“Idazteko gauzarik ederrenetakoa da idazle gazteok gure artean sortzen dugun harreman sarea”

  • Kontrakoa irudi arren, idaztea ez dela bakardadean egiten den zerbait dio Iosune de Goñik eta literatura armiarma-sare bezala definitzen du. Poesian eta aktibismo sozialean mugitzen da trebe. Feminismoaren alde eta kapazitismoaren aurka aritzen da sare sozialetan. Ideiak garbi eta bihotza bero ditu.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Iosune de Goñi García. Burlata, 1993

Idazlea, argazkilaria eta itzultzailea da. Feminista eta kapazitismoaren aurkako aktibista. Filosofiako Gradua amaitu ostean, Bartzelonan Literatura, Artea eta Pentsamenduari buruzko Ikasketa konparatuen gradu-ondokoa egin zuen. Hilda Doolittle idazleari buruzko tesia egiten hasita, osasun arrazoiengatik utzi behar izan zuen. Egun Ingeles Ikasketetako Gradua amaitzen ari da eta itzultzaile gisa egiten du lan. 2020an Trenza roja fanzinea argitaratu zuen Inés Martínez idazlearekin batera. 2021ean Pasaia Hiria-Xabier Portugal poesia saria irabazi zuen Gorputz baten aztarnak elurretan poema bildumarekin. Iruñeko Udalaren Egile Berrientzako Literatur Lehiaketan ere lehen saria irabazi berri du Itzalak uraren azpian lanarekin. Liberoamerika argitaletxeko editorea da, Ane Zubeldiarekin batera.

Zer harreman ikusten duzu argazkien eta hitzen artean?
Literaturaren eta argazkilaritzaren hizkuntza ezberdina da, baina biek ematen digute mundua beste modu batean ikusteko eta ulertzeko aukera. Askotan esaten didate nire poemak oso bisualak direla, edo nire argazkietan poesiaren aztarna aurki daitekeela, eta iruditzen zait nire kasuan elkarreragin handia dutela. Argazkilaritzan literaturatik aldentzeko murgildu nintzen, hitzen mugetatik haratago joan nahi nuelako, nolabait. Baina denborarekin biak elkartzen joan ziren. Bietan gauza bera bilatzen dudala uste dut, antzeko metaforak erabiltzen ditudala.

Batez ere zure lehen liburuan, Trenza roja fanzinean, elkartu ziren biak. Nola sortu zen ideia?
Trenza roja Inés Martínez idazle eta kazetariarekin sortu nuen. 15 urte genituenean hasi ginen bakoitza bere bloga idazten eta elkar irakurtzen. Ez genuen elkar ezagutzen, bera Madrilgoa zelako eta ni Burlatakoa, baina harreman literario birtuala sortu genuen. 2017. urtean gaixotasunari buruzko proiektu bat sortu nahi nuela erabaki nuen, eta Facebook bidez eskatu nion jendeari gai horrekin lotutako sormen lanen berri ematea. Momentu horretan Inesekin hitz egiten hasi nintzen, eta elkarrekin fanzine bat sortzea erabaki genuen. Liburua 2020ko amaieran argitaratu genuen, azkenean. Gorputza, gaixotasuna eta mina bezalako gaiak jorratzen ditu, baina baita adiskidetasuna, zaintza eta onarpena ere. Gorputz gaixoa maita daitekeela erakutsi nahi genuen, eta hartan, batzuetan, babesa eta argia aurki daitezkeela, ez gaudela bakarrik, gu bezalako beste pertsona asko daudela.

Jende askorentzat arrotza da gaixotasunaz hitz egitea…
Hasiera batean emakumeek idatzitako literatura irakurtzea ere arraroa egiten zitzaion jende askori. Orain gutxira arte ohituta geunden soilik gizon zuriek idatzitako liburuak irakurtzera, eta emakumeok idazten hasi ginenean esan ohi zen hori emakumeentzako literatura zela eta ez zela unibertsala.

Uste duguna baino jende gehiago dago gaixotasunetik gertu. Iruditzen zait gai hori ez dela asko jorratzen, baina bai oso presente dagoela, are eta gehiago pandemiak eragin duen egoerarekin. Garrantzitsua da horri buruz hausnarketa egitea, gustukoa ez izan arren. Gaixotasunari buruz hitz egiteak gure zaurgarritasuna ekartzen digu gogora, eta goiz ala berandu gu ere gaixotu eta hil egingo garela. Agian horregatik ez dugu ikusi nahi, ez dugu horri buruz hitz egin nahi, eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak baztertzen ditugu, edo ez ikusiarena egiten diegu gaiari buruz hitz egiten duten bakoitzean.

Gaixotasunean ere genero arrakala dago?
Bai, noski. Nik diagnostikoak lortu arte oso gaizki pasa nuen medikuen aldetik biolentzia handia jasan nuelako, batez ere emakumea eta gaztea izategatik. Pentsatzen dut gauza bera gertatuko dela gurean hegemonikoa ez den arrazarekin edota identitate eta orientazio sexual ezberdinak dituzten pertsonekin. Ikerketa askok erakusten dute emakumeoi ez digutela kasu berdina egiten kontsultara goazenean. Askotan probarik egin gabe ere, esaten dizute daukazuna psikologikoa dela edo esajeratzen ari zarela, histerikotzat hartzen zaituzte... Emakumeontzat zailagoa da diagnostiko bat lortzea, batez ere gaixotasun arraroa edo kronikoa denean, eta guk pairatzen ditugun gaixotasunak ikertzeko diru gutxiago bideratzen da. Medikuntzan gauza asko dago aldatzeko.

Pandemian ezer ikasi dugu gaixotasunaren inguruan, jendarte bezala?
Ez daukat oso argi. Pandemia heldu zenean ni ez nintzen etxetik apenas ateratzen, oso gaixorik nengoelako. Konfinamendu aurretik gaixo asko konfinatuta geunden, gizartetik guztiz kanpo, mundu publikoan parte hartzeko aukerarik gabe. Pandemia iritsi zenean bat-batean dena irisgarri egin zen, guri ordura arte ukatu zizkiguten aukera guztiak posible egin ziren.
Ikusten ahal zenituen kontzertuak, hitzaldiak, museoetara joan modu birtualean... Etxetik ikasi, etxetik lan egin. Iruditzen zait aukera horiek orain desagertzen ari direla, beraz ez dakit ezer ikasi ote dugun, normaltasunera itzultzeak dakarrelako atzean gaudenok berriro atzean gelditu behar dugula. Hala ere, uste dut COVIDa dela eta, gaixotasuna orain gertuago ikusten dugula, eta literaturaren munduan gero eta gehiago idazten da gaiari buruz, baina asko gelditzen zaigu oraindik ikasteko. Zaila da bestea ikustea, batez ere baztertuta dagoenean, ikusezin bilakatzen dugunean.

Argazkia: Dani Blanco
"Konfinamendu aurretik gaixo asko konfinatuta geunden eta pandemia iritsi zenean bat-batean dena irisgarri egin zen"

Zuretzat poeten arteko sareak ehuntzea garrantzitsua da. Zergatik?
Beti pentsatzen dugu literatura bakardadean idazten dela, baina ez da egia. Testu bat beti dator nonbaitetik, beste ahots batzuk daude horren atzetik eta beste batzuk egonen dira gero. Oihartzun bat da. Nik beti idatzi izan dut beste norbaitekin. Txikitan amarekin hasi nintzen ipuinak asmatzen, gero gaztetan blog batean idazten nuen eta egunero irakurtzen nuen nire adineko beste batzuek idazten zutena. Hori gaztelaniazko literaturari dagokionez. Euskaraz desberdina izan da, Euskal Herrian ez delako egon blogen moda hori. 18 urterekin Urruzuno Literatur Lehiaketa irabazi nuen eta saria bidaia bat izan zen beste idazleekin batera. Handik beste sare bat sortu zen, eta gaur egun han ezagutu nituen idazle askorekin harremana mantentzen dut. Elkarlanetik ere sortu zen Trenza roja, eta momentu honetan Cristina Jiménez ilustratzailearekin lanean ari naiz berehala zabalduko dugun erakusketa prestatzen. Leire Alonso idazle eta musikariarekin behin baino gehiagotan eman ditut errezitaldiak biola eta poesia bat eginez…

Idaztearen gauzarik ederrenetakoa da idazle gazteok gure artean sortzen dugun harreman sarea. Esan dudanez, idazle eta sortzaile askorekin harremanetan nago, modu pertsonalean zein birtualean. Literaturaz eta bizitzaz aritzen gara solasean, gutunak edo poemak idazten dizkiogu elkarri eta proiektu batzuk partekatzen ditugu. Ez dakit idazten jarraituko nukeen sare horrengatik izango ez balitz. Literatura armiarma-sare bat da. Elkarrekin ehuntzen ditugu hariak.

Gaztetasuna eta poesia oso lotuta doaz beti. Sentimenduak ziztuan borborka jartzen dituelako ote da?
Bai, idazle gazteok gehien lantzen dugun generoa dela esango nuke, eta gerora narratiba idazten duten autore asko ere poesiarekin hasten dira. Ez dakit sentimenduei ematen dien garrantziarengatik den, badirelako emozionalak ez diren poema asko. Iruditzen zait luzera kontua dela. Gero eta azkarrago bizi gara, ez daukagu aisialdirako denborarik, eta idazteak denbora eta lasaitasuna eskatzen du. Poema bat idazteko ez da eleberri bat idazteko bezainbeste denbora behar. Horrez gain, estilo kontua ere izan daiteke: poesiak gauzak beste modu batean esateko aukera ematen du, hizkuntza bera zalantzan jarriz, eta belaunaldi berriek hizkuntza berri baten beharra dutela uste dut. Zentzu horretan, poesia malguagoa da, aukera gehiago zabaltzen ditu.

Aldaketa handia sumatzen duzu erritmoari eta denborari dagokionez?
Bai, azken urteetan bizitzaren erritmoa asko aldatu da eta belaunaldien artean alde handia sumatzen da. Askoz azeleratuago bizi gara. Uste dut izugarrizko gainzama sentsoriala dugula, estimuluez bonbardatuta bizi garela. Kapitalismoaren kontua ere bada. Produktiboak izan behar dugu, toki guztietan egon, gauza piloa egin. Izugarrizko estresa eragiten du, eta sortzeko gelditasuna behar dugu, hutsunea, pentsatzeko espazioa eta denbora.

Liberoamerika beste sare interesgarri bat da. Zertan datza?
Liberoamerika 2017. urtean sortu zen ekimena da, Latinoamerika eta Iberiar Penintsulako idazle gazteen lanak argitaratu eta zabaltzeko helburua duena.

Gaur egun Argentinan eta Euskal Herrian ditugu argitalpen taldeak, herrialde guztietako idazleak biltzen dituen aldizkari birtual batekin batera. Euskal Herrian 2020an plazaratu genuen lehen lana, Izotzetan islatuak. Euskal idazle gazteen bilduma, eta orain, 2022an, Barrenetik zulatzen zaitut. 8 ahots itsasertzetik liburua argitaratu berri dugu. Liburuak Latinoamerikako lau idazleren lanak biltzen ditu, lau itzultzailek euskaratutakoak.

Oso desberdinak dira hango eta hemengo literatura?
Idazteko modua desberdina dela esango nuke. Euskal Herrian idazten den poesia zuzenagoa da, argiagoa, agian politikoagoa ere bai. Argentinakoa, aldiz, korapilatsuagoa, metafora gehiago eta esaldi luzeagoekin... Mundua ikusteko edo deskribatzeko modu desberdinak dira. Hala ere, denetarik dago, Barrenetik zulatzen zaitut liburuan ikus daitekeen bezala.

Eta mitologiak zer ematen dizu?
Txikitatik izan naiz oso mitologia zalea. 15 urte nituenean izebak Egiptora eraman ninduen, antzinatearekin obsesionatuta nengoelako, eta gaur egun asko interesatzen zaidan gaia da. Akademikoki ere ikertu izan dut: master amaierako lana eta doktoregoa Hilda Doolittle idazlearen obrari buruz egin nituen, feminismoaren eta mitologiaren arteko erlazioa aztertuz. Heldu zaizkigun mito eta kondaira gehienak gizon zuri, gaitu, heterosexual eta klase altukoen ikuspuntutik kontatuak izan dira, eta beharrezkoa iruditzen zait narrazio horiek berrikustea, eta baita mito berriak asmatzea ere. Poesian ere oso tresna interesgarria da mitologia, azken finean, gure bizitzari buruz hitz egiteko metafora bat delako, gauzak beste era batean esateko modu bat.

Argazkia: Dani Blanco
"Kolektibitatean pentsatzea eta aniztasuna onartzea izan daiteke naturatik ikas dezakeguna"

Matriarkatuaz zer pentsatzen duzu?
Ikerlari batzuek diote indoeuroparrak heldu baino lehenagoko garaian, matriarkatua baino gehiago, berdintasunean oinarritutako gizarte bat izan omen zela, non armak eta gerra ez ziren existitzen. Batzuetan asko idealizatzen da gizarte hori, baina oso interesgarria iruditzen zait halako garai bat existitu izana edo, behintzat, ideia hor egotea, horrek esan nahi duelako horren antzeko zerbait imajinatu edo eraiki dezakegula berriro. Ideia horrek Hilda Doolittle eta bere garaiko beste idazle batzuen lanetan eragin handia izan zuen, eta nire poema batzuetan ere agertu izan da.

Gorputz baten aztarnak elurretan, zure lehen poesia liburua Jacqueline Winter Thomas-i eskaini diozu. Nor zen Jacqueline?
Jacqueline AEBetako idazle bat izan zen, 2019an hil zena, 28 urte zituela. Poesia, artikuluak eta egunerokoak idatzi zituen bereziki, eta unibertsitatean poesia eta teoria kritikoari buruzko klaseak ematen zituen. Ni ere filosofiaren eta poesiaren artean mugitu izan naiz, eta berarekin oso identifikatuta sentitzen nintzen. Interes berdinak genituen, liburu berdinak irakurtzen genituen eta asko gustatzen zitzaidan berak idazten eta partekatzen zuena. Munduaren bestaldean bizi zen ahizpa ezezagun bat zela sentitzen nuen. Hil zenean gogorra izan zen inorekin min hori konpartitu ezin izana, aurretik ez nuelako inorekin Jacquelineri buruz hitz egin. Iruditzen zitzaidan ez nuela gaizki egoteko eskubiderik, ez genuelako elkar ezagutzen. Denborarekin, berari buruz idaztea erabaki nuen, bere memoria eta bere lana bizirik mantentzeko. Horretarako, idatzi zuen guztia biltzen saiatu nintzen, konplikatua izan zen arren. Hortik jaio zen Gorputz baten aztarnak elurretan. Elkarrizketa bat dela esango nuke, bi ahots poetikoen arteko solasaldia, heriotzaren eta hizkuntzaren ezintasunari buruzko gogoeta.

Eta Itzalak uraren azpian lan sarituan zertaz aritzen zara?
Pasa den udazkenean idatzi nuen, Greziara egindako bidaia batetik itzultzerakoan. Eguneroko baten moduan idatzita dago, baina deskribatzen diren bizipenak iraganaren parte dira, oroitzapen bilakatu dira. Beraz, Itzalak uraren azpian memoria ariketa bat da, non iragana, oraina eta, batzuetan, geroa nahasten diren. Bidaia nire bikotekidearekin egin nuen, eta Grezian geundenean itsasoaren azpiko hondakinei buruz hitz egiten ibili ginen, behin eta berriro. Itzuli nintzenean, argi nuen bidaiari buruzko lan bat idatzi nahi nuela, eta itsas hondoko bizia edo suntsiketa metafora nagusi bezala erabili nahi nuela. Horrez gain, bidaian Hilda Doolittleren liburu bat eraman genuen gurekin, berak Greziari buruz asko idatzi zuelako, eta hori ere nire lanean islatzen da. Oraingoan ere beste elkarrizketa bat sortzen dut, Hilda Doolittleren esaldiak eta aipuak nire poemetan txertatuz.

                                                                                    *     *     *

AZKEN HITZA

Natura

“Natura beti dago presente nire poemetan. Naturak beste erritmo bat jarraitzen eta benetan garrantzitsuena zer den ikusten erakusten digu. Bertan osotasun bat dago, gauzak bere aniztasunean biltzen dituena. Elementu eta izaki guztiak elkarren artean konektatuta daude, sare bat osatuz, eta uste dut gizarte kapitalista eta indibidualista honetan hori askotan ahazten zaigula. Agian kolektibitatean pentsatzea eta aniztasuna onartzea izan daiteke naturatik ikas dezakeguna. Feminismoak, adibidez, ikas dezakeena da emakume izateko modu asko daudela. Esango nuke mugimendu sozial guztiek izan beharko luketela natura gogoan”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
Kaixo berriro, karis

Beste zerbait

Danele Sarriugarte

Consonni, 2025

------------------------------------------------------------------------------------------

Zazpi urte pasatu dira bigarren eleberria argitaratu zuenetik eta hamaika lehenengo liburutik. Bitarte honetan, baina, letrei... [+]


1977-80ko kritiken bilduma
Sarrionandia: "Gauza asko behar genituen garai hartan, eta zineak eman zigun leiho hori"

Zeruko Argian eta Anaitasuna-n idatzi zituen zinema kritikak Joseba Sarrionandiak 1977 eta 1980 urteen artean, 20 urte inguru zituela. Horien bilduma eginda, Pamiela argitaletxeak argitaratu du liburua, Joseba Sarrionandiaren zinema paperak (1977-1980). Josu Martinezek egin ditu... [+]


Irakurketa

TikTok-en parafernaliatik urrun bizi naizenez, aurreko egunera arte ez nuen jakin Maria Pombo horren berri. Sare sozialek orduero aurkitzen dute kalapitarako gairen bat eta, honakoan, kristorena sortu zuten influencerrak irakurtzearen gainean egindako adierazpenek. "Esango... [+]


2025-09-25 | Jon Torner Zabala
Irailak 29, izendatzen zaitugu Euskal Komiki Eguna

Euskarazko komikigintza ikusgarri egitea helburu, hainbat komikizale eta komikigilek Euskal Komiki Eguna sortu dute. Lehen edizioa eta ondoren etorriko direnak irailaren 29an izango dira, Olariagak Zakilixut pertsonaiaren lehen zinta argitaratu zuen urteurrenarekin bat.


Sally Rooneyri orain egin diogu kasu

Sally Rooney bezalaxe, Ken Loach. Atxilotuak izan beharko lukete biek. “Behar”, ez premiatik ulertuta, baizik eta desobedientzia zibila zigortzeko maneretan, demokrazian, paradoxikoa badirudi ere. Baina ez dituzte atxilotu. Eta itxuraz, ez dituzte atxilotuko. Rooney... [+]


Aberria eta hil

Eresia. Hil-kanta aitari
Goiatz Labandibar
Elkar, 2025

------------------------------------------------------------------

Goiatz Labandibarrek azken urteotan Amez (2022), Bekatua (2023) eta Zoo (2024) idatzi ondoren, Eresia. Hil-kanta aitari (2025) argitaratu berri du... [+]


Juan Luis Larraza
"Lizarraga kapitaina gure herriaren askatzailea izan zen, eta dagokion lekua behar du gure memorian"

Idatzi duen eleberriko pertsonaia mirestera heldu da Juan Luis Larraza Lakuntza (Etxarri Aranatz, 1950), eta, beharbada, mitifikatu ere egin du. Han eta hemen, eta, oroz gain, Nafarroako Artxibategiko agirietan Luis L(e)izarraga kapitainari buruzko datu bakanak bildu, Pello... [+]


Ezberdinak eta antzekoak

Umea hemen, Umea han
Chuck Groenink. Itzulpena: Nagore Perez
Ibaizabal, 2025

---------------------------------------------------------------------

Historiaurreko istant bat du azpi izenburu liburu honek, eta horixe da, hain zuzen, egileak kontatu nahi diguna, istant... [+]


Saioa Alkaizak uko egin dio Igartza literatur bekari, CAF diru-emaile delako

"Israelen kontrako boikot kanpainak martxan dauden honetan, kulturgileoi lerratzea dagokigu", adierazi du Saioa Alkaizak komunikabideetara igorritako oharrean. BDZk txalotu egin du Alkaizaren erabakia, eta Elkar argitaletxeari gonbita luzatu dio, "erabaki ausartak... [+]


Irati Zubia. Jakintzari begirunez
"Laguntasuna iruditzen zait sekulako potentzialitatea daukan harreman mota, Akaso horizontalagoa delako"

Amonarena zen etxean bizi da Irati Zubia duela urte batzuk, lagunekin. Donostiako atari zaharren usaina dauka atariak. Zaintza existitzen ez den mundu batean izan nahiko luke zaintzaile eta eskarmenturik ez zaio falta: irribarre zabalaz hartu nau etxean Aste Nagusi betean, sofa... [+]


‘Esnatu ala hil’, kaleko euskaltzaleentzako liburua ondu dute Goikoetxeak eta Iurrebasok

Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan (Elkar) liburua argitaratu dute Garikoitz Goikoetxeak eta Iñaki Iurrebasok. Egileen helburua da gaur egun euskarak bizi duen egoera ulertzeko tresna bat eskaintzea, “ezinbestekoa delako aurrera... [+]


Liburu ktitikak
Bizitzaz eta beste

Anatomia bertikalak
Lierni Azkargorta
Balea Zuria, 2025

------------------------------------------------------------------

Lierni Azkargortak Anatomia Bertikalak liburuaren aurkezpen saioan esan eta Berria egunkariak jaso moduan irakurri ditut poema gehienak: ozen, ahoz... [+]


2025-09-03 | June Fernández
Aixa de la cruz
"Jainkorik gabeko belaunaldia gara, eta bi aukera eman dizkigute: kontsumoa eta lana"

2020ko Euskadi Literatura Saria irabazi zuen Cambiar de idea (Ideiaz aldatu) autofikzio feministarekin. Emakume idazleek literatura kanon patriarkalera egokitu beharra kritikatu zuen liburu horretan. Todo empieza por la sangre (Dena odoletik hasten da) bere seigarren... [+]


Gabriel Aresti omentzen arteak bateratuz

LAIDA ikerketa taldeak Bermeoko Arrantzaleen museoan abuztuaren 28 eta 29 antolatutako ikastaroan egingo duen hitzaldiaren sintesia da Arestiren ekarpen artistikoa nabarmentzea.


Eguneraketa berriak daude
Bi haur Palestinako banderarekin
Aste honetan zenbaki berezia: Genozidioa gelditzeko, Israeli boikot
Herrien arteko elkartasunari gure aletxoa jarri nahi izan diogu. Euskal Herritik, euskaraz, herrien munduaren alde. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, duela bi urte bezala, ahotsa altxatzeko beharra sentitu dugu.