Azaroaren 6an Iruñean egingo den konferentzian, Ipar Irlandako eta Euskal Herriko gatazketan eginiko torturak izango dituzte hizpide.
Inpunitatea: Erreparazio ezaren eta errepikaren bermea lelopean, Nafarroako Torturatuen Sareak azaroaren 6rako Medikuen Elkargoan (Iruñea) konferentzia antolatu du. Laugarren edizo honetan, tortura eta inpunitatea “binomioa” jorratuko dute, aurkezpenean azaldu dutenez.
Bi zatitan banatuko da konferentzia. Lehenengo zatian Ipar Irlandako gatazka izango dute hizpide. John Finucane abokatuak Ondare garratza: estatuaren inpunitatea Ipar Irlandako gatazkan izenburuko txostenaz hitz egingo du. Finucane 1980an Belfast iparraldean jaiotako abokatua da. 1989an, paramilitar lealistek, britainiar zerbitzu sekretuaren laguntzarekin, bere aita Pat Finucane hil zuten, eskubide zibilen aldeko borrokan erreferentea zen abokatua. Aipatutako txostena Osloko Unibertsitateko Giza Eskubideen Norvegiako Zentroak egin zuen Irlandako eta nazioarteko erakunde eta adituen parte hartzearekin.
Konferentziaren bigarren zatia Euskal Herrian gertautakoan zentratuko da. Antolatzaileek azaldu dutenez, “berezitasunak” aztertzea da helburua: "Testuinguruak, mekanismoak eta aktoreak, aldaketak eta jarraikortasunak, zigorgabetasunaren eta torturaren gurpil zoroa gainditzen lagunduko diguten ondorioak ateratzen saiatzeko”. Horretarako, Iñigo Iruin abokatuak parte hartuko du. Besteak beste, Lasa eta Zabala, Mikel Zabalza edo Jose Miguel Etxeberria “Naparra”-ren kasuetako abokatua izan da.
“Tortura Sareak duen ikuspegi antipunibistatik ere, ezinbestekoa da Espainiako Estatuan torturaren zigorgabetasun nabarmenaren funtzionamenduari eta ondorioei buruz hausnartzea. Ez bakarrik torturatuen benetako ordaina ezinezkoa egiten duelako, baizik eta tortura iraunaraztea ahalbidetzen duen mekanismoetako bat delako”, azpimarratu du Nafarroako Torturen Sareak.
Hitzaldiez gain, azaroaren 9an torturatutako pertsonen bizipenetan oinarrituta hiru mikroantzezlan ikusteko aukera izango da medikuen elkargoko Pinaquy aretoan.