"Zabalzaren kasua erreferente bihurtu da euskal gizartearen parte batek sufritu duena erakusteko"

  • Komunikabide hegemonikoetan ertzean edo kanpoan gelditzen diren herri mugimenduen albisteak plazaratzen ditu Ahotsa.info-k. Horregatik botereak ez du maite. Pitu horretan ari da lanean duela 20 urte baino gehiago. Iaz Amaia Merinorekin batera hamar urtetan egindako Non dago Mikel? dokumentala estreinatu zuen. Torturari buruzko lana, torturatua izan den pertsona batek sinatua.


2022ko apirilaren 03an
Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Miguel Angel Llamas Montoya "Pitu". Noain, 1980

Hainbat herri komunikabideren sortzailea eta kazetaria. Eguzki Irratian hasi zen kartzelaren inguruko Kateak apurtu irratsaioa egiten. Horren ildotik, beste hainbat kiderekin batera, 2007an Apurtu.org plataforma sortu zuen. 2011n hau itxi eta eragileak atxilotu zituzten. Urte eta erdira kartzelatik atera eta Ateak Ireki agerkari digitalean aritu zen, hura ere 2014an itxi arte. Orduan Ahotsa.info ikusentzunezko hedabidea sortu zuten eta hor ari da egun lanean.

Nondik datorkizu herri  mugimenduetan militatzeko grina?
Gaztetxo ginela zerbait falta zitzaigula sumatzen genuen herrian, Noainen. Euskarak, adibidez, oso presentzia gutxi zeukan herrian eta horregatik sortu zen Gau Eskola, gerora beste ekimen askoren motor bilakatu zena. Han hasi nintzen euskara ikasten. Gero, institutu garaian, Iruñean, intsumisioa, presoekiko elkartasuna eta ikasle mugimenduak ezagutu eta haietan erabat murgildu nintzen. Tentsio handiko eta indarkeriaz betetako urteak izan ziren. 16-17 urte nituela nire koadrila ia osoa atxilotu eta guztiak torturatu zituzten kale borrokarengatik. Bakar batzuk libratu ginen orduko hartan, baina gertutik hasi ginen ezagutzen zer diren sakabanaketa, espetxea....

Herrian gazte mugimendutik bultzatutako eremu bat behar zela ikusita, hasi ginen txosnak antolatzen. Udalarekin tentsio handiena zegoen unean, 1999an, ETAren su-etenean, zinegotzi bati lehergailu bat jarri zioten etxean. Haren seme bat gure koadrillakoa zen eta guri leporatu ziguten atentatua, nahiz eta guk batere zerikusirik ez izan. Gertatu zenean ni klasean nengoen, beste bat lanean... hala ere, atxilotu gintuzten. Gainera oso modu publikoan egin zuten dena. Oso identifikatuak geunden herrian eta atxiloketa denen bistan eta telebista kameren aurrean egin zuten. Hiru egunez torturatu gintuzten gelditu gabe. Haien helburua zen guk ekintza hori gure gain hartzea eta ez zegoen modurik beraiek nahi zutena ez emateko.

Nola gogoratzen duzu tortura?
Batez ere beldurra dut gogoan. Ikaragarria. Bakarrik nengoela eta inoren laguntza ez nuela jakitea etsigarria zen. Haiek asko ziren eta ni baino helduagoak, ni baino askoz prestatuagoak. Banekien zer gertatuko zen eta gauza horiek guztiak joan ziren gertatzen hurrenez hurren: mehatxuak, kolpeak, poltsa... Denboraren nozioa galdu nuen erabat. Egunen batean atxilotuko gintuztela aurretik jakin arren, 19 urterekin nire burua oso ahul ikusi nuen horri guztiari aurre egiteko.

Horregatik nahiago izan zenuen erruduna zinela deklaratzea?
Bai. Pentsatu nuen gerora aukera izango nuela probatzeko ni ez nintzela izan. Gauza pila leporatu zidaten eta urte asko eskatu zuten niretzat, baina, hala ere, argi neukan ez nuela inor enmarronatu nahi eta hori lortu nuen nolabaiteko negoziaketa hartan. Ni pozik geratu nintzen eta haiek behar zutena lortu zuten. Hamar egun besterik ez genuen eman espetxean. Nire irakasleak deklaratzera joan ziren, atentatuaren unean klasean nengoela esanez eta handik egun batzuetara fidantza jarri eta etxera.

Kartzelan poz-pozik sartu nintzen eta arindu ederra hartu nuen jakitean koadrillako bakarrik bi geundela atxilotuta. Hala ere, Alcalá Meco espetxeko gazte moduluan egotea ikaragarria izan zen. Beldur handia pasa genuen guk ez genuelako giro hori ezagutzen. Gu pringao batzuk ginen eta ez geunden ohituta indarkeria giro horretara.

Oso atxiloketa mediatikoa izan zen su-eten garaian gertatzen zen edozein gauzarengatik harrabots handia sortzen zelako. Herria hautsita gelditu zen.

Bigarren aldian NUPen atxilotu zintuzten?
Hala da. Egun bateko kontua izan zen. Euskararen alde egiten ari ziren mobilizazio baten erreportajea egitera joan nintzen Eguzki Irratirako eta amaitutakoan haiekin gelditu nintzen. Orduan iritsi zen Polizia eta ehun bat lagun bortizki eraman gintuzten komisaldegira. Oso gau gogorra izan zen.

Gazteagoa nintzenean ere bi aldiz jipoitu ninduen Poliziak Alde Zaharrean. Behin pilotakada batez kolpe itzela hartu nuen besoan eta ospitalera eraman ninduten. Beti suerte txarra izan dut eta horregatik beti uste izan dut kale borroka ez dela nirea.

Hirugarren eta azken atxiloketa 2011n izan zen, webgune bat kudeatzeagatik?
Bai. Apurtu.org . Hori gertatu zen ETAk bere ekintzen amaiera iragarri eta zortzi egunera. Berriro komunikabide asko etorri ziren atxiloketa grabatzera. Ez genekien torturatuko gintuzten ala ez. Beldurtuta nengoen, baina tratua zuzena izan zen. Esan nuen ez nuela deklaratuko eta ez nuen torturarik salatu. Urte eta erdi egon nintzen Soto del Realeko espetxean lehendabizi eta gero Valdemorokoan. Espetxea beti espetxea da, baina adinarekin beste modu batez bizi izan nuen. Sentitzen nuen baliabide gehiago nuela egoera beste modu batez kudeatzeko. Ikasteko eta kirola egiteko baliatu nuen denbora. Preso komunekin ez genuen arazorik izan. Barruan askotan tentsioak sortzen dira droga edo tabakoarengatik, eta gu horietatik aparte ginen. Gainera haiek gurekin flipatzen zuten esaten genienean han geundela webgune batean, komunikabide batean, lan egiteagatik. Guk ez dugu inor hil, ez dugu ukitu arma bat bizitza osoan eta harrituta gelditzen ziren.

Azkenean epaiketarik gabe atera gintuzten, Auzitegi Nazionaleko barneko liskarrak zirela eta. Zortedun naizela esango nuke, zentzu horretan. Barneratu dugu, nolabait, ezker abertzalean konpromiso politikoa duten militanteak espetxera joango direla, baina hori ez da inorentzako lekua eta arrasto sakona uzten dizu bizitza osorako.

Argazkia: Dani Blanco
"Barneratu dugu  ezker abertzaleko militanteak espetxera joango direla, baina hori ez da inorentzako lekua eta arrasto sakona uzten dizu bizitza osorako”

Zergatik dira beharrezkoak herri komunikabideak?
Herri mugimenduetan egiten diren gauzak askotan ez dira komunikabide handietara iristen, horregatik herri komunikabideekin bete behar ditugu gabezia horiek. Jatorri eta osaera desberdineko herri komunikabideak behar ditugu honetarako. Ez da gauza bera Euskalerria Irratia edo Eguzki Irratia. Ez da gauza bera ARGIA edo Ahotsa.info, eta aniztasun hori oso aberasgarria da. Izan ere, guk Euskal Herrian daukaguna izugarria da. Espainiako Estatuko beste leku gehienetan ez dago halako sarerik.
Guk fokua jartzen dugu herri mugimenduan, oso baliabide gutxirekin. Egun, Ahotsa.info-n, bi lagun lanean eta boluntario batzuk besterik ez gara, eta iristen gara iristen gareneraino.  Hasieratik bideo formatua da gure apustua, jendeak begiekin eta irudien bidez ikus dezan zer gertatzen den Nafarroan.

Mozal legearekin arazo asko izan duzue?
Asko, egia esan. Badakite oso ongi nola mugatu ekintzaileen lana. Kalean ekitaldirik egin nahi izanez gero hamar eguneko epearekin aurkeztu behar duzu eskaera eta edozein arrazoi bilatzen dute delitua edo falta administratiboa egiten ari zarela esateko. Eta mugatu dute, era berean, informazioa emateko eskubidea. Haien bertsioa zalantzan jar dezakezu irudi batzuen bidez, Altsasu auzian gertatu zen bezala, eta horrekin amaitu nahi izan dute. Guri isun asko jarri digute Poliziaren jarduera grabatzeagatik. Haien helburua da guk auto-zentsura egitea eta guk erabaki dugu horretan ez garela eroriko. Kasu batzuetan irabazi dugu eta besteetan, aldiz, ordaindu behar izan ditugu isunak. Oraindik ere baditugu batzuk ordaintzeko.

Orain eginen omen dituzten lege honen aldaketez zer uste duzu?
Ez dut uste gehiegi aldatuko dutenik, estatuari beti etortzen zaiolako ongi aparatu errepresiboa izatea. Gure indarra dago jendearen erantzunean. Segun eta nori jartzen dioten isuna erantzun publiko handiagoa edo txikiagoa ematen da, eta haiek horren arabera jokatzen dute.

Dena den, guk erabaki genuen ez ginela kamikaze izango, isun gehiegi ezin dugulako jasan, baina errealitatea erakusten saiatuko ginela geure burua zentsuratu gabe.

Dirua nondik ateratzen duzue?
Bazkideak baditugu eta bezeroei ere ikus-entzunezko zerbitzuak eskaintzen dizkiegu. Honetaz gain, Euskarabidearen dirulaguntza jasotzen dugu euskarazko kazetaritza egiteagatik eta proiektu zehatz batzuetarako aparteko diru iturriak bilatzen ditugu, Non dago Mikel? dokumentalerako, adibidez. Edozein modutan ere, gurea militantzian oinarritutako jarduera da.

Non dago Mikel? dokumentalarekin gertaera hauen bertsio definitiboa idatzi duzue?
Senideek diote haien bertsioa islatzen duen dokumentua badela. Jendearen erantzuna itzela izan da: areto komertzialetan 16.000 lagunek ikusi dute; guk herri eta areto txikietan eginiko saioetara beste 5.000 lagun gerturatu dira; TV3n 359.000 ikusle izan ziren; eta orain, berriki, ETBk eman du eta 12.000 ikuslek ikusi omen zuen zuzenean, albistegietatik at ikusle kopururik handiena izan zuen saioa izan zen egun horretan.

Egia esan, ondo egindako lana da, baina zortea ere gure alde izan dugu. Donostiako Zinemaldian estreinatu zen oihartzun handiz. Gero, zinema aretoetara iristeko modua izan genuen pandemia garaian, pelikula komertzial berri asko ez zegoenean.

Iazko otsailaren 13an hil zen [Enrique Rodríguez] Galindo, Euskal Herriko Torturaren Aurkako Egunean bertan, eta gero gure estreinaldia etorri zen. Gainera, filma aurkeztu aurretik, Público agerkariak plazaratu zuen Juan Alberto Perote CESIDeko koronel ohia eta Pedro Gómez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa, non onartzen zuten Mikel Zabalza torturen ondorioz hil zela.

Audio hori zergatik ez zenuten sartu filmean?
Zalantzak izan genituen, baina azkenean erabaki genuen komunikabide indartsu bati ematea haiek zabaltzeko. Estatu osoko komunikabideak etorri ziren. Jendeak galdetzen zigun ea noiztik genuen hori, eta nik esaten nien urteak zirela hori etxean nuela, edozein unetan beste edonork ez ote zuen aterako beldurrez.

Senideek askotan esan dute beraien helburua ez dela inor espetxera bidaltzea, baizik eta jende guztiak jakin dezan benetan zer gertatu zen. Eta nik uste dut lortu dugula. Mikel Zabalzaren kasua erreferente bihurtu da euskal gizartearen parte batek sufritu duena erakusteko. Gure beste helburua zen torturaren gaia berriz mahai gainean jartzea, eta hori ere lortu da. Gogoan hartu behar da 2011tik ez dela tortura kasurik salatu Euskal Herrian. Belaunaldi gazteentzako tortura lehengo kontu bat da eta lortzen ari gara mugimendu sozial sendo bat torturaren aurka, aitortza eta erreparazioa eskatuz.

Alde horretatik zer gehiago eskatu al diozu dokumental bati? Eztabaida sozialetik haratago mobilizazioa ere lortu dugu. Audioak atera eta egun gutxira 3.000 lagun atera ziren kalera Iruñean torturaren aurka.

Argazkia: Dani Blanco
"Asko estutu dira parte hartzeko esparruak eta gizartea gero eta indibidualistagoa da. Horregatik guztiagatik, nire ustez meritu handia dute mugitzen diren gazteek, dena kontra dutelako"

Nola baloratzen duzu berriki eratu den Nafarroako Torturatuen Sarea?
Batzuetan gertakizunen neurria hartzea kosta egiten zaigu. Aurreko gobernuak abiarazi zituen memoria eta ikerketari buruzko hainbat ekimen, baina orain PSN dago gobernuan, eta Torturatuen Sarearen aurkezpenean egotearekin, nolabait PSNk onartzen du bere burua ere ikertua izan dadin. Ziurrenik haien asmoa da espedientea bete eta hautsa harrotu gabe pasa dadin. Ez dut uste Eusko Jaurlaritzak eman zion dimentsioa emango diotenik, baina hala eta guztiz ere, Nafarroan orain bada herri mugimendu sendo bat ikerketa zientifiko eta independentea egitea eskatzen duena. Erakunde publikoek egiten ez dutena saiatuko gara egiten herritarrok.

Bestalde, harremanen alorrean egiten ari dena ere oso garrantzitsua da. Elkartea indar politiko guztiekin aritu da hizketan eta nik uste dut etorkizunean adostasun batzuetara iritsiko garela. Dokumentazioa desklasifikatzeko eskaera zabala ere egin da. Agian ez gara ados jarriko izenetan edo gertaeren deskribapenetan, edo zenbaki zehatzetan, baina gaur egun, jada, inork gutxik uka dezake hemen torturatu egin dela. Eta tortura izan dela zerbait sistematizatua, prestatua zegoena: bazen lege bat tortura ahalbidetzen zuena, epaile eta forentse batzuek beste alde batera begiratzen zuten... Hori ezin da ukatu.

Gazteria nola ikusten duzu? Herri mugimenduen oraina eta geroa?
Nik uste dut beti egon direla gazte inplikatuak eta oso pasiboak. Orain esaten da gazteak gutxi mugitzen direla, baina kontuan hartu behar dugu haien pisu demografikoa asko jaitsi dela. Eta honekin batera azpimarratu behar da gazteriari kolpe asko eman zaizkiola edozein disidentzia ideia burutik kentzeko. Asko estutu dira parte hartzeko esparruak eta gizartea gero eta indibidualistagoa da. Horregatik guztiagatik, nire ustez meritu handia dute mugitzen diren gazteek, dena kontra dutelako. Eta pandemiarekin are zailagoa izan dute azken bi urte hauetan.

Ni orain liluratzen nauena mugimendu feminista da. Agendan jarri dute feminismoa eta aurrerapauso itzelak ematen ari dira. Kulturan ere mugimendu oso bizkorrak gertatzen ari dira, eta formakuntza itzela duten gazteak dira gainera, baina haien pisu demografikoa gero eta txikiagoa da.

Dena den, uste dut ez dugula hain obsesionatua egon behar gazteriarekin gauzak aldatzeko. Mugimendu politiko eta sozialek kontuan hartu behar dute, nire ustez, 40-50 urte inguruko jendea, gure esparruetan inplika gaitezkeelako gauza asko eginez.

Begira pentsiodunak, bestela.
Hala da. Argi dago. Bada belaunaldi bat hobekuntza handiak lortu zituena lan gogorra eginez, diktaduraren amaieran gainera, eta orain ez dute hori guztia galdu nahi. Beti borrokan egon den jendea da. Haiekin txantxa gutxi.


ASTEKARIA
2022ko apirilaren 03a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tortura
Eneko Valdés eta Juan Calvo, Ertzaintzaren zaintzapean hilak: 30 urteko aldea, kointzidentzia gehiegi

1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo bilbotarra hil zen Arkautiko Ertzaintzaren komisarian, atxilo zegoela. 2023ko uztailean ARGIAk heriotzaren inguruko informazio eta datu berriak argitaratu zituen, agerian uzten zituztenak Calvok jasotako tratu txarrak zein Poliziaren gezurrak... [+]


Joxe Arregi oroitu dute heriotzaren 43. urteurrenean, Zizurkilen

Torturapean hil zuten zizurkildarra gogoratzeko ekitaldia egin dute igandean. Tortura aitortu eta erreparatzeko bitarteko gehiago eskatu dituzte.


Euskal Herriko torturatu guztiak saretzeko ekimena aurkeztu dute Torturaren Aurkako Egunean

Euskal Herriko Torturatuak Saretzeko Talde Sustatzaileak aurkezpen agerraldia egin du Bilbon. Torturatu guztiak batuko dituen sare bat osatzeko lan egingo dute, eta topaketa bat iragarri dute urtebete barrurako. Torturaren aitortzan torturatuak agente aktibo izate aldarrikatu... [+]


2024-02-11 | Nekane Txapartegi
Ubelduak moretuz, tortura itzaletik argitara

1999ko martxoan Aiztondo bailaran jazotako gertaera latzak ez ziren eraso isolatuak izan, Espainiako Estatuak Euskal Herriaren aurka emandako beste urrats errepresiboaren zati baizik. “Todo es ETA” (Dena da ETA) doktrinaren menpean, atxilotu eta inkomunikaziopean gu... [+]


Eguneraketa berriak daude