dira, Villabonako pilota elkartean buru belarri lanean ari den kidearenak. Aratz Luisa du ondoan, elkartean Jon Ander Artolarekin batera joko garbiko irakasle lanetan ari dena eta Luisak beste oinarri bat gehitu du: "Errebote eta joko-garbiko begirale eta jokalari gisa, ikusten dut bi modalitate horiek aukera ematen digutela Iparraldearekin lotura mantentzeko: bakoitzaren ezaugarri kulturalak partekatzeko tresna ere badira elkarrekin jokatzen ditugun partidak, eta saiatzen gara umeei txikitatik balio horiek transmititzen". Behar Zanako trinkete eta xare jokalariek ere oso maiz entrenatzen eta jokatzen dute Iparraldean. Urtetan elikatu dituzten harremanen bidez, Behar Zanak Iparraldeko hainbat elkarterekin ditu loturak, esaterako, Angeluko Hardoitarrak elkartearekin.

Pilota jotzeko hamaika modu

Euskal pilotan jokatzeko modalitateak oso anitzak dira, erabiltzen den frontoiaren eta erremintaren arabera. Behar Zanak Amasan eta Villabonan ezker paretadun frontoiak ditu eta erdigunean errebote plaza; eta mugakide duen Iruran du trinketa eskura. Frontoi hauetan eskuz, saskiz (erremontea eta punta salbu) eta palaz jokatzen diren modalitateak lantzen ditu Behar Zanak. Are gehiago, modalitateez galdetuta, errazago egin zaie irakasten ez dituztenak aipatzea: "Laxoa ez da jokatzen, hori Baztanen, Irurita inguruan jokatzen da", hasi da Lizaso. "Villabona puntista herria izan da baina egun elkartean ez dago ez puntistarik eta ez erremontistarik", jarraitu du Luisak eta Lizasok azalpenarekin erantzun dio: "Puntan eta erremontean jokatzeko frontoi luzeagoa behar da eta gure inguruan Tolosan eta Galarretan daude horretarako egokiak. Pala luzean ere ez da jokatzen, arrazoi beragatik. Horiek kenduta esango nuke modalitate denak jokatzen direla: bote luzean jokatzen dugu tarteka, paxakan jokatzen dugu, trinketeko eskuzko eta erremintazko (xarean) modalitateetan aritzen gara nahiz eta herrian ez daukagun trinketik, neskak hurrengo ikasturtean paleta argentinarrean jokatzen hasiko dira...".

Jolasteko aukera horiek denak dituzten arren, telebistaren eraginez eskuzkoak duen prestigioa dela-eta haurrek erremintak hartzea asko kostatzen dela adierazi du Luisak: "Esku-pilotariak kexatzen dira beste kiroletara joaten direla gaztetxoak eta horrela hustutzen direla eskuzko taldeak. Bada joko-garbiri gauza bera gertatzen zaio esku-pilotarekin: eskuzkoaren galbahea pasa behar duen modalitatea da. Telebistak indarra ematen dio esku-pilotari baina beste modalitateetan hankamotz geratzen da".

Pilota jokoen aniztasuna bultzatzeko, larunbat goizetan saio libreak eskaintzen dituztela azaldu du Lizasok: "Horietan aukera ematen diegu modalitate ezberdinak probatzeko. Adin aniztasuna ere egoten da bertan, aurre-benjaminetatik infantilak arte elkarrekin aritzen dira eta era guztietako erremintak eramaten ditugu: palak, saskiak, plastikozko eskularruak ume txikiek errazago ikasteko, eta eskuz aritzeko aukera ere egoten da. Txikitatik dute probatzeko aukera eta gustatzen zaionak baditu taldeak urtean zehar joko garbin eta errebotean aritzeko".

Argazkia: Dani Blanco.
Taldea eginda lantzen da oinarria

Egun Behar Zanan guztira 120 pilotari inguru ari dira: modalitate eta adin guztiak kontuan hartuta. Ia %50 eskuz ari dira eta %50 federatu gabeak dira (pilota eskolan ari diren 12 urtez beherakoak), "baina pixkanaka ari gara kopuruak orekatzen, federatu kopurua handitzen baina etorkizuna egon dadin ezinbestekoa da pilota eskolan pilotari asko izatea", Lizasok esan duenez. Adinean gora egin ahala, pilotan jarraitzen dutenak gero eta gutxiago direla azaldu du: "Azken urteetako datuak aztertuta, ikusten da 20-25 aurre-benjamin izaten ditugula eta ondoren izugarri murrizten dela taldea: hauetatik infantiletan jarraitzen dutenak agian bost soilik dira. Kadetetara zortez bost pasatzen badira, jubeniletara hiru pasatzen dira. Horregatik, bultzatzen dugun beste balio garrantzitsu bat lagun taldeak dira: gure helburua da pilotaz gozatzea, gustura ibiltzea, kirola egitea, eta aurrera begira haiek entrenatzaile ere izatea...". Talde giroa lantzeko hamaika ekintza eta irteera egiten dituzte eta "pilotari horietako asko kuadrilla bihurtzen dira", Lizasok esan duenez.

Behar Zana elkarteak egin duen plan estrategikoan horixe dute erronketako bat, txikitako talde zabal hori ahalik eta gehien mantentzea adin nagusiagoetan."Gaur egun indargunea eskua da eta ahulgunea agian emakume kopurua, nahiz eta palaz aritzen diren nesken kopurua esanguratsua den. Joko garbi eta erreboteko pilotariei diskriminazio positiboa egiten saiatzen gara baina horretan ere gustatuko litzaigukeena baino pilotari gutxiago ari dira" Lizasok esan duenez.

Gaztetxo gehienek pilota uzten duten adina 11-12 urte inguru horretan kokatzen du Lizasok: "Batetik, futbolak indar handia du herri honetan eta ikasketetan DBHra pasatzerakoan batzuk kirol bakarra aukeratu behar izaten dute; bestetik, pilota gogorragoak erabiltzen eta takoekin jolasten hasten gara. Eta mina sentitzea ez da gustagarria. Mina duenak saskia har dezake, edo pala edo xarea, baina kosta egiten zaie esku-pilotara mugatuta duten ikuspegia zabaltzea eta asko futbolera joaten diren bezala beste askok kirola uzten du". Luisak adierazi duenez, "lehen zubi-lana egitea hortxe tokatzen da. Eskutako minez daudenek ikus dezaten pilotan aritzeko beste alternatiba batzuk badituztela herrian bertan".

Modalitate guztietan, etorkizuneko pilotariak herrietako talde eta elkarteetan trebatzen dira, eta elkarte hauek lurraldeko federazioaren aterkipean daude (elkarteek osatzen dute bere lurraldeko federazioa). Aldiz, goi mailako pilota mundua enpresa gutxi batzuen bidez kudeatzen da. Herrietan egiten den harrobi lanaren eta goi mailako kirola daramaten enpresen artean hutsunea dagoela azaldu du Lizasok: "Ez dago formaziozko diru-ordainik ez ezer. Pilotariak sei urte dituenetik hasita lanketa osoa klubek egiten dute, baina 16-17 urterekin pilotari ona bada enpresa etorriko da, jokalariaren gurasoari deituko dio (tira, orain formalizatzen ari da gaia eta agian klubari ere deituko dio abisatzeko), hartuko du jokalaria eta agur, bukatu da harremana. Eta aurretik egindako lan hori dena non geratzen da?". Luisak gehitu duenez, "pilotaren sustraietara ez da iristen enpresetan mugitzen den diruaren izpirik ere".

Behar Zana elkartean egin diegu elkarrizketa bertako pilotariei. Argazkia: Dani Blanco.
Emakumeak palaz, eta noizko eskuz?

Neskak pilotan gehiago aritzea da Behar Zanaren plan estrategikoaren beste helburuetako bat. Lizasoren ustez, "emakumeen parte-hartzea handitzeko erreferenteak behar dira". Erreferenteak lantzeko, Behar Zanak argi du begiraleetan ere emakumeak bermatu behar direla. Pilota modalitateek generoa dutela pentsa daiteke, nesketan pala baita nagusi. Lizasok garraztasunez kontatu du: "Lau neska soilik izan ditugu ikasturte honetan eskuz aritu direnak. Arazo orokorra da, aurten gertatu zaigu alebinetan Gipuzkoako txapelketa jokatzeko gure kide bati beste herri bateko bikotea bilatu diogula, eta Gipuzkoa osoan izena eman zuen bikote bakarra izan zela. Telebistan emakume pilotaren irudi bat ematen da eta oinarrian dagoen errealitatea beste bat da". Luisak gehitu du: "Telebistan ematen den irudi horrek erreferenteak sortzeko balio dezake, baina zulo bat dago erakusten den argazkitik errealitatera, irudi hori ez da erreala". Azken orduko berri on bat jaso du, ordea, Behar Zanak: eskuz eta paletaz punta-puntan dabiltzan bost emakume hurrengo ikasturtean talde honetan arituko dira: Miren Larrarte, Miriam Arrillaga, Itsaso Erasun, Garazi Eizmendi eta Nahia Eizmendi. Ea erreferente indartsu hauek baliogarri diren herriko neskatilak pilotan izen ematera animatzeko.

Baina ikasturte honetan ere izan da astero entrenatu duen emakumerik: helduen pala taldea da eta hauen txapelketa azkarra antolatzen du klubak. "12-16 emakume ari dira egun palaz, gehiago ere izan dira. Eta adinez klubeko helduenak dira, 40 urtetik gora dituzte". Talde honen helburua ez da lehiatzea, aisialdian kirola elkarrekin egitea baizik, eta haien buruarentzat denbora tarte bat ateratzea: gaurko gizartean oraindik asko kostatzen dena, haurren zaintzaren karga amen bizkar baitago sarri. Behar Zana elkarteak oso positibo baloratzen du talde hau, herrian erreferenteak sortzeko eta kirola egiteko beste modu batzuk ere badaudela erakusteko.

Bailarako herriak ez hustu

Villabona Aiztondo bailarako hirigunea da. Eskualde honetan herri oso txikiak daude baina bakoitzak du bere pilota taldea eta zaletasun handia dago. Lizasori galdetu diogu nola zaindu behar den lurralde oreka: "Duela 10-12 urte hitzarmen bat sinatzeko bildu ginen bailarako udaletako kirol zinegotziak eta garai hartan zeuden pilota taldeetako arduradunak. Hitzarmen horrek jasotzen zuen herri bakoitzak bere pilota eskola eduki behar zuela eta pilotariek beraien herrian entrenatu behar zutela. Arrazoia da ezin ditugula herriak hustu. Adunako pilotari batek, Larraulgoak, Alkizakoak, Zizurkilgoak, Behar Zanan entrenatzeagatik hustu egingo badu bere herriko pilota taldea, ez da positiboa pilotarentzako. Gero iritsiko da une bat, halabeharrez, elkartuko direna: batetik, adin bat iristen da kirol-maila nabarmen bereizten dena eta bestetik, ume batzuk bakartuta geratzen dira taldekideren batek pilota utzi duelako. Hauek kilometro pila egin beharrean beste bailara batera entrenatzera joateko, Aiztondo bailarakoen artean antolatzea da asmoa: ziurrenik, orain gertatzen den gisara, adinarekin Behar Zanan elkartuko dira baina helburua da bakoitza bere herrian aritzea, ahal den neurrian; horrela, herri bakoitzean jarraikortasuna egotea lortuko genuke".

Helburua gozatzen luze jarraitzea denean

Lizaso eta Luisarekin hizketan ari garen bitartean, elkarte gastronomikoko mahaira gehitu dira pixkanaka Behar Zana elkarteko pilotari andana: Joxi Lopetegi xare jokalaria, Miriam Arrillaga pilotaria eta pala entrenatzailea, Jon Urbieta eta Jon Erasun pilotariak, Iñaki Otaegi errebote jokalaria eta Eneko Maiz trinketean zein ezker paretan eskuz aritzen den jokalaria eta Behar Zanako entrenatzaile esanguratsuenetakoa. Bizitzako sasoi ezberdinetan daude, pilota modalitate ezberdinak jorratzen dituzte, eta bakoitzak du pilota munduan bere bidea egina. Gaztetan profesional izatea da pilotari askoren ametsa, baina hortik kanpo ere badela pilotan aritzeko motiborik azaldu digute.

Jon Urbietaren hitzetan, "16-18 urterekin beti begiratzen diozu profesionaletara igotzeko aukerari. Eta ez bada hori iristen, askok adin horretan utzi egiten du ilusioa galduta eta pilotan jokatzeko gogorik ez duela esanaz. Baina ez du zertan beti hala izan behar. 25-30 urtetik aurrera ere pilotan ederki ibili daiteke, amaiera datarik gabe". Pilotan luze irauteko lagunartea izatea gakoa dela diote eta horretan laguntzen du Behar Zana bezalako elkarte batek: "Bakarrik geratzen ez zaren bitartean, aurrera! Behar Zanan talde polita gaude eta astean bitan elkartzen gara gure artean entrenatzeko. Giro horrek ere asko balio du" adierazi du Urbietak.

Jon Erasunek izan du aukera profesional izateko ametsa betetzeko: "Ni gaztetatik saiatu nintzen profesionala izateko lan egiten: nire bizia horretara bideratzen nuen, entrenamenduak horra begira egiten nituen, eskolan ez nintzen oso abila eta nire ahalegin denak horretan jarri nituen... Profesionaletan bost urte pasatzeko adina egin dut. Bost urte hauetan momentu onak eta txarrak izan dira. Bolada batzuetan partida gutxi jokatuz, eta partida txarrak ere asko egin ditut. Baina berriz ere aukera edukiko banu, dudarik gabe berriz ere debutatuko nuke. Nik uste pilotari batentzako gauza ederra dela profesional mailan aritzea, hortik bizitzeko aukera izatea, gustatzen zaizuna eginez". Pilotan ari diren txikiei mezu hau eman die: "Txikitan, maisu bat edo bestea izan, zera da garrantzitsuena: pilota hartu eta frontoian orduak sartzea. Ez dago beste sekreturik. Egun, figura izateko, berezko asko behar da, baina ordu asko sartzen dituenak ziur zerbait egingo duela pilotan. Txikiei esango nieke pilota gustatzen bazaie jarraitzeko eta aukera baldin badute debutatzeko. Esperientzia oso ona da. Eta aukerarik ez baldin badute, pilota beste era batera ere joka daitekeela, dena ez dela profesional mundua, eta egia esan, ez duzula bizia konpontzen profesionaletan ibilita". Erasunek berak pilotan jokatzen jarraitzen du, profesional izateari utzi badio ere.

Miriam Arrillagak baloratzen du pilotak ematen diona: "Beste modalitateak probatu, herri ezberdinetara joan, jendea ezagutu... horrek denak batzen gaitu. Ea urte luzetan hala egin dezakegun". Iparraldeko herriak eta jendea ezagutzeko aukera eman die pilotak mugaz bestalde indar handiagoa duten modalitateetan ari diren xare jokalari Joxi Lopetegiri, trinketean ari den Eneko Maizi eta errebotean diharduen Iñaki Otaegiri. Azaldu dute modalitate horietan maila eta intentsitate handiagoa dagoela Iparraldean, jendeak gehiago jarraitzen ditu partidak, telebistaz ere gehiago ematen dituzte...

Ekainaren 25ean egingo duten errebote txapelketa berezirako entrenatzen. Argazkia: Dani Blanco.
Badator errebotearen festa berezia

"Bote luzea, laxoa eta errebotea dira pilota joko zaharrenak" azaldu du Luisak. Errebotea talde kirola da: bost kidek osatzen dute taldea. EAEn hiru errebote talde baino ez daudenez, Behar Zanako taldeak Iparraldeko taldeekin jokatzen ditu partida asko. Ohitura da partidak igande goizean hasi eta bazkalorduan bukatzea eta ondoren aurkariei jateko zerbait ematea, beraz, ohikoa da bi taldeek eta epaileek elkarrekin bazkaltzea.

Joko honen beste bitxikeria bat da eguraldiaren menpe dagoela, hau da, non eta Euskal Herrian, ezin dela jokatu euria ari duenean: beraz, eguraldiaren arabera aldatzen dute hitzordua eta behin partida hasitakoan euria hasten badu, eten egiten da eta atertutakoan jarraitu (ordu batzuk geroago edo beste egun batean). Eguraldiaren menpe egonik, udaberri-udan egiten dira entrenamenduak eta partidak.

Erreboteak Villabonako herrian presentzia handia du: errebote plaza da udaletxe aurrean dagoena eta bertan entrenatzen dutenean ikuskizun bihurtzen da ostegun buruzuri batez kalean dabilen herritarrarentzat. Zazpi lagun dabiltza helduen errebote taldean, "hau da, jokatzeko behar diren bostak eta bi gehiago; talde justu xamarra, egoera ez da mantentzeko adinatik askoz goragokoa. Bi ume talde badira, ea horiek jarraipena ematen dioten", esan du Iñaki Otaegik.

Behar Zanaren urteurrenaren barruan, errebotearen festa oso berezi bat egingo dute ekainaren 25ean, "historikoa", Lizasok azaldu duenez: "1975ean bost errebote talde osatu zituzten Villabonako pilotariek eta aurten lau talde aterako ditugu eta gaur egun hori lortzea ez da marka makala: lanketa handia egin dugu lehenago errebotean jokatu duten pilotariak parte hartzera animatzeko; entrenatzen aritu dira eta plazan pilota hotsa entzun da". Luisa ere irrikitan dago egun horretarako: "Behar Zanako pilotari eta pilotari ohien artean lau talde osatzea eta egun batean biltzea ederra izango da, oso berezia". Arituko diren gazteenek 25 urteren bueltan dituzte eta zaharrenek 45 urte inguru.

Kartelean ikus daiteke zein ordutan izango diren partidak eta nortzuk jokatuko duten:

Ekainaren 25eko ekitaldi horretarako irrikitan badaude ere, urtean zehar ez dira geldirik egon Behar Zana elkarteko kideak, eta 75. urteurrena ospatzeko hainbat ekimen berezi egin dituzte: esaterako, herriko plazan joko-garbi eta esku pilota jokatu bitartean berdel jatea; bertso-pilota Mikel Goñi, Oinatz Bengoetxea, Jon Erasun eta elkarteko pilotariekin; baita inoiz egindako euskal pilota maratoi luzeena ere, zeinetan 25 ordutik gora osatu zituzten pilotari denen artean, hamabi pilota modalitate jokatuz eta 6 urtetik 70 urtez gorakoetarako adin-tarteak batuz (lortutako dirua Aspanogi elkartearentzat izan zen).

Unitate didaktikoa eta udalekuak

Aurten urteurren ekitaldi bereziek bete dute Behar Zanaren egitasmoa, baina lehendik ere mugimendu handia du elkarteak: eguneroko entrenamenduak, txapelketak (Antton Pebet memoriala, Santio txapelketak, Emakumeen txapelketa azkarrak...), umeentzako topaketak eta partida mordoa antolatzeaz gain, pilota kulturalki lantzeko unitate didaktikoa egina du: udalak finantzatu zuen eskolei eman zitzaien kirol materiala: joko garbian jolasteko plastikozko zestak, palak eta esku-pilotak. Eta herriko ikastetxe denek erabiltzen dituzte materiala eta unitate didaktikoa. Honen egile Lizasok azaldu duenez, "lehendik badira pilotari buruzko unitate didaktikoak, Ikas Pilotak egindakoa, adibidez, eta altxor bat dira. Guk gure herrira begirakoa egin dugu. Hasteko, Hezkuntzako curriculumak dio soinketako klaseetan euskal pilota landu egin behar dela. Hortik tiraka, unitate didaktiko honetan uztartzen da pilota eskolako hainbat alorrekin: soinketako klasean pilota jolasak egiten dira, horietako asko kooperatiboak; Villabonako pilotaren historia azaltzen da era ulerterrazean; herriko pilotari historiko ezagunak (Besamotza, adibidez) hizkuntzarekin batera lantzen dira, esaterako, haiei buruzko deskribapenen bidez ezagutuko dituzte ikasleek; arte tailerrean Villabonako errebote plazaren maketa egiteko proposamena dakar...".

Behar Zanak antolatutako beste ekimen berezi bat, pilota udalekuak dira. Uztaila honetan bigarren urtez, goizero frontoian elkartuko dira gaztetxoak, begiraleen laguntzaz pilotako modalitate ezberdinetan eta jolasetan aritzeko. Beste herrietako pilotazaleak ezagutuz ongi pasatzeko aukera ederra eskaintzen du.

Aratz Luisa. Argazkia: Dani Blanco.
Aratz Luisa

"10 urterekin hasi nintzen joko garbian entrenatzen eta gaurdaino jarraitu dut pilota munduan murgilduta. Egun haurren joko garbiko entrenatzailea naiz. Joko garbian eta errebotean jokatzen dut, baita paleta gomaz eta larruz ere. Txapelketetan parte hartzea gogoko dut oso. Nire helburua pilotaz gozatzea da eta gure baloreak ondorengoei transmititzea kirol honetan jarraituz”.

 

Miriam Arrillaga. Argazkia: Dani Blanco.
Miriam Arrillaga

"Umetan hasi nintzen eskuz jokatzen baina 11 urterekin utzi behar izan nion, neska talderik ez zegoelako eta palaz aritu nintzen. duela 5 urte ekin diot berriz eskuz. Egun 21 urte ditut eta Behar Zana elkartean begirale naiz: haurrekin eta emakume helduen pala taldean. Pilotari modura, orain artean Anoetako klubean aritu naiz eta datorren ikasturtean Behar Zanan hasiko naiz. Oraindik gora egiteko urte batzuk geratzen zaizkit: partidetan eta entrenamenduetan gustura nabil, ilusioz. Ea urte luzez horrela jarraitzen dugun”.

 

Joxi Lopetegi. Argazkia: Dani Blanco.
Joxi Lopetegi

"Xarean Iruran hasi nintzen eta Behar Zanan 25 urte baino gehiago daramatzat. beste bi-hiru urte egiten baditut, nahikoa. Pilotak aukera eman dit leku eta jende ezberdinak ezagutzeko eta horrekin geratzen naiz. Munduko txapelketetan jokatu dut eta han ezagutu nuen 25 urtez xareko nire bikotea izan den Mikel Funosas, Makeakoa: entrenamenduak eta partidak mugaz bi aldeetara egiten ditugu. Semeak xarez jokatzen du Iruran eta alabak palaz Behar Zanan. Xareko infantil mailan gutxi direnez, aurten nagusiok nahastu gara gaztetxoekin Gipuzkoako txapelketa jokatzeko eta txapela ekarri dugu etxera”.

 

Jon Urbieta. Argazkia: Dani Blanco.
Jon Urbieta

Behar Zanan asteazkenero elkartzen gara gure artean eskuz entrenatzeko. Giro horrek asko balio du. Bote luzean aritzeko Oiartzungo taldean biltzen naiz. Afizionatu munduan nabil eta eskuz ia astebururo izaten ditugu partidak; bote luzean edo paxakan, berriz, udan. Nire helburua ahal den bitartean partidak jokatzen eta asteazkenetako bilkurari eusten jarraitzea da”.

 

Iñaki Otaegi. Argazkia: Dani Blanco.
Iñaki Otaegi

 "Behar Zana elkartean 8 urterekin hasi eta 18 urtera arte aritu nintzen eskuz. Egun errebotean jokatzen dut. Nire helburua da gure talde hau mantentzea eta horretarako umeak behar dira. Beraz, atzetik datozen gazteek lekua hartzen duten arte jarraituko dut zubi lan horiek egiten eta bukatzen denean epaile, edo sukaldean, edo behar denean baina hor izango gara”.

 

Jon Erasun. Argazkia: Dani Blanco.
Jon Erasun

 "Umetan Zizurkilen hasi nintzen pilotan, Behar Zanan alebinetan aritu nintzen eta berriz ere Zizurkilera itzuli nintzen. Profesionaletan bost urte egin ditut eta horrekin pozik. Orain bukatu zait eta berriz ere Behar Zanan nabil. 25 urte ditut eta jarraitzen dut herriko festetan partidak jokatzen. Beste maila batean, noski, baina ahal den bitartean jarraituko dut: gustuko dut entrenatzera etortzea, giro ederrean ibili, izerdi pixka bat atera, otordu batzuk elkarrekin egitea...”.

 

Eneko Maiz. Argazkia: Dani Blanco.
Eneko Maiz

 "Trinketan kasualitatez hasi nintzen: klubeko batek min hartu zuen eta bere ordez Gipuzkoako txapelketa jokatu nuen. Irabazi genuen, entrenatzen jarraitu genuen eta txapelketetan emaitza onak etorri ziren... trinketan zentratzea erabaki nuen, ezker paretan ere jokatzen dudan arren. Aurten afizionatu mailan aritu naiz Iparraldean eta astero entrenatu dut profesionalekin Azkainen edo Baionan, Xala izanik entrenatzaile. Munduko Txapelketan finalera iritsia naiz; aurten  Biarritzen jokatuko da eta han izango gara”.

 

Iñaki Lizaso. Argazkia: Dani Blanco.
Iñaki Lizaso

 "Behar Zanan 9-10 urtetatik esku pilotan aritu naiz beti: ezker paretan nagusiki, baina trinketan eta pasakan ere jokatzen dut. Errebotean, plaza librean eta bote luzean ere bai tarteka. 38 urte ditut eta urte luzez jarraitu nahi nuke. Behar Zana elkartean duela 20 urte entrenatzaile nintzen eta pixkanaka ardura handiagoak hartzen joan naiz. Hainbat pilota talderi lagundu izan diet paralekoki, izan ere, pilota sustatu, zabaldu eta indartzea da nire helburua eta horretarako proiektuak antolatzen nabil azken urte luzeetan”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pilota
2024-02-25 | Estitxu Eizagirre
Irabazi eta galdu

Txikitatik bizi dugu lehia gizarte honetan: umetan haurren arteko jolasetan, heldutakoan bizitzako eremu guztietan –batzuetan kontzienteki onartzen dugu jokatzea eta bestetan nahi gabe erortzen gara lehia dinamiketan–. Agian horregatik dira kirolariak gizarte... [+]


Eguneraketa berriak daude