Zer da etxean bat gehiago izatea?

Bat gehiago gara | Leire Salaberria | Txalaparta, 2022
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Aurretik, Etxepare saria irabazi zuten Euria ari duenean eta Hiltzaileak albumengatik ezagutzen genuen Leire Salaberria sortzailea (badu horiez gain ilustratzaile gisa eginiko beste hainbat lan) eta hauxe dugu, oker ez bagaude, bere hirugarren lana. Bat gehiago gara aurretik gaztelaniaz Beascoa argitaletxean argitaratu zen (La familia panda. Somos uno mas) eta orain Salaberriak euskaraz ere eskaintzen digu obra interesgarri hau.

Hasiera-hasieratik nabaritzen da liburu hau albumaren eta komikiaren arteko nahasketa dela. Testuaren eta irudiaren arteko jolasaz gain komikien globoak erabiltzen ditu egileak protagonisten elkarrizketak adierazteko eta, alde horretatik, bizitasun handiagoa ematen dio kontakizunari.

Aita, ama eta alaba ditugu istorioko protagonistak; alaba da narratzailea, irakurle hipotetikoarengandik hurbilago egoteko, eta etxeko giro alaiaren zergatia azaltzen zaigu hasieran: “Bat gehiago izango gara familian, Yun” esaten dio aitak alabari. Berak, orduan “Zer da bat gehiago izatea?” galdetuko du eta galdera horri erantzuna eman nahian kontatzen zaigu istorioa.

Salaberriak hartz batzuk hartu ditu protagonista eta, hasierako irudiaren arabera, Japonian kokatu du istorioa. Urrutiko paraje horiek ez dute, baina, samurtasuna gutxitzen edo kontakizunarekiko distantziarik jartzen. Eta seme-alaba berri baten etorrerari buruzko istorio interesgarria eta gomendagarria eskaintzen digu egileak.

Argi dago Leire Salaberriak bere hastapenetako irudi sinple eta argi haietatik eboluzionatu egin duela eta oraingoan askoz informazio gehiago sartzen du ilustrazioetan. Pertsonaien ezaugarriak, espazioak, inguruak… denak informazioz beteta ageri zaizkigu Yun eta haren ahizparen istorioa hobeto ezagutzeko, istorioarekin gehiago disfrutatzeko.

Kolore pastelak nabarmentzen badira ere, trazu zehatz eta landuek asko laguntzen dute ilustrazioaren informazioa jasotzen.

Bat gehiago gara liburu atsegina da, gozoa, familia handitzeaz eta bestearen onarpenaz, hasieran sortarazten dituen arazo guztiekin baina ondorengo konplizitatearekin; horretaz guztiaz ari den istorio gomendagarria da, hitz gutxita.

 

 


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.