GEBehatokiarekin, Euskal Herriko Torturatuen Sarearekin eta Aiert Larrarte abokatuarekin batera, Pello Alcantarilla euskal preso ohiak ostiral honetan auziaren inguruko azalpenak emango ditu. GEBehatokiak, Perez de los Cobos militarraren inguruko ikerketa sakona egin ondoren, kasua berriz irekitzeko eskatuko du, Alcantarillaren salaketa "erabat sinesgarria" baita.
2004ko urrian Urruñan bizi zen Pello Alcantarilla, baina Espainiako Guardia Zibilak Burgosen atxilotu zuen, Frantziako Jendarmeriarekin batera eginiko operazio batean. Madrilgo Tres Cantos polizia-etxera eraman zuten, eta lau egunez inkomunikatuta eduki. Han torturatu zutela salatu zuen Alcantarillak, eta Diego Perez de los Cobosen aurkako kereila jarri du orain, torturatzen zuten bitartean hantxe ikusi zuela ziurtatu baitu. 2019an, telebista bidez identifikatu zuen Alcantarillak Perez de los Cobos zela Tres Cantoseko berbera, izan ere, Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketan lekuko gisa deklaratzen ari zen guardia zibil koronela (2017ko erreferendumeko polizia operazioa zuzendu baitzuen). Torturen gogortasuna salatu izan du donostiarrak; bere buruaz beste egiten ere saiatu zen, inkomunikazioan jasandako torturengatik.
Alcantarillak auzitarako pausoa GEBehatokiarekin, Euskal Herriko Torturatuen Sarearekin eta Aiert Larrarte abokatuaren babesarekin eman du. Hain zuzen, GEBehatokiak eman du kereilaren berri, eta jarritako salaketa “guztiz koherentea” dela adierazi du. Ikerketa sakon baten ostean, GEBehatokiak zehaztu du salatutakoa bat datorrela Perez de los Cobosek “atxiloketaren egunean zuen karguarekin, garai hartan Madrilen zuen destinoarekin, Frantziaren eta Espainiaren arteko koordinazio eta lankidetza organoetan zuen eginkizunarekin, eta polizia kidegoek terrorismoaren aurkako borrokaren bilakaeran estrategikotzat jo zuten operazioaren garrantziarekin”. Ostiralean prentsaurrekoa egingo dute eragileen ordezkaritzak eta abokatuak.
El Temps astekari katalanak 2013. urtean zabaldu zuen Diego Perez de los Cobos Fuerza Nueva alderdiko baten semea zela, eta nerabe zela 1981eko Espainiako Estatu Kolpea babesteko boluntario gisa aurkeztu zela. Ordutik ibilbide luzea egin du militar moduan. Guardia zibil gisa egin zituen lehen urteak Euskal Herrian, ETAren aurkako borrokan. Bere ibilbidean gora egin ondoren, Barne Ministerioko aholkulari izatera pasatu zen 2006an, Alfredo Perez Rubalcabaren alboan. Ondoren, Zapateroren eta Rajoyren gobernuetan Segurtasunerako Estatu Idazkaritzako Koordinazio eta Ikerketa Kabineteko zuzendari izan zen. 2020an, Pedro Sánchezen gobernuan, Barne Ministerioak Madrilgo Komandantziaren buruzagitzatik kargugabetu zuen, urte bereko Martxoaren 8ko mobilizazioen inguruko txosten bat faltsutzeagatik.
Azpimarratu beharra dago ez dela lehen aldia tortura kasuengatik ikerketapean dagoena. Kepa Urra euskal presoari eginiko torturengatik epaitu zuten, eta nahiz eta prozesu judizialean salbuetsita gelditu, beste hiru agenteri hamabi urteko eta sei hilabete arteko espetxe zigorrak ezarri zizkieten (Aznarren gobernuak indultatu zituen hirurak).